TERMOMETROA


2002ko urtarrilaren 6an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

HILABETE ZAILAK PSE-N

Udaberrian egingo ei da PSE-EEren ezohiko kongresua eta ordu arte alderdian gerta daitekeena zalantzaz betea dago. Ideien lehia izango da, zalantza barik, baina pertsona eta alderdiko botere sektore desberdinen arteko borroka ere bai. Ikusi beharko da Nicolas Redondo Terrerosek zer erabakitzen duen idazkaritza berrirako berrautaketara aurkezteari buruz, baina badirudi orain arte berak zuzendu dituen sektoreek indarra galdu dutela eta Egigurenen eta Bizkaiko idazkaritza nagusiaren inguruan biltzen direnek posizioak indartu dituztela. Datozen asteotan ikusi ahal izango dira esandakoaren egiatasunaren lehenbiziko aztarnak.


KONTZERTUAREN ESPIRITUA URRATU DU MADRILEK

NEGOZIAZIORAKO presio tresna gisa kontzertuaren luzapena erabili du etengabe PPren Gobernuak, eta azkenean Senatuak argi berdea eman zion urte bukaerako azken egunetan. Mehatxua gauzatu da jada. Akordiorik ezean, Arabako Diputazioarekin bakarkako akordioa gauzatuko zuela etorri zen ondoren eta, aldebakarreko luzapena bezala, juridikoki oso zalantzagarria izan arren, mehatxua gauzatzeko arriskua agerikoa da. Alde bakarreko luzapenarekin kontzertuaren itun izaera apurtu du Madrilek eta aurrerantzerako izugarri aurretiko txarra da, azkenean akordioa gauzatu ala ez. Madrilgo botereak mehatxuak ez dituela alferrik egiten erakutsi du, eta aurrerantzean hori oso kontuan izan beharko da edozelako ekimen eramaterako orduan.


GARZON EPAILEAREN AROA

1997AN HBren Mahai Nazionalaren aurkako espetxe aginduarekin ekin zion Baltasar Garzon epaileak bere erasoaldi sutsuari eta harrezkero jarduera juridiko-politikoaren izar distiratsua izatearen jokoan aritu da 18/98 sumario ospetsua etengabe gizenduz. HB, Egin, Ekin, Haika, AEK, Zabaltzen, AAB... Zerrenda luzeegia, zalantzarik gabe, bere kontu eta kemenaren fruitu bakarrik izateko. Izebergaren gailurra da Garzon, eta ur azpian dira haren jarduera xaxatu eta laudoriotu duten Estatuaren hainbat esparru, horien artean PPren Gobernua nagusi. Baina bere instrukzioak, halaber, etenbako danbatekoak jaso ditu Entzutegi Nazionaleko 4. Salaren aldetik eta bere jarduna eta protagonismoa gero eta zalantzazkoagoa da justizia administrazioaren zenbait guneren begietara. Ikusi behar, sektore hauen eragina norainokoa den 2002ko Garzonen jardueran.


AUKERA BAT GALDU DA

EUSKO Jaurlaritza 1999an EHrekin 2000rako adostutako aurrekontuekin aritu beharko da 2002. urtean ere (bigarrengoz aurrekontu berdinekin). Hori da benetako paradoxa, ez nahi izatea Batasunarekin ezer hitzartu eta, azkenean, EHrekin egindako aurrekontu batzuekin aritu beharra. Abertzaleen arteko harremanean zenbait urrats emateko aukera galdu bide da aurrekontuen saltsa-maltsa honetan; EAJ eta Batasunaren arteko harremanen maila eta egoera politikoa zein den kontuan hartuta, begi bistakoa zen Jaurlaritzak ez zuela onartuko Batasunak egindako proposamena. Baina politikan horren ohikoak diren eszenatokiaz bestaldeko elkarren arteko zenbait konpromisok, horren beharrezkoa den harremanen berbideratzearen abiapuntua ekar zezakeen.


NAFARROAN ERE LUZAPENA

NAFARROAKO Gobernuak ere 2001eko aurrekontuekin jardun beharko du, PSNren sostengua galdu ondoren. 2001. urtean oposizioa gogortu zuen PSNk eta 2003. urteko foru eta udal hauteskundeei begira, 2002.ean ere bide beretsutik edo gogorragotik arituko dela pentsa liteke. Ikusi behar, bestalde, PSE-EEn gertatzen ari denak zein eragin duen PSN-n, esaten den gisan EAEko sozialismoan gertatzen denak PSOE osoan eragina izan badezake, begi bistako arrazoiak medio eragin handiagoa PSN-n.


BARCINAREN AURKAKO EPAIA

2000KO dekretu foralaren itzalean babestuz, 1997an Iruñeko Udalak onartutako euskararen ordenantzak baliogabetu zituen Yolanda Barcina UPNko alkateak. 2002an, ordea, Nafarroako Administrazio Epaitegiaren aginduz, ordenantza haiek indarrean izango dira berriz.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude