TRADIZIO GARAIKIDEA OHOLTZA GAINEAN

  • Maritzuli konpainiak, Claude Iruretagoyenaren eskutik, "Ingura Mingura" ikuskizuna aurkeztu zuen iragan irailaren 17an Biarritzen. Tradizioa arte garaikide bihurtuta eta eszenatoki handietan aurkeztuta zer izan daitekeen adierazten digun lana da "Ingura Mingura".

2000ko urriaren 08an
Soka dantza da ikuskizunaren oinarria eta zentzua. Euskal Herrian eta Europa osoan gehien erabiltzen den dantza edo elementua da, eta, aldi berean, zaharrena ere bai. Claude Iruretagoyena berak dionez, "soka dantzetan beti eskema bera jarraitzen da, mugimendu eta erritual berdinak; beraz, egitura berbereko dantza ezberdin ugari dago, eta ikuskizun bati osotasuna emateko oso egokia zen soka-dantza erabiltzea".
Soka-dantzaren aldaera ugari ikus daiteke ikuskizunean. Sei ataletan dago banatuta saioa, eta bertan dantza tradizionala, sorpresa batzuk, ukitu garaikideak eta eszenaren aurkezpen ederrak nahasten dira. Ikuskizunaren lehenengo atala Lekeitioko soka-dantzan dago oinarrituta, eta bigarrenak, berriz, zentzu erabat ezberdina dauka. Iruretagoyena XVI. mendeko irudi batean oinarritu zen atal hau sortzeko. Argazki batean bost gazte biluzik, zintzarri batzuk soinean dituztela ageri dira eta Maritzuliko gazteak irudi hori taularatu nahian, biluzik antzera agertu ziren Bizkaiako dantzen zenbait urrats eta soka-dantzen moduko mugimenduak trukatuz.
Lehenengo bi atal hauetan nabari da ikuskizunak amaiera bitartean emango duena: oinarri tradizionalak, ukitu berritzaileekin eta sorpresa txiki batzuekin. Horrela izan zen gero ere. Festa giroa isladatzen zuen atal bat, Zuberoako maskaradaren laburpen berritzaile bat, Nafarroa Behereko ihauteria, dantza garaikide hutseko beste saio txiki bat... Ondo zaindutako estilo nahasketa izan zen. Eszenatokiko mugimenduak ugariak, zaindutakoak eta ondo osatutakoak ziren. Hain zuzen ere, hori da Iruretagoyenaren ezaugarririk nagusienetako bat, eszenako aurkezpena.
Ikuskizuneko protagonista nagusia dantza eta dantzariak ziren arren, aipagarria da musikariek eginiko lana. Sokazko instrumentuek goxotasuna ematen zioten xirula, txistu eta atabal doinuei, eta bikain egokitu ziren musikari eta dantzarien jardunera. Jantziek ere ez zuten garrantzia gutxiagorik izan. 200 jantzi baino gehiago taularatu ziren, gehienak lehenengo aldiz jantzi zituzten dantzariek, eta ikusgarria zen hauek saioari eman zioten kolore eta elegantzia. Jostun lanak Claude Iruretagoyenak berak egin zituen.
Ikuskizun moduan, "Ingura Mingura" ona dela esan daiteke, nahiz eta dantzarien gaztetasuna batzuetan igarri egiten den, eta, agian, pixka bat luzeegia ere gertatzen den. Garrantzitsuena baina, "Ingura Mingura"k bide berri baten bila egiten duen saiakera da. Dantza tradizionala ikuskizun handi baten moduan aurkezteko egokitu dute, eta horrez gain ukitu garaikide batzuekin jantzi dute. Ez da sekulako berrikuntza, baina nabari da zerbaiten hasiera dela. Iruretagoyenak berak aipatu du, zentzu garaikideagoa duen ikuskizuna egitea buruan duela jada.
Zuzendariak berak apustu bat lez ikusi du "Ingura Mingura"ren sorrera, baina Euskal Herrian lan dezente egin beharra dagoela uste du: "Berrikuntzekin hasi baino lehen dantza tradizionalean ikasteko asko dago. Bestalde, egun bide honetatik jarraitzeko dantzari prestatu gutxi dago, interesa bai baina prestakuntza gehiegi ez dagoenez guk egin dugun moduan dantzariak hartu eta prestatu egin behar dira".
Estreinaldiaren ostean, Claude Iruretagoyenak ikuskizuna ahalik eta gehien zabaldu asmo du. Iparraldean, Hegoaldean eta Euskal Herritik kanpora ere ateratzeko moduko ikuskizuna dela uste du, eta ahaleginak horretan jarriko ditu

FITXA TEKNIKOA
Taldea:
Maritzuli

Ikuskizuna:
Ingura Mingura

Zuzendari eta koreografoa:
Claude Iruretagoyena

Dantza garaikideko arduraduna:
Johanna Etxeberri

Musikaren arduraduna:
Juana Etxegoin

Garapen teknikoa:
Pantxika Telleria

Iraupena:
135 minutu

Partehartzaileak:
42 dantzari eta 11 musikari

BIDE BERRI BATEN AITZINDARIA
"Ingura Mingura" ikuskizuna hazia eta fruitua da aldi berean. Fruitua da, Maritzuli izeneko konpainia batek ereindako haziaren emaitza delako. Maritzuli dantza eskola ekimen berri, indartsu eta adoretsua da. Dantza eskola bat da, baina orain arte ezagutzen denarekin alderatuz, nahiko ezohikoa. Eskolaren helburu nagusia dantzari tradizionalaren esparrua zabaltzea da; dantzariak ikuspegi zabalagoa izatea nahi du. Beste dantza estiloak, atzerriko kulturak... Ezagutzaren bidez aberastea da xedea. Horretarako, euskal dantza tradizionalaz gain, bertan jarduten diren laurogei ikasleek teknika klasikoa, dantza garaikidea eta antzerki eskolak ere jasotzen dituzte. Apustu berri bat da, aitzindari izan nahi duena, eta zalantzarik gabe eskaintza berri zein interesgarria egiten duena.
Lehenengo fruitua umotzen doan heinean, ordea, fruitu berriak sortzen joango dira. "Ingura Mingura"k dantzari-partehartzaile gazteengan ilusioa piztu du, eta datorren urtean beste hainbat eduki landuko dute eskolatan. Haurrentzako eskolak ere ematea erabaki dute Maritzulin datorren urterako.
Izan ere, dantzari zein ikuslearentzat bide interesgarri bat jorratzen du. Euskal dantza tradizionaletik abiatuta bide berri bat sortu nahian dabil, eta bizi ditugun garaietan arrakastatsua gerta liteke hori. Berrikuntzen zaleentzat bada zerbait eta tradizionalistenentzat ere onargarria izan daiteke. Bide-laburrean bide zabal eta berria eraiki dezake Maritzulik

C. IRURETAGOYENA: IKUSKIZUN BERRIEN AMESLARIA
Euskal Herriko haur askoren antzera, zazpi urterekin egin zituen lehenengo dantza urratsak. Orduko hartan Betti Betelu zuen irakasle, Beskoitzeko Oinak Arin taldean, eta talde honi zuzenki lotuta ulertu behar da bere ibilbidearen jatorria. Dantzari moduan jarduten zuela, Juan Antonio Urbeltzekin lehenengo hartu-emanak izan zituen, eta berarekin ikasi zituen, batez ere, dantzaren izaera eta historiari buruzko xehetasunak.
Ikuskizunaren mundura, lehenengo aldiz, Juan Antonio Urbeltzen eskutik heldu zen. 86 eta 87 urteen artean, "Zortziko" eta "Alakiketan" ikuskizunetan parte hartu zuen dantzari bezala; baina horrez gain, Iparraldetik heldu ziren dantzariak prestatzeko ardura ere izan zuen. 1991n, aldiz, Oinak Arin taldearekin bere lehenengo ikuskizuna sortu zuen. Haurrekin burututako lana zen "Xirula Mirula" izeneko hura, eta hiru urteko jarraia izan zuen eszenatokietan. 1997an, berriro ere, esperientzia errepikatu zuen. Sormen lan horrek "Istorio Mistorio" zuen izena, haurrekin egindakoa zen baita ere, eta Clauden garapen artistikoaren erakusle garbia izan zen. Urte horietan zehar, baita ere, Suitzan jardun zuen, eta bertako Nomad dantza garaikideko konpainiarekin eta Iparraldeko zenbait musikarirekin dantza garaikidea eta tradizionala uztartuz ikuskizun berri bat sortu zuen. Irailaren 17an aurkeztutako "Ingura Mingura" saiakera berri bat da. Clauden moduan, etorkizunari begiratzen dion ahalegina da. Izan ere, ikuskizun berrien ameslaria da maisu-koreografo-dantzari lapurtarra


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude