"ERDI ARO MODUKO ARO BERRI BATERANTZ GOAZ"

  • Idazle polifazetikoa: kritikari, itzultzaile eta literatur sortzaile. Ahoberotzat dute askok, batez ere pentsatzen duena esan egiten duelako, bizimodu erosoari ospa egin zionetik. Hitzez gain bere irudiak ere oso kezkatzen du, argazkietan kanutoak erretzen ateratzeak axola ez dion bezalaxe ("Nik Maria maite dut, eta ez da neska bat"). Azken hilabeteotako hiru talde-argazki ditu bereziki gogoko: 1) ETBko "Sautrela"n irakurritako liburuak komentatzen; 2) "Poesiaren alde, poesiaren kontra" errezitaldietako edozein; eta 3) Gasteizen momentu honetan elkarlan eta solasean ari den idazle lagun koadrila bat.

2000ko uztailaren 16an
Has gaitezen, nahi baduzu, zu definitzetik. Nor da edo nondik dator Gerardo Markuleta?
Lau hitzetan esateko: Markuleta Gutiérrez eta Oñatiar Gasteizkoa naizela esango nuke. Oñatin jaioa, euskara ume-umetan galdutakoa, etxean gaztelania hutsez aritzen baikinen. Gero, euskara berreskuratu nuen, jada euskal filologia ikasten ari nintzela; gero espainiar filologia egin nuen Donostian eta Oviedon, han literatura egiteko aukera zegolako. Handik etorri eta euskaraz idazten jarri nintzen prozesu luzetxo baten ostean, gaztetxotan gaztelaniaz idazten bainuen. Poesia bilduma batekin hasi nintzen, eta literatur kritikak egiten ere bai. Bolada luze batean uste dut jendeak gehiago jo izan nauela kritikotzat literatur sortzailetzat baino, luzez aritu bainintzen "El Diario Vasco"ko "Zabalik" gehigarri hartan kritikak egiten, Felix Ibargutxiren pazientzia agortezinari esker, egia esan. Ia euskaraz argitaratzen zen guztia pasatzen zen nire eskuetatik, eta asko irakurri nuen garai hartan, gehiegi beharbada, ia astero literatur iruzkinak egitea oso lan nekosoa baita. Itzulpengintzaren munduan ere sartu nintzen, poesia itzultzen saiatu izan naiz dezentetan, eta espezialista-edo bihurtu naiz arian-arian euskal poesia gaztelaniatzen. Haur eta gazte literaturan ere aritu izan naiz, Galtzagorri taldearen baitan sustatzen. UEUn ere haur literatura landu izan dugu, eta sormen lan bat ere badaukat. Filologia biak egin nituen eta profesionalki euskara eta euskal literatura irakasle aritua naiz Arrasaten. Banuen irakaskuntzan lanpostu finko bat baina ez ninduen betetzen lanak, literaturaren harrak zirikatzen ninduen eta saltotxoa egin nuen. Urte batzutan moldatu nintzen kazetari lanak eta itzulpenak egiten, era guztietakoak, noski, literatura itzultzetik nekez bizi bailiteke gure merkatuarekin.

Gaur egun zertan zabiltza?
Azken boladan literaturaren inguruko gauzetatik gosaria-edo ateratzen dut, eta tarteka itzulpengintzan lanen bat suertatzen zait administrazioetan. Horrek azalduko luke nire sorkuntza urritasuna: hiru poema liburu, haurrentzako kontakizun bat eta liburu bat erdi bana. Gaur egun prentsan jarraitzen dut kolaboratzen, astero bi zutabe idatziz (Arabako "El Correo"ren edizioan eta "Deia"n). Baina problema da oso zaila dela hori guztia orekatzea, tarteka era batetako lanetan aritzea eta gero bestetan, eta horrek batzutan gain-kargak sortzen ditu. Nondik jango duzun ondo ez jakite horrek gaisoaldiak ere eragiten ditu.

Astean zutabe pare bat idazteak dedikazio handia eskatzen al du?
Behartzen zaitu klabija berezi bat piztuta edukitzera etengabe, eta nik gutxitan somatzen dut gai faltaren gaitza. Niretzako larriena zera izaten da: astero-astero izaki, garai batzuetan sentitzen duzu behar bat zure iritzia adierazteko daukazun leiho horretan, zure iritzia publiko egiteko, eta hori askotan bai dela, eta gure herri honetan are gehiago, erronka latza.

Idazleak pose publikoa izateari inportantea deritzozu?
Asko maite nauen adiskide batek esan zidan: "Hi poseak galduko hau", eta beharbada arrazoi piska bat badu. Atzo Ur Apalategik hitzaldi batean ordubete eman zuen idazlearen estrategiaz, marka kontuez eta abar. Bai, nik konprobatu dut inportantea dela. Literatur erreseinak argitaratzen egin nintzen publiko nolabait, eta gainera lehenengo sorkuntza lanak ezizen batez sinatu nituen; horrek izan du bere eragina. Oso erraz ikusten da irudi publiko horrek eragin duela nire inguruan eta baita neure baitan ere, jaso ditudan eskariak literatur kritikoarentzako izan baitira, edo itzultzailearentzako, sortzailearentzako baino gehiago. Orain arte egindako bidea nire lanetarako irakurleak sortzea izan da, uste baitut niri erabateko askatasuna irakurleak izateak emango didala. Hori garbi daukat. Horretarako maisu ederra izan dugu Bernardo Atxaga, onerako eta txarrerako: ez dago haren bidea errepikatzerik baina badugu, berak esaten duen bezala, bozgorailua zabaltzeko eredu bat. Kontua da norberak egin behar duela berea, eta bakoitzak bere bidea egin izan du, hala nola, Andu Lertxundik, Mariasun Landak edota Igerabide eta Zubizarretak.

Lehenengo bi poesia liburuak ("Larrosak noizean behin", 1990; "Sagarren hausterrea", 1994) Jon Iriberri eskizonimoaz sinatu zenituen. Heteronimoa zer den ikasi genuen, baina zer da "eskizonimoa"?
Eskizonimoa palabro bat da, eskizofrenia bat adierazten duen ezizen bat. Nik behintzat hori adierazteko sortu nuen. Garai hartan ni irakaskuntzan nengoen eta ez nengoen batere gustura nire auto-irudiarekin. Zentzuzkoago iruditu zitzaidan, zenbat eta gaztetxoago orduan eta garbizaleago beharbada; eta poesia hura nolabait aldendu nahi nuen garai hartan nere inguruan Gerardo Markuleta izenak zeuzkan konnotazio batzuetatik. Gero konturatu naiz nire benetako izenak hobeto adierazten duela azaldu nahi nuen eskizofrenia hori. Lehen aipatu dizudan Markuleta-Gutiérrez-tasun horregatik. Uste dudalako herri honetan gaitz handienetakoa hori dela, batzuengan somatzen den halako purotasun bat, norberaren zaletasunen edo nortasunaren edo norberaren heziketaren alde batzuk osorik onartu gura ez izate hori. Horregatik nik egin izan dut euskara pittin bat zikin baten alde. Mestizajea adierazteko berba baten bila aritu nintzen bolada batean, gaia oraindik ez zegoen hain modan; Plaxido Mujikaren hiztegia hartu nuen eta halako berbak zekartzan: enda-nahasketa, enda-nahastu... Berba guztiak ziren gaitzespenez josiak. Ni kulturarekin mestizoa naiz. Errepikatu ohi dut "Herri bat, hizkuntza bat" aldarrikatzea gaurko egunean errazagoa dela Goierrin Gasteizen baino.

