Lizarra-Garazi 2000ko urrian

  • 1998ko irailetik gaurdaino, akordioak izan duen garapena jorratu nahi izan dugu aktore garrantzitsuenetakoekin. Argiak eta itzalak bilatu, etorkizuneko saioetan non trabatu behar ez den asmatu guran. Saioa hor da, eta ez alferrikakoa mahainguruko kideen esanetan. Gauza ugari aldatu du akordioak eta oraindik apurtu ez den harreman sare bat ere hor da. Mahainguru hau bera ere, duela hiru urte gaur egun egin den giroan egitea posible ez zela izango mahaigaineratu zenMahainguruaz gain, Elkarri, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Abertzaleen Batasunetik Lizarra-Garaziko Foroko iraunkorreko kide diren ordezkariek gaiarekiko ekarpena egin dute hiru iritzi artikulu medio.
Hasteko, joan gaitezen akordioaren hastapen hurbilenetara. Alde batetik, hor zen HBko Mahai Nazionalak bultzatutako Irlandako Foroaren lana. Bestetik, Orduan ez zen publikoa, baina ETA, EAJ eta EAren arteko bilera bat izan zen uda hartan. Honen ondorioz etorri al zen akordioa eta gero su-etena? Ala su-etena gainean zegoela etorri zen akordioa?
JUAN MARI JUARISTI
1992an Euzkadi Buru Batzarra eta HBko Mahai Nazionalaren artean elkarrizketak egon ziren. 1995ean berdin. Eta 95etik aurrera bide hori sakontzen joan zen. Elkarren arteko konfiantza irabazten joan zen bitartean, giro politikoa bero-bero egon arren, hemendik kanpoko gatazka batzuk, gureak baino gogorrago eta mingarriagoak, konponbidearen bidean jarri ziren negoziazioaren eskutik. Irlandakoa da adibide bat eta Ekialde hurbilekoa beste bat. Bi alderdien arteko konfiantza medio, Mahai Nazionalak proposatuta, Irlandako Foroak eman zuen bide Lizarra-Garaziko akordiorako.
Bide batez, beste zenbait zirkunstantzia gertatu zen: Ajuria Eneko hitzarmenak hamar urte bete zituen bere potentzialitatea garatu gabe, Ardanzak 98ko martxoaren 17an aurkeztutako planak zuen potentzialitatea bertan behera utzi zen. Horren guztiaren ondorioz eta alderdien arteko konfiantza medio burutu zen akordioa. Azken hilabeteetan, paraleloki, EAJk eta EAk elkarrizketak izan zituzten ETArekin eta horien ondoren, irailaren 18an, ETAk alde bakarreko eta mugagabeko su-etena eskaini zuen

GERMAN KORTABARRIA.
Akordioa eta adierazpena bereiztu behar dira. Akordioak adierazpena gainditu zuen. Eta adierazpenak berak badu indarra, konpromiso batzuk jasotzen ditu, egoeraren azterketa jasotzen du. Indar abertzaleek burututako azterketa hori eta konponbiderako proposamena aurrerapauso handiak izan ziren.
Akordioak -urteetan hain harreman gutxi izan zuten indarren arteko adostasunak- bere garrantzia eta jendeari itxaropena eman zion. Sinatzaileen arteko akordioak indar handia hartu zuen horrela, baina nire ustez sinatutakoak ere garrantzia handia du. Anekdotikoa da, baina Lizarra-Garaziko afixetarako HBkoek
-azpiegituraz arduratzen zirenek- 'akordioa' hitza aukeratu zuten. Nire ustez 'adierazpena' beharko luke. Akordioa azpimarratu nahi izan zen, adierazpenaren edukia baino. Adierazpenak metodologia bat du, faseetaz-eta diharduena, baina hori ez da galdu den bakarra. Baloreekin zerikusia duen beste eduki hori ere, hiritarren borondatearen errespetuari buruz-eta ari dena, galdu da. Lizarra-Garaziko adierazpenak duen potentzialitate hori ez da behar adina barneratu.

TXUTXI ARIZNABARRETA.
Galderara itzuliz, EAJ, EA eta ETAren arteko elkarrizketaren ondoriozko su-etenak ekarri zuen akordioa? Ala akordioak ekarri zuen su-etena? Nire ustez, ez bata eta ez bestea. ETArekin adostutakoaren oinarrian subiranotasuna zegoen. Eta Lizarra-Garazik planteatzen duena gatazka gainditzeko bide demokratikoa da. Jakina, bide horretan gatazkaren sustraietan dagoenari heldu behar zaio eta sustraietan lurraldetasuna, subiranotasuna... daude. Zentzu horretan interrelazio bat dago, baina berez batak ez zuen bestea ekarri.

PERNANDO BARRENA.
Nik uste dut Juan Mariren analisia funtsean zuzena dela. Argi dago Lizarra-Garaziko akordioa HBren eta EAJren arteko hainbat urtetako harremanen ondorioz etorri zela. Konfiantza zabaldu zen heinean, analisi eta diagnostiko komunak iritsi ziren, politika mailan itzulerarik gabeko puntu batera iristeko. Ni bat nator Lizarra-Garazi su-etenaren ondorioa -edo alderantziz- ez dela esatean. Baina ezin dugu inozoak izan eta pentsatu, nahiz eta bi bide izan, konpartimendu estankoak direnik. Sinergia bat sortu zuten bi ekimen horiek. Baina funtsean zuzena da bi dinamika desberdin izan zirela esatea.
Germanek aipatu duen akordioa eta adierazpenaren arteko desberdintasuna interesgarria da. Akordioa sinatu artean, ekimenaren antolaketa ez zen oso 'demokratikoa' izan. HBk eramaten zuen orduan azpiegitura eta egokia ikusten genuelako aukeratu genuen 'akordio' hitza. Hitz horrek gaur egungo ikuspegitik baditu bere defizitak. Baina nik gogora ekarri nahiko nuke irail hartan bizitzen ari ginen egoera nolakoa zen. Garrantzitsuena, Germanek esan duen bezala, adierazpenaren edukia bazen ere, ez da ahaztu behar hain jende ezberdina biltzeak eta egin zen diseinuak berak -alderdi politikoak, sindikatuak eta gizarte mugimenduak bilduz- sekulako berrikuntza ekarri zuela. Horrek ere bazuen bere pisua.

MARTIN ARANBURU.
98ko udan bi elementu publiko eta elementu pribatu bat izan ziren akordiora eraman zutenak. Publikoki garrantzi handia izan zuten HBk proposatutako Irlandako Foroak eta, bestetik, ELAk eta LABek Gernikan esandakoa: Estatutua agortua zegoela eta beste marko bat bilatu behar zela. Pribatuki, udan zehar EAJ, EA eta ETAren artean harremanak egon ziren. Irlandako Foroan, uztaila bukaeran, esan zen hauteskundeak pasa arte ez zela giroa zakartzea komeni eta Foroaren inguruan lantzen ari ziren harremanak-eta gerorako utzi behar zirela. Abuztua amaieran dinamika guztia piztu egin zen eta Lizarrako akordioa heldu zen, ETArekin izandako elkarrizketen eta lortutako akordioen ondorioz.
Gauza da, akordioa egin genuela, baina irakurketan huts egin genuela. Ez genuen zehaztu zein izango zen prozedura zehatza, zein rol bete behar zuen agente bakoitzak... horrek irakurketa desberdindua bideratu zuen.

Nola ulertu zuen bakoitzak akordioa? Guztientzat gatazka bideratzeko tresna bat zen. Baina, esaterako, EAJk esan du ezker abertzalea eta ETArentzat lurreratze plataforma zela Lizarra-Garazi. Ezker abertzalean, aldiz, burujabetzarantz aireratzeko plataformatzat hartu da.
J.M. JUARISTI.
Guretzat, Lizarra-Garazi Ajuria Eneko Itunak, 8. eta 10. puntuetan zekarrena baino aurrerapauso bat gehiago zen, gurea bezalako gatazka bat gainditzeko metodo guztiz demokratikoa. Kontuan harturik gure herrian abertzaletasuna gehiengoa dela eta askatasun egarria gehiengoak duela, herriaren gehiengoa erakartzeko eta herri hau burujabetzaren bidean jartzeko bide egokiena da Lizarra-Garazi. Hasieratik, helburua hemen gaudenak eta beste batzuk ere erakartzea izan zen. PSOEri gonbitea luzatu zitzaion, baina azkenean ezezkoa eman zuen. Hori ez zen batere lagungarri izan.

G. KORTABARRIA.
Lizarra-Garazi gauza asko batera izan zedila nahi izan zen. Lurreratze plataforma bat izan ote zen? Horrelako interpretazioek kontzesio kutsu paternalista bat dute. Guk ez dugu horrela ikusten. ETAren Alternatiba Demokratikoaren bigarren puntuan indar sozialen garapena aipatzen da irtenbide bezala. Ezker abertzalearen barruan bide hori gehienbat LABek garatzen du. Bide horrek badu soka, badu indarra, eta apurka-apurka ezker abertzaleak indar sozialak, indar politikoak eta indar hiritarrak metatuz proiektu politikoak aurrera ateratzeko aukera egon daitekeela ikusten du. Lizarra-Garazi, batez ere, aukera hori da.
Lizarra-Garazik erakusten du bide armatuak eta indar metaketaren bideak elkarri traba egiten diotela. Lizarra-Garazik printzipio batzuk eta metodo bat aldarrikatzen ditu eta elkarlan prozesu bati bide ematen dio. Horrekin batera, koakzioak atzera egiten du.
Lizarra-Garazi hipotesi baten garapenaren ondorioa da. Hipotesia Alternatiba Demokratikoaren bigarren puntuarekin dago lotuta. Hori ezker abertzalean LABek landu du, beste blokean zegoen ELArekin batera.
Bestalde, Lizarra-Garazi gatazkaren konponbiderako eta bakerako aukera izugarria izan zen, Estatuko indarrek alferrik galdu zutena.

T. ARIZNABARRETA.
Lurreratze eta aireratze kontu horiek alderdi politikoen artean izan direla esango nuke. Baina egia da hegazkinen adibidea neurri batean erabili daitekeela. Lizarra-Garazik pista demokratikoa ipintzen du. Izugarrizko erreferentzialitatea du gatazka hau gainditzeko, pista horretan edozein proiektu politikok lurra hartu dezakeelako, baldin eta joko demokratikoa onartzen badu. Baina kontua da pista horrek baldintza berberetan ipintzen dituela hegazkin guztiak, proiektu politiko guztiak. Pista hori erabili nahi ez duenak, joko demokratikorik erabili nahi ez duen seinale.

P. BARRENA.
Lizarra-Garazik hasieratik izaera demokratikoa aldarrikatu zuen. Hasieratik bertatik deialdia egin genien une horretan sinatzaile ez ziren agenteei, demokratikoa zen akordio horretara gehitzeko eta analisi hori konpartitzeko. Une horretan eredu hori beste hainbat eragilek bere egitea posible zela sinetsi nahi genuen. Interpretazio aldetik arazo nagusi bat izan zen: indar espainolistek Lizarra-Garaziri abertzaleen arteko akordio bat izatea eta, beraz, ideario abertzale bat edukitzea leporatu zioten. Lizarra-Garazi barruan hori izan dugu betiko eztabaida: nola egin aurre horri? Nola ikustarazi gizarteari izaera demokratiko hutsa zeukan akordio bat zela eta konponbiderako eredu bat besterik ez zela proposatzen? Eta beste eztabaida bat ere izan da sinatzaileon artean: Lizarra-Garaziren edukiak subiranotasunaren aldeko edukiak ziren ala ez. Kontzeptuak oso manipulatuta daude. Herri honetan, une honetan herriak hitza eta erabakia duela esatean, berehala soberanistaren ikurra ipintzen dizute. Horrek eraman behar gaitu pentsatzera, subiranotasunaren aldeko planteamendu bat egitea Euskal Herrian, planteamendu demokratiko bat egitea dela. Hor badago, beraz, borroka dialektiko bat.
Lurreratzearen aferan, nonbaiten entzun zen ezker abertzaleari kontzesio batzuk egin behar zitzaizkiola, edozein akordiotara iritsi eta ezker abertzaleari egindako kontzesioa omen zen... Ezker abertzaleak ez du inoiz sentipen hori izan. Bokazioz ezker abertzalea ez da anti-instituzionala, baina ez ditu ontzat ematen egun gure herrian diren instituzio batzuk. Ezker abertzalea egiten ari den planteamendu politikoa, neurri handi batean, herri osoak behar duen antolaketa instituzionalean oinarritzen da. Ezker abertzalea lurreratze instituzionala egiteko prest dago edozein unetan, baldin eta instituzio horiek Euskal Herriaren instituzioak badira.

J.M. JUARISTI.
Pernandok esan duenari ñabardura bat erantsiz, egia da subiranotasunarena planteamendu demokratiko hutsa dela, baina gaur soilik abertzaleok aldarrikatzen dugu hitza herriak izan behar duela. Nazionalismo espainiarrak hitza Espainiako herriak duela esaten du.

M. ARANBURU.
Nire ustez Lizarra-Garazi bada lurreratze eta aireratze plataforma bat. Ezker abertzalea borroka politikoan sartuko da, baldintza batzuk betetzen badira. Lizarra-Garazik baldintza horiek bideratzen zituen. Ezker abertzalea, borroka armatua utzita, borroka politikoan sartzeko modu bat zen guretzat. Lurreratze horrek su-etena eta, beraz, borroka armatuaren bukaera bideratu zuen. Guk beti esan izan dugu baldintza horietan kolaboraziorako eta aberrigintzan lan egiteko prest gaudela. Orduan hasi ginen hitz egiten marko politikoa gainditzeko beharraz, planteamendu jakinekin eta prozedura konkretu bat markatuta. Bi elementu horiek bat egin zutenean, Espainiako Estatuan urduritasuna sortu zen, azkenean lortu zelako batzuek askotan planteatu izan genuena: kolaborazioaren bidetik izugarri aurreratu daitekeela. Hortik etorri zen kriminalizazioa.

J.M. JUARISTI.
Germanek gai garrantzitsua mahaigaineratu du. Lizarra-Garazik izan ditzakeen akatsez gain, nola hartu izan den beste esparru batzuetan. Bi urte geroago esan genezake Lizarra-Garaziko sinadurak argi gorri asko piztu zituela. Ordutik hona sekula ez bezalako manipulazio mediatikoa ezagutu dugu. Atzo bertan, lotsa gutxirekin, esaten zuten Lizarra-Garazin Eusko Jaurlaritzarako abertzaleen akordioa aurreikusten zela, Udalbiltzaren sorrera Lizarrako testuan dagoela, ETAren testua dela eta horrelako gezurrak. Estatua, bere bitarteko guztiekin, aurrez aurre izan dugu. Perspektiban aztertuta, nik bi akats nagusi botako nizkioke akordioari: bata, ETAk mesede gutxi egin zion akordioari Garaziko bilerara oharra bidali zuenean, begi onez hartzen zuela esanez. Tutelaje bat zirudien eta akordioaren etsaiei argudioak eman zizkien. Bigarrena, hasierako hilabeteetan, Lizarra-Garaziko permanenteen bilera guztiak ia-ia klandestinitatean burutu ziren, gehiegizko zuhurtziaz jokatu zen, ateratzeko beldurrez. Gu mezu baikorra ematen saiatzen ginen bitartean, mezu ezkorrak etengabe aritu ziren. Mayor Orejaren propaganda ministerioa buru zela, aparteko manipulazioa egon da, Goebbels berak ere hobetu ezingo lukeen manipulazio lotsagarria, eta gaur erabat demokratikoa den dokumentu hau guztiz prostituitua eta kutsatua dago iritzi publikoaren aurrean. Horrek ikaragarrizko zama ekarri dio Lizarra-Garaziri. Estatuak zatitzeko bezperan balego bezalako erantzuna eman du eta guk ez dugu jakin izan behar bezala aurre egiten.

G. KORTABARRIA.
Iragan ekainean Irlandako prozesuan bitartekari izandako Alec Reid apaiz erredentorista Bilbon izan zen. Mintegian bere notatxoak atera eta Irlandan egindako proposamena irakurri zuen. Berak irakurri ahala, "hau Lizarra-Garaziko Adierazpena da" pentsatu nuen. Ondoren, batzuen artean hausnarketa hau egin genuen: "Lizarra-Garaziko Adierazpenaren sukaldean egon direnak Irlandakoa kopiatu badute, ez dute lan handirik egin". Horrekin ez diot adierazpenari baliorik kendu nahi, baina agian metodoa falta izan zaio. Ez metodo orokorra, baizik eta hurrengo egunetik aurrera foroak jarraitu behar badu, nola lan egin, nola zehaztu, adostasunak nola bilatu... Horrek ondoren gertatutako gauza askorekin zerikusia du. Gehiegi inprobisatu da.

J.M. JUARISTI.
Irlandako adibidearekin jarraituz, bertako prozesua aurrera eraman ahal izateko giza baliabideak izan dituzte. Besteak beste, Gerry Adamsen eta John Hume-ren alderdiek, bakoitzak 100 pertsonatik gora zituen liberatuta proiektua gauzatzeko eta gizarteari azaltzeko. Auzo batean norbait prozesuaren aurka egonez gero, pertsona liberatu bat zegoen harekin egun osoan aritzeko. Eta hemen ez ditugu izan ezta dozena erdi ere.

M. ARANBURU.
Giza baliabide murritzek agian azkarrago joateko aukera mugatu zuten. Baina Lizarra-Garazik bakoitza bere lekuan jarri du, bakoitzaren borondatea agerian utzi du. Bai bake akordioaren itunari dagokionez
-Espainiako eta Frantziako Estatuen borondatea ikusi da hor nagusiki-, bai ETAren tutelajerako borondatea. Eta aberrigintzari dagokionez, EH, EAJ eta EAren borondatea ere non dagoen ikus ahal izan dugu. Euskal gizarteak gaur oso garbi du bakoitzaren borondatea zein den. Beste akordio bat bideratzen bada Lizarra-Garaziren baldintza berdinekin -eta berdinak izango dira-, akats berdinak ez egiten saiatu behar dugu.

Bake prozesua eta eraikuntza nazionala, akordioa sinatu zenetik etengabe mahaigaineratu diren bi kontzeptu nagusiak dira. Batzuen ustez, akordioa eraikuntza nazionala bultzatzeko erabili da, garrantzitsuena bake prozesu bat bultzatzea zenean. Beste batzuen ustez bi kontzeptuok erabat lotuta daude eta elkarrekin doaz. Nola izan da? Nola izan behar zuen?
P. BARRENA.
Bi gauza oso ongi desberdindu behar dira: batetik Lizarra-Garaziren dinamika, gatazkaren soluziobide demokratikoa bilatu nahi zuena eta eredu bat eskaintzen zuen akordio horren dinamika; eta bestetik akordioaren sinatzaile ziren eta proiektu politiko bat bultzatu nahi zuten hainbat alderdi politikoren arteko dinamika. Lizarra-Garazik eredu demokratiko bat planteatzen zuen, besterik ez. Horrek ez du esan nahi bake prozesua eta eraikuntza nazionala aparteko kontzeptuak direnik. Ibarretxek hori akats bat izan dela eta biak desberdindu behar direla esan du. Nire ustez, planteamendu abertzale batetik ikusita, hori ageriko akatsa da, gatazkaren oinarrian dagoena ez ulertzea da. Bake faltaz hitz egiten denean, askotan biolentzia espresio batetaz hitz egiten da soilik. Baina borroka armatua eta kale borroka gatazka baten ondorio dira. Herri honetan izugarrizko defizit demokratikoa dago, eta nik ez dut hori auzitan jartzen, baina batzuek analisi hori egin eta uste dute borroka armatua beharrezkoa dela horri aurre egiteko. Fenomeno hori hor dago eta herri honek defizit demokratiko horiek estaltzen ez dituen bitartean, beti egongo da norbait ekinbide armatua justifikatuko duena. Abertzaleok defizit horri aurre egin behar diogu, demokrazia berdinzale bat errotzea bilatu behar dugu, sinetsita hori izango dela benetan herri honetan metodo biolentoak behin betiko desagerraraziko dituen egoera. Bakeak preziorik ez duela esaten da. Bada, jaun-andreok, bakeak badu prezio bat: justizia. Herri honek ez badu eskubiderik bere etorkizunaz ezer esateko, zaila da egoera baketsua egonkortzea.

J.M. JUARISTI.
Bake prozesua eta eraikuntza nazionala, zalantzarik gabe, elkarrekin doaz. Guk taktikoki pentsa genezakeen biak uztartzea ez zela egokiena, baina beste batzuk saiatu dira ondo baino hobeto uztartzen -PP eta PSOE nagusiki-. Baina Ibarretxek egiten duena ez da ageriko akatsa. ETAk, herriaren hitza eta erabakia errespetatzen ez dituen erakunde honek -Euskal Herriaren gehiengoak nabarmen esan baitu indarkeriarik gabe eraiki nahi duela etorkizuna-, eraikuntza nazionalaren aldeko apustuak eta aldarrikapenak adierazten dituenean, dena kutsatzen du.
Abertzaletasuna erailketekin, estortsioarekin eta inposizio totalitarioarekin uztartzen du ETAren jarduerak, nahi ala nahi ez. Ibarretxek iritzi publikoaren aurrean gu kutsatuta gaudela ikusten du ETAren jarduera medio; kutsadura horretatik askatzeko batetik giza eskubideen errespetu soila planteatzen du eta bestetik, bide politikoa, euskaldunon etorkizuna euskaldunok erabaki behar dugula. Gauzak denboran bereizten ditu, baina denboran soilik.

T. ARIZNABARRETA.
Komunikabideek, Parisek eta, bereziki, Madrilek Lizarra-Garaziren kontra eragindako erasoa aipatzean ezkor azaldu gara. Hori errealitate bat da eta horren aurrean ahulak izan gara. Beharbada ez genuelako behar bezala prestatu mamiak behar zuen gestioa. Gizarteratze lanak ez ditu eman behar besteko fruituak. Baina, baikor izanez, Lizarra-Garazik inflexio puntu politiko bat markatzen du. Sarritan hitz egin izan dugu era abstraktuan elkarrizketaz eta negoziazioaz edo subiranotasunaz. Lizarra-Garaziren edukiaren potentzialitatea ez dago soilik gatazka politikoaren onarpenean. Horrez gain, gatazkaren sustraian dauden giltzarriak sartzen ditu. Giltzarri horiek hor daude. Lizarra-Garazitik aurrera, edozein proiektu politikok ezingo ditu elementu horiek saihestu: Euskal Herriaren lurraldetasun kontzeptua, subjektu politikoa zein den -hitza eta erabakia nork duen- eta subiranotasun kontzeptua. Une honetan ere, eztabaida politikoan agertzen dira elementu horiek. Zentzu horretan, aurrerapauso handi bat eman da.
Bestetik, Lizarra-Garazi bakegintza arloan bezala, fronte subiranistaren barruan ere sartu izan dute. Horrek distortsio handia sortu du. Baina harremana badago. Lizarra-Garazik metodologia bat mahaigaineratzen du eta metodologia horren oinarrian joko demokratikoan oinarritutako negoziazio bat dago. Negoziazioa bi alderen artean egin behar da eta alde batek beti negoziazioa blokeatzeko aukera dauka. Hori hasieratik gertatu da: estrategia ultranazionalista espainiar eta frantziarrak negoziazioa oinarritik blokeatu dute, ez dutelako onartzen gatazka politikorik badagoenik ere. Nola onartuko, bada, negoziazio politikoa egon behar denik? Horrek bidea moztea dakar. Eta bidea moztean, non gelditzen dira proiektu abertzaleak? Bide horretatik ezin badute aurrera egin, bide soberanistan pauso praktikoak emateari ekin beharko diote. Paralelismoak ez dira sarritan zehatzak izaten, baina, Lizarra-Garazik Irlandako bidea islatzen badu, eta Irlandako bidea sistematikoki blokeatzen badigute, abertzaleok blokeoa gainditu behar dugu eta Quebeceko bideari heldu beharko diogu.

G. KORTABARRIA.
Pernandok esan duenari heldu nahi diot nik. Gatazka politikoa badago, baina hori ezin da izan dena estaliko duen manta. Esaterako, ETAk norbaiti tiro bat botatzen dio, eta erantzuna da: "Gatazka politikoa dago". Egia da eta, gainera, indarkeria espresio horiek gatazka politikoarekin zerikusia dute. Baina horrek ez du esan nahi gatazka politikoaren barruan edozer gauza egin daitekeenik. ETAk jendea garbitzen badu, ikuspegi askotatik aztertu eta ikusi beharko da zilegitasunik ba ote duen hori egiteko, horrek gatazka konpontzen laguntzen ote duen, indar metaketari laguntzen ote dion. Egia da defizit demokratikoa dagoen bitartean, beti egongo dela norbait indarkeriaren bidea hartuko duena. Niri horrek ez nau kezkatzen. Niri kezkatzen nauena da zuk edo beste horrek edo, batez ere, LABek zer diozuen horri buruz. Nik nire lana LABekin elkarlanean egin behar baitut.
Lizarra-Garaziko prozesuan estatuek erantzukizunez jokatu izan balute, bere birkonkista planteamenduan itxita geratu izan ez balira, aukera ederra izango lukete egoera aldatzeko. Baina estatuek ez dute bake prozesurik nahi.
Bake prozesua konkistatu behar dugu, ez bakarrik prozesuaren emaitzak, prozesua bera konkistatu behar dugu. Lizarra-Garaziren arabera, konpontze fasean sartu arte, inori ezin zaio eskatu indarkeria utz dezan. Baina posible al da konpontze fase horretara iristea indarkeria adierazpenak erabiliz? Batzuk horretan daude. Beste bidea, indar metaketarena, hiritarren borondatea irabaztearena da konpontze fasera eramango gaituena.

M. ARANBURU.
Txutxik blokeoa aipatu du. PPk eta PSOEk hasieratik beren borondate eza erakutsi zuten, bake prozesuak Euskal Herriko trena beste marko baterantz bideratzen zuelako. Blokeoa nola gainditu? Erraza da esatea, "blokeoa dago eta hemen iniziatiba propioak abiatu behar ditugu". Baina prozesua blokeatu zutenek sozialki sekulako atxikimendua lortu dute, prozesua oztopatu eta kriminalizatu ostean. Guk izugarrizko akatsa izan genuen, ezin izan genuelako Lizarra-Garazi behar bezala azaldu eta gizarteratu. Blokeoa gaindituko litzateke, PP eta PSOEren jarduera politiko horrek sozialki zigorra jasoko balu. Hemen, Irlandan bezala, Lizarra-Garazi gizarteratzeko gaitasuna izango bagenu eta euskal gizarteak PPk eta PSOEk prozesua oztopatzen dutela ikusteko heldutasuna izango balu, alderdi horiek ez lukete izango gaur duten indar sozial eta elektoralik. Akats izugarria egin dugu. Batetik, gizarteratzearen diseinuan huts egin dugulako. Baina, bestetik, kohesio soziala lortzen ahalegintzen ginen bitartean, kale borroka fase bat hasi zen eta atentatuak ondoren. Eta Lizarra-Garazikooi asko kostatu zitzaigun horren inguruan hausnarketa egitea. Zein legitimitate du falta diren alderdiak erakarri nahi dituen, baina gatazka adierazpen horien inguruan ezertxo ere esaten ez duen akordio batek? Erraza besteen blokeoaz hitz egitea da, baina guk ere akats handiak egin genituen.

J.M. JUARISTI.
Nik uste dut, hasiera-hasieratik ETA erakundeak ez zuela begi onez ikusi Lizarra-Garaziko Akordioa, nahiz eta gero Garaziko bileran bere baiezkoa adierazi. Lizarra-Garaziri norbaitek kalte egin badio, hori ETA izan da, 1999ko abenduaren 3ko su-etenaren hausturarekin. Guk akatsak eduki arren eta kanpotik erasoak jaso arren, 98ko urriko zein 99ko ekaineko hauteskundeetan Hegoaldeko lau lurraldeetan bederen abertzaleok gehiengoa lortu genuen. HBk inoiz lortu ez zituen emaitzak lortu zituen, bere inguruko hainbat eta hainbat lagun hurbildu zitzaiolako botoaren bitartez eskerrak ematera. Ilusioa sortu zen eta orain ilusio horri izugarrizko lehergailua jarri zaio.
Aznarrek hori bere Txetxenia partikularra bezala erabili du 10,5 milioi boto lortzeko. Bide batez, euskaldunon hiru laurdenak ordezkatzen dituen Legebiltzarra ere espainolen menpe ikusten dugu gaur. Abertzaleok duela bi urte gai izan ginen gutxieneko adostasun puntuetara iristeko, eta orain, berriro ere, mutur joka gabiltza. ETAk, ekintza bakoitzaren ondoren, arazo gehiago jartzen dizkigu mahai gainean. Hori ez ikustea, akats estrategiko ikaragarria da. Guk, abertzaletasun soiletik, gure aldarrikapenarekin jarraituko dugu eta ea behingoz entzungor dagoen horrek belarriak zabaltzen dituen.

Lehenxeago Txutxik aipatu du Lizarra-Garaziko Akordioak inflexio puntu bat ekarri duela, horrek esan nahi du aurreko garai bat eta ondorengo beste bat dagoela. Aurreko garaiko osagai asko ari zaizkigu errepikatzen apurka. Aurreko egoerara itzultzea posible al da?
P. BARRENA.
Egia da, zenbait adierazleren arabera, 98 edo 97ko egoera hartara itzultzeko aukera handia dago; baina azken bi urteetako gertaerek, adibidez Lizarra-Garaziko Akordioak eta Udalbiltza modukoek erakusten digute noizbait soluziobide politikoren bat baldin badago, hori Lizarra-Garazik markatzen dituen klabeen haritik izango dela. Hori behintzat irabazita daukagu.
Horrez gain, azken bi urte hauetako norabide horrek beste hondar batzuk ere utzi ditu; ikuspegi abertzale batetik, argi geratu da abertzaleen arteko elkarlana gako nagusia dela, batetik gatazkari irtenbide bat emateko eta, bestetik, subjektu izango den nazio bat eraikitzeari begira. Dinamika bat abiarazi zen, gero gauzak ez dira atera espero bezain ongi, baina norabide bat markatuta dago eta argi geratu da abertzaleen arteko elkarlana ezinbestekoa dela, gizartean hori errotuta dago eta ezker abertzaleak ere bereganatua du berak bakarrik ezin duela marko berriranzko iraganaldia egin; eta EA eta EAJren oinarrietan ere beste hainbeste gertatzen dela uste dut. Ez dut uste orain arte egindako bidea alferrikakoa denik.

J.M. JUARISTI.
Ni ados nago azken esaldi horrekin: orain arteko bidea ez da alferrikakoa izan. Alde horretatik guztiok eman ditugu aurrerapausoak. Aurrera pauso nagusitzat joko nuke, besteak beste, aurtengo ekain inguruan alderdi politikook elkarri luzatu dizkiogun proiektu politikoen zehaztapena -bai EAk, bai HBk eta baita guk ere-, eta bi urte hauetan ELAk eta LABek egin dituzten adierazpenak. Beste saiakera bat ere badago aipatu hiru alderdiak gehi Abertzaleen Batasunaren artean, aurkeztutako proiektuak aztertu eta gutxieneko adostasun batzuk topatzeko; gero ETAk hori dena bertan behera utzi du, baina egon hor dago eta ikaragarrizko potentzialitate politikoa du, aurrerapauso handia eman daiteke.
Horrek zera adierazten du, guk uste dugula euskal gizarteak baduela nahiko indar etorkizuna irabazteko eta ez dugula behar inolako erakunde militarren babesik eta tutelarik. Lehen ere alde bakarreko su-etena eskaini zuen ETAk eta orain ere berari dagokio pauso hori ematea. Erraza da aitzakiak bilatzea edo erakundeak eskatzen duen ehuneko ehuna mahai gainean jarri ezean armekin jarraitzea. Horrek, besteak beste, adierazten du ETAk bere burua hartzen duela Euskal Herriaren arazoari irtenbide bat emateko interprete bakar bezala; alderdi politikoak adin txikikoak garela uste du, ez dugula gaitasunik herri hau beste norabide batean sartzeko eta, gure indar ahulezia medio, guk lortzeko kemenik ez duguna berak lortuko duela. Hori oso jarrera ezkorra eta inposatzailea da eta begibistan dago horrek ikaragarrizko atzerapausoa dakarrela. Hala eta guztiz ere, eta baikortasun puntu bati helduz, sindikatu eta alderdi abertzaleen artean jorratu ditugun ordu guztiek hazia ereinda utzi dute, eta lur ona bilatzen duen momentuan fruitua ekarriko du.

T. ARIZNABARRETA.
Nik uste dut ezin direla bidea eta pausoak nahastu. Bidea hor dago eta kontua da bide horretan pausoak batzuetan ematen direla bizkorrago, beste batzuetan astiro, hurrengoan geldirik eta beste batzuetan atzera eginez ere. Beraz, kontuan hartu behar dugu non gauden. Sindikatuetatik eta talde sozialetatik azaldu izan da Lizarra-Garaziren kudeaketan zeregin nagusia alderdi politikoetatik hartu zutela. LABetik zera ikusten dugu, sindikatuok Lizarra-Garaziren aurrelana egin genuela eta akordioa sinatu ondoren, beharbada ez genuela gureganatu behar beste lan horrekin jarraitu behar zela. Talde politikoen harremanek sarritan oso eragin zuzena jasotzen dute koiuntura desberdinetatik, hauteskundeak direla, erakunde desberdinetako jokoak direla... eta horrelakoak ere pasatu izan dira Lizarra-Garaziko kudeaketara. Koiunturen gainetik konpromiso falta bat ikusi izan dugu.
Entzuten da Lizarra-Garaziko ondorengo fasean gaudela eta niri burura datozkit erreka karramarroak, eskapatu nahi dutenean egundoko kolpea egiten dute atzerantz, nahiz eta ez dakidan horretaz ondo jabetzen diren; horregatik, ez dakit batzuk Lizarraren ondorengoan gaudela diotenean ez ote diren erreka karramarroak bezala ari. Bidea guztiz baliagarria da eta bide horretan pausoak ematekotan, Lizarra-Garaziko puntutik pasatu beharko dugu, bere edukia guztiz baliagarria da eta.

Lehen Germanek akordioa eta adierazpena bereizi ditu, eta akordioari dagokionez EAJkoek behintzat foroa agortuta dagoela diozue. Adierazpenak balio al du?
J.M. JUARISTI.
Bai, guk argi esan dugu ETAk jarri diola lehergailua Lizarra-Garaziko Akordioari baina baloreek bere horretan dirautela. Horren froga garbia da -eta Txutxik esandakoarekin ez nago ados- ekainaren 30ean aurkeztu genuela gure proiektu politikoa eta bake prozesuari buruzko gure pentsamoldea. EHk eta EAk ere eurenak aurkeztu dituzte. Idazki horiek Lizarra-Garazi sinatu eta urte eta erdira atera ziren, eta gaur egun alderdiok ofizialtasun osoz defendatzen ditugu. Beraz, hortik ezin daiteke ondorioztatu Lizarra-Garazik ez duela balio. Potentzialitateak berpiztu daitezke baina ETAk hori ezinezkoa egiten du. Hemen ez da karramarroarena egiten, izatekotan kanguruarena, aurrera.

P. BARRENA.
Dena den, horrelako jarrerekin ihes egiten da sarritan. Denok egin dezakegu gure analisia ETAren ekinbideaz, biolentzia politikoaz edo gertatzen den guztiaz, baina eragile politikook ETAren jarduera armatuaren arabera egin behar baditugu gure apustu politikoak, hori, azken finean, hirugarren agente batek -kasu honetan ETAk- gure agenda markatu behar duela onartzea da. Badakit ETAren ekinbide armatuak guztion ekinbide politikoa baldintzatzen duela baina hori ez da arrazoi hartzen ari diren hainbat jarrera hartzeko. Batetik, Lizarra-Garaziren erabateko izoztea; akordioa baliagarria da baina foroak oraindik ere ikaragarrizko potentzialitatea izan beharko luke, akordio hori gatazka politikoa gainditzeko tresna gisa eginda dagoelako eta gatazka gordinenean, tresna horretan indar handiagoarekin oinarritu beharko litzatekeelako.
Beste horrenbeste gertatzen da Udalbiltzarekin edota Gasteizko Legebiltzarrean zegoen akordioaren apurketarekin. Oinarrizko akatsa dago hor, alderdi bakoitzak izan dezakeen aliantza politika ETAren jarduera armatuaren pentsuan. EAJk, azken urteetan hartutako bideagatik Madriletik egiten ari zaion eraso bortitz hori eta izugarrizko kolpatze hori ezker abertzaleari trasladatu nahi diola dirudi. Madriletik esaten zaio EAJri ETAren kolaboratzailea dela eta gero EAJk esaten dio EHri biolentzia gaitzetsi ezean ezin izango duela Udalbiltzako iraunkorrean egon. Hori akats larria da. Ezker abertzaleak biolentzia politikoaren inguruko analisia ez du oinarritzen ekintza armatuek dituzten ondorio lazgarrietan eta deitoragarrietan, horretan bat baikatoz, ez dago inongo arazorik hori esateko; egoera hori behin-betiko gainditzeko egin beharrekoetan oinarritzen dugu gure analisia. Mamiari ez badiogu heltzen analisi faltsuetan eroriko gara.

M. ARANBURU
Guk argi dugu Lizarra-Garaziren ondoren ezer ez dela berdina izango. Etapa honetan argi ikusi dugu bortxakeriarik gabe abertzaleen arteko elkarlana posible dela eta elkarlan horrek nora eraman gaitzakeen. Horren aurrean ETAk egiten duen azterketa erabat okerra da, ez baitu egin nahi behin eta berriz gizarteak eskatzen diona.
Elkarlanaren ondorio bezala Udalbitza sortu zen eta elkarlanaren ondorio bezala Udalbiltzak aurrerapausoak emango ditu. PP eta PSOE non dauden ikusi dugu eta noraino dauden prest beren makineria erabiltzeko hemen aurrerapausoak gelditzeko. Juaristik lehen aipatu duen bezala, Lizarra-Garazin hasitako prozesuari esker, alderdi bakoitzak bere proposamen zehatza du egungo markoa gainditzeko; guk gure proiektu politikoa bageneukan baina ez gaur egun dugun zehaztasunarekin. Berdin EH eta EAJrekiko.
Gero ikusi ahal izan dugu ETA ez dagoela prest bere ekimen politikoa ezker abertzalearen beso politikoan uzteko; ez dago prest, hemen gidaritza berak eramaten duelako, hori oso argi ikusten ari gara. Pernandok dio ezin dugula baldintzatu gure ekimena ETAk egiten duenera, baina ez nago horrekin ados. Gure hausnarketan -eta EAJk ere berdina egiten duela uste dut-, ETAk norbaiti min egiten badio abertzaletasunari da, eta une batetik aurrera planteatu behar duzu ea posible den elkarlanean aritzea ETAren jarduera gaitzesten ez duenarekin; une batean planteatu behar zaio EHri nork eramaten duen ekimen politikoa, edo ETAk edo EHk.

G. KORTABARRIA.
Lizarra-Garazi benetako inflexio puntua izan da. Gatazka politikoa mahai gainean jarri du eta hori izan da estatuek onartu nahi izan ez dutena. Oso esanguratsua da aztertzea, adierazpena sinatu eta su-etena indarrean jarri ostean -beraz, distentsio egoera batean-, nolako tentsio ahaleginak egin dituzten Estatuak eta bere eragileek: beldurgarrizko hotsak gatazka eszenifikatzeko. Hala ere, gero eta gehiago ikusten da gatazka politikoa hor dagoela.
Beste gauza garrantzitsu bat, niri gertatu zait eta beste askori ere baietz uste dut: amesten ziren hainbat eszenategi berri posible zirela ikustea, lurraldetasunaren aldetik, herri kontzientzia aldetik... Imaginarioa ere aldatu da eta hainbat gauza errealago bihurtu dira.
Hirugarren gauza bat. Lizarra-Garazik metodo bat mahaigaineratzen du. Hau gizarte anitza dela esaten duenean, gure konpromisoa izango da gizarte honen gehiengoak nahi duena onartzea. Hori balore deklarazio bat da, praktika politikoan indarrean jarri behar dena, baina behar adina egin ez dena. Gure buruari galdetu beharko genioke ea zein estrategia beharko genukeen gatazka gainditu eta burujabetzaren bidea indartzeko (gaur egungo Euskal Herrian, ez gure ametsetako Euskal Herrian). ETAk su-etenaren amaiera iragartzen duenean, Lizarra-Garazitik bi bider esaten zaio, behin talde iraunkorretik eta beste behin batzarretik: "Aizu, azter ezazu berriro erabakia". Lizarra-Garazin gaudenok prozesu bat dagoela uste dugu, eta horrek prozesu hori oztopatu egiten duela. Lizarra-Garazi gora eta behera, baina honek ETAri zerbait eskatzen dionean, ETAk ez dio kasurik egiten. ETAk hori esaten duenean, Lizarra-Garaziko zenbait kidek -eta hori dezepzioa da niretzat- ez du Lizarra-Garaziren jarraipena defendatzen. Su-etena haustean ETAk egiten duen komunikatua Alternatiba Demokratikoaren 2. puntuaren derogazioa da.
Estrategia militarrak bere logika du. Erakunde armatu batek su-eten bat eman zuen eta burutik behera kaka egin zitzaion, ulertzen dut logika batean hori bere duintasuna zapaltzea dela. Nahi dena, baina horrek hankaz gora jartzen du gure helburuak lortzeko estrategia, eta honen oinarria jendea irabaztea da, ez dago beste biderik. Borroka armatuak erabat oztopatzen du Lizarra-Garaziko Adierazpenean markatzen diren metodo eta helburuak. Nahiago nuke akordioa sinatu genuen guztiok sinestuko bagenu Lizarra-Garazi, eta bertan markatzen den bidearekin kontsekuente izaten saiatuko bagina, sinatu dugunontzat jauzi kualitatiboa suposatzen du eta.

J.M. JUARISTI.
Lehen Pernandok gurea ihes egitea dela esan du, baina bai Lizarra-Garazik bai Udalbiltzak ETAri eskatutakoak honek aintzat ez hartzea da ihes egitea. Udalbiltza, besteak beste, udal kidez osatutako lehen instituzio nazionala da eta Euskalduna Jauregian dei berezi bat egin zen, ordura arte bildu ez ziren 1.800 zinegotzi horietatik at zirenak ere etor zitezen, eta hori ezin da inolaz ere ulertu desberdin pentsatzen duten Pedrosa edo Indiano modukoak erailez. Ihes egitea da Espainiako hauteskundeak direla eta ez aurkeztea edo Legebiltzarra uztea eta orain 250.000 abertzale ordezkaritzarik gabe uztea.
Horrez gain, su-eten garaian orain dugun adinako eraso mediatikoa izan dugu, eta zeresanik ez iazko maiatzaren 19an Legebiltzarrean zuekin adostasunera iritsi ginenean. Horrek ez gaitu kezkatzen. Guk beti esan dugu ez dugula estrategia politiko-militarretan parte hartuko, jakin badakigulako horrelakoetan agintea pistola mahai gainean jartzen duenak duela, eta gu ez gaude Espainiako armadaren menpe egoteko baina ezta euskal izena duen talde armatu baten menpe egoteko ere. Maiatzaren 19an Legebiltzarreko akordioa egin genuenean, besteak beste esaten genuen arazoak gainditzeko eta hauei aurre egiteko ahalegin guztiak egingo genituela. Tristeziaz ikusten dugu EH lehengo eskema zaharretara itzultzea. ETAk elkarlana guztiz baldintzatzen du, guztiz, eta hori ez ikusi nahi izatea da, pentsatzea beste batzuk zuek (Pernandori zuzenduz) ohituta zaudeten eskematara sartuko ginatekeela eta hori ezinezkoa da.

Goazen bada azken txanpara. Hemen ikusten denez, argi dago azken bi urteetan Lizarra-Garaziko Akordio eta Adierazpenak garrantzi handia izan dutela eta, nolabait, egoera horretara itzultzeko desio bat badagoela. Baina, halaber, jarrera kontrajarriak ere agerikoak dira, batez ere borroka armatua dela eta. Bai metodologia edo prozesua eta bai edukiei dagokienez, zer jarri beharko luke bakoitzak mahaiaren gainean 98ko irailekoaren gisako egoera batera iristeko?
P. BARRENA.
Nik uste dut 98ko egoera horretara bueltatzeko ikasi egin behar dela azken bi hiru urte hauetan gaizki egindakotik. Dena den, argi dago azken urte hauetan dinamika berri batzuk sortu direla eta bide berriak esploratu; areago, hainbat eskema mental ere aldatu direla esango nuke. Distentsio garai batean bizitzea zer den, eta horrek abertzalegoaren proiekturako zer onura ekarri duen argi dago. Gakoak Lizarra-Garaziren bide demokratikoan eta abertzaleen arteko elkarlanean daude. Gauza bat argi dut: hemen noizbait soluziobideren bat egongo bada, abertzaleok egingo dugun eskaintza politiko bateratutik etorriko da; gero beste batzuek ere beren ekarpena egin beharko dute, azken finean gizarte osoarentzako soluziobide bat izan behar duelako, bestela ez duelako balioko.
Baina ihes egin behar dugu kontzeptuen sakralizaziotik, abertzaleen arteko elkarlana negritan eta tipografia handienarekin jarriko nuke baina oso garbi utzi behar da elkarlana zertarako den. Diagnostiko bateratu bat egiteko gai izan behar dugu eta egun dauzkagun gabeziak nola gainditu behar ditugun adosteko. Honetarako bi puntu klabe daude: burujabetza eta lurraldetasuna, eta onartu behar dugu eremu hauetan bakoitzak badituela bere gabeziak. Gasteizko instituzioen inguruan, adibidez, ulertzen dugu batzuek egungo markoaren kudeaketan aritzeko duten beharra, eta erakutsi dugu gai garela ontzat ematen ez dugun markoan lan egiteko eta laguntzeko, baldin eta ahalegin hori marko hori gainditzeko biderkatzen bada. Badakigu 98 hartara nola iritsi ginen, zein den bakoitzak duen analisia eta mahai gainean zer jarri behar den hara bueltatzeko. ETAri nahi dena esan dakioke, lehen esan duzuen bezala, baina hori egunkarien bidez publikoki egin beharrean, 98ko udan bezala haiekin aurrez aurre egitea askoz emankorragoa dela uste dut. Arazoa da zer nahi dugun definitzea, ea horretara benetan iritsi nahi dugun, eta horren arabera eskaintza politiko bat egitea Euskal Herriari. Mahai honetako guztiok edo gehienok jai dugu eskaintza politiko bateratu hori egiten ez badugu.

T. ARIZNABARRETA.
LABekoontzat ere abertzaleen elkarlanean eta horren inguruko indar metaketan dira klabeak aurrera begira. Elkarlanerako, ordea, konfiantza klabea da eta konfiantza astiro irabazten da eta, sarritan, galdu egun bakarrean. Konfiantza, dena den, epe luzera begira eraiki behar da, helburuak eta estrategiak ondo zehaztuta. Gizartean jende asko jarri dugu noraezean, ezer ulertzen ez duela; hori hor dago, eta horrekin behin eta berriro aritu arren, agian ez dugu konfiantza hori lortuko. Epe laburrak beti dauzka berehalako interesak eta guztiok dakigu, epe laburrean bakoitzak bizi ditugun miseriak. Elkarlan hori lortzeko, beraz, epe luzera benetako konfiantza bat lortzen saiatu behar dugu; horrez gain, epe motzeko dialektikan halako malgutasun bat onartu beharko genuke.
Lizarra-Garaziren mamiari helduz eta bakegintzan aurreratzeko, LABetik beharrezkotzat jotzen dugu pentsatzen hastea Euskal Herri osoko talde politiko guztiez osatutako mahai bat eratzeaz elkarren artean hitz egiteko. Hori une honetan oso zaila da Lizarra-Garazi barrutik kudeatzea eta akaso bilatu beharko dira bitartekariak horretarako, nazioarteko pertsona edo erakundeetan. Sindikatuok eta talde sozialek, lagungarri edo osagarri diren foroak eratuko genituzke, alderdien foro horri gizartearen indar metaketa eta babesa eskaintzeko.

J.M. JUARISTI.
Bi urte hauek erakutsi digutenaren artean, hor daukagu aurrez aurre fronte espainiar ultranazionalista bat, inolako amore ematerik egin nahi ez duena. Beraz, jakin badakigu milioi asko ordezkatzen dituen Estatu bat dugula aurrez aurre, eta horren aurka gatazka demokratikoa planteatzeko aurrerapausoak eta atzerapausoak izango ditugu; baina Estatuarekin borroka demokratikoa aurrera eraman ahal izateko, indarkeria soberan dago. Burujabetza prozesu baten traktore izan behar dugu, gizartearen konplizitatea bilatuz, eta zinez uste dugu behar den denbora hartuz abertzaleok gizarteari gure proiektu politikoa azaltzen badiogu, gizartearen gehiengoaren babesa eduki dezakegula. Horretarako bi urte hauetan galdutako konfiantza berreskuratu beharko da; eta hori kostatuko zaigu, guk ez baitugu ahazten ETAk gurekin eta EArekin izandako elkarrizketaren epistolak zein modu anker eta zikinean atera zituen. Alde bakarrak baldin badauka su-etena aldarrikatu eta, berak bere baitan soilik egindako azterketaren arabera, atzera berriro armetara itzultzeko erabakia, ez da erraza berriz konfiantza berreskuratzea.
Aipatutakoa ez da erraza izango eta denbora emango liguke. Baina aurrez aurre ditugunak etsai erraldoiak dira eta ados nago Txutxirekin epe luzerako estrategiak behar ditugula esaten duenean; burujabetza eta lurraldetasunaren arazoa luzera begira jorratu behar ditugu, euskal gizartea atzetik erakartzeko gaitasunaren ustea gureganatu eta joko politikoan buru belarri sartu behar dugu. Hor PP eta PSOE aurrez aurre izango ditugu eta, beraz, urtetako estrategia daukagu adosteko.

M. ARANBURU.
Bereiziko nuke abertzale bezala nahi duguna eta daukaguna. Mahai honetatik kanpo bi milioi pertsonako lurralde bat dugu, bere eguneroko arazo guztiekin. Jende horri egunero eman behar zaizkio erantzunak eta horretarako dugu Eusko Legebiltzarra. Nahi nuke beste era bateko Euskal Herri bat, baina hori da duguna. Ulertzen dut eraikuntza nazionalean urratsak eman behar direla, baina horrek ez du esan nahi orain arte lortutakoa galdu behar dugunik. Hori da duguna. Eta zer nahi dugun? Eszenatoki berri bat lortu behar dugu, Lizarra-Garaziko Akordioaren gisako bat eta guzti, motor gisa abertzaleen arteko akordioa izango duena. Eta zeintzuk dira akordio honek dituen zailtasunak? Alde batetik, akordio hori bideratuko da guztiok horretarako borondatea badugu, jakinik ez dela izango ez EAJk, ez EAk ezta EHk nahi duena, laugarren planteamendu bat baizik. Zentzu horretan ez dirudi ETAk bere planteamenduak uzteko borondaterik duenik. EAJk ere horrelako pauso bat emateko bere etxea ordenatu behar du, konpromisoa handia da eta.

G. KORTABARRIA.
Esperientziatik ikasi beharra dago eta lana egin behar da; Lizarra-Garazin lan gutxi egin da eta gero ondorioak agerian geratu dira. Esate baterako, bere garaian ponentzien gaia mahai gainean egon zen baina ez zen ezer egin; agian, egin izan balitz, ponentzia horiek posible egingo zuten adostasun puntu batzuk lortzea. Bakoitzak bere proiektua du baina oinarrizko puntu txiki batzutan adostasuna beharrezkoa da. Bortizkeriak ez du kutsatu behar akordio hori eta gizarteko eragile politiko eta sozialek erabateko autonomia eta distantzia izan behar dute estrategia politiko militarrarekiko. Ikuspegi militarrak gehiegi baldintzatzen gaituela uste dut. Gure erronka euskal gizartearen konfiantza irabaztea da eta horren arabera ikusiko dugu prozesuak ematen dituen emaitzak.
Gizarteari begira, bestetik, eduki sozialak zeharo garrantzitsuak dira eta planteamendu neoliberaletatik ezin da burujabetzaren biderik garatu. Hemen bizi garenok gustura bizitzea eta herri honen partaide sentitzea lortu behar dugu, nahiz eta gero bakoitzak bere pentsamoldea izan. Horren aurka ari da Estatua, Estatua aspalditik dabil Euskal Herrian sektore espainiar irreduktible bat sendotzen, inolako planteamentuetara makurtuko ez dena, eta guk lortu behar dugu jende hori hemen gustura sentitzea. Horren adibide bat da Pedrosarena, PPko eta ELAko militante zena. Horretarako ikuspegi soziala ezinbestekoa da, eta hori da jendeari erakutsi behar zaiona.

MAHAIKIDEAK

Juan Mari Juaristi
EAJko GBBko lehendakaria
Azkoitian sortua 1960an. Zuzenbidean lizentziatua da eta AFORA S.A.n enpresa komiteko lehendakaria izan zen 84tik 88ra. Azkoitiko Udalean alkateordea izana da 87tik 95ra. EAJren baitan era guztietako karguak bete ditu. 88tik 92ra EBBko kide izan zen, GBBn ere birritan izan da eta gaur egun Gipuzkoako jeltzaleen aginte organu gorenaren lehendakari ere bada (eta, beraz, EBBko kide ere bai). 1991az geroztik Eusko Legebiltzarreko parlamentaria da.

Martin Aranburu
EAko zuzendaritzako kidea
Urretxun jaio da eta 26 urte ditu. Zientzia politikoetan lizentziatua da EHUko Gizarte eta Informazio Zientzien Fakultatean, Leioan. Gazte Abertzaleetan hasi zen 1992an eta gaur egun -1998az geroztik- Eusko Alkartasunako gazte erakundearen lehendakaria da. Eusko Legebiltzarreko EAko taldean ari da lanean teknikari gisa. Bilbon bizi da. Lizarra-Garaziko Akordio plenarioetan EAko ordezkari gisa aritu da.

Pernando Barrena
HBko Mahai Nazionaleko kidea
Iruñean jaio zen 1965ean eta gaur egun Berriozarren bizi da. Batxilergoa egin zuen eta hizkuntzen ikasketari ekin zion: ingelesa eta frantsesa menderatzen ditu eta alemanez moldatzen da. Euskaldun berria da. Txalaparta argitaletxeko euskarazko edizioen arduradun gisa aritu da sei urtez. 16 urterekin hasi zen militatzen HBn eta egun HBko Mahai Nazionaleko kidea da. 18 urterekin hautatu zuten zinegotzi Berriozarren eta 97a arte jardun du zeregin horretan. Foru parlamentaria ere bada

Txutxi Ariznabarreta
LABeko komunikazio arduraduna
Diman sortua da, Zollon bizi da eta 45 urte ditu. Enpresa ikasketak egin zituen Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan. Geroago Informazio Zientzien Lizentziatura egin zuen EHUko Gizarte eta Informazio Zientzien Fakultatean, Leioan. HABE erakundean jardun zuen euskarazko irakasle gisa eta, halaber, Eusko Jaurlaritzan aritu da teknikari lanetan hamar urtez. 1986tik da LABeko afiliatu, 1992tik zuzendaritzako kide eta 1994tik komunikazio arduraduna.

German Kortabarria
ELAko komunikazio arduraduna
Oñatiarra dela adierazten du harrotasunez, 49 urte ditu eta Algortan bizi da. Zuzenbide ikasketak egin zituen Donostian eta ondoren ELAn aritu da lanean, lehenbizi Donostian bertan eta gero, 1977tik aurrera, Bizkaian. 71n afiliatu zen ELAn eta abokatu laboralista gisa aritu zen 75a arte. 89tik ELAko zuzendaritzako kidea da. Formakuntza eta komunikazio arduraduna izan da (gaur egun komunikazio arduraduna bakarrik) eta datorren zuzendaritzako hautagaia da.

LIZARRA-GARAZIKO AKORDIOA
Lizarra-Garaziko Adierazpenak bi zati ditu. Lehenengoan, Irlandako akordioaren ezaugarriak aztertzen dira, bake prozesua ahalbideratu zuten faktoreen azalpena eginez. Bigarrengoan, faktore horiek Euskal Herrian nola aplikatu proposatzen dugu sinatzaileok. Hona hemen bere horretan 23 alderdi, sindikatu eta gizarte taldeok hitzartutako akordioa.
(Ondorengo lerrotan, bigarren zatia dakartzuegu, Euskal Herriari dagokiona).
Irlandako bake-prozesu eta akordioaren ezaugarriak kontutan izaki, Euskal Herriak nozitzen duen gatazkak ere konponbidea izan dezakeelakoan gara, beti ere jarraian aipatzen diren jokamoldeak errespetatzen diren neurrian.


IDENTIFIKAZIOA

Euskal-gatazka izenarekin ezagutzen duguna, jatorri eta izaera politikoa duen gatazka historikoa da, bertan estatu espainiarra eta frantsesa inplikatuta daudelarik. Beraz konponketak ere derrigorrez politikoa izan beharko du. Gatazkaren sorrera eta mantentzeari buruzko ulermoldeak desberdinak izanik, berau lurraldetasuna, erabaki subjektua eta burujabetza politikoan adierazten denez, aipaturikoak konpondu beharreko oinarrizko arazo gisa aurkezten zaizkigu.


METODOA

Elkarrizketa eta negoziazio prozesu irekiaren bitartez bakarrik gorpuztu daiteke konponketa politikoa, inplikaturik dauden eragileak baztertu gabe eta euskal gizarte osoaren esku hartzearekin.


PROZESUA

Hasierako fasea:
Elkarrizketa prozesua eta negoziazioa, inplikaturiko eragileen arteko harreman eta elkarrizketa bitartez eman daiteke, elkarrizketa prozesua gauzatu dadin, inplikaturik dauden eragileentzako gaindiezinak suertatu daitezkeen aurrebaldintzarik ezarri gabe.
Bukaerako fasea:
Bere baitan arazoaren zergatiak aztertzeko nahia eta konpromisoa daraman negoziazio eta konponketa-prozesua, gatazkari lotuta azaltzen diren indarkeriaz adierazpenik gabe gauzatuko litzateke.


NEGOZIAZIOAREN IZAERA

Negoziazioak osotasunezko izan behar du, hau da, arazoa osatzen duten eta bere ondorio diren kontu guztiak aztertuz eta erantzunak emanez. Ez daude agenda mugadunik. Honela, beraz, negoziazioa ez da hartu behar irabazi partikularren prozesu modura, arazoaren konponbide gisa baizik.


KONPONBIDEAREN GILTZARRIAK

Esandakoak, konponbidea erabakitzeko negoziazioak bere baitan ez dituela berariazko inposaketarik izango suposatzen du, eusakl gizartearen aniztasuna errespetatu behar duela, proiektu guztiak erdiesteko baldintza berdinetan kokatzen direla, Euskal Herrian demokrazia sakondu behar dela -hau da, Euskal Herriaren etorkizuna nolakoa izango den euskal herritarrek beren hitzaren bitartez adierazi behar dutela- eta inplikaturik dauden estatuek erabaki hori errespetatu behar dutela. Euskal Herriak hitza eta erabakia izan behar ditu.


ONDORIOZKO ESKENATOKIA

Konponbide-erabakiak ez du eskenatoki itxi eta behin betikorik edukiko. Alderantziz, berari esker, euskal herritarren tradizioari eta subirautza-asmoei aukera berriak kokatzeko moduko toki zabalak eratzea erraztuko da.
Euskal Herria, 1998ko Irailaren 12a
Akordioaren sinatzaileak
Alderdiak: AB, Batzarre, EAJ, EA, HB, Iniciativa Ciudadana Vasca, IU-EB (2000ko Urtarrilaren 26an Izquierda UE-EBk akordiotik kanpo gelditzea erabakitzen du), Partido Carlista-EKA, Zutik.
Sindikatuak: EHNE, ELA, ESK-CUIS, Euskal Laborarien Batzarra, Ezker Sindikala, Hiru, LAB, STEE-EILAS.
Begirale bezala: Ipar Euskal Herriko Berdeak, CFDT sindikatua.
Herri mugimenduak: Amnistiaren Aldeko Batzordeak, Anai Artea, Autodeterminazioaren Biltzarrak, Bakea Orain, CAR/Ahaideak, Comité de défense de droits de l'homme en Pays Basque, Egizan, Elkarri, EPSK/Gureak, Gazteriak, Gernika Batzordea, Gogoa, Gurasoak, Hautetsi Abertzaleen Elkartea, Herria 2000 Eliza, Herriarekin, Jarrai, Koordinaketa, Senideak, Sostengu Komiteak, UDA-Treviño.

GAUZAK ALDATU AHAL IZAN ZITUENA
Nahasmena eta erabateko erasoen talka ezaugarritzat duen garai honetan, Lizarra-Garaziko Foroak euskal gatazka aldatzeko egin zuen ekarpenari buruzko hausnarketa bat egin ahal izatea bereziki interesgarria suertatzen da. Zentzu honetan, eta haren ekarpenari ikuspuntu orokor batetik begiratuz, Elkarrik oso balorazio positiboa egiten jarraitzen du. Gizarte mugimendu honen iritziz, arazoa errotik heltzeko eta konponbide gaitasuna izan duen proposamen bakarra izan da azken hamarkadetan. Euskal gizarteak barneratu zuen lehenengo aldiz posible zela elkarrizketa politikoan eta indarkeriarik ezan oinarritutako konponbidea.
Funtsezko analisi positibo honekin batera, foroaren lanaren eta prozesuaren beraren norabide orokorrean hobetu izan zitezkeen aldeei erreparatu beharra dago. Behar bada hauxe baita gerorako ondorio interesgarriak ateratzeko era bakarra.
Gizarte mugimendu honen analisitik, haren ibilbidean zehar Lizarra-Garaziko Foroak bi hutsune izan ditu:
I. Modeloak eta estrategiak nahasi ditu.
Mezuak igortzerakoan eta pertzepzio sozial eta politikoan, nahastu egin dira Lizarra-Garaziko Foroaren hasierako adierazpenaren proposamen demokratikoa eta abertzaleen proiektu soberanistaren estrategia (legitimoa). Behar bada ez da izan nahita bilatutako nahastea, behar bada beste batzuek Lizarra-Garaziz egin duten erabilpenaren ondorioa izan da, edo komunikazio akatsen ondorioa; baina egia da denbora joan ahala hasierako azalpenak agertzen zuen metodologia demokratikoko kontzeptuak indarra galdu duela eta gizarteari igorritako mezua nahasiagoa izan dela.
Alegia, gatazka konpontzeko eredu irlandarra eta nazio eraikuntzako eredu quebecdarra nahastu egin ditugula dirudi. Hala ere, Foroaren indargune nagusia eskaintzen duen konponbide eredu demokratikoa da, Irlandako bake prozesuarena bezala, eta horri ezin zaio uko egin.
Aurrekoarekin lotuta, eta eredu nahasketa horren ondorioz sortutako diagnostiko edo diseinuko akatstzat jo daitekeenez, batzuetan, Euskal Herriko errealitate osoa Gipuzkoako osaketa soziologikoa, politikoa eta elektorala berbera balitz bezala jokatu izanaren itxura hartu du. Euskal abertzaleak ez direnen partehartzea beharrezkoa dela ahaztuz. Era berean, une batzuetan mezu soberanista konponketarako metodologia demokratikoaren gainean nagusitu izanak lagundu du Nafarroan, ekintza jakin batzuen bidez, euskal ½inbasioaren» mamu guztiak berpizten, bizkortzen, indarrak biltzen eta botoetan etekina ateratzen.
II. Berezko ahotsaz ez da mintzatu.
Lizarrak ez du izan ahots propio bakar bat, guztiak mintzatu dira eta mintzatu gara Lizarrari buruz. Aurkari bakoitza mintzatu da Foro honetaz. Foroan zegoen alderdi bakoitza ere mintzatu da hari buruz. Ahatik, Lizarra-Garaziko Foroak ez du azalpenik, ez komunikaturik ezta agerpenik ere egin une eta egoera desberdinetan Akordioaren esanahia gaurkotzeko edo argitzeko, eta jasotzen zituen erasoei erantzuteko. Are gehiago Lizarra gizarteratzeko eta hartaz informatzeko ekitaldiek agerian uzten zuten Foroari buruz kide bakoitzak zuen iritzi desberdina.
Testuinguru hartan, Lizarra-Garaziren kontrakoen nagusitasun mediatiko nabarmena eta haien etsaitasuna erabat errazturik gelditu ziren. Elementu haien guztien laguntzaz, artifizialki bada ere, nahasmen politiko eta sozialeko giroa sortu zuten eta ezer ez zela aldatu zabaldu zuten, denak lehen bezala, edo okerrago segitzen zuela, alegia. Hura guzia euskal gizartea bera hozteko, eta Espainako eta are nazioarteko iritzi publikoaren interesa, sostengoa eta elkartasuna gelditzeko asmoz. Era honetan, ia ohartu gabe, gizartean energia eta ilusioa galtzen ari ginen pixkanaka.
Egoera hari aurre egiteko asmoz, garai haietan Elkarriren proposamenek planteatzen zuten:
1.- Lizarra-Garaziko Akordioa kudeatzeko eta xedatzeko helburu argi bat zehaztu eta konpartitu.
Aldarrikapen guztiek eta sinatutako akordio guztiek helburu logiko bat dute: aldarrikatzen dena edo adosten dena betetzen, erreala bihurtzen eta praktikara eramaten saiatzea. Horregatik, zuzena zirudien Lizarrako Akordioaren helburua honen eduki teorikoa errealitate zehatza bihurtzea zela planteatzea. Lizarrako Akordioak euskal gatazka konpontzeko proposatzen duen eredu politikoa eta demokratikoa legezko (konponbidezko) marko batera eramatea.
2.- Aldizka Lizarra-Garaziko Akordioaren eta Foroaren esanahia proposamen politiko zehatzetan adierazi eta gaurkotu.
Hauxe zen eta hauxe da era argiena eta sendoena ekintzen bidez frogatzeko eta konbentzitzeko Lizarra-Garazi ez dela abertzaleen fronte bat, proposamen demokratiko bat baizik. Lizarra-Garaziko dimentsioa testimonialismo hutsera murrizten ez zuten ekimen politikoak garatu behar ziren. Eta mobilizazio eta atxikimendu sozial handia lortzeaz gain, Lizarra-Garaziko Foroak legearen esparruan emaitzak, aurrerapenak eta aldaketak erdiets zitzakeela erakutsi behar zen. Zentzu honetan, behar bada akats handia izan zen alderdien foro bat sortzeko proposamenaren aurrean irizpideen batasunik ez agertzea edo denen proposamen eta alternatiba bat ez eskaintzea. Lizarra-Garaziren jokabideari, labur esanda, errealitatearekin eta unez-uneko gaurkotasunarekin lotura falta izan zaio.
Nolanahi ere, esperientzia hau ez da galdu behar. Talde eta elkarte desberdinen arteko komunikazioak, elkarlanak eta elkarri entzuteak erakutsi du konponbide politikoa posible dela. Agian ez du Lizarra-Garazi izena eraman beharko, baina argi dago akatsetatik ikasiz eta ondo egindakoei probetxu ateraz, bultzatu zuten ideei eta printzipioei segida eman beharko diela.

Gorka Espiau Idoyaga
* Elkarriren ordezkaria Lizarra-Garaziko Foroaren
Batzorde Iraunkorrean

DIAGNOSTIKOA EGOKIA DA, BATU GAITEZEN
Hilabeteetan zehar inmobilismo oso batekin topo egin behar izan dugu. Ezin beraz bake bide iraunkor bat atxeman.
Euskal Herriak indarrak hartu zituen eta Udalbiltza deituriko terapia interesgarri batean sartu zen. Gertakizun hau Paris eta Madrileko ikertzaileek biziki gaizki bizi izan zuten.
Ikusirik Euskal Herria sendatzeko bidean zegoela aipaturiko ikertzaileek inungo zalantzarik gabe tratamendu pozoitsu bat administratzea erabaki zuten.
Piskanaka oxigenoa eskas izaten hasi zen eta perfusioa bapatean kendu zitzaion.
Geroztik zer bilakatzen da gaixoa? Demokrazia egarriz, autodeterminazioa beharrez eta injustiziaz soberan?
Azken egun hauetan, tratamendu txar horren testigu zuzenak izan gara. Euskal komunikabideei akreditazioak ukatu zaizkie Paris eta Madriletik; hain segur ere, Euskal Herria bere lurrean ikusmenik, entzumenik eta mintzamenik gabe utzi dute.
Zer espero dezakegu beraz Europatik honelako jokamoldeak eragozteko borondaterik ez badago?
1998ko irailaren hamabia Euskal Herriko memorian egun argitsu bezain esperantzagarria geldituko da.
Koma egoeran sartzen dagoen gaixo bati oxigenoa eskaintzea bezala; guri honen ondoren su-etenaren zaporea duen perfusio bat gehituko zitzaiolarik berandukeago.
Lizarra-Garazik "Batasun Nazionala" lortzeko ezinbestekoa den abertzale guztien elkartzea ekarri zuen.
Egoera berri honek Iparraldean ere bere eragina izan zuen; ordurarte sobera urtetan bata bestearengandik urrunduta egon garen abertzale familia desberdinen arteko elkarrizketak abiatu ziren.
Su-etena ematen zen bitartean eta sortu kontextu berri horrek ahalbidetzen zuen bezala, etengabe lanean jardun genuen. Beti ere euskal konfliktoari irtenbide bat atxemateko asmoz (PS, RPR eta berdeekin topaketak). Garai hartako asmoetarik bat prefektoarekin topaketa lortzea izan bazen ere, ez genuen lortu honek fermuki ukatu baitzigun bilera (kasualitatez, topaketa eskaera honen onarpena behin su-etena hautsita etorri zen!).
Egoera honen aitzinean ezinbestekoa da gure energia guziak batzea. Guk egindako diagnostikoa egokia da. Jar ditzagun, beraz, beharrezkoak diren terapia guziak martxan eta gureak diren erremedioak erabil ditzagun. Zeren jakin badakigu ikertzaile mamu horien lana gu itotzean datzala.
Paris eta Madril prest dira behar den momentua heriotzera eraman gaitzakeen birusa behin eta berriro txertatzeko.
PSk, PPk eta RPRk anputatu nahi gaituzte. Konfidantza izan dezagun gure txerto eta sendabideetan gaixoa lehen bait lehen ospitaletik atera ahal izateko. Izan ere Euskal Herriak edozein europarrek gustoz hartuko lukeen klima eta bizikalitate atsegina du. Jakin dezagun, beraz, zailtasun guzi horiek gainditzen segurtasun eta eraginkortasun handienarekin.

Mertxe Colina
* Abertzaleen Batasuneko ordezkaria Lizarra-Garaziko Foroaren Batzorde Iraunkorrean
EUSKAL HERRIAK DU HITZA ETA ERABAKIA
Jadanik 2 urte pasa dira Lizarra-Garaziko Akordioa sinatu zenetik. Gezurra dirudien arren momentu horretan esan eta egindakoek ez dute zerikusi askorik gaur egungo egoerarekin erkatuz gero. Bereziki bertan ziren hainbat alderdiren jarrera aztertzeko garaian, nahiz denek hitzarmenak duen gaurkotasuna beren azterketa eta planteamenduetan aipatu.
Laburbilduz, hitzarmenak lau gako nagusi zituen:
a.- Gatazkaren izaera politikoa. Beraz, konponketak ere derrigorrez politikoa izan behar du.
b.- Lurraldetasuna, erabaki-subjektua eta burujabetza, konpondu beharreko oinarrizko arazo gisa aurkezten zaizkigu.
d.- Prozesuari dagokionez, bi fase ezberdintzen ziren. Hasierakoa, non eragile guztien arteko elkarrizketa burutuko bailitzateke, gaindiezinak suertatu daitezkeen aurrebaldintzak ezarri gabe. Eta ondorengo erabakitze fasea, konponketa prozesuan, non gatazkari lotuta azaltzen diren indarkeriazko adierazpenik gabe gauzatuko bailitzateke.
e.- Konponbidearen giltzarria. Euskal Herriak hitza eta erabakia izan behar du. Erabaki hori Estatuek errespetatu behar dute.
Gaur egunean berriz, eta bereziki EAJ eta EA alderdiek, honako mezu eta jarrerak bultzatzen dituzte :
a.- Bakea eta politika ez dira nahasi behar.
b.- ETA da euskal gizartearen arazo nagusia, "Bakea. ETA Ez".
d.- Estatutua tresna baliogarria da, baldin bere osotasunean garatzen bada.
Argazki honi garai berdineko beste bi elementu gehitu beharko genizkioke:
1.- Estatutua hila dago, ez ditu euskaldunon burujabetza nahiak asetzen. Hitz hauek entzun genituen Gernikan ELAk antolatutako ekitaldian. Bertan, hainbat alderdiren presentzia nagusia zen.
2.- Gaur egungo markoa agortua dago eta berri batetara joateko prozesua eta ibilbidea definitu behar ditugu. Ibilbide honen barruan, lehen aldikoz instituzio nazionala sortzen da: Udalbiltza.
Eman den aldaketa begibistakoa da inongo zalantzarik gabe. Bainan aldaketa honen benetako arrazoiak aurkitzen saiatu beharko genuke. Zeren gatazkaren irakurketa eta diagnostikoaren inguruko aldaketa ETAri leporatu nahi izatea lotsagarria baita. Baina benetan kezkatzen gaituena ez da ETAren kontrako hitzak edo manifestazioak egitea, ez baitago hor gure benetako ezberdintasuna. Kezkatzen gaituena da ETAren aitzakipean herri honen eskubideei bizkar ematea, gatazkaren izaera politikoa ukatzea, Euskal Herria Vaskongadetara mugatu nahi izatea, departamenduaren aldarrikapenaren aurrean frantses Gobernuak duen jarrera bost axola izatea, euskara Nafarroan pairatzen ari den erasoaren aurrean ez ikusiarena egitea, Audientzia Nazionaletik aspaldidanik datozen erasoei men egitea, Ertzantza faxisten manifestazioak babestu eta presoen eskubideen aldekoak jipoitzen ihardutea, presoen eskubideak errespetatu ordez okertzen ari direnean salatzeko ausardiarik ez izatea...
Ez da harritzekoa PSE edo UGT bezalako alderdi edo sindikatuak bat egitea Ibarretxek deitu manifestazioekin, azken finean batzuen eta besteen praktika berdina izaten ari baita. Areago, badirudi bi alderdi hauen arteko akordioa jadanik egina dagoela eta PSE-EEk goratu "demokraten biltzea" gauzatzear dagoela.
PNVren barruan egon diren hainbat iritzi eta korrente nagusitu dira jadanik ( Azkuna, Arregi, Ardantza). Azken bi urte hauetan ireki prozesu eraikiorra kritikatu eta lehengo egoerara itzuli behar zela aldarrikatu dituzten sektoreak nagusitu direla dirudi. Azkenean, ezkontza burutzeko behar den dotea zintzo-zintzo osatuz joan da EAJ, eta ezbairik gabe jasoko du bere saria. Alderdikeria herri honen eskubide eta interesen gainetik nagusitu da berriz ere. EAJ eta EAk beraien botere guneak segurtatu arren edozer egiteko prest direla azaltzen digute.
Baina zoritxarrez hauek ez dira bide berriak, jadanik ezagutu ditugu "Ajuria Eneako Hitzarmenak", halako bide hauek gure herriari eman dizkioten emaitzak eta sortu dituzten ondorioak ere.
Argi izan, ordea, egindako ibilbidea ez dela alferrikakoa izan. Ez baitugu zalantzarik oraindik ere Euskal Herriko herritarren gehiengoak bat egiten duela Lizarra-Garaziko Hitzarmenarekin eta gure burujabetza berreskuratzeko hasitako ibilbidearekin. Izan ere, Lizarra-Garazin sinatu akordioa ez baitatza alderdi, sindikatu eta gainerako taldeok une horretan erabakitakoan, hauek guztiak idazkia sinatzera bultzatu zituen euskal sozietatearen gogoan baizik, eta atzen hau hamaika bide ezberdinetatik adierazi izan da urteotan eta ez da inola ixilduko aurrerakoan.
Arestion esanda kontutan, "Bakea. ETA ez" goiburua zeharo kontrajarrita dago Lizarra-Garazikoa sustatu zituen herri gogo bizi honekin eta, berriz, bat egiten du espainiar eta frantses Estatu zanpatzaileen aldetik jasan eta jasaten dugun kanpo eskuhartzearen funtsarekin: Euskal Herriaren esistentziaren ukazio bortitzarekin alegia.
Izan ere, atzen urteotan ikusi izanak geroz argiagoa utzi baitigu zein den espainiar eta frantses Gobernuen aldetik inposatu nahi diguten eta Ibarretxe aurpegi duela EAJk bere egiten duen gatazkaren konponbidea: asimilazioa. Espainiar eta frantses bakea, funtsean, Euskal Herria projektuaren heriotza baizik ez da. Izan gogoan kantak dioena, zinez zuzena baita pentsatzen duguna adierazteko: Herri hau saltzeko ez guri egin dei. Dei guri, berriz, euskaldunon artean baizik erabaki ezin daitekeen geroari hegoak emateko, Euskal Herriak baititu hitza eta erabakia!

Julen Zelarain
* Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kidea.

LARRUN
2000ko urriaren 29a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
2024-04-28 | Axier Lopez
Droneen gerra
Ehizaren fantasia desegiten denean

Las Vegas hiri ezagunetik ordubetera Creech-eko aire-base militarra dago basamortuaren erdian. 1950eko hamarkadan, Gerra Hotzean, ia mila leherketa nuklear "esperimentalen" lekua izateagatik ospetsu egin zen. Creechen koordinatu dituzte azken 20 urteotan AEBek mundu... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Zazana, zerutik dena dakusan begi itsua

Hainbestekoa da Gazan droneek eguneroko bizitzan eta iruditegi kolektiboan daukaten eragina ezen hitz propio bat asmatu dutela droneentzat: Zazana. Hitz onomatopeikoa da, gazako dialektoan.

The Drone Eats With Me: A Gaza Diary  liburuan (Droneak nirekin jaten du: Gazako... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Droneen aita sionista

1950eko hamarkadan, AEBetako armada droneak erabiltzen hasi zen gatazka guneetan zaintza eta errekonozimendu misioetarako. 1994ko uztailaren 3an izan zen Predator dronearen lehen hegaldia, armatuta egon gabe. 1995eko uztailean, Predatorrek Balkanen gainetik egin zuen hegan... [+]


Eguneraketa berriak daude