IRUÑEKO TAKONERA PARKEAN D EREDUKO IKASTETXEAK


2002ko ekainaren 02an
Ekainaren 9an, igandeko goizeko 10:00etan Sortzen-Ikasbatuazek Nafarroako D ereduko ikastetxe publikoen festari hasiera emango dio. Iruñeko Takonera parkean, VII. edizio honetan, «Eskola berria haundituz» lelopean 10.000 pertsona biltzeko ilusioa dute antolatzaileek.

Sortzen-Ikasbatuazek ekainaren 9an, Iruñeko Takonera parkean, egingo du Euskal Eskola Publikoaren VII. festa. "Eskola berria haundituz" lelopean egingo den jaian D ereduko ikastetxe publikoetan ikasten duten ikasle, guraso, irakasle, ikastetxeetako langile eta, oro har, euskal eskola publikoaren alde dagoen edonork hartuko du parte. Izan ere, antolatzaileen esanetan, Takonera parkean egingo den festaren helburua, "guztiok euskaraz egun atsegin eta jostagarria pasatzea da". Hala ere, ez da faltako aldarrikapenik, antolatzaileen esanetan, Euskal Herritik Euskal Herrirako egindako eskola publikoa eraiki behar dela aldarrikatuko baita. Antolatzaileek Euskal Herri osoko herritar guztiei zuzenduriko jaia dela nabarmendu dute, eta, beraien asmoa, Iruñeko Takonera parkean 10.000 lagunetik gora elkartzea da. Horretarako, egitarau tentagarria prestatu dute. 10:00etan emango zaio Sortzen-Ikasbatuazek antolatutako jaiari hasiera. 11:00etan Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoek "Aupa Kintxo" izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute.

12:30ean, antolatzaileen iritziz jende gehien elkartuko duen ekitaldia egingo da. "Nafarroa hitza dantzan" diskoan parte hartu duten musika talde eta bertsolariak ariko dira zuzenean. Hain justu, bertsolariek botatako bertsoak musikatuko dituzte musika taldeek. Zeregin horretan, besteak beste, Berse, Itturri, Maider Ansa, Tximeleta, Petti, Ufestuek eta Ziore taldeak ariko dira. Bertsoak botatzeaz, berriz, Nafarroako bertsozale elkarteko kideak arduratuko dira.
14:00etan trikitilari eta gaiteroen eskutik kale animazioa egongo da. Ordu honetan egingo dira ere herri kirolak. 16:00etan Kukubiltxo antzerki taldeak bere ikuskizun berria "Ekidazu, lehoiek ez dakite bibolina jotzen" aurkeztuko du. 17:30ean "Nafarroa hitza dantzan" izeneko kontzertuaren bigarren zatia egingo da. Nafarroako bertsozale elkartekoek eta Barrikada, Berri Txarrak, Buitraker, Dank, Dikers, Leihotikan, Marea eta Tijuana In Blue taldeek hartuko dute parte zuzeneko emanaldi honetan.
Gainera, egun osoan zehar, Sortzen-Ikasbatuazeko hainbat ikastetxek haurrentzako ekitaldiak antolatuko ditu horretarako prestaturiko karpetan. Jana eta edana ere ez dira faltako, herritarren gosea eta egarria asetzeko bi txozna egongo baitira Takonera parkean. Gainera, Sortzen-Ikasbatuazen tonbola ezagunean jokatu ahalko da


Eguneraketa berriak daude