Julio Cortazarren "Oktaedroa" itzuli zenuen, eta euskaldun gehienok jatorrizko hizkuntzan irakur dezakegun autore bat itzultzearen zentzuaz galdetu nahi nizun.
Hitzaurrean aipatu nuen lan hori hartu izana ez neukala zertan zuritu beharrik, eta hizkuntzen arteko harremanak nahiago nituela preserbatiborik gabe. Euskaraz atera zela eta norbaitek jatorrizkora joko balu ere (eta ez nire itzulpenera) ni pozik nengokeela, tipoak merezi duelako. Cortazarrek hizkuntzarekin edukitzen zituen borroka guztiak euskaraz berriz saiatzea oso osasungarria iruditzen zitzaidan nire euskararentzako lehenengo, eta nire itzulpen horren irakurleentzako ere. Literatur baliabide batzuk, euskaraz ez oso sarri erabiliak, irakurlearen eta sortzaileen eskura jartzea zen kontua. Euskara dagoen halako garaitan batez ere, beste molde batzuetara, beste inguru batzuetara iristeko itzulpengintza funtsezkoa da. Badago hor lan bat irakurlea poliki-poliki estimatzen hasi dena, baina hemendik urte batzuetara euskal literaturaren merkatua nolakoa den ikusi beharko da. Ea euskaldunok hasten garen itzulpen goxoak gustuz irakurtzen, aurriritzirik gabe, hau da, gaztelaniazko edo frantsesezko -zeinek berea- itzulpenak irakurtzen ditugun bezala, begiratu gabe itzulpena edo sorlana den, arintasun horrekin; horrek erabakiko du. Gozamen bide bilakatzea da, azken finean, garrantzitsuena.

Azken hamarkadatan agian horrenbeste jo da militantziara, akaso gozamenaren aldea baldintzatua geratu dela.
Militantzia eta lana beste batzuentzako. Gero eta gehiago dira euskara ingelesa edo informatika ikasten den bezala ikasten dutenak, eta uste dut hasi beharko dugula etsitzen (halako tabuak badaude eta) hizkuntzaz aldatzea eguneroko bizitzan prozesu latza eta luzea dela. Ezin zaio eskatu mundu guztiari hizkuntzaz alda dezan bere eguneroko bizitzan halako arintasunez. Harrigarria egin zait hori beti. Niri beti gustatzen zait mugaldeetan jauzi egitea.

Horrekin lotuta, zer dira Iban Zaldua eta biok bi azal dauzkan liburu bitxi horretan argitaratu dituzuen "Ipuin euskaldunak" horiek?
Akaso baten batek uste zezakeen euskal-ipuin liburu tipiko-topiko bat izan zitekeela, eta barruan zetorrenak ez zeukan zerikusirik horrekin. Badago bat "Ipuin euskalduna" izenburua daukana eta hortik hartu zuen gero liburu osoak izena. Ipuin euskaldun horretan kontatzen dudana da botika baten sartzen direla atso-agure batzuk, zeinentzat euskara den baserritik kalera jaisten direnean izkutatu beharreko lotsakizun bat; elkartzen dira botikan bertan gaztetxo batzuekin, zeinentzat euskara den eskolan ibili beharreko zera, baina kalean libre direla erraz abandonatzen den zerbait. Atso-agureak saiatzen dira dakiten gaztelania apurtxo horrekin botikariarekin hitz egiten, nahiz eta botikaria saiatzen den beren euskara egiten, baina hala ere eurak temati gaztelaniaz, eurentzako giro formaletako hizkuntza hori delako. Batzuek pasadizo gisa irakurri dute eta eskubide osoa dute, baina hor badago kezka bat hizkuntzekiko. Lehen aipatu duguna: euskara gozamen iturri gisa eskaintzea, ez sofrikario eta ez istilu iturri moduan. Eta gozamen iturri da telebistan gauza politak egitea, talentu pixka bat erabiltzea hizkuntzaren inguruan, euskaraz sortzea, euskarara ekartzea besteen sormenak, euskaraz talentuz egindako gauzak ondo zabaltzea, ondo kolokatzea mundu global honetan. Nik uste baitut Euskal Herria badela hor mugaldean dantzan dabilen herri bat. Atso-agure horiek eta mutiko horiek mundu berean bizi dira eta telebista bera ikusten dute gutxi gorabehera. Hemen posible da borda itxurako baserri batean antena parabolikoa ikustea. Manolo Rivasek esaten zion Galiziari "El bonsai cantábrico", eta gurea "txapela galaktikoa" edo halako zerbait izan liteke. Nik uste dut sortzeko leku oso emankorrak direla halako irla, mugalde, pasabide izandako lekuak. Etengabe ari gara hizkuntzaren inguruko kezkekin, eta hizkuntza da bihotzetik gertuenen daukagun gauzetako bat, adierazpen tresna eta besteen adierazpenak jasotzeko modua.

"Poesiaren alde, poesiaren kontra" errezitaldiak zer dira?
Iban Zalduak libelo moduko bat idatzi zuen, kristorenak eta bi esanaz poesiaren kontra, edo poesia klase baten ajeei buruz. Saio bat egituratu genuen libelo horren inguruan; berak salaketa bat egiten du poesiaren kontra eta guk defendatu egiten dugu poesia, zera esanaz: "Badira zuk parodiatzen dituzun moduko poema asko, baina badira baita ere benetan hazkurea dagoen lekuetan hazka egiten duten poemak". Oso leku desberdinetan egin izan dugu eta jendeak oso gustura hartu izan ditu.

Uste duzu poesiak zeregin soziala duela? Edo poesia zer den galdetu beharko genuke agian lehendabizi?
Esango nuke poesia idaztea bera ekintza soziala dela, poesia irakurtzea ekintza pertsonalagoa den bezala. Lagunen artean errepikatzen dugu Erdi Aro moduko aro berri baterantz goazela, azken finean gaur egun bizi izateko moduak egunerokotasunean gure arreta beste erakarpen puntu batzutan jartzera eramaten gaituela. Gogoeta ez du ia inork sustatzen. Analfabeto funtzionala eta analfabeto emozionala sortzen digu mendebaldean daukagun bizimoduak, eta berbaren halako maskaratze bat, halako usteltze bat eta halako erabilpen maltzur asko eta asko. Erdi Aroak irudian eta ahozkotasunean oinarritutako herri kultura zeukan, jendeari Bibliako pasarteak azaltzeko egiten ziren kapitelak eta elizako pinturak. Taldekako irakurketak egiten ziren, gauza asko idazten ziren hain zuzen ere fraileak ozen irakurriak izateko, sermoi liburuak eta beste. Irudia da nagusi zentzu horretan, eta irudiak askotan itsutu egiten du argitu baino gehiago (berbak ere bai, hori ez dut ukatuko), jendea oso urruti bizi da testuetatik. Interneten kontuak alde on hori ere badu: e-postaren bidearekin jendea hasi da berriro idazten, normalean oso arreta gutxirekin idazten, baina behintzat ohartu da gauza luze bat kontatzeko, behar hori asetzeko duen beste bide bat idatzizkoa dela, eta ez bakarrik ahoz. Nik uste dut badugula guztiok, gizaki garen aldetik, ahozkotasun behar bat oso oinarrizkoa, alde batera edo bestera betetzen duguna egunero. Ez da sinistekoa zenbat denbora ematen dugun egunean hizketan, edo hitzak jasotzen. Zoratzekoa.

"Hauta-lanerako poemategia" argitaratu duzu aurten, eta bertan lau kapitulu: "Atarikoak", "Mineriak", "Herrimin ariketak" eta "Maitemin ariketak". Minaren poesigintza edo minetik ateratako poemak dira neurri handi batean.
Minetatik, baina "min" hitza zentzu zabalean ulertuta. Mineria hitzak azaltzen du minen multzoa, baina esanahia hartzen du nostalgia moduan: herrimina, maitemina eta ez dakit anfetamina, biltzen dituen kontzeptua. Liburu guztia da berbaminetik idatzia, eta berbamina berbagozamena ere bada neurri handi batean. Bai, poema dezente dago terapia gisa-edo nik idatzitakoak edo bertsionatutakoak, perbertitutakoak.

""Poesia hi heu haiz"/ esan zuen poetak/ (eta egia berdaderoa zen oraingoan)/ euskal hiztegi bati begira". Poema honetan hiztegi artean ibiltzen den baten burutazioa asmatzen da.
Txiste modukoa da, baina berba jolas osasungarria iruditzen zait. Egia esan Angel Gonzálezen poema baten bertsioa da. Berak esaten zuen "mirando al diccionario de la lengua" eta horrek bazeukan bere grazia, baina euskal hiztegiak historian zehar... hasierakoak, ia-ia bidaiarien hitz zerrenda bat zirenak, oso xelebreak ziren, garaiko italiano batek euskara nola aditzen zuen jakiteko oso ondo zeudenak. Gero etimologiekin-eta, hainbat gehiegikeria izan da; lanbideko folklorean behintzat badabiltza halako etimologia barregarri batzuk, "Bart-ze-lo-ona" eta halakoak. Hau da, euskal hiztegigintzan fikzioaren kuota dezente handia da, jolas gehiago ematen du. Gero oso normalizazio prozesu bizkorra izaten ari da, eta bat-batean oso eginkizun betegabekoak tokatu zaizkio oso denbora gutxian. Gainera, halako dialektalizazio gura bat ere bizirik dago hainbat lekutan. Batzuk esaten dute euskarazko erregistro falta dagoela euskarazko literatura egiteko, baina nik uste dut kontrakoa gertatzen dela, erregistro gehiegia dela problema. Baina har daiteke problema ala aukera gisa, esperimentuak egiteko, jolas egiteko azken finean

Hamarrekoa
Hamarrekoa
IBAN ZALDUA
"Adiskide bihotzekoa, literatur bidaide eraginkorra, gaixtakeriatan konplize"

JOSEBA SARRIONANDIA
"Euskal poeta handia, kanpoan ezagutarazi beharrekoa"

RUPER ORDORIKA
"Heziketa sentimentaleko erreferentzia etengabea. Sortzaile handia"

MIEL ANJEL ELUSTONDO
"Lagun handia, literatura eta kulturaren inguruan langile porrokatua"

PATXI ZUBIZARRETA
"Aspaldiko literatur bidaide maitagarria, eta euskal literaturan bide sendoa egiten ari den sortzailea"

JAIME GIL DE BIEDMA
"Oso nire gustuko poeta eta oso nire gustuko poema, hau da, bere bizi-izateko postura"

MATIAS MUJIKA
"Goxatu zuen euskara garai batean, eta bere azken adierazpen batzuk ez ditut ulertzen edo ez ditut ulertu nahi"

MILAN KUNDERA
"Mendebaleko nobelaren hari nagusi izan litekeen baten adar bati oso firme eusten dio, eleberriari aurrera eraginez"

R. ARREGI DIAZ DE HEREDIA
"Adiskide eta poesian kide; kontuan hartu beharreko poeta orain eta etorkizunean"

JULIO CORTAZAR
"Nire heziketa literarioko habeetako bat zentzu askotan: generoei begira, literatura egiteko molde batzuei begira, lotsagabe idazteko jarrerari begira"

Tantoa
Tantoa
Duela urte dezente ezagutu nuen Gerardo. Gure fakultateko "Zintzhilik" literatur aldizkariaren hainbatgarren alearen aurkezpenean parte hartu behar zuten gonbidatuen artean zegoen, aldizkariaren aspaldiko fundatzaile gisa. Gerardok, jakina, bere poemetako batzuk errezitatu zituen. Nik, ondoren, egun horretarako propio prestatu nuen "Poesiaren aurkako manifestu" zakar bat irakurri nuen. Gaixoak ez zuen erreakzionatu; ez zuen halakorik espero.
Hala eta guztiz ere, urteak joan, urteak etorri, lagunak egin ginen. Zer esanik ez, Gerardo idazle bikaina da, nik baino hobeto dakizue. Baina ez dut horregatik lagun. Zerbait azpimarratu beharko banu, entzuten eta hitz egiten dakien pertsona dela esango nuke. Beti aurkituko duzu prest zerbeza baterako edo (aukeran gutxiegi jaten badu ere) afaltzeko gonbita onartzeko, eta solasean aritzeko, solasean, solasean. Gerardoren ahots amultsuak berehala konkistatuko zaitu; bere iritzi zorrotzekin ados egon ala ez, ez zaitu epel utziko. Idazle batek baino gehiagok ez bezala, pilo bat irakurtzen duen gizona da, eta nabaritzen da.
Sasibohemio fama badu ere, ez ditu bere inozentzia oñatiarreko hondar guztiak galdu, eta erakutsi nahi izaten duena baino sentimentalagoa da. Ez da kalera bere zorro marroixkarik gabe irtetzen, eta handik aterako ditu, zurekin topatzean, bere azken aldiko altxor guztiak: artikuluak, itzulpenak, poemak, argazkiak. Bai, argazki politak egin ohi ditu Jerryk, eta, azken finean, horixe besterik ez dira, askotan, bere poema eta testutxoak: (kanpo aldeko, eta barneko) eguneroko bizitzaren bat-bateko argazkiak, txuribeltzekoak edo koloredunak, flash indartsuz eginikoak, argi-itzal nabarmenekoak


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude