Ustelkeriaren kontra egiteko konpromisoa dutela berretsi du Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak. Horretarako beharrezko dituzten giza-baliabideen eta materialen falta azpimarratu du ordea.
“Bitartekorik ez edukitzeak inpunitatez jokatzeko aukera ematen die delitua egiten duten horiei”, esan du fiskal nagusiak, eta gaineratu du ikerketa asko itxi gabe dauzkatela falta horren ondorioz, material desegokia darabiltela eta arlo horretara zuzendutako langile gutxiegi dagoela ere adierazi du, 'Deia' egunkariak azaldu duenez.
Ustelkeria bukatzeko “aldaketa estrukturala” egin behar dela esan du Calparsorok, eta administrazio eta politika kontrolean ere lan egin behar dela.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Justizia kontseilariak euren babesa dutela gogorarazi die fiskalei.
Azaldu du, baina, egun martxan dituzten administrazio egiturak aldatzea ez dela erraza, zenbait pertsona inplikatuta baitaude horrelako kasuetan: “Ustelkeriaren arloan gaur egun iruzurra baimentzen duten egiturak mantentzearen aldekoak daude, zeharka probetxua ateratzen baitiote. Modu horretan pixkanaka geroz eta jende gehiago doa delituetan bustitzen”.