Zaintza sektorean greba deitu du ELAk azaroaren 17rako

  • Egun enpresa pribatuen esku dagoen zaintza profesionala publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar dela aldarrikatu du ELAk.


2020ko urriaren 27an - 07:51
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hego Euskal Herriko zaintza sektore hauetan greba deitu du ELAk azaroaren 17an: adinekoak, adin txikikoak, aniztasun funtzionala dutenak edo bazterkeria sozialeko arriskuan daudenak. Sindikatuak adierazi duenez, "ezin ditugu ahaztu etxeko milaka langileak; hauei ez zaie greba egiteko eskubiderik aitortzen, ezta lan-eskubide oinarrizkoenak ere, baina zaintza merkantilizatuaren zati nabarmena hartzen dute, sarri esplotazio eta abusuzko baldintzetan".

Zaintza pribatizatua, enpresen esku

ELAk gogorarazi du zaintza gehienak pribatizatuta edo merkantilizatuta daudela, "enpresa pribatuen esku, zeintzuk etekin ekonomikoa lehenesten duten, eta ez pertsonak zaintzea. Hori guztia, gainera, diru publikoz finantziatuta. Bere burua aurreratutzat duen gizarte batek nolatan onar dezake biziarekin negozioa egitea? Zaintza profesionalizatua publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar da".

Zaintza sistema publikoa helburu

Pandemia garaian zaintza sistemak "eztanda egin" duela adierazi du ELAk eta azaroaren 17ko grebak "aldaketa historikoa" eragin behar duela: "Helburua da zaintza sistema publiko bihurtzea, eta hau gure herrian lehentasun politiko izan dadin lortzea".

Hauek dira azaroaren 17ko grebako aldarriak

1. Egoera bereziki kaltebera duten pertsonen zaintza zerbitzuen publifikazioa: etxez etxeko laguntza, eguneko zentroak, zentro erresidentzialak, etxebizitza komunitarioak, tutelapeko etxebizitzak, aterpetxeak, eta esku-hartze sozialeko beste zerbitzu batzuk.

2. Zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea, aldi baterako lanpostuak barne.

3. 10.000 profesional gehiago kontratatu eta lanaldia %100eraino luzatzea, baldin eta borondatez kontrakoa eskatzen ez bada.

4. Sektoreko genero-arrakala gainditzeko taxuzko neurriak eta zaintzaren balio sozial eta produktiboaren aitortza.

5. Zuzeneko arretaren ratioak hobetu eta bajan dauden langileen ordezkapena lehen egunetik hasita.

6. Lan osasuna bermatzeko neurri egokiak, batik bat arrisku psikosozialei dagokienez.

7. Langileen osatze emozionalerako plana, hein batean bedren pandemiaren kalte larriak arintzeko.

Senide eta pentsiodun elkarteen manifestazioa urriaren 31n

Sindikatuak adierazi du "aliantzak ehuntzen jarraitzeko" unea dela eta gogorarazi du senide eta pentsiodun elkarteek eta kolektibo feministek manifestazioak deitu dituztela urriaren 31n lau hiriburuetan. "ELAk ere horietan parte hartuko du", berretsi du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haurren zaintza
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!