Zer gertatuko da igandean erreferendumarekin?

  • Goizean goiz abiatu Iruñetik eta ekialderako bidean egin du topo trenak eguzkiarekin ostiral goizean. Goiz iritsi da sugetzarra Sans-eko geltokira, ordurako prentsa digitala ondo miatua nuen. Zer topatuko barrenak dantzan, jaitsi naiz eta hiri handi bateko geltokiarekin egin dut dopo. Hasi da festa.


2017ko irailaren 30an - 01:15

Sans geltoki ondoko plazatxo batean jardun dut Kataluniako kazetari independentista batekin iritsi bezain laster. Luze jardun ondoren, ez dakit ideia berri gehiegi atera dudan, baina buruan jira-biran ditudan asko aberastu bai. Denok jakin nahi dugu zer eta nola gertatuko den igandean, baina inork ez daki. Badira A, B, C… planak, baina dabilenak ere ez daki. Ezta eragotzi behar duenak ere. Bakoitzak berak egingo duena daki, baina zer aterako den… Hau, oraingoz, batez ere informazio gerra da.

Baina bai, dagoeneko Bartzelonan murgildua, zerbait garbiago geratzen zaio kazetariari: erreferenduma egin egingo da, eta bozkatu ezin den lekuetan ehunka eta milaka pertsona egongo dira polizien aurrean, bozka-lekuetako atarietan. Irudi nahasiak ikusiko dira. Esate baterako, herrietako hauteskunde egun ohiko baten irudia eta hirietako kontrastea nahasiko dira, bereziki Bartzelonako eskola inguruetako mobilizazio erraldoiak. Ez zaie gustatzen gehiegi esatea, baina hemen ere garbi dute toki batzuetan ezingo dela bozkatu. Hara, horrek sor ditzakeen irudiak akaso kontrako eztarritik joango zaizkie Mariano Rajoyri eta enparauei.

Kontrasteak

Kataluniako gizartearen sektore zabaletan dena da aktibismoa egun hauetan, baina kontrasterako tarte ugari ere badira: Gracia eta Sans auzoetan erreferendumaren arrastoa oso nabaria da balkoietako kanpainaren “Bai” eta esteladen bidez. Aitzitik, ostiral honetako 16:00etan bederen bazirudien ez zela ezer gertatzen Catalunyako Plazan, ohiko turismoa ohiko dantzan. Hori bai, hemen ere bada arrastoa bertako eraikuntzetan, ANCko pankarta erraldoiak “Demokrazia” aldarrikatzen baitu bisitarien begien aurrean ezin ozenago. Ramblatik barrena, duela egun gutxi batzuk jihadismoa bertatik pasatu ez balitz moduan abian da turista jendea saldoka, ohi bezala. Espaloia gurutzatu, Generalitateko Palaura iritsi eta bertan irudiak hartzen dituzten zazpi telebista kamerek erreferendum usaina barreiatzen dute.

Aktibismoa nagusi da Kataluniako gizarteko sektore zabaletan. Kazetari laguna aita ere bada eta eskolako whatsappa sutan da: “Gauerako –ostirala da– jolasak antolatu dira eta esaten dute badaezpada lo-zakua ere eramateko”, dio irribarrez. “Bihar da?”, galdegin diot, “ez, zakua eramaten badugu, seguruenik igandera arte bertan egoteko izango da”. Zelako "mugiro!", aspaldiko beste lagun kazetari batek esango lukeen gisan. Igandean eskola bateko koordinadore ere izango da laguna, “baina ez iezadazu galdetu zer egin behar dugun, oraingoz izena ematea eskatu baitigute eta aurrerago azalduko digute egin beharrekoa”.

“Banoa Xabier, banoa”. Bai, nik ere badut zeregina, dena irentsi nahian nabil eta denak ihesi egiten didala iruditzen zait. Bai, bulegoko ordenagailuaren segurtasunetik, kaleko kontrol bako eremura noa. Ni ere banoa ihesi, kanpainako ekitaldi amaiera zain dut Montjuïcen. Baiezkoaren aldekoak dira, jakina. Ohiko kanpainari ihes eginez, ezezkoak bestelako kanpaina moldea egin du. Tira, Madrilek egin dio.

Montjuïceko iturri miragarria

Iturri Majikoan da hitzordua. Ea bertako uren eragina iganderako lagungarri den. Jendea bilduz doa apurka eta 19:00etan milaka pertsona dira kultur ekitaldiaren hasieran, musikariak, abesbatzak… ANC, Omnium, PdCAT, ERC, CUP… eta –noraino iritsi den Rajoy– En Comúk antolatu dute ekitaldia eta indar hauetako buruzagiak berriketan hasten dira 20:30etatik aurrera. Hauek hasi orduko, mikrofonoetatik antolatzaileek diote 80.000 pertsona direla ekitaldian. “Votarem” eta “independencia” oihukatzen dute etengabe herritarrek.

Hau guztia legez kanpoko erreferendumaren azken txanpan, hau da, legez kanpoko kanpaina batean eta, hortaz, legez kanpoko amaiera ekitaldiaren kronika egiten ari garela. Ez balitz bertaratu dituzten 10.000 guardia zibil eta poliziengatik txiste baten aurrean geundekeela pentsa genezakeen. Hara, zer egingo dute jendetza honen aurrean? Galderak airean jarraitzen du. Hau guztia ikusita, normala iruditzen zait hemen guztiek horren argi ikustea erreferenduma egin egingo dela.

Deabrutxoak barnetik esaten dit samurra dela atzerriko zalea etorri eta giroarekin kutsatzea, kontuz ibiltzeko, Guardia Zibila Guardia Zibila dela. Eta bai, hala dela erantzuten dio aingerutxoak, baina giro honetan gaitza dela bestelakorik ikustea.

Eta badu arrazoirik aingerutxoak, batez ere joan den asteazkenean gertatutakoa ikusita. Olatu handi haren ondorengo bigarren errepresio olatu handiagoaren zain ziren hemen guztiak, baina ez da etorri. “Itxaron, itxaron dio deabrutxoak, milaka guardia zibil eta polizia horiek ez dira alferrik etorri”. Arrazoi duela iruditzen zait.

Eszenatokian Piolin eta gainerako panpinak oso presente dira ekitaldi guztian, En Comúko Jaume Asens, Albano Dante Fachin… zorrotz jarduten dute demokraziaren alde. Giroa bereziki berotzen du CUPeko Mireia Boyak, zorrotz esaten die En Comukoei, igandekoa ez dela mobilizazioa, independentzia aldarrikatuko dela, igandean Kataluniako Errepublika jaioko dela eta hurrengo egunetik aurrera hasiko direla eraikitzen Herrialde Katalanak, ez erratzeko eta baiezkoaren alde egiteko: “Roma no paga traidores” esan die gaztelaniaz. ERCko Marta Rovira: “Zer uste zuten, atzera egingo genuela errepresioaren aurrean? Gora klabelinak, gora abestiak, gora pertsonak. Igandean ez gara bakarrik bozkatzera joango, igandean dena irabaziko dugu”. PdCATeko Marta Pascalek ere ozen esaten du igandean kalera atera eta irabazi egingo dutela.

Abestiak, aurkezleen txiste eta algarak, herritarren barreak… hau ote da Espainia gorrotoz hautsi eta irauli nahi omen duen herri anker hori? Espainiar zati handi batek sinetsiko du seguruenik, baina nazioarteak ez, hori du arazo Moncloak. “Mariano Rajoy ez da agertu AEBetatik etorri denetik, hori esanguratsua da”, dio ekitaldiko prentsa areto zabalean den kazetari euskaldun ezagunak. Bide batez dio hemen baietz, hemengo giroarekin gauez ere aire librean egin litekeela lan. Zenbat arrazoi.

Aldameneko kazetaria El Paisekoa da, katalanez mintzo da etengabe bertako La Vanguardiako beste batekin. Ze inbidia. El Paisekoak dio orain arteko dena txantxa izan dela, hemen festa igandean hasiko dela, uste du Legebiltzarrak independentzia aldarrikatuko duela erreferendumaren ondoren eta saltsa izango dela. “Indarra?”, galdetzen diot. “Batek daki –dio berak– badirudi dena oso lasai dagoela, baina hemen tentsio handia dago eta txinparta batek sua piztu dezake”. Arrazoi du horretan.

Oriol Junqueras, Kataluniako lehendakariordeak hozten ari zen ekitaldia eta berotu egin du. Eskerrik asko eman die irakasleei, ikasleei, nekazariei, abestu dutenei… askatasunaren kausaren alde egin dutelako. “Ez bagara herria, ez gara ezer… Beldurra gainditzen hasten denean, hasten da askatasunaren bidea… Lasaitasuna, hori ere gure indarra da eta… segi, segi, segi katalanok, gora Gure Lurra”.

Eta Carles Puigdemont atera da azkenik, honek bai berotzen duela giroa. Egin duten guztiarekin, dagoeneko irabazi dutela dio. Irabazten ari direla eta igandean irabaztera atera behar direla: “aurrerapen sozial, nazional, kultural eta ekonomikoaren alde”. Katalunia berria eraiki behar ei dute, bere bertute eta akats guztiekin. Huelvako “a por ellos”i egiten dio erreferentzia, astelehenean beste bidaia bat hasiko dela, Katalunian dibertsitatea dela...

Amaiera dator azkenean, ekitaldi oso luzea izan da, kubatar erakoa gutxienez 19:00etatik bertan diren milaka pertsonentzat. 23:00ak dira. “Joan bozkatzera –diote mikrofonotik– bakean, probokazioetan erori gabe, eta hor izango dugu gure garaipena”. Dedio, lasterketa amaitezin honetan oraindik larunbata falta da.

 

 

 

 

 

 

 

(Adria Alsina ANCko prentsa burua)

 

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kataluniako erreferenduma
Ponsati ez da agertu Auzitegi Gorenean zeukan hitzordura

Proces auziarekin lotutako Kataluniako kontseilari ohiari desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion epaileak. Ponsatik argudiatu du astelehenean ezin izan dela agertu, Europako Parlamentuan lana daukalako.


2022-09-14 | ARGIA
Espainiako Defentsa Ministerioa harrapatu dute Kataluniako erreferendumaren Wikipediako erreferentzia bat moldatzen

Carla Simóm zuzendariaren Alcarràs filma arrakasta izaten ari da, eta asteartean jakinarazi zen Oscar sarietarako hautagaia dela. Berria ezagutu eta gutxira, filmari izena ematen dion Kataluniako herriari buruzko Wikipedia orrian Urriaren 1ari buruzko... [+]


2022-08-31 | ARGIA
Kataluniako buruzagi independentisten eskubideak urratu zituen Espainiako Estatuak, NBEren arabera

Oriol Junqueras, Raül Romeva, Josep Rull eta Jordi Turull politikarien kargugabetzeak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna urratu zuela ondorioztatu du NBEk.


2022-05-25 | ARGIA
Kataluniako presoen indultuak berrikusiko ditu Espainiako Epaitegi Gorenak

Gorenaren hirugarren aretoak iritzia aldatu du eta indultuari jarritako helegiteak aztertzea erabaki du orain. PSCk “espero du” indultatuak espetxera ez bueltatzea, eta Carme Forcadellek adierazi du “edozer gauza” espero duela Gorenetik.


Eguneraketa berriak daude