Txakurren fabore


2002ko ekainaren 09an
Etxepare eta emazteen baimenaz, gaur txakurren, txakur-txakurren, lau hankakoen fabore nator, edo, beste era batera esanda, txakurren sufrimenduaz nahi nuke idatzi. Aldi berean, gure artean hamaika arazo garrantzitsuago badagoela uste dutenen baimena ere behar dut. Gertatzen da beti gai garrantzitsuak hizpide hartuta, eguneroko "txikikeriak" ahazten ditugula, eta osasunerako kaltegarria iruditzen zait Bush, Sharon edo Aznarrek gure bizitzan horrenbesteko presentzia izatea.

Opor inguru honetan, urtero hitz egiten da bide-bazterrean bertan behera utzitako etxe-abereez, Gabonetako opari samurrak udarako zama gogaikarri bihurtzen baitira. Baina bada beste arazo bat, niretzat baserri-bizitzaren gainbeheraren ondorio dena: bizi osoko kate-zigorra jasaten duten txakurren egoera.
ORO HAR, lehen txakurrek bizitza naturala egiten zuten, eta baserritarrak egun osoan bere ondoan hezi eta zegokion zeregina irakasten zion: etxea edo abereak zaintzea, ehiza edo dena delakoa. Gaur egun, osasunez eta adinez ahal duten "baserritar" gehienek industrian edo zerbitzuetan ematen dituzte zortzi-hamar ordu; bitartean, txakurrak katean. Iluntzean nagusia etxeratu eta iazko lanak oraindik eginkizun; txakurra hezteko astirik ez. Gehienez ere, ordu laurden batez jaregin, eta kito! Baina sena indartsua denez eta animaliak normalean nola tratatu hala erantzuten duenez, txakurra hanka egiten hasten da, bihurritzen, gaiztotzen... eta, jakina, orduan eta aitzakia hobea lotuta edukitzeko... gurpil zoro horretan azkenean erabat zoratuta bukatzen duen arte.
Noiz ohartuko ote gara animaliek gutxien-gutxienez behar dutenaz: bizitoki egokia, elikadura orekatua, osasuna zaintzea...? Eta txakurrek, katuek ez bezala, konpainia eta ordu askotako heziketa ere behar dute!
Horren ildotik, arazo orokorrago bat ere sumatzen dut inguruan, Gipuzkoako Goierri aldean, alegia. Baserrietan, guraso zaharren ondoan, semeren bat geratu da; honek, kostata, emaztea ekarri du baserrira, sarritan kale aldetik; hauen seme-alaba askok kalean pisuan bizi balira bezalakoxe bizimodu urbanoa egiten dute landa zabalean: ikasketak herri handietan egin ostean, etxeko ordu gehienak telebistaren eta ordenagailuaren aurrean ematen dituzte. Eta laurehun metrora dagoen auzoko etxera, autoz joango zaizkizu!
Bilbo edo Baiona erdian bizi denak ez du agian aukera handirik. Baina landa zabalean dagoenak, nola arraio ez du natura aprobetxatzen bertan murgildu eta jolasteko, ikertzeko, miresteko, gozatzeko, ikasteko... eta geure bizitzan hain aberasgarria den lurrarekiko harreman eta oreka bilatzeko? Ba al dago, bada, ura eta buztina baino jostailu hoberik? Eta naturan dauden mila piztitxo, txori eta zomorro, zuhaitz eta landare, lore, fruitu, etab. baino denbora-pasa hoberik?
HEZKUNTZA-BALIABIDE oso aberats eta pedagogikoa litzateke haurrek animaliekin bizitzen ikastea, lorezaintzan edo ortuan ludikoki esperimentatzea... Baina landetxeetako haur (eta ama) asko txakurren beldur dira, txakurrak hezi gabe daudelako; katuen, eta intsektuen, eta basoaren, eta uraren, eta... beldur dira, dena gaitzez eta bakterioz eta arriskuz betea dagoelakoan. Azkenean, ez paperezkoetan, ez naturaren liburuan irakurtzen dugu.
PS 1. Ea Hegoaldean noiz gainditzen dugun «polizia = txakurra» berdinketa, bidegabea eta iraingarria baita... (lau hankakoentzat, noski!).
PS 2. Eta hil honen 19an egun osoa mendira goaz Ora txakurra eta biok bibotedun gizontxoari zaunka egitera... eta ahal bagenu, haginka! Mesedez, ez deitu lan-kontuekin!


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude