LEGIONELA


2002ko ekainaren 02an
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratzen duen Buletin Epidemiologikoan adierazi denez, eta 2001. urteko datuak kontuan hartuz (urtarriletik azarora bitartekoak), bederatzi pertsona hil ziren Euskal Autonomia Erkidegoan legionelosiak jota. Ia urtebeteko epealdi horretan 86 kasu isolatu agertu ziren (%79 gizonezkoak ziren, gainerakoak emakumeak). Lurralde historikoen arabera Bizkaiak 58 kasu erregistratu zituen, Gipuzkoak 25 eta Arabak 3.

Banaketa eskualde edo komarka sanitarioen arabera eginez gero, tasarik altuenak Bilbokoari dagozkio (78 kasu milioi biztanleko), eta horren atzetik Uribe Kosta agertzen da. Gaitzak jotako pertsonen adinari dagokionez, bi bakarrik ziren 30 urtez azpikoak; tasarik altuenak 65 urtetik gorakoetan azaldu ziren. Osasun agintari eta adituek ez dute kasuen arteko inolako loturarik aurkitu, kasuen jatorri komuna edo infekzio iturri bakarra proposatzeko balioko lukeena.
Legionelosia 1997. urtetik aurrera derrigorrez aitortu beharreko gaitzen artean sartua dago. Urte horretatik hasita, legionelosiaren tasak ia laukoiztu egin dira EAEn, ospitaletan proba diagnostiko bezala detekzioko sistemak modu orokorrean erabiltzen hasi direlako. Nafarroari begira, azkenik, esan daiteke sei pertsona hil zirela iazko urtean, Iruñako Bideko Amaren Ospitalean, ur beroaren zirkuituan kokatua zegoen legionela brote baten ondorioz


Eguneraketa berriak daude