EGUZKI ENERGIA ETXERATZEKO AUKERA


2001eko ekainaren 24an
Eguzki energia ingurune domestikoan erabiltzeko joera gora doa azken aldian. Tendentzi honetan eragina izan du 2000ko irailaren 29ean onartutako 1663/00 errege dekretuak; izan ere, horren arabera eguzki instalazio fotovoltaikoek ekoizten duten elektrizitatea argindar enpresei saltzeko aukera arautzen da. Dena den, energia mota honen inguruan ezjakintasun handia dago. Hori dela eta, modu ulergarriago batean heldu nahi izan diogu gai horri. ARGIAri Lasarte-Orian duen pabiloian eguzki energiaz baliatzen zen sistema bat instalatzeak zer eskatuko liokeen azter-tzea otu zitzaion. Hori guztia gure etxebizitza, lantoki nahiz eskoletan eguzki instalazioak ipintzeko prozesua hurbiltzeko asmoz. Horretarako, ARGIAren egoitza hartu genuen abiapuntutzat, guk ere aukera posibleak aztertze aldera, eta lanari ekin genion.

Eguzkia bizitzaren eta gizakiak erabili dituen bestelako energia moten iturria dugu. Esan gabe doa elektrizitatea edota erregai fosilek jai luketela eguzkirik ez balego. Lurrarengan etengabe irradiatzen duen argia era arrazional batean aprobe-txatuko bagenu, gure behar asko asetzeko gai litzateke. Zeruan izan da duela ia bost mila milioi urtetik eta diotenez, bere existentziaren erdira ez da iritsi oraindik. Segundo bakar batean eguzkiak gizakiek historian kontsumitu duten energia baino kopuru handiagoa igortzen du. Horri gehitu behar zaio energia iturri agortezina dela, berriztagarria eta energia mota zabalduenekin konparatuz gero, ez da kutsakorra. Baina zer behar dugu gure ingurunean, erran nahi baita gure etxebizitza edo lantokian, eguzkiaren energiaz baliatu nahi badugu?
Sarera edo Internetera jotzen badugu, informazio pila aurki dezakegu gai honen inguruan, zientoka dira energia mota honetaz diharduten webguneak. Horietako asko arlo honetan lan egiten duten instalazio enpresenak dira. Gaira hurbiltzen lagundu digute aipatu orrialdeek, baina terminologia nahiko konplexua da (instalazio fotovoltaikoa, xafla xurgatzailea, siliziozko zelula...). Horrexegatik, Interneten topatutako bi enpresatara jo genuen laguntza bila, Errenteriako Ekain taldera eta Tolosako Eguzki Indar enpresara.


ADITUEI GALDEZKA.

ARGIAko teilatuaren neurriak hartuta (280 metro koadro), gure asmoen berri eman genion Ekain taldeko Fernando Bengoetxeari. Lehenik eta behin, guk Interneten arrantzatutakoarekin abiatu genuen galdeketa. Alegia, eguzki energiaz baliatzen diren bi sistemen, eguzki energia fotovoltaikoa eta eguzki energia termikoaren, arteko ezberdintasunak azaltzeko eskatu genion. Eguzki energia fotovoltaikoa eguzkiaren erradiazioa elektrizitate bihurtzen duen sistema da. Horretarako, eguzki plaka edo panel batzuk ipintzen dira eraikinaren inguruan, teilatuan edota horman, eta eguzkiaren energia zurgatzen dute. Panela unitate txiki batzuez, siliziozko zelula fotovoltaikoez, osatua dago eta hauek dira eguzkitik jasotakoa elektrizitate bilakatzen dutenak. Beraz, sistema fotovoltaikoaren bidez elektrizitatea da lortzen duguna. Eguzki energia termikoa, berriz, energia termikoa, bero energia erdiesteko sistema da. Instalazio termikoetan kolektore zapal bat ipini ohi da etxearen teilatuan edo kanpoaldean eguzki erradiazioaren beroa jasotzeko eta barnetik doan likido eroale batek ondoren metagailu batera bideratzen du.
Bi sistema daude baina bata ala bestea aukeratzea ez da norbanakoaren apetaren araberakoa, ditugun beharren araberakoa baizik. Fernando Bengoetxea Ekain taldeko kideak esan digunez, "Norbait etxerako edo enpresa batek bere ekoizpen prozesuan ura behar badu eta ur hori berotuta behar badu, orduan komenigarriagoa da energi instalazio termikoa ezartzea. Aldiz, norbaitek bigarren etxebizitza bat edo txabola bat badu, eta argia behar badu, instalazio fotovoltaikoa komeniko litzaioke. Beharraren arabera, sistema bat edo beste izango da egokiagoa".
Eguzki Indar enpresak eguzki energia fotovoltaiko eta termikoekin egiten du lan. Bertako langile Jokin Aldazabalek zera esan digu: "Eguzki sistemak ondo aprobetxatu nahi badira, kasurik egokiena etxe berria da. Etxe berrian honelako berogailu sistema termiko bat jarri daitekeelako eta errehabilitazioan zailagoa da. Hortik aurrera hurrenkera honetan egokiagoak dira ur bero kontsumo dezentekoa duten lekuak. Zergatik? Errendimenduagatik. Interesgarriagoa da eguzki energia termikoa fotovoltaikoa baino. Instalazio kostuak txikiagoak dira eta errendimenduak handiagoak dira".Instalazio fotovoltaikoa %5o garestiagoa da eta errendimendua %15 ingurukoa. Instalazio kostuei dagokienez, termikoaren kasuan metro koadroa 100.000 pezetan (4.000 libera) dagoela eta errendimendua %50 ingurukoa dela, adierazi digu Aldazabalek. ARGIAren kasua ez litzateke egokiena izango instalazio termikoa ezartzeko, ez baitu ur beroa larregi erabiltzen. Aldazabalen iritziz, «ARGIAk inbertsio etiko bat egin nahi baldin badu, sareari konektaturiko instalazio fotovoltaiko bat ipini behar luke».
Ekain taldeak eguzki energia fotovoltaikoan egiten du batez ere lan. Horrez gain, beste energia beriztagarriekin eta hezkuntzan jarduten dute. Bengoetxeak azaldu digunez, bi sistema daude instalazio fotovoltaikoetan: instalazio autonomoak eta sarera konektaturiko instalazioak.
Sistema autonomoa sistema isolatua da, egun hau da fotovoltaikoen artean instalazio ugariena. Sistema autonomoak elektrizitatea ez dagoen lekuetan ipintzen dira. Panelek eguzki erradiazioa zurgatu eta elektrizitate bihurtzen dute eta hori metagailu batean pilatzen da, guk gero kontsumitu ahal dezagun. Sistemaren funtsa honakoa da: guk sortzen dugu elektrizitatea panelen bitartez eta ondoren guk kontsumitzen dugu, ez dago bitartekaririk. Normalean plakek ekoizten duten elektrizitatea korronte zuzenekoa da eta gero guk erabili ahal izateko 220 volteko korronte alternoa behar dugunez, bihurtu egiten da alternora. Hainbat kasutan, argiztapen edo telekomunikazio kasuetan esaterako, igorgailuak eta errepikagailu sistemak prestatuta daude korronte zuzenarekin funtzionatzeko. Gainontzeko aplikazioek korronte alternoarekin funtzionatzen dute. Instalazio fotovoltaiko autonomoak nekazal eremuetan egoten dira nagusiki, borda, baserri zein aterpetxeetan. Fernando Bengoetxeak jakinarazi digunez, "instalazio fotovoltaikoen merkatu naturala isolatutako elektrifikazioa da printzipioz. Garapen teknologikoarekin edo aplikazioaren garapenarekin beste urrats bat eman da, sareari konektaturiko instalazioa". Azken instalazio horren bitartez, eguzki energiak hirietan egin du sarrera.
Sarera konektaturiko instalazio fotovoltaikoak eraikinaren teilatu edo horma batean jartzen dira eta plakez osatutako instalazioak ekoizten duen elektrizitate guztia sarera doa, EAEren kasuan Iberdrolaren sare elektrikora. Kasu honetan ez dugu guk ekoitzitako elektrizitatea kontsumitzen, ekoitzi egiten dugu soilik eta Iberdrolari ematen diogu. Guk Iberdrolaren bezero izaten jarraitzen dugu eta berak hornituko gaitu elektrizitatearekin. Zenbakitan askoz gehiago dira isolatutako instalazioak sarera konektaturikoak baino. Dekretu berriarekin aszken hauek ugarituko direla uste da.

LEGEDIA.

1998an onartutako 2818 errege dekretuak sareari konektaturiko plaka fotovoltaikoak ezartzerakoan jarraitu beharreko irizpideak zehaztu zituen. 2000ko irailaren 29ean onartutako 1663/00 errege dekretuak, aldiz, sarerako konexioa nola izan behar duen arautzen du. Hala, legearen arabera guk produzitzen dugun kilowatt bakoitzeko Iberdrolak 66 pezeta ordainduko dizkigu eta guk Iberdrolari ordaintzen diogun prezioa baxuagoa da: 14 pezeta kilowatt orduko. Hori sekulako abantaila da, baina errentagarria den edo ez jakiteko instalazioaren prezioa izan behar da kontuan. Bengoetxeak esan digunez, "printzipioz edonork instala dezake sareari konektaturiko sistema bat. Bost kilowattetik gorako instalazioek ez dituzte 66 pezeta jaso-tzen, 66 pezeta horietatik 60 prima direlako eta 6 pezetak berez kilowattaren prezioa. Bost kilowatteko baino handiagoa bada 36 pezeta jasoko da kilowatteko. Beraz, alde handia dago batetik bestera". Hala ere, baldintza batzuk bete behar dira Iberdrolari elektrizitatea saltzeko, Jarduera Ekonomikoen gaineko zerga ordaintzea kasurako.
Hainbat zalantza argituta, ARGIAren pabiloian eguzki energiaz baliatzen zen instalazio bat ezartzekotan, aukera bakarra zegoen: sareari konektaturiko instalazio fotovoltaikoa ipini behar genuen. Hori dela eta, sos kontuez hasi ginen hizketan. Bost kilowatteko instalazio bat jarriz gero, 50 metro koadroko azalera beharko genuke gutxi gorabehera plakak ezartzeko. Beti ere hegoaldera begira dagoen aldea hautatuko genuke, horixe baita energiaz baliatzeko alderik egokiena. Linea horrek 5 kilowatteko gaitasuna izan behar du. Baina 10 kilowatteko panelak jarri nahiz gero, aukera badago. Hori bai, ezin zaizkio 5 kilowatio baino gehiago entregatu sareari. Aurrekontuari dagokionez, Bengoetxeak zera esan digu: «Faktura gordina 8 milioi pezetatik gorakoa izango litzateke, BEZa, instalazioa eta guztia kontuan hartuta. Hortik subentzioen bitartez hiru milioi pezeta pasatxo lor daitezke». Normalean, inbertsio hori hamar urteko epean berreskuratu daiteke, baina enpresa batentzat epe hori motzagoa da. Izan ere, BEZa ez du ordaindu behar, eta horrek bi urte laburtzen du epe hori. Guztia kontuan hartuta, 5 milioi pezeta inguruan geratuko litzateke inbertsioa. Sistemak 25 bat inguru iraungo lituzke eta instalazio termikoaren kasuan 20 bat urte.
Bateren batek honez gero pentsatuko zuen: baina gure klima egokia al da eguzki energiako instalazioak jartzeko? Ba hala da. Noski, klima eguzkitsuagoko beste zenbait lekuetan errentagarriagoa izango zaigu halako sistema bat ipintzea, baina Euskal Herrian ere funtziona dezake. Alemania esaterako energia iturri hau gehien erabiltzen duen lurraldetakoa da, eta han ez dago hain klima berorik.


EGUZKIA ETA KONTSUMOA.

Eguzkiaren ahal den probetxurik handiena ateratzeko, haren norabidea eta urteko kontsumoaren grafikoa kontuan izan behar da. Neguan udan baino gehiago kontsumituko dugu eta energiaz baliatzen den sistema baten kurba justu kontrakoa da: neguan eguzki erradiazio gutxiago dugu udan baino. Eguzki energiako instalazio bat jartzen dugunean, eguzki erradiazio gehiago edo gutxiago dugun begiratu gabe, abenduan kontsumituko duguna bermatu behar digu. Udan beharrezkoa baino gehiago izango dugu akaso, baina guri interesatzen zaiguna gehien kontsumitzen dugun garaiko kopurua erdiestea da. Panelak gure latitudearen inklinazioarekin jarri behar dira. Instalazio fotovoltaiko autonomoen kasuan, Gipuzkoan gaudenez eta bertako latitudea 43 gradukoa denez, 45 graduko inklinazioarekin jarri beharko genituzke. Instalazioa urte osoan erabiltzekoa bada, panelei 50-55 gradoko inklinazioa jartzen diotela esan digu Fernando Bengoetxeak. Sarera konektaturiko instalazioetan, berriz, latitude beran gehien produziteko inklinaziorik egokiena 30 gradukoa da. Kolektore termikoen kasua n, 40 gradu inguruko inklinazioa duten panelak dira egokienak.
Esan beharrekoa da Euskal Herrian gehien ikusten diren instalazioak ez daudela eraikinean integratuta. Integrazioaren inguruan honakoa azaldu digu Eguzki Indar enpresan lan egiten duen Jokin Aldazabalek: «Gauza bera gertatzen da telebistako antena eta antena parabolikoekin, ez dira politak. Baina zerbitzu bat eskaintzen digutenez, onartu egiten ditugu. Haiei ez diegu eskatzen integratuta egotea, ohituta gaude. Instalazio hauei gainera integratuta egotea eskatzen diegu, eta hori ez da bidezkoa».


DIRU LAGUNTZAK.

Nafarroako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak, azken honek Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, hainbat programa dute energia berriztagarriak sustatzeko. Horien baitan, eguzki energiako instalazioak, fotovoltaikoak, nahiz termikoak, diruz laguntzen dituzte.
Energiaren Euskal Erakundeak instalazioen prezioaren %40 inguruko diru laguntzak ematen ditu. Sarera konektaturiko instalazio fotovoltaikoen kasuan, ostera, diru laguntza %30ekoa izan ohi da. Nafarroako Gobernuak ere instalazio bat ezartzen duen pertsonaren inbertsioaren %40 laguntzen du diruz. Gainera, laguntza fiskalak ere ematen ditu.
Energiaren Euskal Erakundearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 354 instalazio fotovoltaiko daude, sareari konektaturiko instalazioak naiz instalazio autonomoak edo isolatutakoak batuta. Instalazio termikoei dagokienez, 130 da EEEk emandako kopurua.
Nafarroaren kasuan, ez dago datu orokorrik. 1998 eta 2000 urte artean 255 instalazio fotovoltaiko lagundu zituen diruz Gobernuak. Eguzki termikoen instalazioak, aldiz, 42 izan ziren epe horretan.

BALANTZEA.

Ikusitakoaren arabera, esan dezakegu eguzki energiako instalakuntzak merkatu baino, erakundeek diruz lagundu dituztela, eurak sustatzearren. Merkatzearen kontu hori, ordea, erlatiboa da. Eguzki energiak ez baitu hondakin gehiegi sortzen energia iturri zabalduenekin (petrolioa, argindarra, energia nuklearra), alderatuz gero. Argindarra eguzki energiarekin alderatuz gero, merkea da, baina argi izan behar dugu guk ordaintzen dugun prezioa ez dela koste osoarena, ekoizpenarena baizik. Gasoilaren kasuan, erabiltzaileak instalazioa, gasoila bera eta mantentze lanak ordaindu behar dira. Horrezaz gain, CO2aren emisoak ordaindu behar dira, eguzki instalazio termikoekin, aldiz, ez dago CO2 emisiorik. Beraz, kiroldegi edo igerileku bati, halako instalazio bat ezartzea errentagarriagoa zaio, epe luzera bada ere.
ARGIAren kasuan, eguzki instalazio fotovoltaiko bat ezartzea epe luzera (hamar bat urte) eginiko inbertsioa litzateke. Bost milioi pezetako inbertsioa egitea eskatuko lioke, baina, jakina, horretarako, milioi horiek soberan izan behar lituzke! Eragiketa egina dago jada, orain kontuak ateratzeko garaia da. Horrek behintzat merezi du!

Instalazio fotovoltaikoaz jakin beharrekoak
Sarera konektaturiko instalazio fotovoltaikoek ekoitzitako elektrizitate guztia bidaltzen dute sare elektrikora eta ez soberakinak, uste den bezala.

Sarera saltzen den kWh (kilowatt orduko) bakoitzeko jasotzen den gainprezioa ez du ez Espainiako Estatuak, ez autonomia erkidegoek, ez elektrizitate enpresek ordaintzen. Gainprezioa indarrean dagoen tarifa elektrikotik dator. Konpainia elektrikoak erabiltzaileari kobratzen dio eta ekoizleari ordaintzen dio. Alegia, azken batean jende guztiak ordaintzen du elektrizitatearen fakturan.
Sarera konektaturiko instalazio bat duenak ez du sekulako negozioa egiten. Energiaren Euskal Erakundearen diru laguntzekin, bestela errentagarria ez litzatekeen inbertsioa egin daiteke. Instalazioaren amortizazioa lortzeko denbora asko behar da, garestia delako berez eta ez delako hainbeste elektrizitate ekoizten

Eguzki energiaz baliatzen diren hainbat instalazio
INSTALAZIO TERMIKOA ETXEBIZITZA FAMILIABAKARRETAN. Eguzki instalazio termikoaz baliatzen da irudian agertzen den Oiartzungo etxebizitza familiabakar hau. Sistema honen bitartez, ur sanitarioa eta berokun-tza bermatzen dira hein batean. Etxe berriek askotan energia sistema ezberdinak konbinatzen dituzte, elektrizitatea, gasa eta instalazio termikoa esaterako. Agian termikoak ez dituelako beti gure behar guztiak asetuko, eta bestelako iturriak edukitzea lagungarria delako eskasia garaietarako. Etxe berri batean, horrelako instalazio termiko batek ez du etxebizitzaren prezioa igotzen, %1 garestiagoa izango litzateke bakarrik eta dirua aurrezten lagun-tzen du, ingurugiroa zaintzen laguntzearekin batera. 4-6 metro koadroko instalazio batek batez besteko familia baten ur bero sanitario beharraren %60-75a asetuko luke. Halako instalazioa ezartzeak 500.000-600.000 pezeta balio du.

ARGIA LORTZEKO PLAKA FOTOVOLTAIKOAK. Eguzki instalazio fotovoltaikoak oso egokiak dira sare elektrikoa urrun dagoen lekuetarako. Pasaiako portuan badira hainbat adibide. Askotan errentagarriagoa da eguzki plaka fotovoltaikoak ezartzea itsasgaineko objekturen bat argiztatzeko, elektrizitate sarea urazpitik edo leku zailetatik pasatzea baino. Antzera gertatzen da bide seinaleen kasuan, sare elektrikoa errepideetara hurbiltzea baino errazagoa da eguzki plaka seinalearen goiko aldean jartzea. Gainera, kontuan hartu beharra dago eguzki energia energia berriztagarria dela eta ez duela elektrizitateak bezainbeste kutsadura sortzen. Euskal Autonomia Erkidegoan 350etik gora instalazio fotovoltaiko dago, horietako gehienak sistema autonomoak dira, ez daude sare elektrikoari konektatuak.
USURBILEKO KIROLDEGIA. 1999an jarri zuten instalazio termikoa martxan Usurbilen. Instalazioa finantzatu ahal izateko Madrilgo Gobernutik eta Energiaren Euskal Erakundetik (EEE) laguntzak jaso zituzten. Hamar bat urtetan amortizatuko dute 48 kW-ko potentziako instalazioa ipintzeko eginiko inbertsioa, baina gasoilaren prezioak gora egin duenez, badirudi lehenago emango diotela buelta. Kiroldegian ur bero ugari behar zen (igerileku klimatizatua, dutxetako ura) eta eguzki energia termikoaren alde egin zuten. Arrazoi ekologikoek ere izan zuten bere pisua. Kiroldegia abuztuan itxia izaten da, energia gehien ekoizten den sasoian hain zuzen. Etenaldi hori igerilekua hustu eta plaken bitartez lortutako ur beroarekin betetzeko baliatzen dute.

UGARO HERRI ESKOLA. 2001eko otsailaz geroztik daude martxan plaka fotovoltaikoak Legorretako eskolan. 10 plaka daude eta urteko kilowatt bat erdiestea espero dute. Kasu honetan, eguzki energiaren erabilpenak helburu didaktiko bat du. Duela hiru urtetik Ugaro herri eskola Europako ekoeskola kanpainan murgilduta dabil. Hiru urteko kanpaina honen baitan, aurtengoa energia jorratzeko urtea zen. Hori dela-eta energi berriztagarriak aukeratu zituzten, eta horien artean eguzki energia. Greenpeacek Eguzki Eskolen Sarea proiektua zuen, eguzki energia ustiatuko duen ikastetxe sarea osatzea helburu izanik, eta horri jarriki, sareari konektaturiko instalakuntza fotovoltaikoa ezarri zuten. Instalazioa ezartzeko arazorik handiena finantziazioa zen, instalazioak milioi eta erdi pezetako kostua zuen-eta. Hori ordaindu ahal izateko, Eredu enpresaren eta EEEren laguntza jaso zuen. Greenpeaceren proposamena plakak teilatuan ezartzea zen, baina beraiei komenigarrriagoa iruditu zitzaien eraikinaren aurrealdean jartzea, ikasleek prozesua ondo ikus zezaten. Oraindik ez dute Iberdrolarekin kontraturik sinatu, elektrizitatearen trukeko dirua jasotzeko

Iparraldea
Iparraldean Frantziako ADEME agentzia arduratzen da baliabide energia mota ezberdinen inguruko informazioa emateaz. Berari esker jakin izan dugu Ipar Euskal Herrian jarri zen lehen instalazio fotovoltaikoa Larrañeko artzain borda batean izan zela. Sare elektrikotik zazpi kilometrotara zegoen eta elektrizitatea eta edateko ura ponpatzea lortu zen. Bigarren instalazioa Mendiben dago, sare elektrikotik lau kilometrotara. Instalaziook Akitaniako ADEMEn, Europako Batasunaren eta FACEren diru laguntzak jaso zituzten.

Akitaniako ADEMEk Hélios 2006 programa jarri du martxan, partikularrek eguzki energia termikoko instalazioak ezar ditzaten, ur sanitarioa eta berokuntza lortzeko. ADEMEn arabera, instalazio hauekin urteko beharren %50-70a asetuko litzateke

Barnamil proiektua
Bartzelonan Barnamil proiektua jarri zuen abian hainbat talde ekologista eta sindikatuk, bertako Udalaren eta hainbat erakunderen laguntzarekin: Barnamil delakoa. Helburua 2000 urterako ur beroa lortzeko 1.000 metro koadroko azalera eguzki plaka termikoaz betetzea zen. Izan ere, Bartzelonak aukera asko eskaintzen ditu energia iturri honetaz baliatzeko. Bartzelonako teilatuetara iristen den eguzki energia hiri osoan kontsumitzen den energia kopurua baino handiagoa da. Hirian teilatu eta terrazen 57 milioi metro koadro baino gehiago daude. Eguzki plaken 2 metro koadrok familia batentzako ur beroa ekoizten dute, eta urtean CO2 tona erdia baino gehiago aurrezten dute.

Barnamilek etxebizitza blokeetan eta etxebizitza familiabakarretan eguzki kolektoreak instalatzea sustatzen du. Gainera, bideragarritasun plan bat eta aurrekontu bat doan egitea eskaintzen die hiritarrei. Diru laguntzen eskaintzaz informatzeaz gain, mantenu kontratu bat eskaintzen die proiektuan parte hartzen dutenei.
Halaber, Barnamil-ek hitzaldiak antolatzen ditu auzo, eskola eta lantokietan hirietako eguzki ustiaketa sistemen berri emateko.
Bartzelonan indarrean den normatibak zera dio: etxe bloke batean egunean 2.000 litro ur bero baino gehiago kontsumitzen badira, eraikin horretako bizilagunak eguzki energiaren bideragarritasun plan bat egitera behartuta daude. Ez daude instalazioa egitera behartuta, baina bai aukera aztertzera. Eta diotenez, merezi du


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude