Zarauzko Udaltzaingoak hizkuntza-eskubideak urratu dituela salatu du Euskal Herrian Euskarazek

  • Udan gutxienez bi urraketa egon direla jakinarazi dute. Herria euskararen arnasgunea izanik eta udaltzainak langile publikoak izanik, ohartarazi dute "ezinbestean" errespetatu behar dituztela herritarren hizkuntza-eskubideak.


2021eko urriaren 15an - 08:13
Azken eguneraketa: 10:20
Euskaraz egitea "errespetu falta" zela esan zion Zarauzko udaltzain batek herritar bati. / Argazkia: Zarauzko Hitza.

Zarauzko Udaltzaingoak hizkuntza-eskubideak urratu dituela salatu du Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak. Ohar batean kaleratu dutenez, udan gutxienez bi zarauztarren hizkuntza-eskubideak urratu ditu Udaltzaingoak, eta esan dute "ziur" daudela ez direla bakarrak. Bi kasuak antzekoak izan direla jakinarazi dute: herritar bat lagunaren zain zegoela kargu hartu zioten bi udaltzainek, eta haietako bat gaztelaniaz mintzatu zitzaionean herritarrak euskaraz erantzun zion. Udaltzainak "tonu oldarrean" esan zion "errespetu falta" iruditzen zitzaiola euskaraz egitea eta hari gazteleraz zuzentzeko. Beste udaltzainak bazekien euskaraz, baina ez zion itzulpenik egin eta hark ere eskatu zion gazteleraz hitz egiteko. Herritarrak euskaraz "tinko" jarraitzen zuenez, udaltzainak isuna jartzearekin mehatxatu zuela adierazi dute EHEetik. Udaleko langileak euskararekiko "mespretxuz" eta "jarrera autoritarioz" jardun zuela salatu dute.

Oharrean azpimarratu dute udaltzainak langile publikoak direla eta, beraz, "ezinbestean" herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu behar dituztela. Udalari eskatu diote hautaketa-prozesuan baldintza batzuk ezartzeko eta horiek betetzea bermatzeko. Gainera, gogorarazi dute Zarautz, hain justu, euskararen arnasgunea dela, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide. Udaltzainaren euskararekiko atxikimendu ezagatik "kezka" adierazi dute, izatez herria euskalduna baita: biztanleen %85ak euskaraz daki eta %50,5ak erabiltzen du. Horrelako hizkuntza-eskubide urraketak jasan dituzten herritarrei dei egin diete EHEekin harremanetan jartzera.

Ez da izan hizkuntza-eskubideen urraketei buruzko aste honetako salaketa bakarra; asteazkenean Ernaik sare sozialetan zabaldu du Ertzaintzak egindako urraketa. Ertzain batek zera esan zion identifikatzen ari zen gazte bati: "Gazteleraz egiteko betebeharra duzu zure nortasun agirian Espainia jartzen duelako".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza eskubideak
Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


Behatokiaren hizkuntza urraketei buruzko 2023ko txostena
Hizkuntza muga eta urraketa berak hamar urtez

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 909 kexa jaso zituen Behatokiak 2023. urtean. Horien %75 baino gehiago administrazioari loturiko zerbitzuei buruzkoak dira: “Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela”.


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


Iruñeko EHEren talde berria aurkezteko jaia egingo dute larunbatean

Taldea ezagutarazteko eta proiektua finantzatzeko antolatu dute egun osorako egitaraua.


Eguneraketa berriak daude