Erreseinak 

1746. alea
2000-01-23
alde 0    kontra 0
JOXEMIGEL BARANDIARAN
Jon Aizpurua eta Jexux Aizpurua
Elkarlanean
150 orrialde
1.300 pta.

Apaltasuna zen, Pilar Barandiaranen esanetan, bere osabaren ezaugarri nagusia. Hala dio Joxemigel Barandiaranen bizia jasotzen duen liburu honen sarrerako testuan. Ataunen jaio zen apaiz eta antropologo hau 1889an. Ordutik hasten da liburuaren kontakizuna eta bere heriotzarekin, 101 urte zituela, amaitu. 6 ataletan dago banatua liburua: lehenengoan, Ataunen bizitako haurtzaroa biltzen da. Bigarrenean, Gasteizko Apaiztegian eginiko ikasketak eta maisu-karrera jasotzen dira. Hirugarrenak Euskal Etnologia ikasten ari zenekoa eta Aranzadirekin izandako hartuemana aipatzen ditu. Laugarrenak gerra hasi eta ihesi joan zenekoa. Eta azken bietan Iparraldean bizitako urteak eta 1953an Atauna itzuli zenekoa

POTTOKO TRIPONTZIA
Pello Añorga
Elkarlanean
68 orrialde
735 pta.

Ipuin kontalari oiartzuarrak idatzi du istorioa, graziaz beteriko idazkera xinple bezain landuan. Lehendik ere ezagunak dira Pottokoren abenturak, eta umeen artean pertsonaia ezaguna bihurtu da. Jokin Mitxelenak berriz marrazki xelebrez ornitzen ditu orrialde denak. Pottoko potokoa da, eta beti ari da kantatzen: «ni nizi naiz baserrian, animalien erdian». Goiz batean egundoko zoritxarra gertatu zaio: amak «zerriek baino tripa handiagoa duzu eta flakatzen hasi beharko duzu» esan dio. Gainera Pottokok badu letxuga baino freskoagoa den izeba Juanita bat. Izeba Juanita kalean bizi da eta autosuperrean joaten da Pottokoren baserrira. Autosuperrean kabituko bada, Pottokok bere 218 kiloak jaitsi beharko ditu

EUSKAL HERRIA KRISIAN
Joxe Azurmendi
Elkarlanean
280 orrialde
2.300 pta.

Filosofo katedradun zegamarrarentzat ez dago zalantzarik krisi batean gaudela. Historiaren arabera eraikitzen ditugu gure uste eta sinisteak, baina Jainko baten beharra du gaur egungo gizakiak ere, Jainko horri beste izen batzuk ematen dizkiogun arren: Ilustrazioa, demokrazia... Hala ere krisialdietatik beti sortzen ei da zerbait berria. Azurmendik gure errealitateaz egiten duen gogoeta da, gizarte honetako arazo eta kontraesanak agerian jartzen dituena. Ez du irtenbide majikorik eskaintzeko asmorik, bai ordea ohituren poderioz egiatzat dauzkagun hainbat topiko zalantzan jartzekoa. Zirikatu eta ideia berriak eraginez, irakurlea bere kasa berpentsatzera bultzatuko al du!

ATAZATAN OINARRITUTAKO IKASKUNTZA- RAKO LAN-MARKOA
Jane Willis
HABE
329 orrialde
1.425 pta.

Euskara irakasleei zuzendutako liburu honek, ataza edo zereginak ditu hizkuntzak ikasteko oinarri. Ataza hauen xedea da hizkuntza erabiltzeko benetako beharra sortzea eta hizkuntza ikasteko testuinguru naturala eskaintzea. Ikasleek ataza prestatzen dute, ondoren azalpenak ematen dituzte eta gero atazaren ziklotik kanpo eta material lagungarriei esker sortzen den hizkuntza ikasten dute. Lan-markoak edo testuinguru metodologikoak hizkuntza hobetu eta sortzea ahalbidetzen dio ikasleari, entzuketa eta irakurketen bidez. Nahiz eta ingelesezko materialea izan, Xabier Yurramendik euskaratu du, eta ariketak hemengo hizkuntza zein egoeretara egokitu ditu

OINARRIZKO GIZARTE-
ZERBITZUEN EGOERA EAE-N
Arateko
176 orrialde

Txosten honek Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen egungo egoera deskribatzen du. Bildutako datuak 1998.urte bukaera eta 1999.aren hasieran jasotakoak dira eta, azterketa egiteko metodologiari dagokionez, bertako langileek zerbitzuari buruz duten ikuspegia hartu da informazio iturri gisa. Zortzi kapitulutan banaturik, txostenak aztertzen ditu zerbitzu hauen helburu eta funtzioak, zerbitzu hauek mantentzeko dauden baliabideak (langileen plantila, profesionalen heziketa maila, eta baliabide materialak, besteak beste) eta zerbitzu hauek burututako jarduerak. Txostena bukatzeko, egoeraren diagnostiko orokor bat egiten da, arazo larrienak planteatzen dira eta arazo hauek konpontzeko aholkuak proposatu ere bai

BOTERE EKONOMIKO- AREN KONZEN-
TRAZIOA
Jarrai
43 orrialde
100 ptaz

Gazte erakundeak argitaratutako liburuxkak, botere ekonomikoaren konzentrazioak euskal gazterian duen eragina aztertzen du. Sei ataletan banaturik, lehenengoan gazteen errealitatea du aztergai: lan merkatua, eta etxebizitzen espekulazioari buruzko informazioa emanez. Kapitalismoak bere burua justifikatu eta bere horretan mantentzeko dituen mekanismoak deskribatzen ditu ondoren, eta honen atzean noren interesa izkutatzen den agertzen du. Egoeraren erantzuleen izen konkretuak argitaratzen ditu, eta azken kapituluan gizarte eredu berri bat planteatzen du alternatiba gisa



Piztu Ezazu ARGIA 685x50
Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
azala  
azala1745
 
azala1744

1746 zenbakia.
2000ko urtarrilaren 23a

   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys