"ALDERDI SOZIALISTA GILTZARRIA DA HERRI HONEN ETORKIZUNEAN"

  • 2.000. urtea amaitzear bildu ginen Bizkaiko PSE-EEko Patxi Lopez idazkari nagusiarekin. Harrezkero, bere alderdiaren hainbat egoitza erasotuak izan dira. Guk, haatik, Euskadiko PSE-EEk azaroan burutu zuen IV. Kongresua hartu genuen solasaldiaren abiapuntu.

2001eko urtarrilaren 14an
Euskadiko PSE-EEren azken Kongresuan, Nicolas Redondo idazkari nagusia izan zen berrautatua bere kudeaketa-txostenak botoen %80 jaso zuela. Bere zuzendaritza ba-tzordeak botoen %51 baino ez zuen jaso, ordea. Bi bozketen arteko aldea sozialista bizkaitarren baitan dauden tirabirekin lotu zuen Bizkaiko egunkari ahaltsu batek.
Ez da egia Bizkaiko alderdi sozialistan tirabirarik dagoenik. Batzuek IV. Kongresuaren inguruan oso interpretazio sinpleak egin zituzten, sinpleegiak. Ezin da, orobat, alderdi sozialistaren kongresuei buruz antzekorik egin ere. Izan ere, gaur egun alderdiaren ordezkari bakoitzak bere botoa du eta bere aukerak oso arrazoi konplexu eta diferenteei erantzuten die. Euskadiko azken kongresuan ez zuen soilik Bizkaiko sozialisten egoerak eraginik izan, tarteko beste gauzak ere nahastu ziren. Edonola ere, kongresuan Nicolas Redondoren zuzendaritzak orain arte egindako kudeaketa ongi egin zela baieztatzeaz gain, hemendik aurrera segiko den politikarako ponentzia aho batez onartu zen. Eta hori da funtsezkoa. Beste gauza bat da, politika hori aurrera eramateko ordezkariek alderdiaren pertsona batzuk edo besteak aukeratzean lehentasun ezberdinak izatea, gauza normala edozein kolektibotan. Beraz, prentsa horrek esan duenari ez diot aparteko garrantzirik ematen, uko egiten diot horren azalpen sinplisteei eran-tzuteari.

Ordezkariek pertsonak aukeratzen dituzte eta berauek egiten dute politika. Zeintzuk dira, bada, aipatu dituzun arrazoi konplexu horiek?
Arrazoiak ez dira horren konplexuak ere. Hauxe gura dut esan: zuzendaritza aukeratzean, batzuek nahiago dutela pertsona bat aukeratu, besteek beste bat, eta, apika, gura duten pertsona hori faltan hartzen dutela. Adibidez, Gaztedi Sozialistek ez zuten euren batzordeko kide bat Euskadiko zuzendaritzan izendatua ikusi edota probintzia bakoi-tzean dauden motibazio ezberdinak ez ziren guztiz islatu ere.

Bizkaiko zuzendaritzara etorri aldera, zu idazkari nagusi berrautatua izan zinen ere, baina zure kudeaketa-txostenak botoen %49 jaso zuen ozta-ozta.
IV. Kongresuan nire hautagaitzak botoen %52 jaso zuen, eta Carlos Peraren hautagaitzak botoen %46. Kudeaketa-txostenaren aldeko %49ko datu hori, albistearen titularra izan zen; interesatua oso.
Idazkari nagusiaren aukera zuzendaritza batzordetik landa egin ohi dela argitu gura dut. Gerora, nik aurkeztu nuen batzordeak botoen %64 jaso zituelarik. %49 delakoa datu interesatua izan zen. Bizkaiko sozialismoaren baitan politika egiteko dauden bi moldeak aurkeztu ziren, bakoi-tzak bere lehentasunak seinalatu zituen, nik neureak eta Carlos Perak bereak. Kongresuak erabaki zuen.

Edonola ere, lurraldez lurraldeko azken kongresuen ostean, alderdi sozialisten baitan dauden diferentzia politikoak azaleratu bide dira.
Gure arteko diferentziak ez dira politikoak, politikaren ardatz nagusiak Euskadiko Kongresuan bert0an ebazten direlako. Ardatz politikoa aldez aurretik trazatua dago, eta berauek ehuneko ehunean sustengatuak izan ziren IV. Kongresuan. Ondoren, probintziaz probin-tziako politika gauzatzean azaleratzen diren ezberdintasunak zehaztu izaten ditugu, gure politika tokian tokiko lehentasunen arabera gauzatu behar baita. Neronek zuzentzen dudan ba-tzordeak seinalatu zituen lehentasunak ezagutzen ditut: alderdiaren barne antolaketa ulertzeko era ezberdina, instituzioekiko proiekzio gehiago bilatzea, udaletxeetan udal politika gehiago egin nahi izatea... Finean, herritarrengandik hurbilago izanda, probintzia mailako politika zehatzago bat egin gura dugu. Ez dugu bakarrik, askatasunaren edo terrorismoaren arazoez hitz egin gura, baizik eta tokian tokiko herritarrek dituzten arazoen ardura ere hartu gura dugu.

Rodriguez Zapatero idazkari nagusiak politika berri bat ahalbidetu dezake PSOEren barnean, zure ustez?
Ziur baietz. Alderdiaren XXXV. Kongresuak markatzen duen politika nagusiaren ardatzez gain -probintzietako batzordeetara zabaltzen ari dena- alderdiaren barnean zeuden gogoak betetzera etorri da. Hau da, alderdiaren barnean beharrezko ziren aldaketak gogoz ari da burutzen Rodriguez Zapatero. Alderdi sozialistak 20 urteko etapa bat bete ostean, etapa hura berau bukatzen jakin behar izan du beste bat hasi ahal izateko. Zentzu horretan, PSOEko azken kongresua abiapuntu berria izan zen. Ideietan eta mezuetan berrikuntzak gauzatzen hasiak gara jada. Antolakuntza federaleko idazkari nagusiak emandako azken datuen arabera, alderdiaren zuzendaritzetako kideen % 75 berritu dira. Gauza erabat inportantea.

EAEko politikara etorri aldera, PSE-EE bidegurutzean dagoela esan dezakegu?
Ez dut uste PSE-EE bideguru-tzean dagoenik. Guk geure espazioa dugu EAEn. Hasteko, ez gara inola ere PPren jarraitzaile itsuak izango, ez eta EAJren arazoak konponduko dituena. Geure zeregina geure espaziotik bete gura dugu, bizi dugun egoeran modu arrazional batez jokatuz. Konbentzituta nago Alderdi Sozialista giltzarria dela herri honen etorkizunean, batez ere, EAEko hurrengo hauteskundeen ostean. Haatik, Alderdi Dozialistak hurrengo legealdian erabaki dezakeen arren, une honetan ez dugu alde batera ala bestera jokatu gura. Guk herri honen etorkizunari begira jokatu gura dugu, eta horretarako aldaketa arrazionala, sakona eta lasaia burutzea eska-tzen dugu aldi berean. Bizi dugun garaia ongi ezagutzen dugunez gero, aldaketa hori berma dezakeen bakarra alderdi sozialista dela diogu PSE-EEtik.

Zuk zeuk ez duzu akordio posiblerik ikusten EAJrekin, esaterako?
Ezin dugu hauteskundeak burutu ostera arte inolako alian-tza posible batez berba egin. Lehenik, hauteskundeek behar dute ebatzi herritarrek herri honentzat nahiago dutena, eta ondoren, alderdi bakoitzak emaitzak aztertuko ditu. Gure alderdiak, kasu, herri honentzat lehenik eta alderdiarenzat ondoren egokien uste duen erabakia hartuko du.
Behin eta berriz salatu dugunez, EAJrekin adostasun batera iristea oso zaila da bere jarrera baztergarria delako, Lizarrako izaera nazionalistari atxikiriko jarrera. EAJ Lizarrako planteamenduetan mantentzen den bitartean ezin dugu inola ere berarekin lanik egingo; argi eta garbi. Baina tira, hauteskundeen ostera arte ezin dira erabat ezeztatu ez baieztatu aukera guztiak.

Bien bitartean, PSOE-PPren Ituna ETAren aurkakoa dela diozuen arren, Mayor Orejak Ituna nazionalismo demokratikoa neutraliza-tzeko dela adierazi du. PPrekin posibleago al da akordio bat EAEko hauteskundeei begira?
Bat: alderdi popularrarekin oinarrizko defentsetan bat egiten dugu, hala askatasunaren nola bakearen defentsan, baita joko politikorako araubideen defentsan ere, hauek Konstituzioa eta Estatutua izanda. Hortik aurrera, eraiki nahi dugun gizarte ereduan diferentzia sakonak ditugu PPrekin. Beraz, gure ilusioa ez da Eusko Legebiltzarrerako PPrekin itun bat egitea.
Bi: PPrekin sinatu dugun ituna estatu itun gisa ulertu beharra dago. Estatu itun horrek, Espainian edozeinek gobernatzen duela ere, politika antiterroristak bide beretik segituko duela dio bere 10 puntuetan. Hots, popularrek nahiz sozialistek gobernatzen dutela ere, terroristek jakin dezaten ez dutela deus ere lortuko. Itun hau PSOEk eta PPk sinatu dute, eta beste alderdi batzuek sinatu ez dutelako gaizki interpretatu izan da. Ez dute ezinbestez zergatik sinatu behar. Itun horrezaz gain beste itun batzuk sinatu ditzakegu batera. Ajuria Eneko edo Madrileko Itunak sinatu ziren legez.
Edonola ere, alderdi demokratiko guztiak PP-PSOEren Itunarekin bat etor daitezke itun honek oinarrizko bi printzipioak defenditzen dituelako: helburu politikoak lortzeko biolentziaren gaitzespena eta joko araubideen errespetua. Estatu-akordio bat den aldetik itun ezberdina da. Erresuma Batuan John Major eta Tony Blairren artean izan zen bezala. Terrorismoaren aurkako politikan ados zeuden eta gobernu aldaketa izan zenean ez zen deus aldatu, estatuko politikak norabide berean segitu zuen, aldian aldiko oposizioen aldetik politika antiterrorista kritikatu gabe. Hemen ere gauza bera lortu nahi izan dugu sozialistek.

Mayor Orejak Itunaz duen ikuspuntua zehaztuago geratu da, apika.
Mayor Orejaren interpretazioa guztiz okerra da zentzu horretan. Sozialistak behintzat ez ditugu inolaz ere ideiak konbatitu gura, pistolak baizik. Guk ez dugu nazionalista demokratikoek beren izaerari uko egin diezaioten gura, aitzitik, egoera lazgarri honetara ekarri gaituen bere estrategia politikoa berbidera dezatela gura dugu, egun bizi dugun egoera duela hiru urtekoa baino askozaz txarragoa baita. Orduan, terrorismoaren aurrean alderdi demokratikoen batasuna eta ulermena indarrean zegoen, orain, berriz, ez dugu ez batasunik ez ulertzeko modurik, eta gainera arazoa gizartera heda daiteke. Bitan zatitutako gizarte oldartu bat gara daitekeela pentsatzea ikaragarria da.

Hala ere, ezin da ukatu itun guztien atzetik alderdien hauteskundetarako interesak daudenik.
Hori egia da. Baina, PPren eta PSOE ren artean akordatu dugunez, biolentziaren arazoa haustekundeen eszenategitik atera behar da, ezin da hauteskundeen interesen arabera jokatu boto gehiago eskuratzeko. Egia da, akats hau larria da, baina (batzuek beste batzuek baino gehiago, hala ere) puntu honetan denok huts egin dugu orain arte.

EAJ, PP, PSE-EE eta UA bat etorri dira Eusko Legebiltzarrean Gizarte Eskubideen Agiria onartzeko. Ekimen honetan oposizioak bat egin du jeltzaleekin. Ez al da bitxia?
Gizarte Agiria ekimen partikularra da, Legebiltzarrean aurkeztu zenetik lau urteko prozesu bat bizi izan duena. Gainera, bitxikeria gisa, gogoratu behar da, guk -PSE-EE Jaurlaritzan EAJrekin zegoela- Agiria kontuan hartzearen alde bozkatu genuela. EAJk, berriz, ez zuen berau aintzakotzat hartu. Beraz, ekimen honen aurrean, komeni da, alderdi bakoitzaren jarrera berezia gogoratzea. Azken lau urteetan sorturiko ponentzia landu da, aldeak elkarri adituz, eta abar. Hainbat ñabarduren gainetik, Legebiltzarrean gauden alderdien sustengua izan zuena, IU-EBrena ezik, alderdi honek bere zuzenketak ipini baitzizkion.
Edonola ere, Gizarte Agiriaren inguruan gertatua, berez, ez da esanguratsua gaurko gure politikan. Agiri honen esanahiak alderdi bakoitzaren estrategia politikoa gainditzen du. Hartara, orain guk Agiriaren aurka bozkatzea demagogia egitea litzateke. Esaterako, eskatu izan den %100 eskatzea Jaurlari-tza bakarrik uzteko. Nork bere aldian, bere erantzukizuna agertu behar du.

Zu zeu sozialista zaren aldetik, on-tzat ematen duzu Gizarte Agiria bere horretan?
Oinarri-oinarrian, diferentziak gizarte soldataren kopuruan daude; hortxe dago auzi honen koska. LGSaren (Lanbidearteko Gutxieneko Soldata) % 75 zehaztu delako. Hor badago eztabaida bat, eta ez du itxita izan behar. Hau da, lan egin ezin duenaren kasuak -eta ez lan egin gura ez duen kasuan- lan egiten duenaren egoera berdinak izan behar al du? Alegia, gizarte soldata eta LGS parekatu behar ote dira? Horrek, beste herrialdetan gertatu den legez, bi egoeren klonifikatzea ekar baitezake; beti dago arrisku hori. Izan ere, LGS indartuz gero sisteman integratuak ez diren jende-oste horien beharra eta nahia gutxitu baitaitezke lana bilatzeko orduan. Hala ere, lan merkatuan sartu ezinik dabilen jendeak bizirauteko beharrezkoa du diru laguntza jasotzea, eta aldi berean, funtsezkoa da ere lan merkatuan sartzeko aukera ez duenak aukera egokiak izan ditzan. Gaiak, horregatik, zabalik behar du eztabaidatzeko. Guk diru kopuruari baino bergizarteratzeko politikari eman diogu garrantzia, atal hori da inportanteena. Eta hau bai gutxi landu dela, ia-ia batere; teorikoki bai baina praktikan ez. Gizarte Agiria bitarteko egokia izan daiteke zeregin horretarako.

BERRIZALE BIZKAITARRA
Portugaleten jaio zen 1959an. Eduardo Lopez Albizu sozialista bizkaitar historikoaren semea. Gaztedi Sozialistetan hasi zen politikan. 1997ko urrian Bizkaiako idazkari nagusiaren kargua hartu zuen lehen aldiz -Nicolas Redondo Terrerosen ordez- eta kargu berean berrautatua izan zen joan den abenduan. Legebiltzarkidea da. Bilboko prentsa boteretsua bere aurka izan du Bizkaiko PSE-EEren IV. Kongresuaren kari.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


2024-04-29 | ARGIA
Pablo Gonzalez kazetaria aske uztea eskatu dute beste behin Nabarnizen

Apirilaren 28an 42 urte bete ditu Pablo Gonzalezek. Kazetariak 26 hilabete daramatza Poloniako kartzela batean, Errusiaren alde espioi aritu dela egotzita. Gonzalezek idatzitako gutun bat irakurri du Oihana Goirienak. “Hor zaudetela eta ez nagoela bakarrik jakitea... [+]


2024-04-29 | ARGIA
Aldatu Gidoia-k euskara ez zokoratzea eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari maiatzaren 18ko protestan

Maiatzaren 18an, Gasteizen, egingo da mobilizazioa Aldatu gidoia euskararen alde lelopean. Kanpainan parte hartzen ari diren eragileek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote euskararen aldeko politikak ezartzeko ikus-entzunezkoetan, eta EITBn beharrezko baliabideak jar ditzala... [+]


Pedro Sánchezek karguan jarraituko du

"Joko garbia" eskatu du Espainiako Gobernuko presidenteak, eta "hausnartzeko" deia egin: "Munduari erakutsiko diogu nola defendatzen den demokrazia". Ulertzera eman du "indartsuago" itzuliko dela.


2024-04-29 | Sustatu
Makusi jaio da, EITBren haur eta gaztetxoentzako plataforma

Donostiako Kursaal aretoan egindako ekitaldi batean aurkeztu du EITBk ostiralean Makusi, haur eta gaztetxoentzako euskarazko plataforma. Makusi.eus webgunean ikusgai dago jada, eta app ere ere eskuragarri dago. Doako haurrentzako euskarazko lehen plataforma... [+]


Eguneraketa berriak daude