HEGOALDERA LAN ESKE ETA ASILO POLITIKO BILA IPARRALDERA

  • Euskal Herrira iristen diren etorkin gehienak Afrikatik eta Europako Ekialdetik datoz. Afrikar asko arrazoi politikoengatik heldu dira, gehienak gure Iparraldera. Frantziako estatua ez da, izan zen asilo lurraldea, ordea. Hego Euskal Herrira datozen Europako ekialdiarrak lanerako ekarriak dira propio.

2001eko ekainaren 03an
Germaine Blezio hazpandarra da Amnesty Internationalaren (AI) idazkaria Ipar Euskal Herrian. Hegoaldean ez bezala, bertan ez dago SOS Arrazakeria-ren antzeko erakunderik; AI arduratzen da etorkinen egoeraz. Bereziki, Baionan eta Angelun daude antolatuta, hogei bat militante ari dira bi taldetan: "Ontsalaz lan gehiago egin beharko genuke, baina ez dugu indar aski. Estatuko beste eskualdeetan baino iheslari edota etorkin gutxiago dago hemen, arrazakeria arazoa ez da Frantziako beste eskualdetan bezain bat ageri ere", erran digu Germainek. AIk Frantziako Gobernuaren politikari buruzko iritzia, bestalde: "Frantziako Gobernuak onartzen ditu AIren txosten kritikoak azken aldi honetan. Izan ere, etorkinen eskubideak onartzen eta errespetatzen Europako 10. estatua dela ohartu baita. Frantziako nahiz Europako Gobernuak etorkinen trafikoa eta hauek esklabo gisa tratatzen dituztenen aurka ari dira, baina ez dute aski egiten etorkinak behar bezala integratzeko".


ATHERBEA ZENTROA.

Ipar Euskal Herria ez da etorkinentzako berebiziko lekua. Daudenak Baiona-Angelu-Miarri-tze (BAM) aglomerazioan bizi dira. Angelun etorkinei harrera egiten dien "Centre d'accueil des demandeurs d'asile" zentroa dago, "Atherbea" ere deitua. Egoera arras isolatuan dauden etorkinak biltzeko egoitza soziala da. Iparraldera iristen diren gehienak arazo politikoengatik ihesi heldu dira. Jean Jacques Recuou Atherbeako hezitzailea da: "40 pertsonen ardura besterik ez dugu. Hauetako 30 beren familiarekin bizi dira etxebizitza partikularretan; Baionan. Familiarik ez duten beste hamar gurekin daude. Gehienak Europako Ekialdeko etorkinak dira: kosovoarrak, albaniarrak edo txetxeniarrak. Afrikarrak bakarrik etortzen dira".
Asilo politikoa edo babesetxe eskaera egiten duten etorkinak konfliktoan dauden herrialdetatik datoz. Afrikarren kasua historikoa da, Europako Ekialdekoen inmigrazioa berriagoa da, Berlineko harresia erori ostean hasi zen. OFFRA erakundea arduratzen da asilo politiko eskubideari baietza edo ezetza emateaz. 2.000. urtean, kasu, 38.747 izan ziren eskaerak. Eskaeren % 40ari harrera egin zien erakundeak eta eskaeren %17,1ak jaso zuen errefuxiatu politikoaren estatutua: 5.185, alegia. 1995. urtean 20.415 izan ziren eskaerak eta 4.472k jaso zuten estatutua. Datu hauek lehen eskaerari dagozkio, alegia. Lehenengo ezetzaren ostean helegite prozedura hasten baita.
BAMen bizi diren etorkin afrikarrak ondo samar moldatzen dira, frantsesa ezagutzen dute eta horrek asko laguntzen die bertako gizartean integratzen. Ekialdetik datozenek oztopo gehiago izaten dute, hizkuntza ikasteko eta kulturan egokitzeko arazoak dituzte. Honela dio Jean Jacquesek: "Hauek oso kontsumitzaileak dira eta arazo gehiago dute afrikarrek baino. Asilo eskaeraren prozedura oso luzea da. Anartean, lan egiteko baimenik ez dute eta elikadura duin bat erdiesteko zailtasun franko. Maleruski, hemen ez dugu leku aski eskaera guztiei baietza emateko".
Atherbeako hezitzaile honen aburuz leku eskasez etorkin asko gelditzen da zentrotik kanpo. Paperik eta lan-baimena izan ez arren "Gizarterako Alokazioa" jasotzen dute urte batez. Alta, bada, ez dira moralki lagunduak, eta, babesik gabe, galbidean erortzeko arrisku gehiago topatzen dute kanpoan. Sistema hau ez da zuzena ez egokia, eta berritu beharko litzateke Jean Jacques Recuouren hitzetan. Atherbeako esperientziaren arabera, familia gisara eginiko eskaeren kasuetan etorkinek aiseago erdiesten dute bertako gizartean integratzea kasu indibidualetan baino. Seme-alabak izanda estatuak gehiago laguntzen du; laguntzak errazkiago eskuratzen dira. Familiak errazago integra-tzen dira haurren bitartez, alegia. Edonola ere, Atherbea zentroak egoera irregularrean dauden etorkinak errezibitzen ditu. 1992tik gaur egunera 350 per-tsona aterbetu dituzte. Hauetako bitik batek asilo politikoaren estatutua ukan du. Baionako Polo-Berys auzoan alfabetatzeko zentro bat dago, bestalde. Etorkinek, ondo bidez, BAMeko aisialdirako elkarteetan aurkitzen dute toki bat. Gainontzekoan, Baionako ZUP izeneko auzoan biltzen da etorkin multzo handiena, hauetako gehienak magrebiarrak direlarik.


CONGO BRAzZAVILLE.

Atherbea zentroan dauden bi etorkinekin hitz egin dugu. Alfhonse Dinga Congo Brazzavillekoa da; 39 urte ditu. 1997an iritsi zen Frantziara. Arazo politikoengatik ihes egin zuen bere sorterritik. Emaztea eta alaba bat utzi zituen han. Orain, Baionako andre batekin ezkondu da bigarren aldiz, eta duela lau aste mutiko bat izan dute: "Arrazoi anitz izan nuen ihes egiteko, baina seguritate ezarengatik hanka egin nuen azkenean. Hasieran Limoguesen egon nintzen; zentro katoliko batean. Hantxe egin nuen asiloaren lehen eskaera, baina ukatu zidaten. Helegitea aurkeztu dut behin eta berriz, baina ezezkoa eman didate beti. Eskerrak laguna frantziarra dudan, berari esker hobekiago sentitzen naiz".
Jean de Dieu Matondo Lunzitisa herrialde berekoa da. Maiatzaren 11tik dago Atherbea zentroan. Bere historia luzea da kontatzeko eta lazgarria biziki. LICODHO elkartean (Ligae Congolais pour la defense de Droit de l'Homme) ziharduen ihes egin zuenean; Congo Brazzavilleko giza eskubideen aldeko elkartean: "Hiritarrek beren eskubideez ohartzeko sentsibilizazio kanpainak burutzen genituen. Behin batez, herrialdearen iparraldera jo genuen, Utiri lurraldeko Provence de l'Orientalera. Bi etnien arteko gatazka batean bitartekaritza lanak egiteko xedez joan ginen".
Jean De Dieuk kontatu digunez, Congo Brazzavilleko herria engainatua bizi da, ezjakintasunean eta mespretxatua. Herritar xumeek legeaz duten ezagutza hutsaren hurrengoa da, eta legea ezagutzen dutenek ez dute berau errespetatzen. Pairatzen den zapalkuntzaz oharturik engaiatu zen borrokan: "1998an lau lagun iritsi ginen Buña herrira. Hema eta Nande etnien arteko arazo latzak zeuden. Hemak ganaduzaleak dira eta Nandeak laborariak. Frantziako kolonizazioaren ondoren lurrak jabegorik gabe geratu ziren. Independentzia lortu ostean Congo Brazzavilleko Estatuaren jabegoa izatera pasa ziren, lehen Congoko Zaire izandakoa. Estatuak Hema etniakoen esku utzi zituen lurrak diru gehiago dutelako. Beraiek ez dira bertakoak, aspaldiko mendetan bertaratu ziren etorkinak baizik. Nandeak bertakoak dira, lurraren laborariak".
Bi etnien arteko sarraskiak geldiaraztera joan ziren eta gorriak ikusi zituen Jean de Dieuk: "Gazteak bortitzak dira bereziki. Goiz batean etxeak erretzeari ekin zioten; pertsonak barruan zeudela. Herria errea izan zen eta bizirik atera zirenak sarraskituak matxete kolpeka. Gu nandetarrekin konfundituak izateko arriskuan egon ginen". Matondo Lunzitisak konta-tzen duenez, errebeldeek usteldu dituzte Hema etniakoak eta borrokara bultzatu. Hema etniakoek ez zituzten ondo hartu LICODHOko kideak. Gainera, estatuko militarrak heldu ziren batean atxilotuak izan ziren. Harrezkero biziriko historia luze eta ikaragarria kontatu digu Jean de Dieuk. LICODHO taldearen buruzagitzat joa izan zen. Atxilotua, bortizki torturatua eta bederatzi hilabete preso izana. Hil zorian zegoela, Nande etniakoek lagundu zioten ihes egiten Buñatik Kinshasa hiriburura; bertan hegazkina hartzeko. Militarrek harrapatu zuten beste behin, eta bortizki torturatua berriz ere. Ospitaleko erizainek eta apaizak lagundu zioten herrialdetik ateratzen azkenean. 