Zabalgarbik ez du jarraitzen eskorien kutsadura kontrolatzeko europar araudia

  • Errauskailuak ez ditu egin dioxina eta furanoen kontzentrazioa neurtzeko azterketak. Laginak ere modu irregularrean hartu ditu, txosten baten arabera.


2016ko ekainaren 07an - 09:41
Bizkaiko eta Eusko Jaurlaritzako agintariak Zabalgarbiren hamargarren urteurrenean (argazkia: Irekia)

Bizkaiko hondakin gehienak kiskaltzen dituen Zabalgarbik beste behin agerian utzi du errausketak sortutako kutsadurarekin dagoen segurtasun arazoa. Errauskailuan ez dira Europak aginduta bezala egiten ari labeen zepa edo eskorietako kutsadura neurtzeko kontrolak.

Europar Batasunak 2014an hondakin arriskutsuak sailkatzeko araudia zorroztu zuen; besteak beste, orain derrigorrezkoa da dioxina eta furanoen kontzentrazioa neurtzea, arriskutsua ote den jakiteko. Zabalgarbik baina, ez du prozedura hori jarraitzen, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordetzak informazio eskari bati berrikitan emandako erantzunean onartu duenez.

“Zabalgarbi S.A.-ri emandako ingurumen baimen bateratuak ez du agintzen arriskuaren sailkapenerako froga egin beharrik [Europako] araudiaren irizpideen arabera”, dio sailburuordetzak. Errauskailuak, beraz, Europar Batasunak ezarritako irizpideei kasurik egin gabe aztertzen ditu eskoriak, zazpi urte lehenagoko ingurumen baimenean ez duelako hori jartzen, bere arduradunen esanetan.

Laginak mezulari bidez

Irregulartasunak ez dira interpretazioaren arlora mugatzen. Itxura guztien arabera, Zabalgarbik 2014an egindako zepen gaineko kontrolean laginak bere kabuz hartu zituen, lan hori enpresa independente bati eman beharrean. Hori iradoki liteke Uriker S.L. laborategiaren txosten batetik (pdf).

Errauskailuak mezulari bidez bidali zizkion laginak Urikerri, “hondakinak” kontzeptupean –labeetako eskoriak ote ziren zehaztu gabe–. Honek, saguekin eta untxiekin analisia egin eta ondorioztatu zuen ez zela “toxikoa ezta kaltegarria ere”.

Europar Batasunak dio halako laginak “pertsona edo erakunde independenteek” hartu behar dituztela, bistan denez, amarrurik ez egoteko eta laginak fidagarriak izateko. Zabalgarbik lehenago ere halaxe egin izan du, esaterako 2005ean Gaiker teknologia enpresako teknikariak joan ziren errauskailura bertara.

Urikerren txostenetik ondorioztatu daitekeenez, ordea, 2014an Zabalgarbik berak hartu omen zizkion bere buruari laginak, ez baitu beste ezer zehazten.

Gaur egun, Bizkaiko errauskailuak 40.000 tona eskoria edo zepa sortzen ditu baina horiek “ez-arriskutsu” gisa tratatu eta Zallako zabortegira botatzen dituela salatu dute ekologistek eta bertako udalak.

Administrazioaren ardura

Errauskailuek eragiten duten kutsaduraren eta honen gaineko segurtasunaren inguruko zalantzak gero eta ageriagoak dira, Gipuzkoan Zubietako proiektuaren kontrako mobilizazio eta mugimenduek erakutsi duten moduan.

Zabalgarbiko eskorien gaineko kontrol ezak kezka hori handitu baino ez duela egingo dirudi, are gehiago administrazioak –kasu honetan Ingurumen sailak– ontzat ematen dituenean errauskailuaren argudioak eta arauz kanpokoa izan daitekeen jarduna.

Ustezko arau urraketa hauen inguruan azalpenak eman zituen duela hilabete Eusko Legebiltzarrean Iosu Madariaga ingurumen sailburuordeak: “Nik esan dezakedan gauza bakarra da Zabalgarbik daukan ingurumen kontrola ezaugarria dela”, esan zuen ordukoan.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bizkaiko errauskailua
2022-04-26 | Zero Zabor
Zabalgarbi erraustegiak 17 milioi irabazi ditu dirulaguntzetan, hondakinak benetan ez balorizatu arren

Iraunkortasun ekologikoa, gizarte eta ingurumen-krisiak eta klima aldaketak Euskal Herrian dauzkan ezaugarriak ikertzen dituen Ekopol elkarteak analizatu du Bizkaiko Zabalgarbi erraustegiak 2020an egindako jardunaren emaitza. Ondorio larriena zera da: Europako agintaritzak... [+]


Zabalgarbik ez du elektrizitaterik sortu martxotik gutxienez uztailera arte

Erraustegiak ez ditu hondakinak balorizatu martxoaren 26tik gutxienez uztailaren 11 arte, erregistroak eskura dauden azken eguna, Elektrizitatearen Merkatu Iberiarreko datuen arabera.


Errausketaren aurkako protestak deitu dituzte Bilbon ISWA patronalaren kongresuaren harira

Bizkaia Zero Zabor elkarteak deituta, protesta egingo dute Bilbon astelehenean, urriaren 7an, goizeko 8:00etatik 10:00etara Euskalduna Jauregiaren aurrean, eta 18:00etatik 20:00etara Guggenheimen. Egun horretan ISWA patronalaren mundu mailako urteko kongresua hasiko da, eta... [+]


2019-02-15 | Zero Zabor
Zabalgarbik zaborren errausketagatik 24 milioiko diru-laguntza jaso du, nahiz eta gas naturala erre argindarra lortzeko

EH BILDU legebiltzarkide taldeak eskatuta, otsailaren 13an Gorka Buenok Ekologistak Martxan Zero Zabor Bizkaian plataformaren izenean agerraldia egin du Gasteizko Parlamentuko  Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Batzordean, Bizkaiko Zabalgarbi erraustegiaren... [+]


2018-09-18 | Zero Zabor
Zabalgarbik 2005etik 600.000 tona eskoria lurperatu ditu kontrolik gabe, salatu du Zero Zabor Bizkaian-ek

ZZB Zero Zabor Bizkaian plataformak salatu du 2005etik gaurdaino Zabalgarbi erraustegiak 600.000 tona eskoria –hondakin nahasiak erretzeak utzitakoak– isuri dituztela Bizkaiko zabortegietan eta hori kontrol egokirik gabe egin duela, prozesuaren kalitatea bermatzen... [+]


Eguneraketa berriak daude