Erraustegi azpitik ateratzen den kutsadura ez duela erraustegiak isuri dio erraustegia egin duenak

  • Ostegun goizean ere Arkaitzerreka erreka kutsatzen jarraitzen du Zubietako erraustegitik ateratzen den hodi batek. Errekak ur garbia darama menditik behera erraustegira iristen denean eta honen azpitik zikina irteten da. Asteazken goizean jabetu ziren zubietarrak erreka zikina zetorrela. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak dio erraustegian ez dela isuririk gertatu, baina ez dute esan zer ari den gertatzen.

Arkaitzerrekak erraustegitik igaro ostean ur zikina darama. Botilan ikus daiteke errekako urak duen kolorea. (Argazkia: ARGIA)

2022ko uztailaren 14an - 12:59

Ostegun goizean egoera bera da Zubietako Arkaitzerrekan. Erraustegitik ateratzen den hodia erreka kutsatzen ari da, azpiko bideo honetan ikus daitekeenez.

URA agentziak ARGIAri adierazi dio asteazkenean eta ostegunean bertaratu direla teknikariak Arkaitzerrekara, laginak hartu dituztela, hauek ikertzen ari direla eta emaitzaren zain daudela.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, bere aldetik, prentsara bi esaldiko mezu bat igorri du esanez erraustegian ez dela "isurketarik" egon. Osorik jarriko dugu hemen: "Arkaitzerrekan izandako gertakariari dagokionez, Zubietako Gipuzkoako Ingurumen Gunetik hurbil dagoen erreka batean, GHK.k adierazi nahi du ez dela isurketarik egon GHKren instalazioan.
Era berean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa laginak aztertzen ari da eta emaitza eta jatorria jakin bezain laster jakinaraziko dira". Oharrean isuria erraustegitik datorrenik ukatzen duten bezala, ez dute inolako informaziorik ematen isuria nondik datorren jakiteko.

Asteazkenetik erreka kutsatuta

Asteazken goizetik, gutxienez, erraustegitik pasatzen den Arkaitzerreka erreka kutsatuta dago. Ura ez doa garbi eta oxido kolorea dauka. Hondakinak erretzeko azpiegituraren azpitik errekara doan hoditik aparra ateratzen ari da asteazken goizaz gero, azpiko bideoan ikus daitekeenez.

Azpiko argazkian ikus daiteke asteazken goizean goiz hartutako ur lagina.

Arkaitzerrekako ura erraustegitik igaro ostean, uztailaren 13an. (Argia)

 

Kontutan hartuta azken egunetan ez duela euririk egin, harridura da nagusi auzokideen artean. Zergatik doa zikin erreka bat-batean? Usurbilgo udaltzaingoa, Donostiakoa, URA agentziako kideak eta GHKko ordezkariak bertan izan diren arren, oraindik ez du inork adierazpen ofizialik egin. ARGIAri GHK-tik adierazi diote gaia kudeatzen ari direla eta ezin dutela adierazpenik egin.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak salatu du URA agentziako teknikariak ez zuela laginik hartzeko asmorik, eta beraiek hartuko zutela esatean erabaki duela beraiek ere hartzea. Horrez gain, ondorengoa adierazi dute sare sozialetan: "Arkaitzerrekan berriro ere agertu diren isurien aztarnak, 2009an Zabalgarbik izan zuen lisibiatuen isurketekin antzekotasun handia du. Orduan, Bilbo handira ur edangarria eramaten duen Ordunte kanaleraino iritsi ziren lisibiatuen kutsaduraren eraginak".

Erreka hau bilakatu da hondakinak erretzeko azpiegituraren kutsadurari jarraipena egiteko arretagune nagusia azken urteetan. Adibidez, Guardia Zibilaren arabera, Arkaitzerreka behin baino gehiagotan kutsatu zuten eta arrainez gain hamabost ardi ere hil zituen, nahiz eta Gipuzkoako Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok lehen kolpean ziurtatu kutsadura ez zuela erraustegiak sortu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude