"ELKARRIZKETETAN ZER EZ GALDETU IKASI DUT"

  • Kitarra jotzen bizi zen bohemioaren fansa, Bikuña ere Ameriketan izana da (satelitez bada ere), eta inori egitekotan, Iparragirre sariak berari egingo dio ilusiorik handiena.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Telebistako txoritxoak esan digu, gazteagotan artzain ibili omen zinela, Sakanako Uharte Arakilen...
Bai, nire lehengusu bat artzaina zen, eta berari laguntzen nion, batez ere uda partean. Orduan 25 pezeta kobratzen nituen astean, eta bokadiloa ematen ziguten egunero. Garai hartan astean 25 pezeta jasota, munduko aberatsena sentitzen nintzen! Herriko ahuntzak eramaten genituen aste batean San Migelera, eta hurrengo astean San Donatora.
Egia esan, izakeraz artzain xamarra banaiz. Beti mendizalea izan naiz, eta gogoko dut Urbia partea (hango artzainak asko ezagutzen ditut). Gustura sentitzen naiz halako bakardade eta askatasunean.

Zezenketa zale amorratua zara. Euskal Herrikoan ere tradizio handia egon da...
Betidanik egon da hemen zaletasuna zezen jaiekiko. Hemengo lehen datu idatziak 1132 urtekoak dira, Barea herrikoak. Barea Logroño inguruko herri ttiki bat da. XII. mendean euskaldunak ia Zaragozaraino baziren, eta orduan Barea Euskal Herria zen. Eta bigarren datua 1160 urtekoa da, Soraluze-Plentzian beste zezen jaialdi bat egin zenekoa.
Bitxia da, XVIII. mendean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek udalak behartzen zituzten soka-muturrak egitera, "Todo buey que sea conducido al matadero sera anteriormente corrido en las calles del pueblo". Legeak berak eskatzen zuen.
Hemengo zezenketak ere ez ziren oraingoak bezalakoak: zezenen aurrean ibili, gerri mugimendua, eta antzerakoak egiten ziren. Estilo hori artzantzatik dator: lehengo unaiak, ezin ziren zaldiz ibili hemengo mendi aldapatsuetan eta orduan euren gorputza bakarrik erabiltzen zuten zezenari aurre edo ihes egiteko. Horregatik, Euskal Herriko zezenketa "rekortadoreena" izan da.

Sokamuturra bai, baina zezenketetarako zaletasuna ez da hainbeste zabaldu. Zergatik uste duzu?
Franco garaian, jendeak pentsatzen zuen, zezenketak Francoren asmakizuna zirela. Eta ez da hala. Baina orduan hala erabili zuen Francok, futbola bezala, jendea beste gauza bati begira despistatzeko. Eta gainera beste konnotazio batzuk ere bazituen: zezenketak "El día de la liberación" ziren Bilbon, eta jakina, orduan frankistak joaten ziren. Baina azken 20 urteotan jende dezente hasi da joaten, Donostian adibidez, edo Azpeitian, Eibarren... zaletasun handia dago, eta jende gaztea ere ikusten da, noizbehinka bakarrik, baina tira...

Zuk torero izena behintzat baduzu: "Rellenito de Bergara"...
Azpeitiko lagun baten saltsa izan zen guztia. Orain 10 bat urte, ASPACEren alde jende ezagunarekin zezenketa bat egin nahi zutela esan zidan: "Biku, rellenito de Bergara, datorren hilean antolatu dugu txekorketa bat"... "tira, ez hidak adarrik jo, uztak." Joan naiz Bergarara, eta bapatean arreba sekulakoak botatzen hasi zait: "Zer, berriro!" "berriro zer?" "Zer? Zuk jakingo duzu zer egin duzun... joan zaitez harategira". Joan, eta sekulako kartela: "Juan Luis Bikuña, Rellenito de Bergara". Goizean deitu zidan azpeitiarrak, eta arratsalderako kartelak jarrita zeuden!
Ezin izan nuen joan, lanagatik, eta eskerrak!

Lagunekin jolastu izan duzu zezenen aurrean, baina korrida bat egin zenuen lehen aldi hura nolakoa izan zen?
Eibarren bai, atera nintzen beste kuadrila batekin, langabezian zeudenentzat dirua ateratzeko zezenketa batean. Eta esan nien, ni jartzen baninduten, gauza bakarra egingo nuela: joan, zezena gelditu kapotearekin (nik muleta hartu? ezta erotuta ere), eta gero desplantea "aber maestro, dena zuretzako". Baina txorakeria hori egiteko ere, egun hartan sentitu nuen lehenengo aldiz benetako beldurra. Bazkaldu genuen, eta "paseillo"-a egin genuen plazan. Banda hasi zen musika jotzen, irteteko abisua emanez. Bat batean beldurraren beldurrez ahoa siku-siku jarri zitzaidan! Zezena txikia zen, baina ni beti izan naiz oso beldurtia!

San Ferminetan behin korritu duzu entzierroa...
Lehenengo aldiz, San Ferminetara 17 urterekin joan nintzen Uharteko kuadrilarekin. Gauean latza egin genuen, eta goizean, Estafeta inguruan bukatu genuen tragoa jotzen. Baina ordurako kale guztiak itxita zeuden, eta ez genuen beste erremediorik, hantxe egon behar, kieto. Etxaferua entzun orduko, nik uste laugarren sartu nintzela zezen plazan! Zezena ez nuen ikusi ere egin, errekorra jarri nuen.

San Ferminak ere asko aldatu dira
Bai. Orain 80-60 bat urte, entzierroa gremioek korritzen zuten: harakinak mantala jantzita, dendariak orduko blusa grisekin... gaur gehiegi masifikatu da, harrisku handia dago. Eta gero "divinoen" kontua dago: argazkian azaltzeagatik, zezen aurrean jartzeko inguruko jendeari ukalondokoak ematen dizkiotenak...

Pio Barojaren irakurle fansa zara. Hark bazuen teoria bat, zezenzaleak izakeraz oso agresiboak zirela...
Agresibitatea... tira, kirol eta gauza denak izaten dira jendearentzat ihesbide bat. "La codorniz" aldizkarian irakurri nuen behin futbolaren definizioa: "Milaka pertsona, beee esan beharrean gooool esaten". Bakoitzak ahal duen bezala hustutzen du bere barrua. Nik uste Pio Baroja konfunditu egin zela, baina hala eta guztiz gogokoa dut!

"El punto" programan zaude egun. Zer ikasi duzu 1.000 elkarrizketetan?
Zer ez den galdetu behar. Elkarrizketa hauek albistegiaren osagarri dira. Politika, enpresa edo sindikatuen gaietan sartzen zarenean eguneroko erritmoari eutsi behar diozu. Horrek eskatzen du elkarrizketa sakon bat egin beharrean titular bat ateratzea. Eta titularraren bila joaten garenez, badakigu zer ez den galdetu behar, eta zer bai.

Egin dituzun elkarrizketetatik, zeintzuk utzi dizute oroitzapenik onena?
Goxoenetariko bat izan zen Vicente Ferrer-i egina: valentziarra da izatez, jesuita izandakoa, eta Indian egiten du lan. Oso pertsona sentibera da, munduan dagoen pobreenekin lan egiten du, eta niri barruraino sartu zitzaidan elkarrizketa hori.
Beste bat Aezkoako Pablo Vandaceni egina da. Azken 40 urteotan Venezuelan dihardu lanean, Caracasen. Biologia eta Ikerkuntza Institutu bat eratu du han, eta "hermano Ginés" deitzen diote.
Eta hemengo jendearen artean, elkarrizketatzeko onenak dudarik gabe Garaikoetxea eta Arzalluz dira. Galdera bat egiten diezunean, zezenetan esaten den bezala, trapura sartzen direlako. Gainera hizketarako eta gauzak modu berezian esateko erraztasuna daukate.

Dalai Lama ere elkarrizketatu zenuen...
Mistika hutsa izan zen. Maria Kristina hotelean grabatu genuen, Donostian. Gu goizeko 7:00etarako han ginen, eta bere ordezkariak esan zigun: "8:00etan puntuan jaitsiko da Dalaia" eta justu 8:00etan puntuan, hantxe azaldu zen. Oso elkarrizketa goxoa izan zen, ezohikoa, berak lasaitasuna transmititzen baitu.

EFE ajentzian kolaboratzaile izan zinen. Albiste agentziak fidagarriak dira?
Albiste agentzia lehen iturria da, baina segun. Adibidez, atentatu bat izan bada, eta lehenengo albistea DYA edo Gurutze Gorritik etortzen bada, hortik aurrera zuk joko duzu informazio gehiagoren bila. Gaur egun komunikabideak nahiko zatituta daude, eta bakoitzak errealitatearen bere ikuspegia ematen du. Horregatik, agentziako albisteren bat jasotzen duzunean, gutxienez beste iturriren batekin kontrastatzen saiatu behar duzu.

Nazioarteko albisteekin zaildu egingo da hori...
Bai, beste iturririk ez duzulako. Orain ETBk baditu bere korrespontsalak Brusselan, Paris, New York, Venezuelan... eta orain nola Canal Vasco edo Ameriketarako kate hori hedatu duen, hango jendeak ere deitzen du zerbait gertatzen denean. Baina bestela, agentziakoarekin moldatu behar.

ETBn hasi orduko, albisteak ematen hasi zinen...
Amatiño zegoen zuzendari, eta nahiz eta laguna izan, hark ere egin zidan ederra! Albistegirako froga batzuek egiten hasi zen, eta "hi, bihar ekarri alkandoraren bat korbatia jartzeko modukoa" esan zidan (beti kuadrozko alkandorak erabiltzen ditut-eta). Ekarri nuen, ostirala zen, estudioan proba bat egin, eta "hi, astelehenerako ekarri ezak beste halako alkandora bat, korbatia eta txaketia ipinteko". "Hi, niri adarrik ez idak jo"esan nion, eta justu, tok! Astelehenean lanera iritsi eta bapatean kamararen aurrean nengoen...
Etxeratzean, alaba negarrez aurkitu nuen: "Aita, zu Españara!" builaka. Guk etxean ez dugu sekula erdaraz egiten, eta telebistan erdaraz ikusi ninduelako.

Euskal Telebista hasieratik ezagutzen duzu. Zer garapen izan du eta zer eredutara ari da hurbiltzen?
Teknika aldetik asko aurreratu du, ez dauka zer ikusirik orain 15 urtekoak eta gaur egungoak. Digitalizazioa eta abar. Bestalde, gaien eta edukien aldetik, uste dut beste telebistak bezala goazela. Informatiboak eta kirola mantenduz, beste guztiek bezala. Baina "tele-zaborra" esaten den erako programa batzuk ditugu, eta antza denez jendeak hori eskatzen duenez, beste programa guztiak pixka bat baztertuta gelditzen dira: goizean goiz edo gaueko 1:00etatik aurrera jartzen dituzte, nahita ere ezin ikusteko moduan...
Alde horretatik, beste ahalegin bat egin behar litzateke, batez ere gaur egun Euskal Herriak bizi duen egoeragatik. Serioa da egiten den lana, baina beste konbikzio batekin hartu behar dira gauzak.

Telebista publiko batek, pribatuek adina begiratu behar lioke audientziari?
Hori da kontraesana. Telebista publiko batek egin behar duena da pribatuak egiten ez duena eskaini. Baina denek begiratzen dute "errentagarria da, ala ez?". Eta errentagarritasuna audientziarekin neurtzen da, eta jada nahi eta nahi ez bide horretan sartzen zara.

Zuk 5 urte daramatzazu, eta pozik egoteko moduan zaude orduan.
Tira, programak ez du audientzia askorik. Baina ona duena da enpresa gizonek, sindikatuek, politikoek... ikusten dutela. Beraz, nahiz eta audientzia kopuru txikia izan, botereduna da.

EITBk irudi aldaketa bat eman du iaz. Barrutik ere aldatu da?
Bai, beste itxura bat hartu du. Baina gauzak normalean kanpotik gehiago aldatzen dira barrutik baino. Barrutik albistegiak beti bezala egiten dira, baina kanpora ezberdinaren irudia ematen da. Azken batean albistegiak mundu guztian berdin egiten dira: bideoa, aurkezpena, bideoa, aurkezpena... Aldatzen direnak beste programak dira, sozial edo txutxumutxuko horiek.

Telebista batek bake prozesu batean zer paper jokatu behar du?
Gizarteak bere papera jokatu behar du, politikoek berea, eta komunikabideok, behintzat, saiatu behar dugu albiste guztiak zintzo ematen. "Objektibotasuna" filosofia hutsa da, baina zintzotasunarekin jokatu behar da beti.

Objektibotasuna posible ez bada, komunikabide bakoitzak ez al luke posizionatu behar?
Esaterako, bake prozesuaren alde edo kontra.
Esaterako, orain ETBk beste apustu bat egin du, gizarte arazoei garrantzia gehiago emanez. Saiatzen gara beti bakearen inguruan elkarrizketak, mahainguruak eratzen; baina hortik aurrera, telebista publiko bat gara, eta hemen kolore guztietako ideiak daude.

Telebista publiko bat izanda, zer gerta daiteke ETBrekin, Mayor Oreja lehendakari jartzen bada?
Ez dakit zer gertatuko den; oraindik hauteskundeak ikusteko daude. Jaurlaritzan aldaketaren bat egoten bada, (jarri hiru puntuak)...
PPk askotan esan du, ETB2 pribatizatzeko. Lehengo puntu suspentsibo horietan, hori dena doa. Zer gertatuko den ez dakit, 20 urtean sortutako honek denak iraungo duen dagoen bezala? Bota dezagun Nafarroara begiradatxo bat eta ea zer ari den gertatzen. Belarriak tente, badaezpada ere.

Noraino uzten zaio profesionalari bere lana, eta noraino dago mugatua politikoengatik...
Hemen 15 urte daramatzat, eta ez dut sekula presiorik nabaritu. Beharbada zuzendariak izango ditu bereak, baina albistegi bat egiterakoan, nik uste hemen jendeak askatasun guztiarekin egin duela lan. Gero badago beste kontu bat: zu nonbait lanean hasten zarenean, badakizu zer jokaera duen "enpresa" horrek, eta orduan kazetaria horretara moldatzen da.

Digitalizazioa dela eta, nolakoa izango da etorkizuneko telebista?
Telebistan, kate espezializatuak etorriko dira: kate bat kiroletarako bakarrik, beste bat filmeetarako...
Eta nik uste albistegiak behar bada ez dituela orduak zainduko orain bezala: informazio guztia beti ordu jakin berean eman beharrean, albistegia edozein ordutan izango da. Albistea gertatzen den unean, dagoen programa eten, albistea eman, eta programarekin jarraituko da.

Herri komunikabideek etorkizunik izango dute?
Herri telebistak badira, eta hori ona da. Hemendik ematen dugun informazioa orokorragoa izaten da, eta bizi zaren herriko notizia da lehenengo jakin nahi izaten duzuna. Osagarri on bat dira beste telebistetarako.

Canal Vascon, hiru hilabete daramatzazue bertako berri Amerikan emanez...
Euskal komunitatea oso garrantzitsua da Argentinan, Txilen, Idahon... eta haiek gustoko dituzte Euskal Herriko irudiak eta berriak, ze guk hemen 20 kate baditugu, haiek 75 dituzte, eta nahi dutena da euren herriko telebista hori ikustea. Lehengoan, adibidez, Oiñatiri buruzko erreportajea egin genuen, eta e-mail pila bat jaso genuen, Oiñatitik Amerikara joandakoena. Gero beste programa berezi batzuk egiten dira: Jose Felix Azurmendik, adibidez, "El Encuentro" egiten du, eta kanpotik etorrita hemen bizi direnak elkarrizketatzen ditu: colombiarrak, argentinarrak... ea nola ikusten duten Euskal Herria.

ETBri zer programa mota falta zaio?
Kultura arloko programa on bat, eta behar bada, eguna bukatzeko laburpen moduko albistegi bat .

CURRICULUMA
- Jaio:
Bergaran, 1946. urtean.

- Prentsan:
"La voz de España" egunkarian hasi zen Bergarako korrespontsal eta geroago korrespontsalen koordinatzaile aritu zen; "Deia"n erreportari jardun zuen eta baita "El Correo"-n ere.
- Irratian: SER kateko Radio San Sebastian-en entzun zen bere ahotsa.
- EFE agentzian aritu zen kolaboratzaile.

- ETB-n dihardu 1983az geroztik.
Eguerdiko teleberriko aurkezle, asteburuetako editore, albistegietako zuzendari eta aldi berean Amatiñoren ordezko "Mahai inguru" programan. Jaiak eta zezenak aurkeztu zituen, "Punto de encuentro" mahai ingurua, "El contrapunto", "Actual", "Al hilo de la noticia" eta "A mediodía". Egun "El punto" programa egiten du eta "La semana" programa Canal Vasco-n.

