Zer gertatzen da etxera heltzen garenean?


2022ko martxoaren 08an - 09:24

Babesleku eta aterpe izan beharko lukeena, infernu bihurtzen da emakume langile askorentzat.

Gaur martxoaren 8a da, Emakume Langileon Eguna. Aurten AZETeko emakumeok, askotan ikusezina bihurtzen den biolentzia matxistaren beste aurpegi bat mahi-gaineratu nahi dugu: etxebizitzaren arazoaren dimentsio patriarkala.

Dominazio kapitalista, zapalkuntza patriarkalarekin tartekatzen da une oro eta modu sistematikoan. Miseriak eta esplotazioak bortizki zeharkatzen ditu emakume langileon bizitzak; soldatapeko lanean okupatzen dugun tokiagatik, zaintza lanetan dugun arduragatik edo sistema zein gizonen eskutik jasotzen dugun indarkeria patriarkalengatik, besteak beste. Baina zer gertatzen da etxera heltzen garen momentuan?

Etxebizitza babesleku, aterpe edo gordeleku moduan imajinatzen dugu maiz, lan indarra erreproduzitzeko espazioa izateaz gain gure bizitzen arlorik intimoena garatzeko dugun tokia delako. Hori berriz, ez da horrela desjabetuon kasuan eta babesleku izan beharko lukeen etxebizitza, infernu bihurtzen da emakume langile askorentzat.

Emakume askok (horietariko gehienok seme-alabak edo gure ardurapean bizi diren pertsonak ditugunok) ezin dugu inolaz ere etxebizitza galtzera arriskatu eta horrek hainbat indarkeria jasatera bultzatzen gaitu: soldatapeko lanari are lotuago egotera, are esplotatuagoak izatera edo gure erasotzailearekin bizitzera kondenatuak egotera. Aukeran dugun beste bidea hauxe delako: kale gorria eta indarkeri gehiago (gizonen zein instituzioen eskutik). Edozein aukera, beraz, gogotik ordaintzen dugu emakume langileok, batzuk bizitzarekin ordaintzeraino helduz.

Hortaz, AZET Etxebizitza Sindikatuko emakumeok hurrengoa aldarrikatu nahi dugu:  antolakuntza eta borroka dira emakume langileok bizirauteko dugun berme bakarra. Horregatik, xumetasunetik etxebizitza sindikatuek klase kontzientzia zein kontzientzia feminista hedatzeko duen potentzialtasuna aldarrikatu nahi dugu. Emakume asko dagoeneko borrokara batu gara, ez garelako “cuarto propio” horrekin konformatzen. Dena nahi dugu, dena eta denontzako!

Argi izan dezatela: etxebizitzen aldeko borroka klase borroka eta borroka feminista izango da!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude