Zinemaldia… euskaraz?


2023ko irailaren 20an - 09:46
Azken eguneraketa: 11:53

Joan den irailaren 1ean iragarri zuen Donostia Zinemaldiak, historian lehenbizikoz, Sail Ofizialeko Kursaaleko emanaldiek euskarazko azpidatziak izango dituztela. Urte dezente igaro dira Donostiako Bagera euskaltzale elkartea, eta Euskal Herri osoko euskalgintza, oro har, euskarak nazioarteko ekitaldi honetan duen presentzia eskasa salatzen hasi zirenetik. Iaz bertan, Zinemaldiaren inaugurazio ekitaldiaren aurrean, Pantailak Euskaraz ekimenetik elkarretaratzea antolatu genuen, Espainiako eta Euskal Herriko agintari gorenak bertan zeudela probestuta, eta Zinemaldian, zinemetan, telebistan, zein streaming plataformetan euskaldunok jasaten dugun diskriminazioa amaitzeko eskatzeko, Pantailak Euskaraz, gure eskubidea! lelopean.

Ordutik hona hainbat mugimendu egon dira bulegoetan ere, eta azkenean, euskaldunoi, zinemaldiko atalik garrantzitsuena gure hizkuntzan jarraitzeko eskubidea aitortu zaigu. Aurrerapauso handia eman du Zinemaldiak, eta eskertzekoa da hori. Alabaina, hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna oraindik urruti dago: lehiaketa ofizialetik kanpoko sailetan film gutxi ikusi ahalko dira euskaraz azpidatzita; jatorriz euskarazkoak diren lau film bakarrik estreinatuko dira; eta haurrentzako atalean eskainiko dituztenak zinemetan euskaraz bikoiztuta jadanik ikusi ahal izan ditugun edukiak dira. Denera, euskaraz ala euskaraz azpidatzita ikusi ahalko dira filmen %32,9. Emanaldi kopuruari so eginez, %19,3 eskainiko da gure hizkuntzan. Aurreko urteekin alderatuz portzentajeak nabarmen hobetu diren arren, zinez espero dugu hurrengo edizioetan aldaketa gehiago iristea, euskaldunon hizkuntza eskubideak erabat bermatu arte.

Aurrerapauso handia eman du Zinemaldiak, eta eskertzekoa da hori. Alabaina, hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna oraindik urruti dago

Azken bi urteotan agerian geratu da euskarak ikus-entzunezkoetan bizi duen bazterketa egoera salatu eta gaia eztabaida sozial eta politikoaren erdigunera ekartzeak erakundeak norabide egokian mugiarazi ditzakeela: Espainiako Estatuko Ikus-entzunezkoen Legearekin zirrikitu txiki bat irekitzea lortu genuen, eta plataformak euskarara bikoiztu eta azpidatzitako edukiak eskaintzen hasi dira gutxinaka (jadanik 134 eduki daude euskaraz Netflixen, eta 122 Prime Videon); Primeran streaming plataforma berria, eduki ia guztiak euskaraz ala euskaraz azpidatzita eskaintzen dituena, martxan jarri dute Irailaren 15ean; Zinemaldiak aurrerapauso nabarmena eman du euskarazko eskaintzari dagokionez…

Hurrengo erronka Euskal Ikus-entzunezkoen eta Zinemaren Legeak onartzea izango da, euskarazko ekoizpenera eta bikoizketara bideraturiko baliabideak biderkatu, zinemetan euskarak bizi duen bazterkeria gainditzeko hizkuntza kuotak ezarri, eta EiTBn euskara lehenesteko arau eta irizpideak ezartzeko.

Guztion artean bultzatuz, eta duela hiru hilabete utzi gintuen Izaskun Rekalde gure kide estimatua oroimenean dugula, erakundeek euskararen alde gidoia aldatzeko lanean jarraituko dugu; Pantailak Euskaraz lortuko ditugu!

Alex Aginagalde Lopez, Pantailak Euskaraz elkarteko bozeramailea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude