"NIK EZ DITUT UMOREA ETA SOZIOLINGUISTIKA BEREIZTEN"

  • Barre egitea plazerra bada, telebistako algara enlatatuek barre egitera bortxatzen gaituzten honetan, Kikek asmatu du algara prekozak baino lehenago txisteak isurtzen. Guri ere sartu digu ziria: elkarrizketa txiste bihurtu digu, hasierako tonu serioa azkenera arte eusten jakin baitu, amaieran umorea lehertzeko.
Soziolinguista zaren aldetik, zein da Euskal Herrian euskarak bizi duen egoerari buruzko zure diagnosia?
Euskalgintza une honetan inpasse batean dago. 80ko hamarkadan bildutako uztaren fruituak jasotzen ari gara, neurri handi batean. Baina klabe batzuk guztiz aldatu beharko ditugu, inpresioa baitaukat gure esku geneukan belaunaldi bat eskutatik joan zaigula. Gazte sektore zabal bat bildu da euskararen ingurura, baina Euskal Herri mailan gutxiengoa da. Nafarroa eta Iparraldean nahiz eta euskal ereduetako matrikulazio kopuruak igo, euskararen erabilera eta kontsumoa denok espero genituenak baino dezente baxuagoak dira. Iparraldean alarma guztiak piztuta daude. Komunitate autonomoan ere, euskararen erabileran eta euskarazko produktuen kontsumoan gora egiten ari garen herriak eta zonaldeak azken batean lehendik ere nahikoa esparru euskaldunak ziren. Baina hartzen baditugu hiriburuak eta beren inguruak, Araba ia osoa, Nafarroako zonalde ez euskaldunak edo Bizkaiko alde erdaldun guztia...
Ikusi besterik ez dago zein diren erabilera indizeak, zein diren euskarazko musika, telebista, egunkari, liburu eta aldizkarien kontsumo indizeak... Gaur egun, proportzionalki euskaraz gutxiago kontsumitzen da orain 10 urte baino.

Zer klabe dira aldatu beharrekoak?
Etxe barrura begira esango nuke, guztiz ezinbestekoa dela une honetan, indar eta alderdi euskaltzaleek (ahalik eta zentzurik zabalenean ulertuta), oinarrizko planteamendu amankomunetara iristea. Hori su-etenarekin eta Lizarra-Garazirekin posible izan zen, nahiz eta ez zen hizkuntza mailan behar beste aurreratu. Baina orain daukagun dinamika guztiz kaltegarria da, baita hizkuntzaren ikuspegitik ere.
Indarrak bildu eta ilusio eta ekimen berriak abiarazi beharra dago, euskararen hedapen soziala bizkortzeko.
Erakundeetatik eraman den hizkuntza politikak bestalde, askoz ere indartsuagoa eta eraginkorragoa beharko zukeen eta beharko du, maila guztietan. Eta ez naiz ari erakundeetako "euskara sailez", erabakiguneez baizik.
Eta euskarazko sorkuntza eta eskaintza landu eta sustatu egin behar dugu. Literatura, musika, ikus-entzunezko produktuak, zinema, antzerkia, gizarte-zerbitzuak, irakaskuntza, kirol zerbitzuak... eskaini behar ditugu euskaraz. Baina ez modu kuantitatiboan bakarrik, eskaintza ona eta erakargarria egin behar dugu.

Kanpoko erasoak ere ez dira atertu.
Euskararen aurkako eraso politiko-kultural gogor baten haseran gaude. Eraso hau (euskarazko irakaskuntza, AEK, ETB, Nafarroako dekretua...) orain arte mediatiko-juridiko-politikoa izan da, baina beldur naiz gorputz soziala hartuko duela laster. Nire beldurra hori da, laster ikusiko dugula kalean gaztelaniaren eta erdaldunen eskubideen aldeko dinamika sozial bat.
Estatu espainiarra, hizkuntz normalizazio prozesua, nazionalismoarekin, inposaketarekin eta terrorismoarekin parekatzera iritsi da, aukera politikoa eta behar adinako babes soziala ikusi dituenean.
Baina ezin dugu ahaztu, Euskal Herriak ezagutu duen dinamika politiko-kulturalak sektore batzuk euskaragandik urruntzea ekarri duela, kasu batzuetan kontrako jarreretara iristeraino. Su-etenaren amaierak prozesu hau areagotu egin du eta une honetan euskal gizartearen eta Euskal Herriko gazteriaren sektore zabalak euskararengandik guztiz aparte kokatu dira.
Euskalgintzak ahaleginak eta bi egin arren, motz gelditu gara, ez dugu jakin erdaldungoaren multzo zabaletara iristen. Eta une honetan bizi dugun polarizazio politikoak, sektore ez abertzaleak erdararen inguruan trinkotzea eta alderdi ez abertzaleek euskararen aurkako jarrerak hartzeko babes soziala lortzea eragin du.

Zer eragin dauka globalizazioak?
Orain arte euskararekin planteamendu dikotomikoa erabiltzen zen, euskara versus erdara eta euskarari eta euskaraz egiteari gain-balio bat ematen genion. Baina gaur egun hirugarren elementu bat agertu da: ingelesa. Gaur gure seme-alabek ingelesa ia etxeko hizkuntzatzat daukate: eskoletan ikasten dute, musika entzuten dute, irakurtzen dute, interneten gauza asko ingelesez ikusten dute, beraz ingelesa jada ez da arrotzegia. Frantsesa askoz arrotzagoa da Hegoaldeko umeentzat, nahiz 20 kilometrotara egon. Haurrentzat ingelesa eta erdararen kontua beste parametro batzuetan kokatu da beraz: euskara da euren lehen hizkuntza (kasurik onenean), eta eskura dute... Baina, eskuragarritasun, erakargarritasun eta erabilgarritasunaren arabera erabiliko dute hizkuntza bat edo bestea.

Nola uztartzen dira umorea eta soziolinguistika?
Beti esan dut soziolinguistikak eta umoreak oinarri bera dutela: jendea. Soziolinguistikak jendearen hizkuntza erabilerak-eta aztertzen ditu, eta umorearen bidez, jendea bera aztertzen duzu. Gainera egoera elebiduna berez da umore gai eta alde horretatik soziolinguistika ere bada umore gai. Hemen ditugu, esaterako, erdaraz gaizki hitz egiten duten euskaldunen egoera umoretsuak, euskaraz gaizki hitz egiten duten euskaldun berrien umorea, itzulpenak... Eta bada funtsean oinarrizko beste faktore bat: gu arrazoi soziolinguistikoengatik hasi ginen umorea euskaraz lantzen, ez arrazoi artistikoengatik. Ez ginen hasi umorea lantzen geure burua kafetegietan txisteak kontatzen ikusten genuelako, euskararen aldeko zerbait berria eta erakargarria egin nahi genuelako baizik. Nire kasuan soziolinguistika eta umorea ezin dira elkarrengandik bereiztu.

Umorea egiterakoan zer garrantzia du testuinguruak?
Aurrean dagoenak baldintzatzen du umorearen emaitza. Horren adibide garbia da ironia. Ironia oso arriskutsua izan daiteke, batetik aurrean dagoenak ironia dela ulertzen ez badu, sinestu egingo zaituelako. Eta bestetik ironia dela ulertzen badu, haserretu egin daitekeelako.
Badira txiste batzuk guztiz matxistak direnak, eta koma bat ere aldatu gabe, beste testuinguru batean guztiz feministak gerta daitezkenak: "Zer da folio zuri bat? Emakumeen eskubideen zerrenda."
Txiste horrek, gizonezkoen elkarte gastronomiko batean kontatuta, edo Martxoak 8ko manifestazioan botata, guztiz kontrako zentzua hartzen du.

Gaur egunean nola dago umorea?
Azken urteetan iraultza bat gertatu da. Antzerkian, literaturan, komikietan, telebistan, irratietan... euskarazko umorearen lanketa jada esparru guztietara zabaldu da, eta maila politean gainera. Hala ere baditugu oraindik hutsune batzuk: umore hizkera moderno eta propioa sortzeko beharra daukagu, erreferente sozial euskaldun gutxi dauzkagu, eta erregistro asko falta zaizkigu. Hizkuntzaren bilakaera bera eramango du euskarazko umoreak.

Txisteek euskaraz ez omen dute graziarik...
Hori ohitura eta adierazkortasun arazo bat da. Hitzek indarra hartzeko erabilpena behar dute. Erdarak, hedapen mekanismo guztiak izan ditu eta euskarak apenas. Adibidez, nik askotan egin dudan galdera da: nola esango zenukete euskaraz "el colmo del sastre"? "Colmo" hitza badator hiztegietan, baina ez du ia inork ezagutzen, eta beraz berdin zaigu hitz hori ala beste bat erabili. Guk "jostunaren demasa" aukeratu genuen. "Demasa" hitza berria da adiera horretan, baina berehala ulertzen da eta adierazkorragoa iruditu zitzaigun. Egoera jakin batzutan hitz bat gramatikalki zuzena izan liteke baina komunikatiboki ez, eta umoreak bat-bateko erantzuna eta bat-bateko ulermena behar du.

Euskaltzaindia atzetik izango duzue...
Nik dakidala ez behintzat. Guk beti aintzat hartu izan ditugu Euskaltzaindiaren arauak noski. Baina fikzioan eta umorean, egoera bakoitzak eta pertsonaia bakoitzak bere "erregistroa" behar du. Film batean, unibertsitate irakasle heldu batek, okupa gazte batek eta nekazari batek ezin dute erregistro bera erabili.
Gainera umorearen funtzio nagusitako bat ludikoa da, eta funtzio ludikoak esan nahi du dagoenarekin jolastea, erabili, puskatu, eta gozatzea. Adibide gordinena zera da: bestela ere ez, baina "atsegin zatzaizkit" esanda ez dela ligatzen. Edo zergatik lortu zuten halako arrakasta "Emoixtaxux muxutxuek" edo "Ai bexamela" bezalako abestiek?
Gai hau oso garrantzitsua da. Asko eztabaidatu da gaur egun gazteek darabilten euskararen kalitateaz, eta azken bolada honetan oso hausnarketa interesgarriak irakurri ahal izan ditugu gai honen inguruan: Zuazo, Lertxundi, Sarasola... Dena dela garbi izan behar dugu gauza bat; "argotak" eta gazte hizkerak inoiz ez dira gramatikalki "zuzenak" izan, eta gauden egoeran egonda, oso litekeena da, haur eta gazteak beren behar komunikatiboei erantzun berriak ematen hastea. Eta hori nire ustez, ezinbestekoa da, euskarak aurrera egingo badu. Joera horiek etengabe zuzentzeak ordea, haur eta gazte horiek erdararako joera hartzea ekar dezake. Beti ere, ahalik eta hizkuntza oinarririk sendoena eta zabalena eskainiz haur eta gazte horiei noski.

Txisteen kontrabandorik bada?
Hori beti egon da. Nik badut Kubako txiste kontalari baten disko bat, eta han Fernando Amezketarraren pasadizo bat azaltzen da Santiagoko tradizioari lotuta. Mattinen istorioak ere kontatzen ziren Parisen handik bi hilabetetara. Garraiolariek asko hedatu izan dituzte txisteak, eta gaur internetak zer esanik ez; txiste bat jartzen duzu zirkulazioan euskaraz, eta handik bi hilabetetara Australian azal daiteke erdaraz.
Gainera txisteen mugimendua erabat kontrolagaitza da, askotan oso guretzat dauzkagun istorioak aurkitzen ditugu auskalo non, eta jatorriz gurea ote den dudan jartzen duzu.

Zein da txisteak sortzeko formula?
Nik txisteak entzun, jaso, irakurri egiten ditut. Gero askotan horietatik erreferentzia bat hartu eta nondik nora puntta ateratzen saiatzen zara. Esaterako, bazegoen gurutzegramekin egindako istorio bat, eta pentsatu nuen horren inguruan zerbait sortzea: bi neska gurutzegrama bat egiten ari dira, eta batak galdetzen dio besteari "sexu organoa, lau letra ditu, 'A'z hasten da eta 'A'z bukatzen da". Eta besteak: "horizontala ala bertikala?" eta erantzuna "horizontala", "orduan... ahoa!". Ez dakit zergatik, baina sexuari lotutako txisteak ateratzen zaizkit errazen; lagun batek halaxe zion "nik buruan bi gauza besterik ez dauzkat: sexua eta... zein zen bestea?".

Txiste kontaketan bat-batekotasun puntu bat lortu al daiteke?
Normalean prestatuak dira. Beste gauza bat da ateraldi bat txiste bihurtzea. Edo txiste bat ateraldi, bat-batekoa balitz bezala kontatuz gero.

Aurrera begira zer proiektu dituzu?
Orain "Barre busa" programan nabil buru belarri. Bolada batez kamera aurretik desagertu eta "irudiari" atsedenalditxo bat ematea erabaki nuen. Lan honetan oso gustura nabil, baina litekeena da hurrengo urtean, bestelako proiekturen batek ere aurrera egitea eta berriro pantailan agertzea. Txistegintza lantzen jarraituko dut, eta esparru berri batzuk jorratzeko asmoa eta gogoa ere badut. Eta une honetan soziolinguistika alde batera utzita baldin badaukat ere, ez dut baztertu nahi. Eta aurreraxeago begira, jubilatzeko asmoa ere badut

BERE HITZETAN
"Umoregileek badakigu ergelkeriak egiten, baina ez gara ergelak. Okerragoa da askori gertatzen zaiona: seriotan ari delakoan ergelkeriatan ibiltzea".Argia, 95-12-10

"Ansorenagandik ikasi dut telebista zer den, telebistan nola egin behar den lan eta zer den telebista bidezko komunikazioa. Honetan pertsonaiarik aurreratuenetakoa da, eta ni bere ikasle kaxkar bat". Argia, 95-12-10

"Hizkuntza normalizatzeko indarberritzean datza gakoa eta itxaropena euskal gizartearen jarreran daukat jarria, beti egon baita euskararen alde. Agian falta dena da buruzagiek adorea izatea". Argia, 95-12-10

"Asko erlatibizatzen ditut gauza guztiak eta doktrinak eta dogmak ez ditut batere gustoko. Alde horretatik, umoreak bizitzaren aurreko jarrera bat eskaintzen dit: jarrera kritikoa, erlatibizatzailea eta baikorra bezain eszeptikoa". Argia, 95-12-10

"Ezinbestekoa da euskararen normalizaziorako hizkuntzari funtzio ludikoa eranstea". Argia, 90-01-21

"Umorerik gabeko pertsonak askoz intolerante, autoritario eta dogmatikoagoak izaten dira. Batek zioenez, umorerik gabeko pertsona amortiguadorerik gabeko kotxea bezalakoa da; harri txikerrenek astindu egiten dute".Argia, 95-12-10

CURRICULUMA
- Jaio:
Tolosan, 1961ean.
- Soziolinguista, umoregilea.
- 17 urterekin Tolosako Gau Eskolan irakasle hasi zen.
- Zeruko Argian hasi zen umore ingeleseko kolaborazioak idazten, eta Argian (1982) txisteak kaleratzen hasi zen.
- 1976an Tolosaldea Berreuskalduntzeko Elkartea sortu zen, eta bertako koordinatzaile lanetan aritu zen 4 urtez. Hegoaldeko lehen txiste afaria antolatu zituzten 1982an.
- Tolosako udaletxean Euskara Zerbitzuburu izan zen 5 urtez, eta ondoren SIADECOn jardun zuen lanean.

Argitalpenak:
Txiste-afarien arrakastak ekarri zuen "Arpa jotzen" liburua, eta 4 txiste kasete, "Txisteka misteka" izenekoak: Joxerra Galarragarekin batera eginak, eta laugarrena Gillermo Segurola lagun duela. Geroztik "Txorakikeriak" izenpean bi liburu kaleratu ditu (1998-1999-2000).

Telebista:
ETBn Gabon Zaharretako programa batean parte hartu, eta geroztik "Hitz eta Pitz", "Funtzioa", "Hau da A.U.", "Beni ta Marini", "Balinda", "Bai zera", "Txiskola" eta "Sikofonia" programatan aritu izan da aurkezle, aktore edo gidoigile lanetan. Gaur "Barrebusa" programako zuzendaria da.

BERTSOA
Doinua: Txoriak eta txoriburuak
Umorearen soziologoa
Tolosako gizon fina
txiste aurpegi puru purua
oila espresan lagun mina
kristaletikan bihurritua
munduaren imagina
Txabalategi izango zinen
bertsolaria bazina.

Jexux Mari Irazu
BIZITZAREN PASARTEA
89ko martxoaren 4an ezkondu nintzen. Bi egun lehenago Andoni Egañaren zutabetxo bat azaldu zen "El Diario Vasco"n, gerora "Aitaren batean" liburuan argitaratuko zuena. Andonik eta biok elkarrekin ikasi genuen eta hala zioen zutabe hartan: "Behin, Gasteizko pisuan lentejak prestatzea berari (des)egokitu zitzaion. Ondo ondo esplikatu genion egitekoa: lentejak, azenarioak, txorixo mutur bat eta olio pittin bat sartu 'ollaespresean'. Hogei minutu itxaron, eta pitorro gorri hori altzatzen denean itzali. Hiru orduz itxaron zuen pitorroa noiz altzako. Etxeratzean bazen kea eta erre usaina, Kike eltzeari begira bazegoen ere. Ez zuen urik jarri. Ez omen genion esan".
Ezkontza egunean eta hurrengoetan ez nuen beste konturik aditu. Eta denei gauza bera esan behar. Pasadizo hura Andoniri berari gertatu zitzaiola eta "alu" harek niri erantsi zidala. Inork ez zidan sinestu. Eta oraindik ez dut ulertzen zergatik.

ARGAZKI ZAHARRA
Tolosako inauterietan (1981). Lotsa da saldu zuen bakarra.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Eguneraketa berriak daude