«Agintariak ekologiaz baliatuko dira Hirugarren Munduko garapena geldiarazteko»


1991ko otsailaren 10an
Bob Sutcliffe ikerlari britaniarra munduko garapena eta ekologiaz
«Agintariak ekologiaz baliatuko dira Hirugarren Munduko garapena geldiarazteko»
Bob Sutcliffek, Nicaragua, EEBBetan eta Euskadin irangan ditu azkenengo urteak, nahiz eta bera Londresen bizi, eta hiruretan ihardun du irakasle gisa unibertsitatean. Krisi ekonomikoa, 1930eko depresioa eta gaur egungo kapitalismoaren egoera aztertu ditu sakonean, besteak beste. Orain herri azpigaratuekiko ikerkuntza lanetan ari da Hegoa zentruan. Eta dagoeneko euskara apur bat ere ikasi du, «hurrengoan euskaraz» diosku elkarrizketa bukaeran.
ARGIA. Nola heldu da lurra gaur egungo egoera ekologiko tamalgarrira?
BOB SUTCLIFFE. Munduak gizakiak dituen beharretarako aina baliabide du printzipioz. Bi alor ikus beharko lirateke ea baliabide natural hauek arrazionalki erabiltzen diren batetik eta bestetik ea horiek nork erabiltzen dituen. Gaur egun gero eta argiago dago –eta horrela ikusten du munduak gero eta gehiago– gizateriak baliabide horien erabilera irrazionala egiten duela eta gainera zenbatek bestek baino askoz gehiago gastatzen duela.
A. Gero eta gehiago ikusten badira arazo horiek, suposatzen da gero eta neurri gehiago hartuko direla arazoei aurre egiteko.
B.S. Mundu garatuan gaur egun nahiko kontzientzia dugu lehenengo arazoaz, baliabideen erabilera irrazionalaz. Hiru modu daude horri aurre egiteko. Batak eskatzen du baliabide gutxiago eta hobeto erabiltzea, baina horrek gure ohizko bizimoduan aldaketa handiak eragingo lituzke. Egungo baldintza politikosozialak aldatu beharko lirateke eta hori ez da atsegina. Horren adibiderik garbiena automobila da, Indian behia sakratua den moduan Europan eta EEBBetan autoa da.
Bigarrena izango litzateke bizimodu mota bera mantentzea baina baliabideak gehixeago kontrolatuz errekin gutxiago erabiltzea kutsadura... Hau egiten da apur bat baina honek ez luke suposatuko arazoaren konponketa, honek Lurraren baliabideen gutxitze azkarraren prozesua apurtxo bat geldierazteko besterik ez luke balioko.
Eta hirugarrenak lehen munduko ikuspegiaren aldaketa bat suposatuko luke, hots, pentsatzen da Lurraren galera ekologikoa Hirugarren Munduko herrialdeen jokabidetik datorrela (eta ikuspegi hori bultzatu egiten da komunikabideetatik eta orohar sistematik), guztiz alderantzikoa denean. Maliko (Afrika) biztanle batek urteko ikatz kilo bat gastatzen badu Kanadako batek 10.000 kilo. Kontzientzia berri bat sorrerazi beharko litzateke. Herrialde garatuetan bizitzaren kalitatea hondasun materialen edukitzearekin lotuta dago, eta honek lehen gaien zerraztelkeria dakar.
A. Azkenengo urteetan gero eta gehiago hitzegiten da baso tropikalen egoera larriaz eta hauen desagertze prozesuaren ondorioz lurraren berotzeak eragingo duen hondamendiaz.
B.S. Mundu garatuan garrantzi handiagoa du basoen hiltzeak herrialde azpigaratuetan urtero gertatzen diren milaka eta milaka heriotzak baino. Horrek ez dio eragiten gure bizimalari baina baso tropikalen desagertzeak bai. Agintari politikoak, eta indar atzerakoi eta inperialistak gero eta indartsuagoa den kontzientzia ekologikoaz baliatuko dira Hirugarren Munduaren garapena geldierazteko. Finantziazio iturriek laguntza ekonomikoaren tsantaiaz gero eta gehiago eskatzen dute herrialde azpigaratuak neurri ekologikoak har ditzaten. Europak aspaldi desagertarazi zituen bere basoak baina ez du ordainketarik egin. Orain berak egin ez zuena besteei inposatzen die, eta gainera bere bzi maila mantendu ahal izateko. Gainera askotan Hirugarren Munduak ingurugiroa erasotzen duenean mundu garatuarekin duen harremanagatik da: multinazionalak, kanpo zorra ordaintzeko dibisen produzitu beharra...
Dena den desberdina izango da eragina herrialde garatuetan eta azpigaratuetan. Beti bezala dirua duenak bai herrialde mailan eta bai indibidualki, han eta hemen, hobeto erantzun ahal izango du.
A. Zeintzu dira herrialde azpigaratuen errekurtso eza eta arazo ekologikorik larrienak?
B.S. Errekina adibidez. Hirugarren Munduan sekulako krisia dago etxeko errekinarekin, egurrarekin alegia. Lehen Munduan oraindik inon egon ez den mailako energi krisia. Bestetik, lurraren esplotazio basatiak (eta askotan behartuta daude horrela egitera) lurrean sekulako erosioa eragiten du. Guzti hori konpontzeko baliabide ekonomikoak behar ditu herrialde garatuetatik, baina arazoa dirua harantz joan beharrean, dirua handik datorrela. Fluxu desberdinen kalkulua eginez gero (maileguen bueltatzeak, interesak, kapitalen ihesa...), hots, ikusten badugu garatuetatik azpigaratuetara doana eta handik datorrena ikusten dugu bigarren hau askoz ere handiagoa dela. Lehen Munduko pertsona bakoitzari urteko 200 dolar datorkio Hirugarren Mundutik. Diru kopuruan daude eztabaidak baina bestela mundu guztiak onartzen du hori. Beraz pobrezian bizi, beren probreziatik arazo ekologiko larriei aurre egin behar diete eta gainera mundu garatuko pertsona bakoitzari 200 dolar eman behar diote.
A. .Noiz arte iraungo dute baliabideak lurrean, mugatuak dira...
B.S. Hori garbi dago. Ez dago ikerketa erabatekorik horren gainean, baina nahiko garbi dago jadanik muga iragan dugula, eta hemendik aurrera baliabideen esplotazioa kontrolatzen ez badugu hondamendi handi bat etortiko zaigula baina ez dakigu ze eratakoa. Golkoko gerran, besteak beste, arazo hau ere badago. Petrolio aurkikuntza berririk ez bada, hemendik hogei urtera petrolio erreserben %90 Ekialde Erdialdean izango da, eta beraz zonalde horren kontrolak nazioen ekonomien kontrola suposatuko du.
A. Baina duela hogei urtetik hona ere berdin esaten zen, petroleoa gastatu egingo zela baina oraindik badirudi asko dagoela. Eta berdin gertatzen da beste lehengai batzuekin.
B.S. Bai, hori egia da. Azken bi mendeetan sarritan errepikatu izan da argumento hori. XIX. mendetik aipatzen zen hori ikatzarekin eta gaur egun badakigu oraindik ehundaka urtetarako ikatz dagoela. Baina argumentazio horren arazoa da noizbaiten egia izan behar duela, baliabideak mugatuak bait dira. Arazoa da, noiz? Lurrean egon litezken baliabideei buruz gero eta ikerketa gehiago egiten dira, beraz gero eta murritzagoa da kontrolatzen ez den eremua. Petrolio kontsumitzaileak zoro moduan dihardute petroliotokien bila, baina Golkotik kanpo gero eta gutxiago aurkitzen da.
A. Hitzegin dezagun arazo honek dituen alternatibetaz.
B.S. Hori da zailena. Arazoa da mundu garatuaren kontzientzia ekologikoaren handitzeak arazoak Hirugarren Mundura eramaten dituela, hondakin toxikoak hara eramatea eta abar. Baina hau ere bukatu egingo da, Hirugarrek munduko gobernu eta agintariek ere kontzientzia eta neurriak batzen doazelako. Zenbaitzuren esanetan teknologiak eragiten du arazo hau, orduan irtenbidea da atzera egitea teknologiaren eremuan. Bestetik teknologia erabilzea irtenbide moduan, energia alternatiboak... Baina teknologia testuinguru sozial batez lagundurik joan behar du. Gaur egun oraindik askoz ere gehiago gastatzen da petrolioa bilatzen ingurugiroa kutsatuko ez duten energian ikerkuntzan baino. Finean teknologia ez da neutroa, eta potere ekonomikoak erabakitzen du zertan ikertu. Kohetetan inbertitzen denean kohete hobak ateratzen dira, energia alternatiboetan inbertituko balitz aterako lirateke.
A. Zenbaitzuren ustez herrialde garatuek industria transferentzia bat egin beharko lukete Hirugarren Mundura, eurena gutxituz noski, bai mundu arrazionalago bat gauzatze bidean eta baita ere oreka ekologikoaren bidean.
B.S. Duda barik bidea hori da baina zailtxo ikusten dut hori posible izatea egungo mundu kapitalistaren pentsakeraz. Lehenengo lana banatu beharko litzateke hemen, eta bizitza maila hastialdiarekin igo beharko luke. Aberatsak gara hondasun materialetan baina horrek ez du esan nahi gure giza beharretan aberatsak garenik. Arazoa finean da zer diren giza beharrak eta nork sorrerazten dituen. Argi dagoena da, lurrak baliabide nahikorik ez duelako, mundu guztia ezin dela bizi Europak eta EEBBk duten bizimailarekin. Horrela balitz lurraren hondamendia gero eta gertuago egongo litzateke, eta jadanik gertatu izango zatekeen agian.
A. Ez zaude, beraz oso ikuspuntu baikorrarekin, baina lehen aipatu duzu kontzientzia ekologikoa handitzen ari dela, bai herrialde garatuetan eta baita azpigaratuetan ere. Horrek luzerara ondorioren batza eman beharko ditu.
B.S. Bai, eta gauza garrantzitsu bat gertatzen ari da maila horretan sistema kapitalistaren alderdi defendatzaile ortodoxoak arazoaz hitzegiteko gero eta behartuago daudela. Esan beharra dute zerbait egiten ari direla, eta niretzat hori zinismoa eta oportunismo hutsa da, baina hala ere garrantzitsua da, horrek erakusten duelako presio sozial batek hortaz hitzegitera behartzen dituela. Ilun ikusten dut etorkizuna eta hondamendi handiak gertatu arte ez dut uste alde guztietatik benetazko kontzientziarik eta neurriak hartuko direnik. Egia da sarritan esan direla gauza hauek, historian zehar krisi handiak izan dira eta oraingoz aurrera goaz. Baina non dago muga? Hor dago gakoa.
Xabier Letona
16-19


GaiezGizarteaIngurugiroaEkologiaEkologia
PertsonaiazSUTCLIFFE
EgileezLETONA1Gizartea

Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude