«Sei urteren buruan, Madrilek ez du nigan lagun bat irabazi»


1993ko abuztuaren 01ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Jean Filipe Casabonne preso ohiari elkarrizketa
«Sei urteren buruan, Madrilek ez du nigan lagun bat irabazi»
JEAN FILIPE CASABONNE
Askatu eta bi aste berantago elkartu gara Jean Filipe Casabonnerekin, bera San Ferminetatik itzultzean. Oraindik izarretan, presondegiko lagunak gogoan, bere buruaz hitz egitea kostatu egiten zaio. Politikaz aritzeko, aldiz, ez du inongo arazorik izan Paben sortutako 27 urteko soziologo honek. Sei urtez Espainako hiru presondegitan, Euskal Herria maitatzen joan dela dio. Oso gazte espetxeratua, egun heldutasuna nabarmen zaio.
ARGIA. Nola gertatu da sarritan aipatu izan duzun euskaldunekiko elkartzea?
J.F.CASABONNE. Euskal arazoaz gauza batzuk irakurriak banituen ere, 1984ean hasi nintzen benetako interesa hartzen. Lehendabiziko extradizioak gertatu zirelarik, manifestaldiak iragan ziren Paben eta zenbait epaiketatan ere izan nintzen. Asko egiten baitziren bertan.
Garai hartan eramaten ari zen errepresioak hunkitu ninduen gehienbat. Gauza askorekin ados nintzen, noski, baina errepresioaren kontrako sentimenduak animatzen ninduen batipat. Ezin da ahantzi ere GALen atentatuen garaia zela.
A. Handik laster, 1987ko uztailaren 7an, atxilotu zintuzten Torremolinosen. Nola iragan zen atxiloketa?
J.F.C. Niretzat sorpresa bat izan zen. Arratsaldeko ordu biak aldera izango ziren Malagako Polizia etxearen jabearekin batera etorri zelarik. Izan ere, alokatu nuen apartamentua erre egin baitzen eta jabeak beste bat utzi behar izan zidan. Horregatik, Poliziak jabearekin harremanetan jarri behar izan zuen. Apartamentuan nengoen jabeak etxeko telefonotik deitu ninduelarik; atea ireki eta bainugelatik atera bezain laster, bost polizia gainera erori zitzaizkidan, pistola eskuetan. Ohe gainera bota ninduten, eskuak lotu eta berriz pareta baten kontra jaurti. Lurrean geratu nintzen mugitu gabe, izututa. Etxea miatu eta gero, Malagaraino eraman ninduten. Komisaldegirainoko bidean ez ninduten jo, ezta hitza zuzendu ere. Komisaldegian polizia mordoa zeuden: atxilotu nindutenak, bertako komisaria, eta hasiera batean isilik egon ziren Madrileko informazio brigadakoak. Hasteko Malagakoek eraman zuten galdeketa. Oihuka eta espainolez, eta nik ez nekien batere espainolez, baina hala ere ulertzen nien nire izenari buruzko galderak zirela.
A. Momentu horietan zer nolako sentimentuak zenituen?
J.F.C. Atxilotu ninduten momentutik erran behar dut zinez ikaratua nengoela. Mundu osoa erortzen zaizu gainera. Une beldurgarriak dira. Komisaldegian, pistola buruan jarrita, mehatxuka hasi zitzaizkidalarik, ikara gorrian nengoen. Ez nuen sinesten bala batez hilgo nindutenik, baina beldur nintzen jasan beharko nituen tratuengatik. Jakin bainekien torturatzen zutela.
Berantago terrorismoaren aurkako legea irakurri zidaten eta itzultzaile gisa hamalau urte ez zituen haur bat ekarri. Baina honek arazoak zituenez, polizia batek itzuli zidan. Hori egin eta gela batera eraman ninduten. Butaka baten gainean jarri, burua polizia baten belaunen gain nuela, eta honek ukabilaz kolpeak ematen zizkidan buruan. Kolpe segituak, azkarrak, ttikiak... Beti dena espainolez. Mendira eramanen nindutela agindu zidaten.
A. Leku berean egon al zinen denbora guztia?
J.F.C. Ez. Gaueko ordu biak aldean etorri ziren mendira eramango nindutela esanez, baina ez ninduten eraman. Hiru auto prestatu zituzten eta batean bi polizien artean ni jarri. Bat psikologoa zen, ez ninduen behin ere jo eta oso goxoki hitz egiten zidan. Bestea ez zen isiltzen, oihuka eta buruan joka. Gainera izugarrizko beldurra nuen mendiko ibilaldi horiei buruz zenbait xehetasun irakurri bainituen. Bihotza dardara batean neukan eta ondoan zegoenak zera esaten zidan: «Hago lasai, dena ondo iraganen duk. Gertatzen dena duk honi zerbait erraten ez badiok zainetan jarriko dela eta okerrago izanen dela hiretzat». Uste nuen bihotza zartatuko zitzaidala. Une oso bortitza izan zen. Bidaia luzea, bide tikietan barrena, ikaragarria. Azkenean, Madrilerainoko bidaia izan zen.
A. Guzti horren ondotik, epailearen aitzinean eta presondegian, zure bizi baldintzak zailak izango ziren hizkuntzagatik...
J.F.C. Bost egunen buruan Entzutegi Nazionalera eraman ninduten. Ez nekien sobera non nintzen. Egoera hain bortitza izanik, galdurik sentitzen nintzen. Bulego batean jarrarazi ninduten, ondoan ofizioko abokatua, eta parean epailea. Izugarrizko inpresionea izan nuen une hartan. Ameriketako filmeetan agertzen diren epaile saldu horietakoen itxura zuen, kokotseraino heltzen zitzaion ator batez jantzia. Eskuak estalita, hatzen puntak ageri ziren bakarrik; eta bere ondoan, berriz, Tagle fiskala. Epaileak bi galdera egin zizkidan, eta uste dut loak hartu zuela, ez zitzaion deus inporta. Aldiz, fiskala ez zen horrelakoa. Zainetan zegoen. Oihuka ari zen eta ni leher eginda nengoen. Erraten zuena ez nuen deus ulertzen. Eskerrak itzultzailea zegoen.
A. Aski laster ezagutu al duzu euskal presoen egoera arrunta?
J.F.C. Bai, eta oso ongi hartu ninduten, hunkigarria izan zen. Baina lau egun berantago borroka bat antolatu zen euskal preso bat ekarri baitzuten Almeriatik eta isolamenduan jarri. Elkartasunez espetxe erdian bildu ginen. Polizia Nazionala etorri zen, geletan sartzera bortxatzeko. Isolamendua ezagutzen hasi nintzen.
A. Frantses estatuak egin al du zerbait zure egoera hobetzeko?
J.F.C. Frantses Kontsulatuak bergizarteratze neurriren bat prestatzen ari zela uste dut, Estatu espainiarrak eskaintzen dituen modukoa. Frantses biztanlea izanik, Kontsulatuaren bisitak ukateko eskubidea geneukan. Gure aferak segitzeko eskubidea dauka Kontsulatuak, gertatzen da ez dela horrela iragaten. Aitzitik, epaiketak ukan ditudalarik, Kontsulatuko ordezkari batek adierazpenak egin zituen prentsan Espainiakoa demokrazia dela segurtatuz. Alegia, gertatu zena estaliz.
Alta, terrorismoaren kontrako legeak eskubide guztiak kentzen badizkigu ere, Kontsulatuaren ikusteko eskubidea eskaintzen digu, nazioarteko eskubide bat baita, baina ez dut Kontsulatukoak ikusteko paradarik izan, ez baitu horrelakorik eskatu berak. Nik, aldiz, ez nuen orduan eskubide hori ezagutzen, eta komisaldegian erran zidaten ez nuela inor ikusteko eskubiderik.
A. Sei urte horietan presondegietako bizi baldintzak aldatzen ikusi al dituzu?
J.F.C. Baldintzak erabat aldatzen hasi ziren 1989ko bukaeran, Algeriako elkarrizketak moztu zirelarik. Momentu azkar bat izan zen eta epe laburrean 90 bat espetxe inguruan sakabanatuak izan gara. Zigor bat izan da kolektiboaren kontra, baina baita ETAren eta mugimendu osoaren kontra ere. Presondegi batera heltzen zarelarik, etarra zarenez eskubide guztiak ukatzen dizkizute. Beraz, berriro ere borroka berri bat hasi behar duzu, bitartean eskubide gabeko epea bizi behar duzularik eskubide minimo batzuk lortzeko. Bestalde, presoak segitu behar dituzten epaileek ez dute beren lana egiten, eta presondegietako zuzendariek Madrilek manatzen duena errespetatzea baino ez dute egiten.
A. Joa izan den presorik ikusi al duzu?
J.F.C. Lehena 1988an. Oroitzen naiz, isolamenduan zegoelarik, Txusmi jo zutela. Itzuli zelarik ubel ubela zen kolpeengatik, aurpegian... denean. Algeriako elkarrizketak moztu zirelarik itxialdi borroka bat erabaki genuen, eta abantzu sei hilabete igaro genituen Goardia Zibilarekin moduloan. Ekipatuak heldu ziren eta erregularki, usu, jotzen zuten, eta zeldetara joateko goardia zibil bi lerro artean pasatu behar genuen. Salaketak izan ziren, medikuek horren aitormenak egiten zituzten, baina gaur arte ez dut entzun salaketa horiek ondorioak lortu dituztenik. Ez genuen inongo defentsarik.
Guzti hori elkartasunari esker izan da jasangarria. Niretzat egoera beldurgarria zen, jotzen zituzten presoen oihuengatik, kolpeengatik, barne hartan zegoen giroarengatik. Elkartasunari esker jasan ahal izan dut. Komunikazioa izan da nire arazoa hasieran, baina laster itzultzaile pribatuak jarri zizkidaten. Egiten nituen urrats guztiendako beste preso bat etortzen zen nirekin. Hori negoziatua izan zen Administrazioarekin.
A. Zein ikasgai atera duzu presondegitik?
J.F.C. Asko ikasi dut. Hogeita bat urte nituen sartu nindutelarik eta orain hogeita zazpi ditut. Sei urte horiek nire bizitzako garai inportantea osatzen dute. Politikan asko ikasi dut baina pertsonalki ere bai. Anitz aldatu naiz, baita euskal arazoari buruz ere. Preso sartu baino lehen sindikatu batean ari nintzen, eta Euskadirekiko harremana edo sentimendua sinplea zen. Borroka zuzena zen, beste borroka asko bezala. Borroka horri ez nintzen baitezpada lotua. Ez nion atxikimendu berezirik. Ez balitz hori gertatu, urte baten buruan borroka horretaz urrundu nintekeen. Iritziak nituen borroka horretaz. Sei urteren buruan gauzak erabat aldatu dira, gaur egun sentitzen dudan atxikimendua oso azkarra baita. Sei urteren buruan Madrilek ez du lagun bat irabazi nigan. Egiazko grina da niretzat euskal borroka.
A. Gaur egun entzuten da presoek kolektiboaren presioa jasan behar dutela. Ateratzea nahiko luketela, baina beldur direla. Zer diozu horretaz?
J.F.C. Lehenik egoera konkretuari begiratu behar zaio. Erregularki ateratzen diren presoak daude. Amnistia geroztik hiru mila bat pertsona pasatu dira presondegitik, komisaldegietatik pasatu direnak aipatu gabe. Eta hiru mila horietatik, bergizarteratze neurriak baliatu dituztenak zenbat dira? Zenbat atera dira kolektibotik? Hogei, hogeita hamar al dira? Porrot egin du kanpotik ekarritako neurri horrek. Nire kasua frogatzat har daiteke hain zuzen ere. Bergizarteratze neurria onartu eta nire ingurumenak ez zidan inongo presiorik jasanaraziko. Ez banaiz atera ez da kolektiboak jar zezakeen presioarengatik, erabaki politikoagatik baizik. Kolektiboan sartzen zarelarik zure borontatez sartzen zara, borrokarekiko atxikimendua erakutsiz, herriarekiko maitasunagatik. Kolektiboan enfrentamenduak direla diotenek plazer eginen diete beren tropei, baina ekintzak ikusiz, urtean zehar emaitzak ahulak dira. Kolektiboak ez du horrelako arazorik. Gertatzen da kolektiboak ez duela prentsaren laguntza.
Ixabel Etxeberria
32-36

PertsonaiazPolitikaEuskal HerrPresoakEspetxeak
PertsonaiazCASABONNE1
EgileezETXEBERRI11Politika

Azkenak
Astebeteko liskarren ondoren, Thailandiak eta Kanbodiak su-eten akordio bat sinatu dute

Duela astebete, bien arteko mugan Thailandiako eta Kanbodiako tropak elkarri eraso egiten hasi ziren, Frantziaren kolonizazio aldian jatorria duen gatazka berpiztuta. Bi herrialdeek "berehalako eta baldintzarik gabeko" su-etena ezartzea adostu dute astelehenean, 35... [+]


‘The Lancet’ aldizkariaren arabera, Israelek 434.000 palestinar hil ditu 2023ko urritik: Gazako biztanleriaren %20

Iazko uztailean eginiko "aurreikuspen zuhurraren" ondoren, zuzenean eta zeharka Gazan hilda egon daitezkeen palestinarren kopurua eguneratu du aldizkariak. Kalkuluen arabera, 2023ko urriaren 7tik egunean 732 palestinar hil ditu batez beste, Israelgo armadaren erasoen... [+]


Europa makurrarazi du Trumpek
AEBek Europako produktuei %15eko muga-zergak ipiniko dizkie, eta alderantziz ezer ere ez

Horrez gain, Europa behartu egin du gasa AEBei erostera, 750.000 milioi euro xahutu beharko ditu horretan datozen hiru urteotan; beste 600.000 milioi euro gehiago inbertitu beharko ditu han, "inbertsio estrategikoetan"; eta, "ehunka milioi euro", zehaztapen... [+]


Agur esan du Hatortxu Rockek, baina segida izango du abenduan: Aske jaialdia

Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.


Gosez hiltzen ari gara

Nire gorputza erortzen ari da. Ama kolapsatzen ari da nekeak jota. Nire lehengusuak egunero jokatzen du bizitza laguntza pixka baten truke. Gazako haurrak gure begien aurrean hiltzen ari dira eta ezin diegu lagundu.


2025-07-28 | Hala Bedi
Gasteizko kanpaldian jasandako Poliziaren bortizkeria salatu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak gogor kargatu zutela "giro lasaian" egiten ari ziren ekimenaren aurka. Lau atxilotu, 11 identifikatu eta hamarnaka zauritu utzi zituzten Poliziaren esku hartzeari buruzko bestelako... [+]


Janaria sartzeko “10 orduko etenak” iragarri ditu Israelek, Gazan 100.000 haur desnutrizio arriskuan daudelako

"Pausa taktiko" gisa definitu ditu Israelek. Igandean hasi da eta 35 kamioi sartu dira Gazako zerrendara.


Espetxetik irten da Georges Abdallah, Europan espetxean denbora gehien zeraman preso politikoa

40 urte pasatxoko espetxealdiaren ostean, joan den ostiralean atera zuten espetxetik, eta segituan Libanora eraman, bere jaioterrira. Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz ez... [+]


2025-07-28 | Gedar
Arrazakeriarekin lotu ziren iazko gorroto-delituen ia erdia Espainiako Estatuan

%37 genero- eta sexu-diskriminazio kasuekin loturik egon ziren, eta aporofobia %33 hazi zen. Gorroto-delituen intzidentzia tasarik altuena Nafarroan identifikatu zuten iaz.


Umezurtz geratu diren Palestinako haurrei eskolak ziurtatzeko 41.000 euro bideratuko ditu Salam Gaza erakundeak

Nafarroako Kutxa Fundazioari esker 41.000 euro bideratuko ditu Palestinara Salam Gaza Gobernuz Kanpoko Erakundeak, umezurtz geratu diren haurrei eskolak bermatzeko gutxienez beste urtebetez. Alor akademikoa eskaintzeaz gainera, babes psikologikoa eta laguntza emozionala... [+]


Paul Urkijoren ‘Gaua’ hurrengo filmaren soinu bandaren grabaketan parte hartu du Aiaraldeko Iaiaiai taldeak

Irrintzi eta performance taldeak aste honetan egin ditu grabaketak Paul Urkijoren eta Mursegoren eta Aran Callejaren gidaritzapean, eta beste artista batzuekin elkarlanean, Ibon RG-rekin besteak beste. Sitgeseko zinema jaialdian estreinatuko dute pelikula, urrian.


Octavio Alberola zendu da, Donostian Franco hiltzen saiatu zen anarkista

1962ko udan, CNT Francisco Franco diktadorea hiltzen saiatu zen Donostian, ETAren laguntzarekin. Octavio Alberola anarkistak koordinatu zuen ekintza, baina huts egin zuten.


Sendabelarrak oliotan

Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi duenari olioarekin beste era batera lan egitea badagoela esan nahi nioke. Oleato edo olio... [+]


Eskuz eta banaka

Udan, Sargazoen itsasoan (Ipar Amerikako ekialdean) eme bakoitzak 2-3 milioi arrautza askatuko ditu. Baten batek bizirauterik badu, bi hilabeteren baitan ekialderantz igerian hasi eta urte erdi izaterako Azore uharteetara helduko da. Bertan elikatu eta haziko da, urtebeterekin,... [+]


Eguneraketa berriak daude