2000ko martxoaren 7an iritsi zen Parisera. Amiens hirian urte bat eman zuen herrikide batzuekin batera bizitzen Angelura etorri aitzin; orain bi hilabete heldu zen Iparraldera: "Lehen baino hobekiago nago, baina oso triste. Gaizki nago, amets gaiztoak ditut oraindik; angustia handia. 1999an emaztea eta hiru seme-alaba utzi nituen. Saiatu naiz behin haiekin kontaktatzen, baina militarrek mehatxatuta daudela esan didate. Ez dira bizi lehengo tokian, galdu dut kontaktua. Congoko agintariek onartuko balute, familia nahi nuke ekarri. Aita bezala nahasia naiz, 1992an sortu lehen semea abandonatu izanaren kulpaz, militarrek armadara bortxaz eraman dezaten beldur naiz. Bizi duten egoera latza nire buruari egozten diot; kulpabilitate sentimenduak ditut. Nire emaztea ez zen guztiz ados nire engaiamenduarekin, eta gogorra da esperientzia. Beharbada, nireak amets eroak izan dira, eta menturaz garestiegi ordaintzen ari naiz. Asilo edo lan-baimena ez badidate laster ematen depresioak jota eroriko naiz".


ERRUMANIARRAK DONOSTIAN.

Euskal Herrira heldu diren etorkinak ez datoz denak ihesi, jakina. Denek ez dute beren herrialdean arazo politikorik, eta batzuk propio ekarriak dira lanerako. Azken urte honetan 80 etorkin heldu dira gure itsasertzera arrantza lanetara. Ondarroan senagaldarrak daude, Hondarribian peruarrak eta Donostian eta Mutrikun errumaniarrak. Donostian ari diren errumaniarrak ezagutu ditugu guk. Cornel Milicencuk 34 urte ditu. Euskal Herrian baino lehenago hiru hilabetez jardun zuen arrantzan Kanariar Uhartetan. "Alborika Mayor" itsasontzian ari da beste hiru herrekidekin batera; Txomin patroiaren esanetara. Cornel Daragiuk 35 urte ditu era "Republica" ontzian ari da Jose Antonio patroiarekin: "Itsasoan lan egin dut bizitza osoan, hemengo arrantza pixka bat diferente den arren ondo moldatzen naiz. Euskaldunak eta errumaniarrak an-tzekoak gara, aste barruan lana eta asteburuan jai eta festa".
Alturako arrantzan ohituta daude; arrastre-arrantzan. Errumanian baino gusturago ari direla hemen dioskute Armorika Mayorreko Vasile Jordache (41 urte) eta Nico Denison (39 urte) ontzikideek: "Euskaldunak jatorrak dira, patroia gogorra da batzutan, baina jatorra. Errumanian baino hobekiago ordaintzen digute, gainera".
31 urteko Valentin Graciov bigarren haurra izateko zorian dago. Bere emaztea Donostiara ekarri nahi du haurra hemen sor dadin: "Asko gogoratzen naiz. Amets bat da niretzat. Kofradiako Esteban Olaizola presidentea arduratzen ari da horretaz. Lanean oso pozik nabil. Lehenago Afrikan aritu nintzen; ontzi pelagikoetan. 8 hilabete ematen genuen untzian. Hemen bizpairu egun gehienez eta lehorrera. Ez dago alderatzerik".

"MERKANTZI ONTZITERIA GOGORREGI DABIL ETORKINEN EGOERA ARAUBIDETZEKO"
Euskal Herriko itsas portuetan gero eta etorkin gehiago ari da arrantzale lanetan: Ondarroan senegaldarrak, Hondarribian peruarrak eta Donostian errumaniarrak. Zergatik?
Gazteek ez dute lehen bezala itsasora joan nahi, nahiago dute lehorrean aritu. Joan den urtean bi itsasontzi egon ziren itsasora atera gabe tripulazio faltarengatik. Horregatik, armadore batzuek itsasontzi berriak egiteko dudan egon dira. Hau da irtenbide bat. Guk aukeran nahiago genuke bertakoak izatea, dudarik gabe. Baina, kanpoko jendea izanagatik pozik gaude. Gu euskaldunok ere kanpora joan izan gara, artzain modura, esaterako. Orduan onartu behar dugu kanpoko langileria gurean ere. Ahalegin guztiak egin behar ditugu jende hau pozik egon dadin, eta orain dugun arazoa soluzionatu.

Nola moldatu zarete errumaniarrak ekartzeko?
Madrileko merkantzi ontziteria oso gogor dabil etorkinen egoera araubidetzeko orduan. Burokrazia gogorra pasa behar izan dugu; paperak eta paperak. Arrantzaleak dira ofizioz, eta euren tituluak eta itsasorako dituzten konpetentziak eskatu dizkigute Madrilen. Errumaniako administrazioarekin harremanetan jarri, beren paperak ingelesez idatzi, Errumaniako zigiluak eta guzti. Arran-tzarako tituluak ekarri ditugu eta oraindik aitzakiak jarri dizkigute. Ea guk eginarazi ote genituen galdetu digute. Errazago egin behar dira gauzak bestela ez da duina. Hori ezin dugu onartu. Guk etorkinei langile guztiei ematen diegun tratu berbera ematen diegu, bada, administrazioak ere berbera eman diezaien, ezta?

Zer moduz moldatzen dira itsasoan?
Oso eskumatzaile onak dira, arrantzan badakite. Urte baterako kontratua daukate eta beste baterako eginez gero geldi litezke. Euskal arrantzaleek dituzten baldintza berdinekin ari dira lanean. Itsas-etxean daude eta laster etxebitza batera joango dira. Gaztelaniaz ikasten ari dira eta euskaraz ere esaten dute hitz bat edo beste.

"SAN FRANCISCO AUZORAKO EZ DAGO PLAN ZEHATZIK INSTITUZIOEN ALDETIK"
Zein jatorrikoak dira San Francisco auzoan bizi diren etorkinak, eta zeintzu dira beren ezaugarriak: egoera legal edo ilegalean bizi dira, lanean ari al da gehiengoa?
Gehienak magrebiarrak dira. Rift-eko eskualdekoak, aljeriarrak eta saharauiarrak, bestalde. Halaber, inmigrazio beste fenomeno bat dago, baina ezkutuan, Europako Ekialdeko herrialdetako etorkinena. Jende hau gutxiago agertzen da kalean. Gehienek paperak dituzte, baina zaila da jakitea nork dituen paperak eta nork ez. Konplikatua da gaia. Etorkinak beti edo ia beti okupatuta daude. Paperak izan edo ez, beharren batean dabiltza bizitzeko. Bestalde, Euskadin etorkinek paperik izan gabe ere IMI jasotzea dute, ez dute erroldatuak izan beharrik.

Plangintzarik ba al dago instituzioen aldetik?
Ez dago plan zehatzik. Instituzioetatik inmigrazio plan bat sustatzeaz hitz egiten da, baina egoera gaizki dago, ez da plan sakon bat egiten. Denbora luze daramagu horretan eta ez dugu aurreratzen. Administrazioak entzuten du, baina diru gehiena hirigintzara doa. San Francisco ondoan auzo berri bat egin nahi dute, adibidez. San Franciscoko "Sustapenerako mahaia" deritzan proiektuan inmigranteen integraziorako plan global baten alde ari gara, gizartetik kanpo jartzearen aurka. Auzorako politika inmigrante guztientzako izan dadin borrokatzen ari gara, paperik izan edo ez.

San Francisco etorkinen ghettotzat jo al daiteke?
Badu ghetto izaeratik parte bat; ez soilik etorkinengatik. Bi ikuspegi daude, bat ezkorra: auzoaren garapen instituzional ezarengatik. Administrazioak auzoa erortzen utzi zuen oso egoera txarra zegoelako, eta orduan, etorkinak bertan kokatu ziren. Batez ere, etorkin txiroak. Ondorioz, auzo problematikoa izan da. Trapitxeo, toxikomania, langabezi tasa altua, bartzer-tze soziala. Alde baikorra, berriz, San Franciscoko elkarte mugimendua da; oso sendoa. 40 elkarte ari dira lanean: SOS Arrazakeria tarteko. Besteak beste, kultura eta formaziorako zentroak daude. Formazioa bildu ahala jende txiroen etxebizitzak ari dira berritzen eta soldata bat jasotzen dute. Etorkinak ere proiektu hauetan ari dira, auzokideen diruaz eta auzoko elkarteen ekimenez.

Auzoaren fama txarra nola ulertu behar da?
Egoera berezia da. Duela lau urte egoera izugarria bizi izan zen, baina orain auzoa lasaitu da. "Independiente" elkarteko kideek armak eskatu zituzten beltzengandik defenditzeko. Minoria bat zen, baina harremanak trakestu ziren elkarte batzuen artean. Ondoren, itun moduko bat gauzatu zen. Alegia, jende baztertua auzoan egon zitekeen hitzartu zen baldin Ertzaintzak gogor jotzen bazuen. Eta hain gogor jo zuen, eta abusuen maila hain izan zen handia, ezen SOS Arrazakeria eta elkarteen artean txosten bat gauzatu genuen: "Ertzaintzaren tratu txarrak" izenekoa. Arartekoak kostata baina txostena publikatu zuen. SOS Arrazakeriakoek Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordean azaldu genuen gaia. Harrezkero, Ertzaintzaren aldetik tratu txarren kasu bat edo beste ematen da, baina asko hobetu da egoera soziala.


Azkenak
Eskola inguruetako kutsadura maila neurtu dute, eta emaitzak oso kezkagarriak dira

Euskal Herrian 28 ikastetxe-ingurune aztertu dituzte: 28ek Osasunaren Mundu Erakundeak segurutzat duen kutsadura maila baino kutsadura handiagoa dute eta %75ak ez du lortzen Europako Batzordeak berak onargarritzat duen kutsadura maila. Maiatzaren 10ean kalera aterako dira... [+]


2024-05-08 | Hik Hasi
Udako Topaketa Pedagogikoen aurkezpena

Hik Hasi egitasmo pedagogikoak 2024ko Udako Topaketa Pedagogikoen aurkezpen prentsaurrekoa egin du astearte goizean. Bertan parte hartu dute EHUko Hezkuntza Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekano Beñat Amenabarrek eta Hik Hasiko formazio arduradun Mikel... [+]


Beste preso bat hil da espetxean, oraingoan Basaurin

Ostiralean aurkitu zuten hilotz, “gaindosi” zantzuekin, Naiz-ek argitaratu duenez. Jaurlaritzak ez du heriotza baieztatu asteartera arte, eta autopsiaren emaitzen zain dagoela adierazi du. EAEko espetxeen eskumena hartu zuenetik espetxean hiltzen den bosgarren presoa... [+]


Eguneraketa berriak daude