BERE HITZETAN
"Uste dut jendea, aspaldi honetan gai politikoez paso egiten hasi dela eta gizarte gaiak entzun eta ikusten ditu orain gustokoen" (Deia, 2001-01-27)

"Definitzeko garaia heldu da. Alderdi nazionalistek Euskadiren irudi orokor bat dute eta horren arabera egiten dute politika. Alderdi estatalistek ere egina dute Euskadiren irudi bat eta hortik dator eztabaida" (Deia, 2001-01-27)

"Ez dut telebista asko ikusten, kate bateko edo besteko programa jakin batzuk ikusten ditut, eta marujeo antzeko saioak ez zaizkit gustatzen" (Deia, 2001-01-27)

"Zezen plaza batean, benetan zaleak %5 bakarrik dira, beste denak modak eraginda edo gonbidapenak dituztelako joaten dira zezenketetara" (Deia, 2001-01-27)

"Zezenketek alderdi ekologiko bat badute. Animalia honek zezenketak daudelako biziraun du. Bestela zer abeltzainek mantenduko du horrelako abere bat lau urtez?"(Deia, 2001-01-27)

"Behi eroen gaitzaren inguruan, aurten zezen munduan arazoren bat sor daiteke"
(Deia, 2001-01-27)

BERTSOA
Doinua: Andre txarraren bentajak
Teleberriko aurpegi hura
nork ez ote du gogoan
zer miaztu ta zer besarkatuko
luma zorrotza ahoan
sortu ta handik urtebetera
"Euskal Telebisioan"
Iparragirren igual iguala
Bergarako bersioan

Jexux Mari Irazu
BIZITZAREN PASARTEA
Nire eredu Iparragirre izan dut beti. (Ez dakit nire modukoa zen, edo...). Pertsonaje interesantea iruditzen zait. Izateko modua, garai hartan fuerista izatea, bizitza bohemio xamarra...

ARGAZKI ZAHARRA
"Beti mendizalea izan naiz, eta gustura sentitzen naiz halako bakardade eta askatasunean" (Gredos, 1971).


Azkenak
Honezkero, hemen dago beherakada

Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.

Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]


Irunen eskuin muturreko “auzo patruilak” sortu dituztela salatu dute

Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]


Udal legearen kontrako epai euskarafoboa
Euskararen aurkako erasoa salatu dute 200 alkate eta udal ordezkarik, eta hizkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]


Alonsotegiko Udalari dirua itzultzeko eskatu dio Bizkaiko Aldundiak, iruzurra egin zenetik hamairu urtera

Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat... [+]


Ertzaintzaren 300 BMW ibilgailuen erosketan irregulartasun posibleak salatu zituen barne txosten batek

Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak barne txosten bat egin zuen Ertzaintzak jaso dituen 300 BMWen esleipen kontratuaren hainbat baldintza kritikatzeko. Ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela salatu du ogasunak, eta horrek enpresa... [+]


Txosnetako “beto politikoaren” aurkako GKSren kanpaldiaren kontra oldartu eta lau pertsona atxilotu ditu Poliziak Gasteizen

Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]


Lotsa sentitzen dut giza generoko kide izateagatik

Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]


2025-07-24 | Nicolas Goñi
Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira

Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]


Sektore publikoan gurasotasun baimena luzatu eta seme-alaba bakoitzeko diru laguntza handituko duela iragarri du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzaren Familia, Haur eta Nerabeen V. plana aurkeztu du Nerea Melgosa sailburuak asteazkenean. Hamazazpi "trakzio-neurri berritzaile" jaso ditu planak, baina ez dute zehaztu noiz jarriko diren indarrean.


CAFek giza eskubideak errespetatzen dituela “baieztatu” beharko du, Belgikako kontratu milioiduna eskuratzeko

Beasaingo enpresak 1.695 milioi euroko kontratua lortu du Belgikako SNCB-NMBS tren konpainia publikoarentzat 54.000 plaza dituzten bagoiak egiteko. Baina aurretik, belgikar konpainiak eskatu dio bere jarduerek nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak errespetatzen dituztela... [+]


Eguneraketa berriak daude