MEDITERRANEOKO NEGUTEGIEN "EGARRIA" EBROREN EMARIAK ASEKO DU


2001eko martxoaren 18an
Plan honen jatorria, azken 20 urteetan pilatzen joan izan diren arroen planena bezala, Espainiako Estatuko zonalde zehatz batek jasaten duen arazoan dago: Hego-ekialdeko ur baliabideen gehiegizko ustiapena. Mediterraneo osoak, baina batez ere hegoaldeak, azken hamarkadetan sekulako boom turistiko eta demografikoa ezagutu du; etxeak, hotelak, golf zelaiak, denetariko azpiegiturak pilatu dira zonalde honetan, eguzkiaren bila doan jende ugariren eskaera asetzeko. Eguzkia bai, nahi beste, baina euri -eta beraz, ur- gutxi. Filosofia axolagabeak "guk ekarri dezagun jendea, ura nonbaitetik ekarriko digute-eta" zioela zirudien, urteekin arazoa gero eta larriagoa bihurtuz, desioa zena azkenean errealitate bihurtu behar izateko.
Hala ere, gezurra badirudi ere, ez dira hiriak eta turismo guneak ur gehien eskatu eta kontsumitzen dutenak, hauen inguruan perretxikoak bezala ugaldu diren ureztatze lursailak baizik. Har dezagun, adibide gisa, Almeriako El Ejido ospetsua. Lehen ezer landatu ezin zeneko basamortu zabalek gaur egun negutegi itsasoak ematen dute. Beste leku batzuetan negutegien lekua ureztatze lursailek hartzen dute, baina denen ahotan ur eskasiaren kexua dago. Ez berez bertako ekosistemek ur gehiago eskatzen dutelako, baizik eta diruzaletasuna ekosistemok etengabe eraldatzen ari delako, basamortuak zirenak ureztatu nahian.
Azken 20 urteetako Espainiako gobernuek mahai gainean soluziorik gabeko arazoa izan dutela esatera ausartuko gara. Zergatik hori?
Nekazaritzak Espainiako Estatuko uraren %80 kontsumitzen du eta nekazariek beraiek ur horren %10 besterik ez dute ordaintzen (beraz, aurrezteko arrazoi handirik ere ez dute). Zonalde honetako lurpeko zein lur gaineko baliabideak agortu baino agortuago daude (putzuetatik ateratako ur berbera sei edo zortzi aldiz ere erabiltzen dute) eta duela hainbat urte abian jarri zen Tajo-Segura ibaien arteko ur eramateak arazoa konpondu baino larritu egin zuen (nekazariek ur gehiago zetorrela jakinda, ureztatze lursail berriak sortu zituzten, gaur gerta daitekeen bezala ur defizita handituz).
Arazoak berez badu konponbide logikoa: soberan dauden 100.000 hektarea ureztatze lursail (horietatik asko eta asko ilegalak) ezabatzea. Baina botika gaixotasuna baino okerragoa izan liteke. Nondik hasi? Errentagarriagoak diren lursail berrietatik ala ur eskubide zaharragoak dituzten jabego txikietatik? Zer egin ezabatutako lursail horiekin, beren ubide eta bideekin? Birlandatu? Segurako ibai eta hezeguneen heriotza sinatu? Eta batez ere, zer egin soberan leudekeen 300.000 enplegu zuzen eta ez-zuzenekin, industriarako gutxi kualifikatutako nekazarietaz mintzatzen ari garela kontuan hartuz gainera? Soluzio honek sortuko lituzkeen arazo sozio-ekonomikoek eta ingurumen arazoek edozein gobernuren amesgaiztorik handiena eragingo luke. PPren gobernuak alderantzizko bidetik jotzea erabaki du: ura nahi badute Ebrotik hartu eta eraman egingo diegu.


EBROREN URA EGARRITUEN MESEDERAKO.

1.050 hektometro kubiko urtean. Horixe da Ebro behean hasi eta kanalen bidez Mediterraneo osoan zehar barreiatuko den ur kopurua. Ebro behean, bai, Tarragonan zehazki (Aragoiren oposizioa saihesteko-edo), baina horrek ez du esan nahi ibai honek zona horretatik aurrera soilik ura galduko duenik. Hasteko, Ebro ibaia (edozein ibai) hidrografikoki ez da mapan ikusten dugun marra bat, bere adar guztiekin batera arroa osatzen duen espazio zabala baizik, eta espazio horretako edozein puntutan burutzen diren ekintzek bere eragina dute ibai nagusian eta itsasoan. Irati ere Ebro da, Zadorra edota Urederra diren bezala, eta Urkiolatik hegoaldera isurtzen den errekan egiten dugunak esaterako, gero Ebron du eragina.
Ebrotiko ur eramatea, beraz, ez da Tarragonako puntu horretatik aurrera bakarrik nabarmenduko, hori baino lehen ibaia erregulatu egin behar delako, eta hori normalean bere adarrak urtegiz josita lortzen delako. Asmoa Pirinioen inguruetan hainbat urtegi eraikitzea da (Espainiak 1.200 urtegi ditu eta munduko laugarren herrialdea da urtegien kopuruan. Aurretik EEBB, India eta Txina daude) eta horien bidez une bakoitzean
-beharren arabera- ur gehiago edo gutxiago askatzea. Estatistikei so, planek aurrera eginez gero, ibaiak urtean zehar ur kopuru berdintsua eramango du, baina adituek dioten bezala, oso desberdina da ura uneoro eta era naturalean isurtzea ala hegoaldeko nekazarien eta enpresa hidroelektrikoen interesen arabera gehiago ala gutxiago askatzea.
Plan hauen aurka jadanik Aragoiko Autonomia Erkidegoko Gobernuaz gain ekologistak eta Pirinioetako biztanleak altxatu dira, bertako bizimodua kaltetua ikusten dutelako, eta Bruselan ere ez dute begi onez ikusten. Europako arauek ura aurreztea, erabiltzaileek osorik ordaintzea, arro bakoitzeko arazoak arroan bertan konpontzea eta ibaiak beren egoera naturalera itzultzea eskatzen dute, hots, plan honek egin nahi duenaren aurkako planteamendua. Ondorioz, ikusteke dago gastatu nahi diren 3 bilioi pezetako (120.000 milioi libera) aurrekontutik Europatik espero den zatia jasoko den.


PLANAREN ERAGINA HEGO EUSKAL HERRIAN.

Diru horretatik zati bat Hego Euskal Herrian gastatzea aurreikusi dute; Araba eta Nafarroako lurralde ia osoa Ebroren eraginpean dago (Bizkaia eta Gipuzkoako zatirik handiena Iparreko arroan kokatuta daude). Espainiako Gobernuak 200.000 milioi pezeta (8.000 milioi libera) inguru aurreikusi du Hego Euskal Herrian gastatzea, horietatik 154.000 milioi pezeta (6.160 milioi libera) Nafarroan eta 50.000 milioi pezeta (2.000 milioi libera) Euskal Autonomia Erkidegoan, batik bat Araban. Diru honen erdia baino gehiago Nafarroako ureztatze lursailen modernizazioak eramango du (125.000 milioi pezeta, 5.000 milioi libera), baina badira ibaien erregulazioarentzat eta uraren saneamendu eta arazketarentzat aurrekontu garrantzitsuak ere.
Egin beharreko lan eta ekintza zehatzei dagokienez, plan honek Nafarroan zerrenda zabala erakusten du (Esako urtegia berranditu eta inguruko errepideak egokitu, Nafarroako Ubidea, Aragoi, Lodosa eta Bardeetako kanalak hobetu, Itoitz inguruko lan lagungarriak...) eta zerrenda motzagoa Araban (Araiako urtegia, lautada eta bailaretako ureztatze lursailak hobetu eta Zadorra ibaia egokitu). Dena den, Hego Euskal Herrian jasango den eraginik handiena ez da plan honek sortutakoa, hau baino lehen arro bakoitzaren planak onartu zirelako. Ebroko arroaren planean adibidez, Itoizko urtegia zen protagonista. Beraz, PHN honek aurreko arro plan guztien "euritako" gisa funtzionatzen du eta Itoizko planari beste bultzada bat ematen dio.
Planak espresuki zera dio, Ebro arroko urtegiek (Aragoiko hiruk ezik) ez dutela aipatutako ur eramateari laguntzeko zertan inongo ur askatzerik egin behar, baina kontsultatutako adituek diotenez, Nafarroak ez ditu inondik inora Itoitzek bil litzakeen 400 hektometro kubikoak behar. Beraz, ur eramateak lan izugarri hau justifikatzen du.


PLANAK ETA IRITZIAK.

Gure lurraldean PHN honek denetariko iritziak sorrarazi ditu. Itoizko Koordinakundeak eta ekologistek aurkako jarrera erakutsi dute, urtegi honen eta beste batzuen lanak babesten dituelako, eta Nafarroako Parlamentuak duela gutxi aurkako proposamena onartu du, oposizio osoak bultzatua (nahiz eta honen gehiengoa Itoitzen alde izan), Nafarroarentzako kaltegarria izango delakoan. Nafarroako Gobernua k eta berau babesten duen UPNk berriz, plana sutsuki bultzatu dute, Foru Erkidegoarentzat onuragarri eta beste erkidegoekiko solidarioa dela esanez. 1993an Miguel Sanz orduan sozialistek proposatzen zuten ur eramatearen aurka azaldu zela gogoratu behar da hemen. Nekazariak, euren aldetik, banaturik agertzen dira, UAGNk Nafarroari on egiten dion bitartean eta Itoitz zein Nafarroako Ubidea babesten dituen bitartean alde agertuko direla dio. EHNEk kaltegarritzat jo du plana, batez ere egun funtzionatzen duten ureztatze lursailentzat. Dirua ubideak konpontzen gastatzea proposatzen du nekazarien sindikatuak.
EAEn planarekiko erantzunak dezente apalagoak izan dira, eta horrela, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Ur Kontseiluan planari emandako baietza ia oharkabean joan da, nahiz eta J.J. Gonzalez de Txabarri jeltzaleak Madrilgo Parlamentuan ezezko jarrera azaldu. Erantzun apal hau bizitu asmoz, Euskal Herriko Ebroren aldeko Plataforma sortu berri da, ekologistak eta UAGAko arabar nekazariak biltzen dituena.
Denek dute PHN honekiko iritziren bat, baina alternatibarik ikusten diote? Euskal Herriak plan hidrologiko propioa beharko luke? Erantzuna ez da hain argia. Adituek arro oro ezberdina dela eta arazo propioa duela diote, normalean uraren kutsadura, eta plan orokorraz baino, nahiago dute arro-planen koordinaketaz hitz egin, beti ere naturaren ikuspuntu batetik eta ez, gaur egun bezala, ikuspuntu administratibotik. Izan ere, ibaiek ez dakite administrazio eta mugetaz, administrazioek askotan ur eta ibaietaz ez dakiten bezala

"HEMEN BAKOITZA AHAL BEZALA KONPONTZEN DA"
EHUko ur baliabideen ikertzaile honek Espainiako Estatuko Plan Hidrologikoa, duela sei bat urte eztabaidatu eta onartu zituzten arro bakoitzaren planen ondorio edo "euritako" gisa definitu digu.

Zer deritzozu plan hidrologiko honen filosofiari?
PHN honetan eskaria jainkotzen da, mundu osoan egitea aholkatzen denaren aurkakoa, alegia. Alderantziz egin beharko litzateke, eskaria eskaintzara egokitu, eskaria zaindu eta beharrezkoa bada murriztu. Zergatik egiten diote jaramon eskariari eta urtegitzarrak eraiki? Herrilanen enpresa handien presioarengatik, baina baita gaur egun oraindik urari gatza kentzea lehiakorra ez delako, orain ez bezala nekazariek ura osorik ordaindu beharko luketelako.

Zertan izango du eragina plan honek Hego Euskal Herrian?
Euskal Herriarekiko eragina aurreko arro planek sortutakoa da, ez zuzenean PHN honena; arazoa lehendik datorkigu. Arro planek honetarako bidea prestatu zuten, gure kasuan adibidez, Pirinio alde osoa urtegiz josi nahi zuten, Itoitz kasu. Egiteko diren beste azpiegitura batzuen arrazoia eztabaidagarria izan daiteke, Arabako Araia urtegia (5 hm3) kasu, hauek urtegi txikiak direlako eta beren eragina lekuan lekukoa izango delako, baina funtsean, PHNaren koska Euskal Herrian Itoitz da.

Beraz, zertarako egingo dute Itoizko urtegia?
Arro plan hauek egiterakoan Itoitzen justifikazioa bildutako ura Nafarroan bertan erabiliko zela zen, nahiz eta argi geratu Nafarroak ez dituela Itoitzek bil litzakeen 400 hektometro kubiko ur behar. Orain argi eta garbi geratu da zertarako den Itoitz, Nafarroako Ubidea eta Pirinioetan egin nahi diren urtegi guztiak bezala.
Eragina ingurumenean sumatuko dugu. Ura pasatzen berdin ikusiko dugu, baina gehiago edo gutxiago izan ez du klimatologiak aginduko, ur eramatearen beharrek eta enpresa hidroelektrikoen nahiek baizik.

Euskal Herriak, orduan, bertoko eta bestelako planik edo politikarik beharko luke? Zer egiten da gaur egun uraren inguruan?
Euskal Plan Hidrologikoaren inguruan, Eusko Jaurlaritzak hiruzpalau egitasmo prestatu ditu, baina hemengo arazo politikoak direla-eta, ez du bakar bat aurrera ateratzea lortu. Ondorioz, uraren kudeaketan, hemen bakoitza ahal bezala konpontzen da, koordinaziorik gabe.
Etorkizunari begira, Euskal Herriak plan hidrologiko orokorra baino arroz-arroko planak beharko lituzke, bakoitzaren errealitatea, egoera eta arazoak desberdinak direlako. Gero, nazio ikuspegitik hauek guztiak koordinatu beharko lirateke.

ABURU TANTAK
- "Plan Hidrologikoa egitea berri ona da, non gauden eta nora joan nahi dugun jakiteko. Plan horrek ziurtatu behar ditu Nafarroako egungo eta etorkizuneko ur beharrak, eta hori bermatzen bada ez dugu arazorik guri sobratzen zaigun ura beste erkidego batzuetan baliatzeko."

ALBERTO CATALAN. Nafarroako Gobernuko bozeramalea.
"Euskaldunon Egunkaria", 2000ko irailak 6.
- "Beste erkidegoei laguntza eman behar diegu, baina beti lehendabizi arro emailearen beharren asetzea bermatuz; izan ere, ur nahiko ez duten lurraldeek euren garapena murriztuta ikusiko dute."

UAGN- Nafarroako Nekazari eta Ganaduzaleen Batasuna.
"Euskaldunon Egunkaria", 2000ko irailak 19.
- "PHNa, egokia izateko, ureztatze estatu planarekin lotua egon beharko litzateke, baina hau oraindik ez da onartu eta, gainera, gaizki egina dago, bertan ez baitira bereizten antzinako ureztatze-lursailak eta berriak. Gauzak honela, ur-eramateko proposamenaren aurka gaude, politika hauek beti Araba eta Nafarroaren kalterako izaten baitira."

BELEN FERNANDEZ. Ur-sailaren arduraduna EHNEn.
"Euskaldunon Egunkaria", 2000ko irailak 19.
- "Nekazaritzan ustiapen ilegalen kopuruak Murtziako %40 eta Almeriako %70en artean daude. Interes espekulatibo eta politikoak direla-eta, ondasun publikoen ustiapen basati horri nahi gisa aurrera egiten uztea Pirinioetako jendeari beren bailara eta herriak ureztatzeko eskatzea bezain ezmorala da."

PEDRO ARROJO. Uren Plangintza eta Kudeaketaren Kongresu Iberikoaren Presidentea.
"Agua y Energia", 2000ko abendua.
- "Plan Hidrologiko Nazionala 1985eko Uren Legetik sortutako behar juridikoa da, hots, Espainiako uren arazoak behin betiko identifikatu eta konpontzeko bere historian gai hidraulikoan egin den inbertsio-esfortzurik handiena: Hiru bilioi pezeta (120.000 milioi libera) gaurko eta etorkizuneko beharrak asetzeko."

JAUME MATAS. Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministroa.
"Agua y Energia", 2000ko abendua.
- "Valentziako Komunitatea duen azkeneko ur tanta ere aprobetxatzeko exiji dakiokeen guztia egiten ari da (...). Dena den, ur faltan jarraitzen dugu. Gure baliabideak azkeneraino aprobetxatzeko ahalegin handia egiten ari gara, baina etorkizuneko eskaerei aurre egiteko eskasiaren mehatxupean bizi gara, eta horri aurre egiteko aukera bakarra Espainiako beste leku batzuetan soberan dagoen uraren zati txiki bat jasotzea da."

EDUARDO ZAPLANA. Valentziako Generalitateko Presidentea.
"Agua y Energia", 2000ko abendua.
- "Zertan datza PHN delakoa? Ebrotik ur-eramatean. Baina, zertan da Ebro ibaia Espainiako soberadun bakarra? Uretan ala botoetan? Herrialdeko gaitzen aurkako botika miragarri eta bakarra omen da ur-eramate hau; bestelako teknika edota ekintzei buruzko hitzik txikienik ere ez plangintza osoan; hasteko, edozein umeri bururatuko litzaiokeena, gezatzea, arku mediterranearraren lehenbiziko baliabide hidrikoa itsasoa delako."

MARCELINO IGLESIAS. Aragoiko Autonomia Erkidegoko Presidentea.
"Agua y Energia", 2000ko abendua.
- "PHNari buruzko eztabaidan duela mende erdiko ideiak erabiltzen jarraitzen da, nekazaritza eta arrantza batera herrialdeko barne produktu gordinaren %5era iristen ez direnean eta herrilan hidraulikoek ingurumenean sortutako kutsadura eta kalteekiko gero eta ardura gehiago dagoenean."

Andres Sahuquillo Herraiz. Ingeniaritza Hidraulikoan Katedraduna.
"Agua y Energia", 2000ko abendua.
- "Lengoaia hidrologiko gaiztoa eraiki dugu, ura baliabide eskastzat hartzen duena, Lurreko baliabiderik zabalena denean: 'soberako' ura 'itsasora botatzen' duten ibaietaz hitz egiten dugu, gaizki eginak eta legez kontrakoak 'egiturazko defizitak' bihurtu, eta ur eramate handiak soluzio 'solidario' gisa hartu."

Francisco J. Martinez. Zaragozako Unibertsitateko
Irakaslea
"Agua y Energia, 2000ko
abendua.
- "Kontuan hartuz uren merkatuak kontrolatzen dituzten mafien indarra, inork ez du sinesten (plan hidrologiko honek dioen bezala) ur-eramate honekin ez dela ureztatze-lursail berririk sortuko, espekulazioa dagoeneko hasia baita. Ezaguna da hala dioen esaldia: Garrantzitsuena ez da nondik nora doan ura, norengandik norengana baizik."

Leandro del Moral. Sevillako Unibertsitateko Giza-Geografiako Irakaslea.
"Agua y Energia", 2000ko abendua.
- "Gobernu zentrala plan hidrologikoa 'manu militari' onartzeaz obsesionaturik dago. PPren ingurumen politika frankismoaren antzekoa da, urtegiak inauguratu eta bailaretan zementua botatzea besterik ez du nahi."

Jose Julian Gonzalez de Txabarri. EAJko diputatua Madrilgo Kongresuan.
"El Correo", 2001eko otsailak 7.
- "Aurreikusitako ur eramateak ez du mediterranear aldeko ureztatze-lursailen arazoa konponduko, iristen bada Ebro ibaiaren lehenbiziko tanta hamar urtetara iritsiko delako, eta ordurako ikusteke dago euri-zikloa gaur egungoa izango ote den. Beste alde batetik, ureztatzea PHNaren aitzakia besterik ez da, benetan onuradun handiak eraikuntza enpresak eta enpresa hidroelektrikoak izango direlako."

Victor Peñas. Euskal Herriko Ebroren aldeko Plataformako bozeramalea.
"El Correo", 2001eko otsailak 7.
- "Nafarroa Plan Hidrologiko Nazional honen onuradun izango da, Itoizko urtegia eta Nafarroako Ubidea bezalako lanak jasotzen dituelako. Honez gain, Nafarroak gainontzeko Espainiako Estatuarekin solidarioa izan nahi du."

Miguel Sanz. Nafarroako Gobernuko Lehendakaria.
"Gara", 2001eko otsailak 13.


"PHNa NAFARROAREN BEHIN BETIKO HIPOTEKA DA"
Itoizko Koordinakundeko bozeramaleak jarrera oso argia erakusten du Espainiako Plan Hidrologikoaren aurrean, "erabat zorigaiztokoa, mediterranear kostaldeko larregiko hazkundeari mesede egitearren Pirinioetako bailarak urtegiz josi nahi dituena", baina gaur egun gehien kezkatzen duena Itoizko urtegiaren segurtasuna da, betez gero sekulako hondamendia gerta litekeela uste baitu.

Plan honen koska Nafarroan eta Hego Euskal Herrian Itoitz omen da.
Guk betidanik esan izan dugu Itoitzen atzean ur eramatearen interesak ezkutatzen zirela. Zoratuta geundela esan zitzaigun, baina denborak arrazoia eman digu azkenean. Ebrotik ura eramateko berau erregulatu behar da, eta hori egiteko bere adarrik garrantzitsuenak urtegiz josi behar dira, Nafarroako Itoizkoa (Irati ibaia) ala Esakoa (Aragoi ibaia) kasu.

Nafarroako instituzioen eta nafarren iritzia ez da bera.
Nafarroako Gobernuak Madrilekiko menpetasun erabatekoa erakusten du beste behin ere, ez dituelako inondik inora bertoko interesak defendatzen, PHN hau Nafarroaren behin betiko hipoteka delako, bere urarena eta bere etorkizunarena. Nafarroako gizartean, bestalde, ur-eramatearen aurkako jarrera garbia dago, eta horregatik Itoitzen benetako izaera ezkutatzen da eta burutuko ez diren Nafarroako Ubideaz eta ureztatze lursail berrietaz hitz egiten dute, nahiz eta hau guztia gezur hutsa izan. Egun, Itoitz -nahiz eta onartutako proiekturik gabe izan- ia bukatua dago, eta Nafarroako Ubidearen arrastorik ez da inon ikusten.

Gaur egun gehien kezkatzen zaituen arazoa Itoizko proiektuaren segurtasun faltarena omen da.
Hala da. 1999an Koordinakundekook 10 urtez ezkutaturik izan ziren zenbait txosten ofizial lortu genuen, urtegiaren ondoko ezkerreko hegalak irrist egin dezakeelako arrisku larria agerian jartzen zutenak. Hauez gain, Auzitegi Gorenari Arturo Rebollo prestigio handiko ingeniariaren txostena aurkeztu genion, non Itoitzen zazpi hondamendi arrisku ezberdin ere zehazten diren. Arriskua errealitate bihurtuz gero, hiriguneen erabateko hondamendia eta sekulako sarraskia etorriko litzateke.

Baina, dirudienez, erantzuleek ez dizuete jaramon handirik egin.
Orain betetze frogak egingo dituztela esan dute, baina guk dagoeneko abisatu dugu, eta inork ezingo du esan ez zekienik hori eginez gero gerta daitekeen hondamendiaz. Betetzen hasteko Irati ibaiaren desbideraketa tunela moztu egin behar da, eta desbideraketa moztuz gero ez dago berriz zabaltzerik. Orduan, urak debekatutako 506 kotatik gora egin ez dezan irteera bakarrak azpiko isurbideak dira, baina zer gerta daiteke Iratik euri jasa eta hazkunde handia ezagutzen baditu, eta ohikoa duen moduan bere bidean arbolak eta bestelako hondakinak ekartzen baditu? Isurbide horiek taponatu egin daitezke eta urtegia kontrolik gabe geratuko da, bete eta gainezka eginez ala oinarrizko pareta lehertuz. Hortik aurrera hondamendia sekulakoa litzateke.

Itoitz, urtegia izateaz gain beste zerbait ere bada.
Itoitz Itoitz baino gehiago da, eta ez Espainiako Estatuak ezta guk ere ezinezkoa dugu borroka hau galtzea, jokoan gauza larregi daudelako


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude