ORDENAGAILUAK ESKOLETAN SARTU NAHI DU

  • Irakaskuntzan hainbat aurrerapen eta hobekuntza izango da teknologia hauei esker, baina eskolek jauzi hau itsu-itsuan egin baino nahiago dute aurrebaldintzak ziurtatzea: Irakasleak prest al daude teknologia berrietan murgiltzeko? Zein da behar den azpiegitura? Ikasleek zertarako erabiliko dituzte teknologiok?

2000ko irailaren 10ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Gure gizarte honetan gero eta gehiago hitz egiten da Teknologia Berriez. Ia gune eta arlo guztietan somatzen da bere eragina edota presentzia, eta nola ez, hezkuntzan ere bai. Eskolan egunero entzuten diren hitzak dira informatika, Internet, ordenagailuak, softwareak, CD-ROMak, posta elektronikoa...
Garbi dago irakaskuntzak ere Teknologia Berrietan inbertitu behar duela, gaur egungo gizartean atzean gelditu nahi ez badu. Ikasleak hezitzea eta bizitzarako prestatzea badu helburu eskolak, Teknologia Berrietan hezi behar dira, horien beharra izango baitute eguneroko bizitzan.
Joxemi Correa EHUko Irakasle Eskolako irakasleak dioenez, behar bikoitzak eragin du Teknologia Berriak irakaskuntzan sartzearen premia. "Batetik, irakaskuntzako baliabide propioak berritzeko eta hobetzeko premia; eta bestetik, ikasleak Teknologia Berriekin harremanetan jartzeak ekarri duen premia. Horrela, Teknologia Berriei aurrerapen eta ezagupen berrien arteko zubi lana egitea, eta sorkuntza eta aplikazio teknologikoak barreiatzen laguntzea egokitu zaie". Informazioaren Gizarteko eskolak funtsezkoa den helburu bat lortzen ahalegindu beharko du: bitartekoen irakaskuntza, hasi gizartean dituen helburu eta eginkizunetatik eta aplikazio eta garapen teknologikoetara iritsi arte.
Zeregin horretan Teknologia Berriak ongi erabiliz gero, hobekuntza nabarmena lortuko litzateke komunikazio pedagogikoan eta informazioaren gestioan. Gakoa ongi erabiltzean dago.


Teknologia berriak eta eskolaren birmoldaketa

Teknologia Berrien erabilpenak eskolaren birmoldaketa dakar, eta beraz, orain arteko hezkuntza ereduen aldaketa. Gauzak horrela, zer eratako eskola, zer eratako gizartea eta zer eratako gizakia nahi dugun galdetu beharko genioke geure buruari. Correaren ustez, "Informazio eta Komunikazio Teknologia Berriek eraldatu duten hezkuntzak komunikazio baliabide propioen eta tresna teknologikoen irakaskuntza kritikoa bermatu beharko du". Hau da, baliabideen irakaskuntza kritikoak izan behar du hezkuntzaren orientabide pedagogikoa.
Orain arte egin dena ikusita, Correaren ustez Teknologia Berriak ez dira era egokian txertatu eskoletan, presazko lana dela eman baitio aditzera gizarteak eskola sistemari. Txertaketa ongi egiteko, aurretik eskolan landuko diren ikasketak antolatu behar dira, eta horietara iritsi ahal izateko erabiltzaileak prestatu egin beharko dira.


Irakasleen prestakuntza funtsezkoa da

Aldaketak aldaketa, ikastetxeetan egin behar den heziketa lana ikusirik, hiru esparru jorratu behar dira. Lehenik, baliabideak irakatsi; bigarrenik, teknologia geletara hurbildu; eta hirugarrenik, Teknologia Berriak eguneroko jardunean txertatu.
Hori guztia aurrera eramateko irakasleen formakuntza funtsezkoa da. Izan ere, irakasleen prestakuntzak berebiziko garrantzia du Teknologia Berrien integrazio prozesuan. Correa guztiz ados dago ideia horrekin. "Irakasleak baliabide berriak ezagutu eta horiekin lan egiten ikasten duen heinean, aukerak eta aplikazio didaktikoak gehitu egingo dira, eta giza baliabideen prestakuntzan eta azpiegitura teknologikoan egiten diren inbertsioetan errentagarritasuna askoz handiagoa izango da". Prestakuntza hori diseinu onekoa izatea ezinbestekoa da, irakasleak teknologikoki alfabetatzeko eginkizuna behar bezala garatzeko. Prestakuntza horretarako baliagarriak dira lan mintegiak, prestakuntza trinkoa eta iraupen luzea, ikastetxeetako ikerkuntzak, arazo berdinak edo antzekoak dituzten beste irakasleen lankidetza bultzatzea eta abar. Correak ziurtasunez esaten du: "ez da ahaztu behar azpiegitura teknologikoan inbertitzea giza baliabideetan inbertitzea bezain garrantzitsua izan daitekeela, baina, irakasleek gero ere garrantzizko eginkizuna izango dutela irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan".


Ikastetxeetako esperientziak

Euskal Herriko ikastetxeetara begiratzen badugu, egoera oso desberdinean dauden irakasleak, ikasleak eta eskolak topatzen ditugu. Zenbait eskoletan badaramatzate urte batzuk hainbat proiektutan murgildurik. Vianako Erentzun ikastola dugu horietako bat. Nahiz eta ikastola txikia izan (95 ikasle eta 9 irakasle ditu) betidanik izan dituzte Teknologia Berriak gustuko, eta hori adierazi digu Fultxo Crespo Erentzun ikastolako zuzendariak. "Duela lau urte hasi ginen informatika proiektua aurrera eramaten; Haur Hezkuntzatik hasita Lehen Hezkuntzara arte. Pixkanaka-pixkanaka proiektua sendotu eta Nafarroako beste ikastoletara zabaldu dugu "Xagu" eta "Azti" izeneko ikastaroen bitartez azken hiru urteotan". Ikastaro horien eragina nabarmena izan omen da informatikaren erabilera modu koordinatu eta eraginkor batez errealitate bihurtzeko momentuan. "Ezinbestekoa deritzogu proiektu bat izateari, ordenagailua inongo irizpiderik gabe erabiltzen den tresna bihur ez dadin" dio Crespok. Beren proiektuaren funtsa zera da: programa batzuk aukeratu eta euren programaketan uztartzea.
Horrek irakasleria osoa inplikatzea eskatzen du, eta lan hori informatika arduradunak/ek bultzatzen edo zuzentzen dute. "Informatika arduraduna/ak dira proiektuaren buru eta zenbait bilera, elkarketa, lan talde... sistematizatzen ditu klaustroan (ikastolako irakasleekin) eta Nafarroan (beste ikastoletako informatika arduradunekin)" azaltzen digu Crespok.
Gasteizko Antonio Lopez de Gereñu Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoan 1997an hamar "pentium" ordenagailu, bi eskaner eta lau inpresora lortu zituzten, eta 1998an hasi zuten informatikako berrikuntza proiektu bat. Harrezkero, ikasle guztiak astero ordubete egoten dira informatika gelan. Irakasle gehienak astero bilera berezi bat egiten zuten programak lantzeko, aztertzeko eta abar.
Galdakaoko Eguzkibegi ikastolan 15 urteko eskarmentua daukate informatikaren ikaskuntza-irakaskuntzan. 1985etik 1999ra bitartean informatika leku eta momentu berezietara mugatua egon da. Lehen Hezkuntzako 5. mailatik gora sistematikoki landu izan da eta era puntualetan beheragoko mailetan. Gaur egun, ordea, ordenagailua gero eta arruntagoa dela diote eskolako arlo askotan: lanean, aisialdian... Hori ikusirik, eguneroko tresna bihurtu nahi dute ordenagailua gelan: idazteko, kontuak egiteko, informazioa bilatzeko, aurkezpenak egiteko, posta elektronikoak bidaltzeko...


Eusko Jaurlaritzaren "Premia" proiektua

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak "Premia" proiektua jarriko du martxan ikasturte honetan eta hiru urtetan zehar garatuko da. Teknologia Berriak hezkuntzan sartzeko proiektua da, eta 9.700 milioi pezeta (388 milioi libera) inbertituko ditu. Proiektu honekin hezkuntzaren beharretara eta eskaeretara egokitu nahi da, eta era berean, informazioaren teknologietan oinarritutako hezkuntza eta didaktika metodoak txertatu nahi dira. Helburu orokor moduan hiru aipa daitezke: lehena, ikasle eta irakasleen ratioa jaistea ordenagailu bakoitzeko; bigarrena, posta elektroniko pertsonalizatuak izatea ikasle eta irakasle orok; eta azkenik, ikasle guztiek Internetera sartzeko aukera izatea.
"Premia" proiektuaren bidez aldaketa kualitatibo garrantzitsua emango dela uste dute Hezkuntza Saileko arduradunek. Adibidez, gaur egun 20,6 ikasle/PCko dago, eta hiru urte barru 10 ikasle/PCko egongo da. Irakasleen ratioa ere aldatuko da, eta horrela 11,7 irakasle/PCko izatetik irakasleko PC bat izatera pasako da.
Proiektu hau bideratzeko Intranet eta Internet sareak ezarriko dira, hots, ikastetxe barruko zein kanpoko sareak. Horrek ekarriko du, besteak beste, zentroen arteko barne konexioa, administrazioarekiko konexioa, Interneten azkarrago ibiltzea, multimedia edukiak elkartrukatzea, teleformakuntza irakasle eta ikasleentzat, esperientziak elkartrukatzeko aukera eta liburutegi elektronikoetara sartzea.
Hau guztia aurrera eramateko irakasleen prestakuntza egokia behar da. Horri begira hainbat ikastaro antolatu du Hezkuntza Sailak "Garatu" planaren bitartez. Helburua da Internet eta tresna informatikoak menperatzea, sarean sartu eta datuak eskuratzen ikastea, eta informazio hori ikasleei irakasteko gaitasuna izatea.
Helburu horiek lortze bidean, "Premia" proiektuaren barnean Hezkuntza Sailak proiektu pilotu bat diseinatu du 15 ikastetxerentzat ikasturte honetarako. Horiek ekipamendu minimo bat izango dute, ikastetxeko arduraduna prestatuko da eta Teknologia Berrietako tekniko baten laguntza eta aholkularitza izango dute.
"Premia" proiektuak zeresana eman du irakasleen artean. Izan ere, 9.700 milioi pezetako inbertsioa ez da txantxetakoa, eta aldeko zein kontrako iritziak sortu dira, abantailak eta desabantailak ikusi zaizkio, ongi eta gaizki egindako gauzak. Sarean Elkarteak, EAEko Ikastetxe Publikoetako zuzendaritzako kideak biltzen dituen elkarteak, bere azken topaketetan gai hau aztertu zuen eta hainbat ondorio atera zuen. Proiektua, oro har, ongi ikusi zuten, baina Andoni Lizeaga Sareaneko kideak esan digunez "planak ez du hutsetik abiatu behar. Orain arte egindako esperientziak aintzat hartu behar dira, oso baliagarriak baitira". Ateratako beste ondorio bat izan zen formakuntzak eta hornikuntzak batera joan behar dutela, bata bestea gabe ezin dela ulertu. "Ikastetxeak ordenagailuz betetzearekin soilik ez dugu ezer aurreratzen. Ordenagailuak egoki erabiltzen jakin behar dugu, gure eguneroko jardunean ongi txertatzen eta behar ditugunerako erabiltzen. Horregatik, ezinbestekoa da irakasleok horretarako prestatzea, formakuntza jasotzea, alegia".
Proiektuak proiektu, bistakoa da Teknologia Berriek bere lekua eskatzen dutela irakaskuntzan ere, eta ahalik eta egokien burutu behar dela txertaketa hori.


Azkenak
Iturengo arotza eta arte birziklatua

Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


Honezkero, hemen dago beherakada

Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.

Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]


Irunen eskuin muturreko “auzo patruilak” sortu dituztela salatu dute

Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]


Udal legearen kontrako epai euskarafoboa
Euskararen aurkako erasoa salatu dute 200 alkate eta udal ordezkarik, eta hizkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]


Alonsotegiko Udalari dirua itzultzeko eskatu dio Bizkaiko Aldundiak, iruzurra egin zenetik hamairu urtera

Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat... [+]


Ertzaintzaren 300 BMW ibilgailuen erosketan irregulartasun posibleak salatu zituen barne txosten batek

Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak barne txosten bat egin zuen Ertzaintzak jaso dituen 300 BMWen esleipen kontratuaren hainbat baldintza kritikatzeko. Ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela salatu du ogasunak, eta horrek enpresa... [+]


Txosnetako “beto politikoaren” aurkako GKSren kanpaldiaren kontra oldartu eta lau pertsona atxilotu ditu Poliziak Gasteizen

Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]


Lotsa sentitzen dut giza generoko kide izateagatik

Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]


2025-07-24 | Nicolas Goñi
Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira

Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]


Eguneraketa berriak daude