UNE LATZETAN PROFESIONALTASUNA NAGUSI

  • Herioarena, bizitzan behin baina sekula hutsik egiten ez duen lagunaren bisitaldia da, eta hildakoaren ingurukoentzat oso une latza izaten da. Izandako galeraren atsekabeari hainbat erabaki hartu behar izatearen buruko mina gehitzen zaio, senide gehienek beste ezertan pentsatzeko indarrik ez dutenean. Askok nahiago du, beraz, hiletaren prozesu osoa profesionalen esku uztea eta une latzak senideekin lasai igarotzea.

2000ko azaroaren 05ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Familia bati senide bat hiltzen zaionean askotan ez daki ziur zer egin behar duen, tramitazio osoa neketsua eta luzea suertatzen delako, eta egiten jakin behar delako. Orduan, arruntena sendiak dena ehorzketa etxearen eskuetan uztea da. Kontuan hartu behar da gorpua heriotzatik aurrerako 24 edo 48 orduen artean ehortzi behar dela (senideren batek kanpotik etorri behar izanez gero epea luza daiteke) eta erabakiak azkar hartu behar direla.
"Senideek egin behar duten bakarra elkarrekin egon eta guri zer nolako zerbitzua nahi duten esatea da: nolako hilkutxa nahi duten, beilarik beharko duten, hilobiratu ala erraustea nahi duten, hiletaren ordua... mila gauza; hortik aurrera geuk egiten dugu dena, legezko tramiteak zein gorpuaren garbiketa, prestaketa edota garraioa". Horrela mintzatzen dena Ander Sagastume da, Donostiako Furesa ehorzketa etxe eta Tadosa beilatoki berriaren gerentea. Berak argi du une zail horietan zerbitzu ona eskaintzea sendiak asko eskertzen duela. Salneurriaren edo beste edozeren gainetik profesionaltasuna, tratu atsegina eta aholkuak ematea balioztatzen dira.


HILTZEA GARESTIA DA.

Egun batetik bestera 150.000-200.000 pezeta (6.000-8.000 libera inguru) behar izaten dira eta ez dira gutxi kreditu bat eskatu behar izaten dutenak. Endika Azpirozek, Arrespil eta Zarauzko Hileta Zerbitzuetako gerenteak, hileta zerbitzu estandar bat badela azaldu digu, ez oso merke ezta garestiegia ere, eta bezeroen ehuneko handiak horixe hartzen duela. "Gero kasu bereziak izaten dira, hala nola, hildakoak kontu korrontean dirutxo bat eduki, senideek diru horrekin zer egin jakin ez eta azkenean hiletan gastatzen dena", baina orokorrean jendeak zerbitzu estandarra aukeratzen du: kutxa borobila, intxaur kolorearen antzekoa, kotxea, eskela txiki bat, eta gero eta gehiago erabiltzen den beilatokia.
Ander Sagastumek salneurriaren inguruan beste aldagai bat aipatzen digu: aseguru-konpainia batekin poliza dutenak eta partikularrak. Lehenek hilero-hilero diru kopuru bat ordaintzen dute eta heriotza gertatzen denerako dirua bilduta dute hileta ordaintzeko. Gainera poliza horretan jadanik nolako hilkutxa nahi duten, beilatokia behar duten ala ez eta bestelako xehetasunak argitzen dira eta normalean salneurri bereziak izaten dituzte, merkeagoak. Gainontzeko kasuetan, beste edonon bezala, bakoitzaren eskaeren arabera prezio bat ala bestea ateratzen da: "Guk eskaini dugun zerbitzurik merkeena 100.000 pezeta baino pixka bat gehiagokoa izan da, eta garestiena milioi erdi pezetatik gorakoa. Hilkutxa Italiatik ekarritakoa zen, berezi-berezia, eskuz zizelkatua. Batez beste 200.000 pezeta inguruko zifra da ohikoena ".


BEILATOKIAK ETA HAINBAT BERRIKUNTZA.

Betidanik gaubeila etxean egin izan ohi bada, gaur egun kasu gehienetan horretarako prestatuta dauden beilak erabiltzen dira. Gipuzkoan lehena Irunen eraiki zen, Tabisa enpresaren eskutik, eta bertako gerentea den Jose Maria Etxebesteren esanetan, "beila batek eraikin duina izan behar du, sendiari harrera egiteko leku aproposarekin eta beraiek gorpuarekin egoteko gela duin batzuekin. Gero, bestelako instalazioak behar dira, prestaketa gela egokia eta abar".
Beilatoki baten lehen funtzioa jendea ahalik eta lasaien eta gusturen egotea da, egoeraren larritasuna kontuan hartuz, jakina. Familiak lehen, etxera hildakoa agurtzera zetorren jendeari harrera egin behar zion, beste lan bat gehiago zen eta askotan ez da horretarako gogorik izaten. Beilatokian horixe bera egin daiteke, baina familiari ahalik eta lan gutxien emanez.
Beilatokien iraultza honetan azken berria azaroan inauguratuko den Furesaren Donostiako beilatoki integrala da. 5.700 metro koadroetan zehar hamar bat zerbitzu aldi berean egiteko gaitasuna izango duen beilatokia izateaz gain, senideek hilkutxa, hilarri, lore eta abarren erakusketa ikusi eta aukeratzeko parada izango dute. Honez gain, Martin Berasategiren kafetegi-jatetxea, informazio juridikoko eta psikologikoko sailak eta beste hainbat zerbitzu eskainiko dituzte.
Internetek ere bere txokoa izango du. Senideek azken agurrak eta doluminak sarearen bidez jasotzeko eskaintza prestatuko dute. Ehorzketen inguruko berrikuntzei dagokienez, errausketak gero eta ugariagoak izango direla argi eta garbi somatzen da. Lutoa erakusten duten kolore beltzeko adierazgarriak berriz, behin-betiko alboratuko dituzte aipatutako zerbitzuetan, "jendeak ihes egingo lukeelako".
Ehorzketaren lanbide gogorra. Diotenez, ehorzketa langile izateko, lanbidea "bizi" egin behar da; kontua ez da bertara iritsi, gorpua jaso eta joatea. Tratu atseginekoa izan behar da, senideekiko harremana asko zaindu behar da, profesionala izan behar da, alegia. Endika Azpirozek argitzen digun moduan, "edozeinek ez du lanbide hau jasaten. Ikastaro batzuk izaten dira, jendea prestatzeko, bertaratzen direnetako askok ez dutelako sekula hildako bat ikusi eta hemen egunero hainbatekin egin behar duzu lan. Dena den, jendea ohitu egiten da. Gakoa 'txip'a aldatzea da. Ez da medikuarena baino lanbide gogorragoa. Egunero sendi baten oinazearekin ari zara bizitzen, baina poztasunak ere izaten dira, zerbitzuarekin pozik geratu direnean eta eskerrak ematen dizkizutenean kasu".

HILDAKOAREN AZKEN ETXEA APAINTZEN
Ehorzketa prozesuan hamaika zerbitzu eta enpresak hartzen du parte, nahiz eta gehienen ardura ehorzketa etxeak berak kudeatu. Horrela, edozein hiletatan ezinbesteko elementuen artean hilkutxa, hilobia eta aurreko biak apaintzen dituzten loreak ditugu, eta baita hauen atzean nabari daitezkeen esku adituen lanorduak ere.


ZERRALDO BELTZIK EZ.

Garai batean hilkutxa guztiak beltzak eta karratuak izaten ziren, baina gaur egun senideek hainbat moldetakoak dituzte aukeratzeko (karratuak, egipziarrak, sarkofago itxurakoak, biribilak, erdibiribilak...). Gehien saltzen direnak biribilak eta intxaur moduko kolorekoak dira, jendeak gero eta gehiago lutuzko kolore eta itxuratik ihes egiten duelako. Jarrera honen beste muturreko adibidea da, esaterako, hilkutxan hildakoaren futbol taldearen armarria grabatzea eskatzen dutenena. Horrelakoak gutxi dira, baina badira.
Salneurrien inguruan ere aukera zabala egoten da, arazo ekonomikoak dituzten familiei eskaintzen zaien oinarrizko ereduarekin hasi (75.000 pezeta inguru), arruntenekin jarraitu (150.000-200.000 pezeta) eta luxuzkoenekin bukatzeko (700.000 pezeta).
Lehen herri askotan ehorzketa gizona aldi berean arotza izan ohi zen eta berak egiten zituen zerraldoak, baina gaur egun gehienak Valentzia, Iruñea, Valladolid, Frantzia edo Italiatik ekartzen dira. Egurrari dagokionez, ohikoa makala, intxaurra edo haritza erabiltzea bada ere, negozioan gero eta gehiago barneratzen ari dira Gineako egur motak.


Marmolgintzan granitoa nagusi.

Zerraldoa hilerrira heltzen denean, berau zainduko duen hilobia prestatu eta apaindu behar da, eta hementxe hasten da Irurako Euskal Harria bezalako marmolgintza enpresa baten lana. Bertan, Javier Zorokiain arduradunak azaltzen digun bezala, denetarik egiten dute: hilarriak, hilobiak, horma-hilobiak... Hilerri bakoitzeko ezaugarriak hartu behar dira kontuan, denetan leku ezaren arazoa izaten baita nagusi. Elementu hauen materialari dagokionez, kanpoaldean, marmola baino, granitoa nahiago izaten dela aitortzen digu enpresako arduradunak, lehena azkarrago zahartzen delako eta bigarrenak berdin irauten duelako.
Materiala, bestalde, Hegoafrikatik, Brasildik edota Indiatik ekartzen dute, eta koloreei dagokienez, Zimbaweko edo Hegoafrikako beltz ilunekin alderatuz, Suediako beltz-beltza gailentzen da, Sakonena da berau eta jende gehienarentzat garestiegia suertatzen da. Marmoletan, aldiz, Italiako "Carrarakoa" oso ezaguna da. Hala ere, bestelako materialik ere erabiltzen dute, Debako harria kasu.
Salneurriei so, marmolezko hilarri batek 30.000 pezetatik aurrera balio du, baina arruntenak 80.000-100.000ren artean dabiltza, 250.000 pezetaraino. Hilobiak, berriz, 200.000 pezetaren inguruan ibiltzen dira.
Idazkietan arruntena hildakoaren izen-abizenak, jaiotza eta heriotza data eta adina agertzea da, nahiz eta gutxi batzuek bestelako mezuak ere jarri. Hori bai, gaur egun gauza gehienak ordenagailuz diseinatzen dira eta grabazioa hondar-bonbardaketaz egiten da. Eskuz zizelkatzea albo batera utzi da.
Hileta koloretsuagoak. Ehorzketa prozesuan garrantzi handiko beste apaingarriak lore sortak dira. Hauek egiteko lorerik erabiliena krabelina izan daiteke, kontserbadoreagoa delako. Arrasateko Amaia loradendakoa da Amaia Urbina eta bere ustez ez dago alde handirik: "Hildakoaren araberako ezberdintasun nagusia kolorea da: gizon bati beti sartzen diogu gorria eta zuria, horia urdinekin...; ume bati, batez ere oso gaztea denean, zuria; hogei urtetik gorako gazte bati kolore alaiak. Emakumeekin ez dago ezberdintasun handirik, kolore aukera osoa erabili ohi da".
Loradenda honetan gehien bat koroak eta erramuak egiten dituzte, baina pixkanaka zentroak eta "erraketa"k modan jartzen hasi omen dira. Azken hauek koroak duen konnotazio goibelik ez omen dute. Koroak eta erramuak askoz tradizionalagoak dira eta nagusiek beti eskatzen dituzte, jende gazteak gauza desberdin eta arinagoetatik jotzen duen bitartean.
Hiletarako loragintzan aurrekontuak hamaika izan daitezke, lore mota, lan ordu eta abarren arabera: "5.000 pezetagatik ez duzu koroarik lortuko, ezta seguraski 100.000tik gora gastatuko ere, baina, bestela, edonolako salneurriak egoten dira".

MARTIN BERASATEGI:"NI HILTZEN NAIZENEAN AGURTZERA DATOZKIDANEK GOZATZEA ETA ONGI PASATZEA NAHIKO NUKE; EZ DUT INOR GOIBEL IKUSI NAHI"
Sukaldari ospetsu baten jatetxea beilatokian. Lehen irakurketan arraroa egiten zaigu, orain arte ez dugulako horrelako kasurik ezagutu. Baina ez da hain bitxia notizia hau. Batetik, Donostiako beilatoki berriaren arduradunek beren zerbitzuei hainbat berrikuntza gehitu nahi diote eta bestetik, Martin Berasategi erronka eta arrisku berriei aurre egiteko beti izan da prest.

Abentura berri batean sartu zara.
Niretzat eta talde osoarentzat erronka handia eta gogorra da, beilatoki batean jatetxea jartzea. Berrikuntza bat da. Baina pozik eta gauzak ongi egiteko gogoz hartzen dugun erronka da, niri arriskuak hartzea gustatzen zaidalako. Gainera, ekimen oso polita da. Beilatokia erabili behar izango dutenak merezi duten bezala tratatzea izango da helburua.
Xedea, dena den, ez da beilatokira doan jendea erakartzea soilik. Jatetxea beilatokiaren sarreran bertan izango da, 80 bat lagunentzat prestatuko dugu eta edonor etor ahal izango da. Gure nahia edonor gerturatzeko moduko kafetegi-jatetxea eratzea da, bertan halabeharrez egon behar dutenentzat, baina baita kafe bat hartu, pintxo bat jan edo ongi afaldu nahi duenarentzat ere. Kontuan hartuko dugu salneurriak antzerako beste leku batzuetan baino ekonomikoagoak izan beharko dutela, jendea ez baitoa beilatokira dirua erruz gastatzera.

Nola sortu zitzaizuen beilatokian jatetxea jartzearen ideia?
Beilatokia kudeatzen duen Furesa enpresak laguntza eskatu zidan. Donostiako beilatoki batek salneurri lehiakorrak eta ongi zaindutako sukaldea izango dituen jatetxe bat merezi duela esan zidan eta eskaintza horren aurrean ezin izan nuen ezetzik esan.
Ez dut horrelako beste esperientziarik ezagutzen, baina nire lagunen oso lagun ona naiz eta beilatokia kudeatzen dutenak nire lagunak dira. Niregan konfiantza jarri dute, lan interesgarria egin dezakedala uste dute. Beilatoki batek bere mugak dituela badakidan arren, borrokatuz eta pozik lan eginez aurrera egingo dugula komentziturik nago, erabat komentziturik.

Nolako giroa sortu nahi duzue bezeroen artean? Jatetxea beilatokiaren goibeltasunari egokituko zaio ala sentimendu horretatik ihes egiten saiatuko zarete?
Bertaratzen direnak, une batez beren arazoez gain beste edozertaz hitz egiteko aukera izatea eta ahalik eta hoberen sentitzea da gure helburua. Jatetxeak, beraz, ez die heriotzaren inguruko egoera goibel horiei lagunduko, alderantziz gertatuko da.
Beilatoki batek ere behar duen poztasuna eskainiko diogu, goibel sartzen den jende horri poztasun txiki bat ematearren. Horrelako leku batek duintasun handia merezi du, baina, aldi berean, naturaltasun eta lasaitasun osoz lan egingo dugu. Ni hiltzen naizenean agurtzera datozkidanek gozatzea eta ongi pasatzea nahiko nuke; ez dut inor goibel ikusi nahi, ez orain ezta geroago ere, eta ekimenak filosofia horrekin egingo du aurrera


Azkenak
2025-09-04 | Karlos Zurutuza
Hizkuntzen museo txiki bat dago Parisen

Sena ibaitik metro eskasera egon arren, ez dago Mundolingua museoa aipatzen duen turismo gidarik. Kasualitateak baino ez gaitu eraman horra. Nolanahi, horrela aurkitzen dira, maiz, hiri baten sekretu gordeenak.


María Chivite lehendakaria:
“Poliziaren abusuak eskala handikoak izan ziren eta garai batean baino gehiagotan gertatu ziren”

UPNk salatu du Nafarroan eskuin muturreko taldeen eta Poliziaren indarkeria aztertzen duen batzordeak ia edonor hartzen duela biktima gisa. María Chivite lehendakariak erantzun dio Poliziak egindako abusuen salaketak asko izan direla eta denboran hainbat garaitan... [+]


2025-09-04 | ARGIA
Erresuma Batuan 700 lagun atxilotu ditute jadanik, Palestine Action taldeari babesa adierazteagatik

Uztailean Keir Starmerren gobernuak erakunde "terrorista" gisa izendatu zuenetik, Palestine Action taldearen aldeko mezuak erakusteagatik ehunka lagun atxilotu dituzte. Larunbatean manifestazioa antolatu dute Londresen eta beste mila pertsonatik gora atxilotzeko... [+]


Mirentxu Loyarte hil da, euskal zinemagile aitzindaria

Zinemagile iruindarrak, ibilbide labur baina baliotsua egin zuen zinemagintzan 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, zuzendari lanetan emakumerik apenas zebilenean. Irrintzi lanarekin garai hartako errepresioa islatu nahi izan zuen, eta Ikuska proiektuan euskal emakumeak erretratatu... [+]


2025-09-04 | ARGIA
Hizkuntza politika “ausart eta berrituaz” eztabaidatuko dute TMeLaborategiaren udako eskoletan

Irailaren 9an eta 12an egingo dituzte udako eskolak. Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintzaren Laborategiak hizlari potenteak gonbidatu ditu, besteak beste, Iñaki Iurrebaso, Olatz Altuna, Jon Sarasua, Idurre Eskisabel, Josu Aztiria, Iñigo Urrutia eta Miren Zabaleta... [+]


2025-09-04 | Aitor Aspuru Saez
Sara Fantova
“Ez dugu film feminista edo bolleroa egin nahi izan, baina gure esperientzia hori da eta islatu dugu”

Sara Fantova zinemagile bilbotarraren Jone, batzuetan filma zinema aretoetara helduko da irailaren 12an. Pelikula komunitarioa sortu du Kaskagorri eta Kranba konpartsekin, Bilboko Aste Nagusian girotuta baitago amodioa, jaia, gaixotasuna eta zaintza ardatz dituen istorioa.


Barkoxeko pastoralaz

Usaiako "süjetik" gabea, esku andana batek idatzia, errejent multzo batek zuzendua, gertakizun askoren kontari, gisa guzietara kolektiboa da.


Elizondoko Benito Menni egoitzako langileek 60 greba egun bete dituzte

Greban dira Benito Menni egoitzako langileak joan den abuztuaren 25etik, irailaren 8ra bitarte. Hermanas Hospitalarias enpresak agindutako kaleratzeen eta unitate itxieren aitzinean, Nafarroako Gobernuak ez duela arduratsuki jokatzen ari salatu dute.


2025-09-04 | El Salto
Genoako portuko zamaketariek Israelerako bidalketak blokeatuko dituzte, sionistek elkartasun ontzidiari eraso eginez gero

2010ean "Mavi Marmara" itsasontzia abiatu zenetik, Palestinarekiko elkartasun itsas operaziorik handiena osatzen du Global Sumud Flotillak. Israelgo Gobernuak terroristatzat jo ditu nazioarteko ekintzaileak.


Espainiako Vueltako Bilboko etapa geldiarazi dute Israelen aurkako protestek, eta ez dira helmugara iritsi

Bilboko erdigunean amaitu behar zuen txirrindularitza etapak, baina Deustun sartzear zirela antolakuntzak erabaki hori hartu du, helmuga ingurua manifestariz beteta zegoelako. Aurretik ere igaro dira helmuga puntu horretatik, eta istiluak izan dira. Ertzaintzak gutxienez hiru... [+]


Jerusalemgo tranbiaren proiektuaz “gogoeta etikoa” eskatu dio CAFi Pradales lehendakariak

Kontratua segi ala eten, enpresaren erabakia "errespetatuko" lukeela argi utzi nahi izan du Imanol Pradales lehendakariak, Euskadi Irratiari egindako elkarrizketan. Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza.


Valle de Odietako makroetxaldearen epaiketa
Digestato kutsadura handia izan zen, eta isurketa, antza, Valle de Odietak eragin zuen

Astearte honetan egin da Valle de Odietako makroetxaldearen aurkako epaiketa Iruñeko Justizia Jauregian. Epaileak ebatzi behar du ea 2021ean haien lur sailetan egindako isuri baten ondorioz, lur eremu horiek larri kutsatu zituzten ala ez, eta nork eragin zuen. Aditu... [+]


2025-09-03 | ARGIA
Baionako Atalante zinema-ohia jarduera politiko eta kulturalerako okupatu du Kontseilu Sozialistak

Baionako Herriko Etxearen jabetzapean, eraikinak bost urte daramatza hutsik, eta espazio hori hartu du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, “elkartzeko, kolektiboki pentsatzeko eta borrokak antolatzeko”.


Euskalduntze prozesu osoa doakoa izateko pausoak eskatu ditu AEK-k

Aurtengo ikasturtean A2 mailara arteko ikastaroetako dirua itzuliko dute EAEn, baita C1ekoak 16-18 urteko ikasleei ere. Nafarroan A1 mailan matrikularen prezioa itzuliko diete.


Eguneraketa berriak daude