Duela hiru urte jazo zen zaldikiaren eskandaluak hautsak harrotu zituen elikaduraren industrian. Hainbat enpresak behikia zelakoan zaldi haragia erabili zuten beren produktuak egiteko. Irlandako ABP Food izan zen zaldikiaren auziak kolpatutako lehena, eta ondoren hainbat enpresak hartu zioten lekukoa, tartean Nafarroa Behereko Lur Berri kooperatibako Spangherok.
Egoera hartan, Erresuma Batuko gobernuak zaldi haragia elikagaietara nola iritsi zen aztertzeko ikerketa independente bat abiatu zuen. Ikerketa haren buru Chris Elliot izan zen, elikagaien segurtasunaren inguruko aditua. Berriki The Guardianeko Tom Levittekin solastu da Elliot, eta zaldikiaren krisiaz geroztik elikadura enpresek hainbat lezio ikasi dituztela azaldu du. Hemen nabarmendu dituen hiru gako:
Enpresek jada badakite elikadura krimena arrisku handia dela
Zaldi haragiaren aurretik, sare kriminalek elikadura kate osoan zuten eragina, baina haien jardunari ez zitzaion erreparatzen. Gaur egun, aitzitik, enpresak kontu handiz dabiltza horrelako praktikak eman ez daitezen. “Enpresek orain esfortzu askoz ere handiagoa egiten dute beren hornidura kateak ezagutu eta kontrolatzeko. Badakite materialak nondik lortzen dituzten, bai eta iruzurrek zer ondorio dakartzaten”, azaldu du Elliotek.
Europar Batasuneko autoritateek elikadura iruzurrak serioski hartu dituzte
Ellioten arabera, eskandalua aireratu zenean ez zegoen garbi nork zeukan ikerketak egiteko ardura. “Bizpahiru hilabete igaro ziren ardurak esleitu ziren arte, eta denbora hori igarota oso zaila da errudunak harrapatzea”. Orain elikadura iruzurren gaineko ardura Elikadura Krimenaren Unitatearena da. Hark elkarlanean dihardu Europolekin eta jakien segurtasunaren inguruko autoritateak biltzen dituen Elikadura Iruzurraren Sarearekin.
Negozio txikien kasuan arriskua ez da jaitsi
Supermerkatu handiek baliabideak dituzte beren hornidura kateak behar bezala ikertu eta ezagutzeko. Alabaina, negozio txikiek ez dute hainbesteko baliabiderik, eta Ellioten arabera, horrek iruzur arriskua handiagoa izatea dakar. Elliotek dio irtenbide posible bat izango litzatekeela enpresa handiek laguntza eskaintzea txikiagoak direnei.