Zinegoak: zeintzuk dira aurtengo lesbogaytransqueer pelikula onenak?

  • Zinegoak lesbogaytransqueer zinema jaialdiaren sariak banatu berri dituzte. Matterhorn pelikulak bildu du garaikur gehien, hiru: fikzizko film onenarena, fikziozko gidoi onenarena, eta gizon antzezle onenarena. Publikoak Euskal Herrian egindako El Pastel film laburra saritu du.


2014ko urtarrilaren 27an - 07:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Matterhorn gay filmaren fotogrametako bat.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Diederick Ebbinge zuzendariak sortu zuen Matterhorn, Fred baserritar fededunaren istorioa kontatzen duen lana. Fredek bizi ordenatua dauka, baina Teo azaltzerakoan aldatzen da dena. Zinegoakeko epaileek bere kalitate teknikoa eta narratiboa laudatu dituzte: “Enkuadre, lokalizazio, pertsonaia eta solasaldi zehatz eta ederren bitartez, bakardadea, barkamena, eta genero rolen gaietan sakontzen du”.

Dokumentalei dagokienez, E agora? Lembra-me Klaudia Priscila eta Kiko Golfman zuzendarien obrak irabazi du. HIES eta hepatitis gaitzak dituen pertsona baten joan-etorriak kontatzen ditu. Aurreikusitakoa baino gehiago mintzo da bizitzearen inguruan, baina baita lagunez eta amodio istoriez ere. Epaileek esan dute hausnarketa “indartsua” dela, “pertsonala eta oso sentibera”.

Lesbianismoa eta generoa sailaren garaikurra bi lanek elkarbanatu dute. Sebastien Lifshitzen Bambi lanak eta Anna Margarita Albeloren Who´s Afraid of Vaginas Wolf filmak. Bambik gizon jaio eta emakume izan nahi duen pertsona baten ibilbidea kontatzen du. Epaimahaiak binarismoarekin “apurtzen” duela azpimarratu du.

Who´s afraid of Vagina Wolf umorezko lesbiar pelikulak Anna protagonistaren egunerokotasunaren berri ematen du: neska topatzeko zailtasunak, pelikula bat zuzentzeko nahia… Zinegoakek txalotu du obra komunitate lesbikotik jaio dela eta “inguru bolleroa” oso ongi islatu duela esan du.

Ikusleek ere izan dute zeresana. Publikoak Estela Osorio egilearen El Pastel lanari eman dio fikziozko film luze onenaren saria. Ama-alaba batzuen arteko elkarrizketa azaltzen da filmean –ez dago sarean ikusgai–.

Filmak ikusteko aukera Euskal Herrian

Urtarrilaren 28tik otsailaren 7ra, pelikuletako batzuk eskainiko dituzte Bizkaian eta Gipuzkoan.

Bizkaian, Basaurin, Durangon, Getxon, Igorren, Leioan, Portugaleten, Sestaon eta Sopelan. Gipuzkoan, Donostian, Hernanin eta Oreretan. Egitarau osoa hemen topa daiteke –pdf formatuan–.


LGBTI kanalean gehiago
2026ko otsailaren 11
Berriketa gutxi
Bixente

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...