Zisjordaniaren anexioaren alde egin du Israelgo Parlamentuak

  • 120 diputatuetatik 25 agertu dira anexioaren alde eta 24 aurka, asteazken honetan buruturiko bozketan. Nahiz eta horren alde izan, abstenitzea galdetua zien bere alderdikoei Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, "AEBekiko harremanak kaltetzeko" asmoz oposizioak bideratu "probokazioa" zelakoan.

Israelgo Parlamentua. Argazkia: AP SIPA

2025eko urriaren 23an - 07:30
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Zisjordania anexionatzeko lege proiektuaren alde agertu da Israelgo Parlamentua: 25 diputatuk egin dute alde eta beste 24k kontra. Oposizioan dagoen eskuin muturreko Avi Maoz-ek du testua aurkeztu, eta hain justu, horregatik die bozketan ez parte hartzeko galdetu lehen ministro Benjamin Netanyahuk bere alderdikoei. "AEBekiko harremanen kaltetzeko" asmoz, oposizioak bideratu "probokazioa" delakoan agertu da bozketan parte hartzearen kontra, nahiz eta Zisjordaniaren anexioaren aldekoa izan sutsuki. Hain zuzen, behin-behinekoan eta itxuraz behintzat, horren kontra agertu da Donald Trump azken egun hauetan.

Ondokoa adierazi du Netanyahuk: "Benetako burujabetza ez da lortzen lege sinboliko baten bidez [...], baizik eta tokian tokiko lan eraginkorraren bidez eta gure burujabetza aitortzeko baldintza politiko aproposak sortuz, Golanen eta Jerusalemen egin den bezala". Azkenik, abuztuan onartu zuen Zisjordaniako kolonoentzat 3.400 etxebizitza berriren eraikuntza.

Bigarren testu bat ere bozkatu dute urriaren 22 honetan. Oposizioko Israël Beiteinou alderdi nazionalistako Avigdor Liebermanek proposatu du 40.000 kolono dituen Maalé Adumim koloniaren anexioa, eta 32k egin dute horren alde, eta 9 agertu dira kontra.

Aurre bozketa izan da eta aldeko bozketek irabazirik, lege-proiektuek aitzina segituko dute parlamentuan.

Gaur egun, 500.000 bat kolonok okupatzen dute ilegalki Zisjordania. Palestinar lur horiek ere anexionatzeko asmoa du Netanyahuk: Palestinako Estatuaren aitortzaren aurka eginda, Zisjordaniaren anexioa jarri du lehen lerroan azken asteetan. 2024an, Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen Israelek lurralde palestinarrak okupatzea –Zisjordania eta bertako koloniak barne– legez kanpokoa zela eta lehenbailehen bukatu behar zela.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarren aurkako genozidioa
Eguneraketa berriak daude