ARRISKUAN DAUDEN ANIMALIAK ARGITARA

  • Eusko Jaurlaritzak 1998an eginiko barne txosten baten ondorioa da "Vertebrados amenazados del Pais Vasco" liburua. EAEn arriskupean dauden ornodunak lau kategoriatan sailkatzen ditu: desagertzeko arriskua daudenak, zaurgarriak, arraroak eta interes berezikoak.
Baldintzak aldatzen ez badira, betirako galduko ditugu egun desagertzeko arriskuan dauden animaliak, egoera tamalgarrienean bizi baitira. Zaurgarri moduan katalogaturik daudenen egoera ez da hain txarra, baina beraiengan eragiten duten faktore kaltegarriak ez badira aldatzen aurreko taldera igaroko dira. Arraroen taldea aldiz, tamaina txikiko populazioa duten espezieek osatzen dute. Azkenik, interes berezikoak, beraien ezaugarriak direla eta kulturalki edo zientifikoki balore berezia duten espezieak dira.
Jaurlaritzak argitaratu duen "Vertebrados amenazados del Pais Vasco" liburuan guztira 146 espezie aurki ditzakegu: arriskupean 9, zaurgarriak 31, arraroak 40 eta interes berezikoak 66.
Azkenaldian ugatza guztien ahotan dabil, zergatik ote? Honek igaraba, Iparraldeko katxoa, ibai-kabuxa, benarriz arrunta, benarriz gorrizta, ferra-saguzar mediterraniarra, Bonelli arranoa eta Hegoaldeko zuhaitz-igelarekin batera desagertzeko arriskuan daudenen taldea osatzen du. Gaur egun ematen diren baldintzak aldatzen ez badira, museotan ikusteko oso animali politak izango ditugu. Hala ere, ugatzaren kasua baikorragoa da, Aralarren bizilekua topatu duela baitirudi. Poliki-poliki Pirinioetatik gure lurrak birkonkistatzen ari da. Ugatz populazioen beherakada XIX. mendetik aurrera gertatu zen, batez ere, ehiza eta pozoien erabileragatik. Gaur egun, berriz, gizakiak eragindako habitataren eraldaketak erasotzen ditu ugatz populazioak. Ugatza berreskuratzeko asmotan bagabiltza, bere habitata erasotzeari utzi beharko diogu, pista eta errepide berririk egin gabe eta habia egiten duten lekua eta atseden lekuak babestuz.
Igaraba, uretako ugaztun isats luze hau, ur bizitako errekatan bizi da. Hanka motz eta oin palmatuekin buzeatzaile trebea dugu. Ibaietako animalia izanik, ibaia kaltetuz gero igaraba erasotzen ari gara. Ibaiak kanalizatu eta ibai ertzetako landaredia suntsitzean populazioak izugarri murriztu eta isolatu dira. Gaur egun, bere arazo nagusia hau da. Ibaietatik atera barik, ibai-kabuxa eta Iparraldeko katxoa ere arriskupean daude. Uren kalitatea hobetuz, espezie hauen egoerak hobera egingo luke.
Ilunabarrean ikusi ohi ditugu saguzarrak; hau izaten da beraiekin dugun harreman gertuena. Guretzat bereiztea zaila den arren, espezie ugari dago saguzarren artean. Hauetako bat, kare harritan topa dezakegu: ferra-saguzar mediterraniarra. Pisu astunen artean astunenetarikoa da; 11-17 gramo ditu. Leku epelak atsegin ditu eta tximeleta eta kakalardoz elikatzen da. Beronen bizilekua erasotzeagatik murriztu da batez ere eta egurrari emandako tratamentuak ere kaltetu dute espeziea.
Argi ikusten denez, espezie gehienetan, desagertzera bultzatzen duen arrazoia habitataren suntsipena da.


ZAURGARRIAK.

Zaurgarrien taldean desagertzeko arriskura iristeko bidean daudenak sartzen dira. Hauen artean ezagunena arrano beltza dugu. Harrapakari handi honek 90 zentimetroko luzera du eta moko beltz eta hanka horiekin ugaztun, hegazti eta narrastiak harrapatzen ditu. Oso hegazti zigortua izan da, bai ehiza, pozoi eta kabien suntsiketa dela eta. Harrapakin eskasiak, untxi eta antzekoen gutxitzeak, ere arazo larriak eragin dizkio. Badira hesi elektrikoetan kiskali direnak ere.
Arraroa badirudi ere, dortokarik bada gure artean; dortoka korrontezalea dugu hauetariko bat. 20 zentimetroko luzera duen oskola du eta ibaietan bizi da. Kalterik larriena, kanpoko espezien etorrerak eragiten dio.
Europako ugaztunik txikiena benetan txikia da: 1,2-3 gramo pisatzen ditu. Bere izena, satitsu etruriarra da. Metabolismo azkarra dela eta egunero bere pisuaren bikoitza irentsi behar izaten du. Nekazal ingurunean mekanizazioak eragindako sinplifikazioa dela eta, bere habitatak desagertu egin dira.


ARRAROAK.

Hirugarren taldea arraroena da. Izatez populazio txiki eta urriak dira; hau jakinik, zaintza berezia behar dute. Uhandre alpetarra, ortzadarrak adina kolore duen narrasti hau, goi mendietan topa daiteke: Izkizen, Gorbean, Aralarren... baina populazioen artean ez dago harremanik. Goi mendietako putzu eta erreka geldoetan agertzen da, espezie gautarra izaki. Populazio hauek mantentzeko mendietako putzu edo urmaelen lehortzea eragotzi behar da.
Gizakiak asko ehizatu duen beste ugaztun bat lepahoria da. Tamaina ertainekoa eta marroi kolorekoa da eta lepo eta bular aldea horixka du. Gaur egungo basoen kudeaketa dela eta, zuhaitz zahar eta enbor hil geroz eta gutxiago dagoenez, harrapakinen gutxitzeak eragiten dio.


INTERES BEREZIKOAK.

Interes berezikoetan, kulturalki edo zientifikoki deigarriak zaizkigunak aurkituko ditugu. Talde honetan interes ekologiko berezia duen txoritxo bat dago: ur zozoa. Ur kalitate onaren indikatzaile aparta, errekatxo azkarretan bizi ohi da, erreka alboan habia eginez. Igerian ere ez da makala eta ur azpian ibiltzeko gai da. Papar zuri, tripaundi eta buztan motzekoa dugu berau. Euskal Autonomia Erkidegoan, 100-250 bikote inguru daudela kalkulatzen da. Azken urteetan beherakada nabarmena jasan duen hegaztia izan da.
Oso liburu ederra da hizpide dugun hau eta hainbat animalia ezezagunetara gerturatzeko baliogarria. Baina poztekoa litzateke hurrengo edizioan liburuaren orri kopuruak murriztea. Honek gure egoera hobetzen ari dela adieraziko bailuke. Hau guztia gure esku dago


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude