"EAJk nahiko ez balu, espetxeetan ez litzateke presorik egurtuko"


1995eko abenduaren 31n
J. Antonio Madariaga, Senideak-eko bozeramaileari elkarrizketa
"EAJk nahiko ez balu, espetxeetan ez litzateke presorik egurtuko"
Juan Antonio Madariaga "Madari", Senideak elkarteko bozeramailea
Senideak-ek hilaren 18an gose grebari ekin zion, eta bertan topatu genuen bermeotarra. Neurri gogorra omen da, «baino ez espetxeko eguneroko bizitza adinakoa». Presoak Euskal Herriratu arte ez dutela etsiko esan zigun.
Batzar Nazional berezia egin ostean, gose greban hastea erabaki duzue. Nolatan iritsi zarete neurri hau hartzeraino?
Bizitza gogortu egin da espetxeetan. Gure senitartekoak iraunbizitzeaz ari gara hitz egiten uneotan. Eta ez dira hitz hutsalak, adibide zehatzak baino: Jon Iturriaga, Asun Sierra, Iñaki Mendiburu, Jon Etxandia... Mantso-mantso hiltzen ari dira.
Jipoiak, toki-aldaketak, kontrolak, isolamenduak... indarkeriazko praktika gaiztoak dira. Hori da eguneroko ogia. Eta hauen aurrean ez dago erantzunik, ez inplikazio politikorik, ez borondaterik. Eta hori ikusita presoak Euskal Herrira ekarri behar dira, eta izaera politikoa dutenak, bateratu. Horregatik erabaki genuen aldaba gogor jo behar genuela, erreferentzia puntu bilakatuz.
Presoak Euskal Herriratu artean gose grebari eutsiko diozuela adierazi duzue. Puska batean horrelakorik ez dela gertatuko dirudi, baina.
Neurri gogortzat jo daiteke, baina askoz gogorragoa da eguneroko bizitza espetxean. Talde bezala, jipoi, gose greba eta abarren isuri amaigabeari ezin genion aurre egin. Beraz, alternatiba bakarra sakabanaketarekin haustea zela pentsatu genuen, presoak Euskal Herrian bateratuz.
Gure lana informazioa hedatzea da. Arazoaren konponbidea euren esku dutenek emandako erantzuna, baina, hutsaren parekoa eta gogorra izan da: paso egin eta isilarazi egin dutelako, eta egoeraren irudi bat baino ematen ez dutelako, gainontzekoa ezkutatuz.
Presoen egungo borroka iraunbizitzea dela esan duzu. Gizartea horren jabe al da?
Sakabanaketa urrunketa bezala planteatzen da, horren atzean dagoena ezkutatuz, eta hori saltzen zaio gizarteari presiorik egin ez dezan. Baina horren atzean indarkeriazko praktika dagoela errealitatea da. Adibide batekin azalduko dut: Jon Etxandia Zorrozak hamabi urte daramatza espetxean, eta hamabi urte horietan 29 aldiz trasladatu dute, jipoi fisikoak jasoz. Ez dira harrizkoak, alajaina!
Eta praktika hori orokorra da: urtetan inorekin harremanik ez, komunikazio falta, intimitate falta, gaixorik dauden pertsonak _Iñaki Mendiburuk gurpildun aulkian amaituko du; bada Jon Iturriaga bezala amaitzeko arriskuan dagoenik ere_... Hori da indarkeriazko praktika, ilunpe eta isilpekoa. Eta komunikabideak eta klase politikoa ezkutatzen saiatu dira. 100 lagunek jada kalean behar lukete izan, kartzela-zigorraren 3/4 beteak baitituzte. Honen edo jipoi baten aurrean zein alderdi politikok jaso du ahotsa?
Alderdi politikoei presioa egiteko eskatu diozue gizarteari. Zer ulertu behar du horrekin?
Presoen egoera, eta honen inguruko guztia, ez da Senideak-en arazoa, euskal gizarte osoarena baino. Berak hartu behar ditu bere esku gai horiek, eta klase politikoari presioa egin egoerok eman ez daitezen.
Egia da kanpotik zaila dela espetxeetan zer gertatzen den ikustea. Gainera, politikariek ondo daudela, pribilegioak dituztela-eta diote. Eta horren aurrean oso zaila da gizartea mugitzea, baina mugiarazi egin behar da.
Gizartea horretarako prest ikusten al duzu?
Gure lana, inoiz baino gehiago, gizartea estimulatzea izango da. Testigantzak eta informazioa kaleratuz, herri honetako presoen benetako egoera zein den azalduko dugu etxez etxe, auzoz auzo, herriz herri. Eta jendeak honen berri izaten duen unean, erantzuna gogorra izango da, egoera bera gogorra baita.
Mobilizazioetarako senide eta amnistiaren aldeko taldeen sustengua jaso duzue. Baina, Maroñoko eta Altsasukoaren ostean, zuen eskaerekiko babesik jaso al duzue gainontzeko giza-mugimenduen aldetik?
Talde horiek badaukate kartzeletako egoerari buruzko informazioa. Baina beraien erreakzioak adierazpenetara mugatu dira, gero eguneroko praktikarik aurrera eraman gabe. Talde batek bere filosofia argudio bakezaleetan oinarritzen badu, ez da zilegi indarkeria mota bat soilik salatzea, eta espetxe edo kalean egunero ematen diren indarkeriazko frogen aurrean jarrera pasiboa mantentzea.
Alderdi politikoak ere hor ditugu. Azkenaldion askotxo hitz egiten ari dira presoez alderdiek.
Herrietatik hasi eta erakundeetaraino, presoen gaiari egoki aurre egin dion eta presoak bateratu beharra argi planteatu duen alderdi bakarra dago: Herri Batasuna. Gainontzekoek egungo egoera babesten dute, salbuespen bakar batekin, eta hau adierazpen publikoen mailan baino ez: EAJ. Baina adierazpen horiek ez dute islarik urrats zehatzetan. Egibarrek egindako bi adierazpen positibo azpimarratu nahi ditut: batetik, sakabanaketa ez-legezkoa eta Konstituzioaren aurkakoa dela esan zuenekoa; eta bestetik, presoen izaera politikoa onartu zuenekoa. EAJk adierazpen horiek barneratuta izango balitu, praktika egun daramatenarekin alderatuta erabat kontrakoa izango litzateke.
Egoera honi buelta eman diezaioketenek urratsik ez emateaz gain, mozorrotu egiten dute gaia. Eta egun ez dugu pazientziarik horrelakoak entzuteko. Egoera hau mantentzea justifikatzen badute, egin dezakegun edozer legitimatua dago. Halakok «zure semea egurtzen jarraitzearen aldekoa naiz» esaten badu, guraso batek edozer egin dezake. Horiek dira ondorioak.
Esandakoak hitz soiltzat hartzen dituzue, beraz.
Aspaldi galdu genuen konfiantza hitzetan. Hitz eta promesa asko entzun ditugu. Baina gerora ez dugu fruiturik ikusi. Ez dugu gure burua engainatu nahi.
Sakabanaketarekin presoen kolektiboa hautsiko zutela uste zuten. Baina jada ohartuko ziren, eta besteen sufrimenduaren lepotik gainera, kartzelaraturik dituzten pertsonak txikitzea baino ez dutela lortu eta besterik ez dutela lortuko.
EAJrekin bilerak egin dituzue orain gutxi. Zer atera duzue garbi beroietatik?
Gai hauek bideratu eta lanean jarduteko prest zeudela esan ziguten. Hala, EAJ eta Senideak-en arteko foro bat egiteko aukera planteatu ziguten gai zehatzak aztertzeko. Baina beraiek badute espetxe eta presoen egoerari buruzko informazioa, eta badakite zer egin behar den. Alternatiba bakarra presoak ekartzea da, legezkoa delako. EAJk onartzen zuen hori, eta gaineratzen zuen Euskal Herriko kartzeletan bazela lekua guztiak biltzeko.
Hori esan arren, ez dute hala jokatzen. Aldarrikatzen ditugun lau puntuen mozioaren aurka azaldu dira udaletan. Horrek esan nahi du isolamenduarekin bat datozela. Gainera, ezin ahaztu da sakabanaketa PSOEk eta EAJk diseinatu, planifikatu eta jarri zutela martxan. EAJ gabe ez zatekeen posible izanen sakabanaketa martxan jartzea. Berak nahiko ez balu, espetxeetan ez litzateke inor egurtuko.
Eta beste alderdiekin harremanik izan duzue?
Aspaldion ez. Baina alderdi denek informazio guztia mahai gainean dute. Ez dugu, ordea, erantzunik jaso. Berdin Eusko Legebiltzarrarekin. Sekulako borondate falta dago.
Zenbait alderdik presoen giza eskubideen errespetoa, Euskal Herriratzea eta bateratzea, truke modura ETAren indarkeriaren arabera ulertzen dutela salatu duzue.
Zer esan nahi dute horrekin, ETAk jarraitzen badu giza eskubideen zapalketa justifikatzen dela? Planteamendu horri segituz, hilabeteetan ekintza armaturik egon ez denean, Estatuaren aldetiko indarkeriazko praktikarik ez al da egon? Jakina egon dela, torturek, jipoiek eta abarrek indarrean jarraitu baitute.
Gure eskaera edo aldarrikapenak legezkoak dira, Lege Organikoak jasotzen baititu. Beraz, beraiek dioten modura, zuzenbidezko estatu demokratikoa bada, giza eskubideen errespetoa bermatuko beharko lukete, indarkeria egon edo ez, ETAkoak izan edo ez. Batak bestearekin ez du zerikusirik izan behar, baina badauka, beraiek hala baitiote:
«ETAk une batean praktika armatua utziko balu, posible izango litzateke presoak Euskal Herrira ekartzea».
Madrilgo atentatuaren ostean, Xabier Arzalluzek esan zuen elkarrizketarako esperantzarik baldin bazen, horrek puska baterako hautsi zuela. Negoziaketa bidezko konponbiderik posible ikusten duzu?
Horrelako egoeren aurrean inoiz baino beharrezkoagotzat jotzen dugu gatazkari konponbidea emateko ahaleginak areagotzea. Herri honetan guztiak ari gara sufritzen, batzuk modu batean eta besteak bestean, baina guztiak.
Larria da klase politikoak, indarkeriaren ebidentziarik argienen aurrean, eskuak garbitu, ihes egin eta ostrukaren modura burua lur azpian ezkutatzea. Hor ikusten da zer nolako klase politikoa daukagun, gatazka historiko honi aurre egin eta konponbideak bilatzeko adorerik gabekoa.
PPren adierazpenak ezagutuz, martxoan Espainiako Gobernura iristea lortzen badu, egoera ez da areago gaiztotuko?
PSOEren garaian tortura praktika moduan, GAL, sakabanaketa... ezagutu ditugu. Zer gehiago egin dezakete, zer larriagorik? Gainera, arazoa ez da alderdi jakin batena, Estatuarena baizik.
«Presoak Euskal Herrira» diote zuen kartelek. Noizko?
Euskal Herriaren esku dago presoak noiz Euskal Herriratu. Benetako presioa egiten badugu, berehala izango da. Bestela, guztion kalterako luzatuko da.
Euskal Herriratu diot, Madrildik gorako espetxeetara hurbiltzeak ez baitu inolaz ere bateratzea bermatzen. Aitzitik, sakabanaketak eragindako arazoek bere horretan jarraituko lukete. Beraz, hurbilketa horren ustezko mesedeak faltsuak lirateke.
Amnistiarik gabe bakerik ez?
Erbestean, deportatuta eta espetxeetan dauden guztiek nahitaez hartu beharko dute parte normalizazio, baketze edo konponbideak bilatzeko prozesuan. Etxean ez badaude, oso zaila izango da hemen bakea lortzea.
JAUREGI, Mikel
8-10,11

GaiezPolitikaEuskal HerrTaldeakBesteakSenideak
GaiezPolitikaEuskal HerrEkitaldiakMobilizazioGrebak
PertsonaiazMADARIAGA9
EgileezJAUREGI5Politika

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sakabanaketa
2023-12-07 | Ahotsa.info
Karmele Solaguren sakabanaketa politikaren biktima gogoratu dute Barañainen

Bere heriotzaren 19. urteurrenean, Karmele Solaguren gogoratu dute bere omenez herrian jarritako monolitoaren aurrean. Solaguren kotxe istripu batean hil zen, bere semea Ekain Gerra Madrilgo espetxe batera bisitatzera egindako bidai batean. Solaguren bezalako biktimen aitortza... [+]


Sara Fernandez preso politikoen senidea biktima gisa aitortzea eskatu dute

“Sara gogoan” plataformak preso politikoen senidea motibazio politikoko “biktima gisa” ofizialki aitortzeko beharrezkoak diren mekanismoak antolatzeko eskatu die Nafarroako erakunde nagusiei. Hura omentzeko memoria ekitaldia egingo dute azaroaren 28an.


2023-07-28 | Ilargi Manzanares
Hondartzetara eramango dute presoen eskubideen aldeko aldarria abuztuaren 6an

Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko hamabost hondartzetan antolatu ditu mobilizazioak Etxeratek, Etxera lelopean.


Pili eta Fontsoren aitortza beharra aldarrikatu dute Laudion

Elkarretaratzea egin dute larunbata eguerdian Laudioko Herriko plazan, Pili Arsuaga eta Fontso Isasiren heriotzaren 33. urteurrena dela eta. Bi bizilagunak 1990ko uztailaren 1ean zendu ziren, Maribi Ramila euskal preso politikoa bisitatzera zihoazela izandako trafiko istripuan... [+]


2023-04-30 | Mati Iturralde
Hogeita hamalau urte igaro eta gero

Pasa den martxoaren 25ean ofizialki bukatu zen euskal presoen sakabanatzea. El Paíseko lerroburuaren arabera, "34 urte igaro eta gero, Espainiako Barne Ministerioak amaiera eman dio ETAko presoen sakabanatzeari". Euskal Herriko komunikabideek ere dataren berri... [+]


Eguneraketa berriak daude