Itzal handiko gizon baten hitzak


2002ko ekainaren 02an
Etor argitaletxeak plazaratu berria zuen "Mitxelenaren Idazlan Hautatuak" liburua, non biltzen ziren Koldo Mitxelena argiaren esanetatik asko, eta ZERUKO ARGIAk pozaren pozez jasotzen zuen gertaera. Bere lehen orrialdean Bengoetxe izenpetzen zuenak Koldo Mitxelenari egiten zion elkarrizketa, eta liburuen ataleko zatirik nagusiena Jose Mari Aranaldek aipatu liburuari eskaintzen zion.


OSO LIBURU INPORTANTEA

Horretarako arrazoiak lehen orrialdean bertan zetozen. "Oso liburu inportante eritzi dio Z. ARGIAk K. Mitxelena jaun errenteriarraren liburuari". Eta jakina, egileari egindako elkarrizketa eskatzen zuen horrek. Beraz, Koldo Mitxelenarengana jo eta ahalik eta galderarik zorrotzenak egiten saiatu zen Bengoetxe, zinez elkarrizketa mamitsua lortuz (barkatuko ote dit sail honen irakurleak, luzeegia izaki, pasarte batzuk baino ezingo baititu hemen irakurri).
Hasiera moduan, "belaunaldien borrokaz" Mitxelenak zioena gogoratu, eta lehengo idazleen eta orduko berrien arteko aldeaz mintzatzeko eskatzen zion Bengoetxe galdetzaileak.
Eta Mitxelenak, orduan: "Oraingo jendea euskal gaietara isuriagoa aurkitzen dut, besteak beste, gure sasoikoa baino. Egia ere da bazela orduan orain ez den beste lanbiderik. Eta, gezurra badirudi ere, hauxe da oraingoei aurkitzen diedan alderik onena: lotsa galdu dutela. Harako guk genuen lotsa gaizto hartaz ari naiz. Etsirik geunden euskaraz ‘paxamodu’ mintzatzea, ahoz nahiz izkribuz (‘tolerablemente’, zioen Orkaiztegik), apur batzuek bakarrik egin zezaketen gauza zela, eta errazegi jotzen genuen erdarara, mordoilokerian ez amiltzearren. Orain, berriz, lehen bakanka baizik erabiltzen ez ziren gaiak ere ausarki darabiltzate, dotoretasunaz gehiegi kezkatu gabe".


LITERATURAREN LORALDIAN, EUSKARA GALTZEN

Funtsezkoa zen hurrengo galdera ere, antza denez, herri xehea euskara galduz omen zihoan-eta, nahiz eta azkenaldi hartan euskal literaturak gorakada handia egin izan. Eta ea zergatik literaturaren loraldiak euskara bizia indartzeko ondore hoberik ez zekarren jakin nahi zuen Bengoetxek. Are gehiago ausartzen zen mahaigaineratzera: "Bide desberdinetatik, desberdinegitatik, ote dabiltza herri hizkera eta literatur hizkera?".
Baina Koldo Mitxelena ez bide zen itzulinguruka ibiltzea gustuko zuen gizona, eta zuzen erantzuten zion eskatutakoari: "Herriaren artean, oraingoz, gure hizkuntza ez doa aurrera: inora mugitzekotan, atzeraka dabil. Gaitz hori, ordea, ez dugu arestikoa, aspaldidanik datorren eritasuna baino. Euskal literaturaren loraldiak, nik uste, ezin dezake hortan berehalako eraginik izan: eragin hori zenbait urteren buruan baizik ez da nabari izango. Bateratsu, urrutiko helburu bakar bati begira, ari behar genuke guztiok, baina nor geure sailean, gogoko ez dugunean ez baitugu gauza zuzenik egingo. Baina goiko, erdiko eta beheko mailako lanen premia gorrian gaude eta ez dut uste bata bestearen etsai denik. Ez luke, behintzat, horrela izan behar".



BATASUNERAKO LASTERKETAN

Koldo Mitxelenari elkarrizketa bat egin eta euskara batuaren arazoa aipatu gabe uzterik ez zegoen, bistan da. Lau urte bazeramatzaten gainera, zorioneko batasun horretara zeraman bidean barrena, ez oztopo larririk gabe, eta honen guztiaren inguruan Mitxelena handiak zeukan ustea jaso nahi zuen Bengoetxek: Arinegi al zebilen zenbait gazte? Eta ea Arantzazun aholkatu ziren urratsak gehiegi handitu egin al zituzten batasun horren aldeko batzuek, eta herria -inoiz euskarazko liburuak irakurtzen zituen herria- beraiei jarraitu ezinik utzi.
"Daramagun lasterra neurtzea ez da erraz -erantzuten zuen Mitxelenak-; are gaitzago eraman behar genukeena mugatzea. Baditugu, bestetan bezala, ezinegonak eta lasaiak. Presakaegi ibili nahi luke agian zenbaitek, eta ez da harritzeko. Urte gehiegi iragan zaizkigu ‘bertan goxo’ geundelarik. Orduko geldiak dakar oraingo lehia. Zenbat falta zaigun ikusten duenak, nola esan urrunegi joan garenik? Irakurle sail bakoitzak -eta irakurleak ere prestatu behar ditugu, ez bakarrik idazleak- gogoko duen bazka hartu behar luke idazleengandik. Hemen eta bestetan, inorentzat ez diren irakurgaiak dituzu okerrenak"

«Manuel de Larramendi» ikastetxea
Iragarkia, 1972-VI-04
Donostiako Seminarioan "Manuel de Larramendi" ikastetxea. "Educación General Básica"ren 5garren urtea eta 6garrena ikasi nai duten mutillak artzen ditugu. Batxilleratoko 3garrena eta 6garrena egin nai dutenentzat ere leku bakar batzuk ba-ditugu.

Argibideak nai dituztenak idatzi bezate idaz-buruko zuzenbidera. Edo ta, dei egin zenbaki auetara. Tel. 44-40-11 eta 44-40-12; ez, ordea, larunbatetan edo jai-egunetan

Ilea
Gaurko gazteek luzeegia daramatela... Buru-soil gelditu nahi ez dutenentzat badirala osagaiak... Ilea dala eta nahiko hitz egiten da. Ilea, buruko alfonbra. Kuxkurra, leuna, bihurria, era askotakoa. Kolorez ere beltza, gaztaiña, gorria, urrezkoa... Batzuen ilea sendoa da eta indartsuki itsasten dira bere sustraiak buru azalean. Baiña beste batzuena koipetsuegia edo lehorregia dalako banaka banaka erortzen da eta burua leun, disdiratsu, labankor gelditzen zaie. Ilea euki nahi eta ezin! Alboetan eta atzean ugari eta tinkoa dute; gaiñekoa joan zan. Lanak izaten dituzte buru gaina alboko ileekin estaltzeko: luzatzen utzi behar dira lehenik; gero ondo, kontuz orraztu. Eta haize eguna gertatuko balitz, alferrikoak izaten dira ardura hoiek denak. Zenbat bider esan ote dute amorratuta: "Propagandako ile-botika guztiak ezertarako ez dute balio". (...) Buru-soil gelditzen ari diranak zaitu nahi eta ezin dutelako. Luzea daramatenak pakean bizi nahi dutelako eta ez zaielako uzten. Motzaren maitaleak "tximak" ikusiaz isildu ezin direlako... Aita-semeen arteko tema da. Ile-motzaille adindunak gurasoen alde doaz hontan. Emakumeek burutsuago jokatzen dute: atzo gorri, gaur beltz, bihar koleta, erenegun kuxkurtuta. Eta nork zer esan diezaieke? (1972-VI-04)

Lur-lan
Bada kezkarik asko nekazari artean. Nola basarriari eutsi? Nola diru-bide bihurtu? Ortarako aurrerapenak eskuratu behar. Lurra lantzeko tresnak, lurra ongarritzeko ongarriak, zomorroak eta gaitzak galtzeko pozoin-ilgarriak...

Ez lituzke bazterrean utzi nahi ZERUKO ARGIAk Euskal Erriko nekazariak. Zomorro eta gaitz kontuan jakintsu dan Prudencio Ortiz del Portillo-ren laguntza eskeiñi nahi lieke tarteka. Jakin nahi luketen guztia galdetu dezaiokete berari zuzenean edo aldizkari onen bidez. Nekazarien onerako izango delakoan asten dugu atal au (1972-VI-04)


Eguneraketa berriak daude