Albisteak 

1856. alea
2002-06-02
alde 0    kontra 0

KONTSEILUA LAGUNTZAILE BILA

Euskararen normalizazio prozesuari bultzada emateko, Kontseiluak «Bai Euskarari Laguntzailea» ekimena abiatu du. Arduradunek adierazi dutenez, orain arte enpresa eta erakundeetara jo dute laguntza eske, baina orain jendearengana heldu nahi dute, finantzazioa lortzeko modua izateaz gain, gizartean sare zabal bat osatu ahal izateko. Laguntzaileak hilero edo urtero diru kopuru txiki bat emango du normalizazio bidean aurrera egiten laguntzeko. Laguntzaile egiteko bi modu daude: Kontseiluaren web gunearen bidez edota banatuko diren eskupaperak betez.


AISIA EUSKARATZEKO 285.000 EURO

Gipuzkoako Foru Aldundiak haur eta gazteen aisialdirako produktuak ekoizteko eta kultur edukiak zabaltzeko proiektuentzako 285.000 euroko laguntza emango du. Onuradunak irabazasmorik gabeko enpresak izango dira; enpresok uztailaren 1a aurretik aurkeztu beharko dituzte eskaerak. Besteak beste, euskarazko bideojokoak eta kultura edukiak dituzten web guneak aurkez daitezke.


EUSKALKIARENTZAKO EGUNA

«Goibekokale» astekaria 100. zenbakira iritsi dela ospatzeko, Euskalkiaren Eguna antolatu dute Elgetako Goibeko kultura elkarteak eta Badihardugu elkarteak. Ekitaldi ugari izango da egun osoan; besteak beste, «Euskalkia zein esparrutan?» hitzaldi-eztabaida irekia, afari herrikoia, «Euskaraz dibertitzeko manerak» eta hitzaldia eta erromeria Tapia eta Leturiarekin.


GURASOEI ZUZENDUTAKO IKASMATERIALA

«Gurasoak heziz» eta «Gurasoak lagunduz» ikasunitateak plazaratu ditu HABEk. Ikasmateriala euskara hobetu nahi duten eta umeei etxeko lanak egiten lagundu nahi dieten gurasoentzat dago zuzenduta. Izan ere, aita-amek hizkuntza transmisioan duten garrantzia azpimarratu du HABEk.



Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
azala  
azala1855
 
azala1854

1856 zenbakia.
2002ko ekainaren 02a

   
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys