ARGIA.eus

2020ko apirilaren 09a

Birziklapenari eta errausketari buruzko datuak manipulatzea leporatu diote ekologistek Bizkaiko Foru Aldundiari

  • Bizkaiko Foru Aldundiak hondakinen kudeaketari buruz zabaltzen dituen datuetan “manipulazio larriak daude”, esan du gaur Gorka Bueno EHUko irakasleak, Ekologistak Martxan taldearen izenean Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarren Hartu-emanerako Batzordean egindako agerraldian. Okerreko datuak, besteak beste, Europar Batasuneko araudiekin bat ez datozen zenbaketa-metodologiak erabiltzearen ondoriozkoak dira, agerraldiaren ostean zabaldu duten txostenean irakur daitekeenez.

Unai Brea @unaibrea
2016ko martxoaren 04a
Bizkaian birziklapen helburuak betetzeko arazoak Zabalgarbin egiten den errausketarekin lotuta daude Ekologistak Martxanen ustez; "herrialdeko hondakin kudeaketa hartan oinarritzen da neurri handi batean" (Arg.: I˝igo Azkona).

Manipulazioaren adibide modura Zabalgarbi erraustegian sorturiko zepak aipatu ditu Ekologistak Martxanek. Zepa –edo eskoria– horiek sistematikoki jotzen dira birziklatutzat, nahiz eta benetan zabortegira botatzen diren. 2014an 42.000 tona baino gehiago izan ziren.

Erraustegia martxan jarri zenetik –2005ean– 400.000 tona inguru zepa eratu dituela adierazi du Ekologistak Martxanek, “inoiz birziklatu ez direnak”. Gainera, zepa horiek hondakin ez-arriskutsuetarako zabortegietara eraman dituztela salatu dute, haien arriskugarritasunari buruzko azterketarik inoiz egin ez bada ere.

Aldundiak zabaldutako 2014ko “guztiko birziklapen osoaren indizea” ere gezurtatu du elkarte ekologistak. Foru agintariek esan arren indize hori %67,7koa dela, “Europako metodologiarekin kalkulatutako birziklapen-tasa %40 baino txikiagoa da”, Gorka Buenoren arabera. Metodologien arteko konparazio xehea aurkitu daiteke aipatutako txostenean.

“Energia sortu gabe erraustu”

Zabalgarbiren aldeko argudio nagusietakoa da energia jartzen duela herritarren eskura, hondakinei aterabidea ematen dien aldi berean. Gorka Buenok azaldutakoaren arabera, ordea, “Zabalgarbik hondakin asko erraustu ditu energia-berreskurapenik gabe”. Zehazki, EHUko ikerlariak esan du azken urteotan hala izan dela 2013ko hiru hilabetetan eta 2014ko batean. “Bestetik, datuek erakusten dute Zabalgarbik batzuetan argindarra sortzen duela hondakinen energia berreskuratu gabe”, gaineratu du.

Argitu dutenez, Bilbon dagoen erraustegiak bi turbina erabilita sortzen du elektrizitatea: gas bidezkoa bata, lurrun bidezkoa bestea. Bigarren hori da hain zuzen erraustutako hondakinen energia berreskuratzen duena. Matxuratuta dagoenean –hainbat alditan gertatu da hori, horietako bat 18 hilekoa, 2006 inguruan–, ez da argindarrik sortzen erretako hondakinetatik, bestelako bideetatik baizik, “eta oso efizientzia eskasarekin” Buenoren berbetan.

Hori horrela, ezbaian jarri dute martxan hasi zenetik erraustegiak “hondakinetan oinarritutako energia elektrikoa sortzeagatik” jasotako diru-pizgarrien zilegitasuna. Izan ere, plantak eratutako energia osoagatik jaso ditu laguntzak Zabalgarbik, baina Ekologistak Martxanek egindako kalkuluen arabera energia horren %30 baizik ez da hondakin-errausketatik sortu.

Azkenik, aurreko urteetan egindako eskaria berretsi du Ekologistak Martxanek: Bizkaian hondakinak kudeatzeko eta tratatzeko sistemaren erabateko ikuskaritza egin dadila, bai diru-kontuei dagokienez bai hondakin kopuruei eta karakterizazioari dagokienez ere.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Hondakinen kudeaketa Bizkaian kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude