EGUNGO DEKRETUAREN SUSTRAI HISTORIKOA

  • Eremu mistoa aspalditik da Nafarroako euskararen aurkako indarren helburu. Dekretu honek bete-betean iraultzen du orain arteko euskararen arautzea administrazioan, eremu mistoa ia ez euskalduna bihurtuz eta euskalduna mistoa. Ondorengo ibilbide historikoan dira garapen hori ulertzeko klabeak.
Pil-pilean dago euskararen dekretu berria, UPNk bere indar legala aktibatu du eta euskaltzaleen indar aktiboenak erantzuna antolatzen ari dira apurka. Zaharrak berri gazte eta ez hain gazteen amorragarri. Kontraesanez jositako argudio eta egoerak sortzen dira UPNk egindako dekretu honen ondorioz, azken 20 urtetako historia laburrean behin eta berriz gurutzatzen direnak, ondorengo lerrootan ikusiko den bezala.
Joan den astean bertan, Nafarroako Legebiltzarrean ikusi zen kontraesan bitxi eta esaguratsuenetakoa. Rafael Gurrea Lehendakaritzako kontseilariak 1994ko uztaileko Euskararen Dekretua goitik behera abertzale kutsukoa zela aipatu zuen. Legea, ostera, UPNko Juan Cruz Alliren Gobernuak egin zuen; are bitxiago, dekretua Miguel Sanz egungo Nafarroako Gobernuko lehendakariak bideratu zuen orduan presiditzen zuen Lehendakaritza Kontseilaritzatik.
Aipatu uztaileko dekretu hori, 1994an Administrazioan euskararen erabilera arautzen zuen bigarren dekretua zen. 1986an onartu zen Euskararen Legea, baina 1994ra arte ez zen egin administrazioan legea edukiz betetzeko dekreturik. 1994ko martxoaren 21ean egin zen dekretua eta prentsan berehala atera ziren UPNko Jaime Ignacio del Burgo eta beste zenbaiten artikuluak dekretu berria gogor kritikatuz. Ondorioa: uztailaren 4an beste dekretu bat egin zen, aurrekoa baino askozaz murritzagoa. Azken dekretu hau da Gurreak erabat abertzaletzat jotzen duena, nahiz eta orduan indar abertzaleek bere desadostasuna agertu zuten, zortzi urte lehenago dekretuaren ama zen Euskararen Legearen aurka agertu ziren bezala.
Miguel Sanz lehendakaria eta Rafael Gurrea lehendakariordea izan dira dekretu berria defendatu duten aurpegi publikoak. Euskararen erabilera Nafarroako egungo errealitate soziolinguistikora egokitzearena izan da dekretua defendatzeko argudiorik nagusiena, lehengo dekretuaren bidez -diotenez- euskaraz ez dakiten nafarrek administrazioko lanpostuetara iristeko eskubideak babestearren, euskaraz ez dakiten herritarrak ez diskriminatzeko alegia.
Zenbat nafarrek jasan izan duten diskriminazio hori galdetuta, Gurreak daturik ez zuela baina bazterketa agerikoa zela erantzun zuen. Kontraesan ugari, datu gutxi eta botere asko dago UPNko agintarien eskuetan: dekretua egiteko ahalmena dutela eta hala egiten dutela.


ZONIFIKAZIOAREN JATORRIA.

Orain dekretu berria gauzatu duten berdintsuak hasi ziren bere garaian euskara ahalik eta gehien zokoratu nahian. Betidanik aritu dira zeregin horretan, baina Espainiako Konstituzioak ematen zuen botere legegilea gauzatzen hasi ahala eman ziren lehenbiziko lege urratsak. 1980an Nafar Parlamentuan Foru Hobekuntzaren Eztabaidarako Oinarriak finkatzen ari zirenean, PSOEk euskararen ofizialtasuna defendatzen zuen Nafarroa osorako eta, egun bitxia badirudi ere, Victor Manuel Arbeloaren ahotik egiten zuen. Parlamentuak aginduta, zazpi pertsonek osatutako Batzordea joan zen Madrilera Foru Hobekuntza negoziatzera: 10 bilera egin ziren, baina negoziaketaren akta bakarra dago.
Garai hartan erabaki zen, antza, euskarari dagokionez Nafarroan zonifikazioaren planteamendua, gero 1982an onartutako Foru Hobekuntzaren Legearen 9. artikuluan zehaztuta geratuko zena: Nafarroako hizkuntz ofiziala gaztelania da; lurralde "vascoparlanteetan" euskara ere ofiziala izango da; eta eremu "vascoparlanteak" zehaztu eta euskararen erabilera arautzeko, aurrerago lege bat egingo da (artikuluaren aipamena ez da hitzez hitzekoa, baina edukia hori da).
Nafarroa eremu geografiko desberdinetan banatzearen oinarria, beraz, lege horretan dago nahiz eta bertan ez diren aipatzen lurralde "vascoparlanteak" zehazteko irizpideak zeintzuk diren. Honen harira, 1994an zera idatzi zuen Euskara Nafarroan titulupeko "Jakin" batean Patxi Zabaletak: "Linguistikaren edo soziolinguistikaren aldetik, lurralde edo zona horiek nahiz eta geroz eta gehiago ari garen entzuten edo erabiltzen ohitzen, oinarririk gabeko kontzeptu edo mugaketa dira. Parlante hitza erabiltzean eta lurraldeari laguntzen, zentzu gutxiko edo zehaztasun txikiko esaera dela azpimarratu behar. Lurralde parlante edo vascoparlantea berez ere gogorra egiten bazaigu pentsatzea, noiz eta nola hasten da? Ehunetarik batekin; ehunetatik hamarrekin. Gogoan eduki behar da, esate baterako, Nafarroako parlamentuan errepresentatibitate publikoa ehunetatik hiruan hasten dela".


1986ko EUSKARAREN LEGEA.

Foru Hobekuntzak bere bederatzigarren artikuluan zehazten zuen legez, 1986ko abenduan Nafarroako Legebiltzarrak Euskararen legea onartu zuen, PSNk aurrera atera zuena (Gabriel Urralburu zen orduan Nafarroako Gobernuko lehendakaria), aurretik zenbait gauza UPNrekin kontsentsuatuz. Hala ere, UPNk ezetza eman zion eremu mistoaren aurka zegoelako. Indar abertzaleak ere legearen aurka agertu ziren, arrazoi asko dela eta, baina funtsean ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzen ez zuelako eta zonifikazioa ezartzen zelako.
Eztabaida handia egon zen Iruñea zona mistoan geratzen zelako -euskara ofiziala ez den tokian- eta modu horretan, zona euskaldunetan ere ofizialtasunak ezer gutxi balio zuelako arlo askotan, hiriburuak Nafarroa moduko lurralde batean sortzen duen harreman eta jarduera kopurua izugarria delako.
Legea, Espainiako gainerako autonomietan egindako hizkuntz normalizazio legeetan egindako azkena zen eta guztiak normalizazio legeak deitzen badira, hau "Ley del Vascuence" deitzen da (hasieran Ley del Euskera deitu behar zen, baina gero Jaime Ignacio del Burgo eta bere alderdikideen proposamenez, Euskera Vascuence hitzagatik aldatu zen).
86ko Legeak hiru eremu ospetsuak sortu zituen Nafarroan: euskalduna, mistoa eta ez euskalduna. Legean (goiko argazkian ikus daitekeen bezala) eremu euskaldunean eta mistoan dauden herriak zehazten dira eta gainerakoak ez euskalduntzat jotzen ditu. Ez da banaketa horretarako irizpiderik ematen.
Legeak, halaber, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza bat sortuko zela aipatzen zuen; 1988ko irailean sortu zen eta Estebe Petrizan -Eusko Alkartasunako militantea gaur egun- izan zen bere lehenbiziko zuzendaria. Honako iritzia zuen Petrizanek berak kudeatu zuen legeaz 1994an -jadanik zuzendari ez zenean- lehen aipatutako "Jakin" aldizkarian: "Ez gara, bada, helburu normalizatzaileaz mintzatzen ahal; esparru juridiko bat, ahalik eta gutxien konprometituz, bete nahi zen eta kito".
Azkenik, arestian aipatutako 1994ko uztaileko Dekretua izan zen Euskararen Legea edukiz bete zuena eta Rafael Gurreak "guztiz abertzaletzat" jotzen duena. Dekretu hura ordezkatu du 2000ko abenduaren 11n Gobernuak ezagutzera eman zuen dekretu berri honek.


EREMU MISTOA EZABATZEA.

Dekretuari aurkeztuko zaizkion helegiteetako batean, Iñaki Agirreazkuenaga EHUko katedradunak argi zehazten du zein den dekretu berri honen helburua: UPNk 1986an lortu ez zuena gauzatzea, hau da eremu mistoa desagertaraztea. Nafarroan oso sustrai sendoak dituen ideia da hori, horrela, praktikan, bi eskualde bakarrik geratuko lirateke, ez euskalduna eta euskalduna (egiazki misto bihurtua).
Euskararen datuak kezkagarriak egin zaizkie UPN eta PSNri. Azken alderdi honek kritika leun batzuk egin dizkio dekretuari baina, oro bat, funtsezkoarekin bat datorrela erakutsi du. Irakaskuntza eta administraziorako dekretu berri bat egin zedin lanean ari zen aspaldi eta iazko ekainean Nafarroako Gobernuari hizkuntza politika sakonki berrikus zezan eskatu zion mozio bidez Legebiltzarrean. Administrazioan zein irakaskuntzan ezagutzen ari diren datu asko ez dira gobernuaren aurrekontua sostengatzen duten UPN eta PSNren gustuko: 2000. urtean, eskola publikoan, hamar gurasotik seik euskarazko eredua -euskarazko ikasketak edo euskara ikasgai gisa- aukeratu zuten Nafarroan. G eredua (erdara hutsezkoa, euskara ikasgaitzat ere ez duena) beheraka doa etengabe (%65etik %40ra jaitsi da azken hamarkadan), nahiz eta oraindik nagusi den. Zona euskaldunean D ereduak %90,5 hartzen du eta Nafarroako populazioaren erdia duen eremu mistoan %40ra iristen da.


BESTE DEKRETU BATZUK.

UPNk oraingo egoera baliatu du administrazioan euskara arautzeko dekretu berria egiteko, baina ez dirudi horretan geratzeko asmoa duenik, irakaskuntzarako eta osasun eremurako ere beste bi dekretu kaleratuko dituztela iragarri baitute. Ikusi behar iragarpena zertan geratzen den; Nafarroako indar sozial eta politikoek dekretu honi erantzuteko bideratzen ari diren ekimen andanaren arabera ere egongo da neurri handi batean.
Iaz Oinarriak plataformak 48.000 sinadura bildu zituen euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzeko eskatuz eta horretarako euskararen legearen aldaketa aldarrikatuz. Euskaltzaleen artean ere ez zen ika-mikarik falta izan kanpainaren zenbait mezu zirela eta. Indar euskaltzaleak sakabanatuta daudela eta oraingoan behintzat erantzun bateratua artikulatu beharko litzatekeela behin baino gehiagotan entzun den ideia da. Iragan abenduaren 2an 15.000 pertsona bildu zen Iruñean dekretuaren aurreproiektuaren aurka eta berriki 27.000 dekretuaren aurka. Ez dira txantxetako kopuruak. Agi denez, zalapartarik, gogorik eta lanik ez da falta, emaitzik baden denborak esango du.

DEKRETUAREN AURKAKO LAU HELEGITE
Gizarteko eremu desberdinetatik gero eta oposizio handiagoa sortzen ari zaio administrazioan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretu berriari eta erantzuna ere era desberdinetara ari da plazaratzen. Modu horietako bat da bide judiziala eta, gaurkoz bederen, gizarteko sektore desberdinetatik lau helegite desberdin aurkeztu nahi zaizkio Dekretuari.
Batetik, Nafarroa osoko 70.000 pertsona inguru biltzen duten 60 bat udalek aurkezten dutena dago, Iñigo Sancho abokatuak bideratzen duena. Orkoien, Etxauri, Olzako Zendea, Uharte eta Esteribar, Aranguren, Bortziriak, Malerrekako Mankomunitatea, Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Barañain, Atarrabia eta Sakanako herri mordoxka dira helegitea jarri dutenak. Arlo ugari ukitzen ditu helegiteak, baina funtsa oraingo dekretutik harat doa, 1986ko Euskararen Legearen inkonstituzionaltasuna planteatuko baitu. Konstituzioaren 3.2 artikuluak dio gaztelera dela Espainiako hizkuntz ofiziala, baina gainerako hizkuntzak ere ofizialak direla beren lurraldeetan. Euskararen Legeak ez du ofizialtasun hori bermatzen Nafarroako eremu ez euskaldunean eta, beraz, euskara ofizialdu baino desofizialdu egiten du. Hau bide juridiko luzea da, lehen urratsean onartuta ere, ondoren Auzitegi Konstituzionalak aztertu beharko luke eta. Bitartean, eta dekretua gauzatze bidean eman diren forma akats ugari argudiatuz -adibidez Euskararen Kontseiluaren balorapena ez izana-, Dekretua eta berau zehazten duten ekintza planak indargabetzea eskatuko da.
Nafarroako hiru hizkuntz eremuetako EA, Batzarre, Ezker Batua eta EAJko hainbat alkate eta hautetsik beste helegite bat aurkeztuko dute Nafarroako Gai Administratiboetarako auzitegian. Iñaki Agirreazkuenaga EHUko Administrazio Zuzenbideko katedradunak landutako txostenean oinarrituko da helegite hau. Honakoa da txostenaren argudio nagusia: dekretu berriak eremu mistoa desagertarazi egiten du eta, beraz, 1986ko Euskararen Legearen aurka doa. Euskararen Legearen 17. artikuluak dio Nafarroako herritar guztiek administrazioarekin harremanak euskaraz zein erdaraz izan ditzaketela; oraingo dekretuak eskubide hori urratzen du eta, beraz, Euskararen Legea; eta dekretu batek inoiz ezin du legea aldatu. Euskararen legea eztabaidatu zenean, UPN eremu mistoa izatearen aurka azaldu zela gogorarazi du Agirreazkuenagak, eta orain, dekretu hau baliatu nahi duela orduan lortu ez zuena lortzeko, hau da, eremu mistoa desagertaraztea. Idazkian, halaber, funtzionarioen zenbait eskubide urratzen direla azpimarratzen da. Helegitea Hector Nagore abokatuak bideratuko du.
LAB, ELA, ESK, EILAS eta CGT sindikatuek ere beste helegite bat aurkeztuko dute, batez ere dekretuak funtzio publikoari begira arautzen dituen artikuluetan oinarrituta, esate baterako 18. eta 19. artikuluak (eremu euskaldunean euskararen ezagutzak lanpostu baterako duen garrantzia eta barne mailan funtzio desberdinak egiteko langileek dituzten mugimendu ahalmenak zehazten dituzte, besteak beste). Helegitean azpimarratzen denez, aipatutako artikuluak, besteak beste, Konstituzioaren aurkakoak lirateke, Funtzio Publikoaren Legearekin kontraesanean, karrera eta promozio eskubideak urratzen dituztelako. Euskararen erabilerari buruzko zenbait argudio ere ikus daiteke, batez ere, euskararen erabilerarako dekretua baino, ez erabilerarako dekretua dela. ELAko Bixente Arriola, LABeko Juantxo Barcos, ESK eta EILASeko Juan Antonio Cantero0 eta CGTko Jose Manuel Pitak bideratu dute helegitea.
Azkenik, Euskara Kultur Elkargoak ere helegitea jarriko du sortu berri duen Artekari zerbitzu juridikoaren bidez, herritarrak administrazioarekin harremana euskaraz izateko eskubidea defendatuko du eta, besteak beste, eskubide honen aurka doazen artikulu ugarien aurka egingo du Dekretuak.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude