AEB

Zergatik den Hillary Clinton Trump baino arriskutsuagoa

  • Diana Johnstone analista politikoa da, AEBetako eta Europako hainbat hedabidetan kolaboratzen du. Hillary Clinton: kaosaren erregina izeneko liburua kaleratu berri du, demokraten hautagaiaren ibilbide politikoari egindako azterketa zorrotza. La Marean elkarrizketatu dute eta pasarterik esanguratsuenak bildu ditugu.


2016ko azaroaren 08an - 10:47
Sarah Sole artistaren margoa bere azken liburuaren azalean erabili du Doug Henwood kazetariak

Donald Trump hedabideetan agertzen da berritasuna delako, gauza bitxiak esaten dituen showmana da, baina Clinton da kezkarako egiazko iturri nagusia.

Hillary Cinton Libia kaosera kondenatu zuen gerraren arduradun nagusietako bat izan zen. Kaos hori Afrikako gainerako lurraldetan hedatu da, baita Europaraino heldu ere. Ekialde Hurbilera guda gehiago eraman du.

Clintonek Israeli laguntza gehiago hitzeman dio palestinarren aurka egiteko. Baxar al-Assad postutik kendu, Siria zatitu eta Iran, Assad eta Hezbolaren arteko elkarlana suntsitzeko Saudi Arabiak eta Israelek adostutako aliantzarekin bat egiten du guztiz Clintonek. Horrek Ekialde Hurbilarekin eta Errusiarekin gatazka sortzeko arriskua handitzen du. Era berean, Errusiarekiko politika erasokorra babesten du Ukrainako gatazkaren harira.

Behatzaile fidagarri asko, John Pilger eta Ralph Nader bezalakoak, oso kezkatuta dago Hillary Clintonek, gu ohartu gabe, Hirugarren Mundu Gerrara eraman gaitzakeelako.

Europako hedabideek, oro har, Hillary Clinton aurkeztu dute Trump basatiaren alternatiba zentzuzko eta moderatu gisa. Halere, Trump, 'basati' hori, AEBetako azpiegitura berregitearen alde dago dirua atzerriko gerretan xahutu beharrean. Enpresaria da, ez ideologoa.

Diseinuzko karrera

20 bat urtez, Alderdi Demokratan jaun eta jabe den makineria clintondarren plana izan da Hillary "AEBetako lehen presidente emakumezko" bilakatzea. Bere karrera zeregin hori lortzeko diseinatu dute: aurrena New Yorkeko senataria, ondoren Estatu Idazkaria.

Senatuan Irakeko gerraren aldeko boza eman zuen. Erlijioso errepublikano chauvinistekin bat egin zuen hainbat neurri aurrera ateratzeko, adibidez, AEBetako bandera erretzea krimen federal bilakatzeko.

Estatu Idazkari bezala bere lehen zeregin garrantzitsua Hondurasko militar eskuindarren estatu kolpeari babes diplomatikoa ematea izan zen. Manuel Zelaya presidentea kargutik egotzi ostean, munduan hilketa gehien dituen hiriburua da Honduras.

Gaddafik boterea era baketsuan utz zezan Afrikako eta Hego Amerikako gobernuen ahaleginei boikot aktiboa egin zien. Lerro oldarkor horri segida eman zion Sirian. Obama presidenteari presioa egin zion Assaden aurkakoei laguntza gehiago emateko. Are gehiago, Libian egin bezala, "hegazkinentzat debekatutako zonaldea" inposatuz, Errusiarekin gerra piztera arriskatu zen. Xehe aztertuz gero, duen "eskarmentuak" presidente izateko gaitu baino gehiago deskalifikatu egiten du.

Finantza munduarekin lotura estua

Clintondarrek Etxe Zuria 2001ean utzi zutenean, Hillary Clintonek atsekabez esan zuen “dirurik gabe goaz, zorrak ditugu”. Baina hori azkar aldatu zuen.

Clintondarrak Etxe Zuritik Wall Streetera "mugitu" ziren, presidentetzatik finantzen mundura. Wall Streeteko bankariek clintondarrei bigarren luxuzko etxea erosi zieten New Yorkeko estatuan (Washington DCn beste bat zuten aurretik). Aurrena dirua utzi zieten eta ondoren milioiak ordaindu zizkieten konferentziak ematearen truke.

Bankuen sektorean dituzten lagunek familia-fundazio bat sortzea ahalbidetu zieten. Gaur egun fundazio horrek bi mila milioi dolarreko balioa du. Hauteskunde kanpainako dirua gustu handiz kolaboratzen duten lagunen inbertsio-funtsetatik jaso zuten. Beren alaba Chelseak inbertsio-funts batean egin zuen lan Marc Mezvinskyrekin ezkondu aurretik. Mazvinskyk bere inbertsio-funts propioa sortu zuen Goldman Sachsentzat lan egin ondoren.

Motzean esanda, clintondarrak erabat murgildu ziren finantzen itsasoan. Sinesgaitza da Hillaryk orain bere esker ona ez adieraztea, bere "adopziozko familiaren" interesen aurkako politikak eginez.

Zergatik babestu dute gutxiengoek Clinton Sandersen alde egin beharrean?

Hillary Clintonek Hegoalde Sakoneko estatuetako beltzen boza bereganatu zuen demokraten primarioetan. Hori kanpainaren hasieran izan zen, Bernie Sanders ezagun egin aurretik. Hegoalde Sakonean, afro-amerikar asko oso atsekabetuta zegoen horietako asko kartzelan zegoelako edo aurretik izan zirelako. Horietako boz-emaile gehienak Elizara maiz joaten diren emakume helduak dira eta han Clintonen aldeko predikatzaileak entzuten dituzte, eta ez Interneten esaten dena.

Iparraldean gauzak bestelakoak dira, eta Sandersen mezua hedatu zen. Intelektual afro-amerikarren eta entretenimenduaren munduko afro-amerikarren gehiengoaren babesa lortu du. Internet giltzarria lehen hauteskundeak dira hauek. Gazte jendeak, bereziki, ez du hedabide tradizionalen mezuan sinesten. Nahikoa da sarean aritzen diren irakurle estatubatuarren iruzkinak irakurtzea ondorengoaz jabetzeko: gehiengo zabal batek Hillary Clinton gezurtitzat, hipokritatzat, gerrazaletzat eta Wall Streeten tresnatzat hartzen du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AEB
Ia denak du prezioa

Filadelfia (AEB), 1838ko uztailaren 11. John Wanamaker jaio zen, gerora marketinaren alorrean eragin handia izango zuen enpresaria. Koinatuarekin batera hasi zen merkataritza eremuan lanean, 22 urte zituela. Biek denda bat ireki zuten orduan; eta negozioa pixkanaka hazten joan... [+]


Israelgo Armada hornitzen duten petrolio konpainiak, gerra krimenen konplize?

Israelek 2023ko urrian Gazako sarraskia hasi zuenetik, petrolioa jasotzen aritu da itsasoz munduko txoko askotatik, petrolio enpresa handienek hornituta. Petrolio horren zati bat armada hornitzeko erabiltzen da palestinarren kontrako erasoekin segi dezan.


TikTok debekatzeko lehen urratsak egin dituzte AEBetan

TikTok sare sozial ezaguna ByteDance enpresa txinatarrena da, eta AEBetako Ordezkarien Ganberak onartu duen lege proiektuaren arabera, sei hilabeteko epean saltzera behartuko du enpresa, ala sare soziala AEBetan debekatua izango da.


Eguneraketa berriak daude