Volkswagenen mehatxuek dardara eragin dute Nafarroako auto elektrikoan

  • Multinazionalak iragarria zuen Valentzian (Herrialde Katalanak) bateria elektrikoak egiteko lantegi berri bat egin behar zuela, baina orain zalantzan jarri du proiektua, eta kirioak dantzan jarri dira, bestek beste Nafarroan, non 4.600 pertsonak egiten duen lan Iruñeko lantegian.


2022ko urriaren 21an - 13:36
Azken eguneraketa: 15:58
Iruñeko Volkswagen lantegia. (Arg.: EITB)

Egunotan zehaztuko da zenbat diru egongo den Espainiako Gobernuak auto elektrikoa bideratzeko duen planean (PERTE), eta Volkswagen gogor ari da presionatzen Espainiako Gobernutik ahalik eta diru gehien lortzeko.

Sagunton (Valentzia) egingo litzateke lantegi erraldoia eta Volkswagenek 3.000 milioi euroko inbertsioa egin dezakeela iragarri zuen. Orain, ordea, argudiatuta gobernuak ez diola behar beste diru emango, inbertsioa zalantzan jarri du. Izandako elkarrizketen arabera, konpainiak uste du 300-380 miloi euro jasoko dituela kutxa publikotik, baina hark 700-800 milioi espero ditu. El País-ek jakinarazi duenez, PERTEaren diru-laguntza nagusiak ostiral eta astelehena bitartean iragarriko dira.

Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chivitek lasaitasunerako deia egin du, eta zehaztu du lehenik eta behin diru-laguntzak nolakoak diren ikusi behar dela, baina berak ez duela arriskuan ikusten Nafarroan auto elektrikoa egitea. Iragan irailean Volkswagenek Iruñean bi auto mota elektriko egingo direla iragarri zuen. Nafarroakoaz gain, Volkswagenek beste lantegi bat du Martorellen (Herrialde Katalanak), 11.000 langilerekin, eta baliatzen ari da halako berriek sortzen duten urduritasuna, gobernuari mehatxu egin eta ahalik eta diru publiko gehien lortzeko.

Auto elektrikoaren mugak

Milaka milioi inbertituko dira datozen urteetan estatuan eta munduan auto elektrikoaren eremuan (plan honekin 10.000-11.000 milioi euro estatuan), baina asko dira esaten dutenak ez dela posible gaur egun dagoen auto kopurua egitea, eta automozioaren sektorea asko murriztuko dela. Antonio Aretxabala geologoak, adibidez, ARGIAn bertan egindako elkarrizketan zioen etorkizunean 500 biztanleko auto bakarra egongo dela.

Antonio Turiel ikerlari ezagunaren arabera, gaur egun Espainiako Estatuan 26 bat milioi auto izango dira, eta mundu mailan 1.400 bat milioi. Urtero 80 milioi auto egiten da munduan, horietatik 600.000 elektrikoak. Denbora gutxian miloi bat auto elektriko egin eta denak estatura etorrita ere, 26 urte beharko lirateke egungo mailara iristeko. Hori guztiz ezinezkoa da, bere ustez.

Energiaren arazoaz gain, materialena ere hor dela azpimarratzen du Turielek (litioa, kobaltoa, nedimioa...): “Mundu osoko litioa auto elektrikoen ekoizpenera bideratuta ere, zortzi bat milioi kotxe egin ahal izango lirateke urtero. Hau da, egungo 1.400 milioiakak ordezkatzeko 175 urte beharko lirateke”.

Horiek eta beste arazo ugari badira auto elektrikoaren bueltan, baina agintariek eta plan estrategikoek ezer gutxi aipatzen diete herritarrei halakoez, jakin badakitenean, askoz auto gutxiago ekoiztuko dela eta, beraz, langile asko soberan izango direla sektore horretan, baita Iruñean ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Automobilgintza
2024-02-20 | Gedar
Europan, auto berri guztiek izan beharko dute datu-erregistragailu bat

"Kutxa beltz" baten modukoa izango da EDR gailua: mikrotxip baten bidez, auto bakoitzaren gidatzeari buruzko datuak gordeko ditu. Derrigorrezkoa izango da uztailetik aurrera.


2023-12-12 | Leire Artola Arin
Elon Musken Tesla blokeatzen ari dira Suedia, Danimarka, Norvegia eta Finlandiako langileak

Auto elektrikoen ekoizlerik handiena den Tesla enpresako Suediako 120 mekanikarik grebari ekin zioten urriaren 27an, hitzarmen kolektiboa negoziatzeko, eta inguruko herrialde eta sindikatu nagusietara zabaldu da Musken aurkako boikota. "Elkartasun greba" deritzonaren... [+]


Iruñean 400 lanpostu murriztuko ditu Volskwagenek datozen bi urteetan

Auto elektrikorako bidean egokitu beharra duela iragarri du multinazional alemanaren Nafarroako lantegiak, eta horren ondorioz, datozen bi urteetan 400 lanpostu murriztuko dituela jakinarazi die langileei.


Jaurlaritzak aitortu du "aktiboki" presionatu duela ibilgailuen isuriei jarritako muga atzeratzeko

Europako Batzordeak ezarri nahi zuen Euro 7 araua indarrean jartzeko epea atzeratzea txalotu du Arantxa Tapiak: "Lehenago edo beranduago hartu beharreko erabakia zen".


Ibilgailuen isurien mugak malgutu dituzte Europar Batasunean, automobilgintza industriari laguntzeko

Euro 7 araua, isuriak murriztea helburu duena, aurreikusitakoa baino beranduago sartuko da indarrean: ibilgailu arinen kasuan 2027an eta 2029an astunen kasuan.


Eguneraketa berriak daude