Ukrainako eskuin muturrari buruzko egia

  • Ukraina ez da estatu nazi bat, baina talde neonaziei edo joera naziko taldeei emandako babesak ezohiko kasu bihurtzen du herrialdea Europan. Ultrek han bakarrik dituzte beren tankeak eta artilleria-unitateak.


2022ko apirilaren 01an - 15:41

Ukrainako gerra bi aldeetako jarraitzaileen adierazpen eta errepliken bonbardaketa nahasgarriaren eszenatokia izaten ari da. Edozein gerratan bezala, baina agian honetan beste gehienetan baino gehiago. Egia, egia partzialak eta gezur lotsagabeak lehian daude hedabideen kontakizunaren kontrolagatik. Zalantzarik gabe, adibide argienetako bat Vladimir Putinen baieztapena da, alegia, Errusiak Ukraina inbaditu zuela herrialdea “desnazifikatzeko”. 2014ko Maidango Iraultza kolpe faxista bat izan zela eta Ukraina estatu nazi bat dela dioen baieztapena hainbat urtez erabili dute Putinek eta bere jarraitzaileek Krimearen okupazioa eta errusiar separatistei herrialdearen ekialdean emandako babesa justifikatzeko, eta atxikimendu asko irabazi ditu sarean.

Baina errusiarren baieztapena faltsua da: Ukraina benetako estatu liberal-demokratikoa da, nahiz eta inperfektua izan. Boterean aldaketa nabarmenak eragiten dituzten hauteskunde libreekin, besteak beste, 2019an Volodímir Zelenski erreformatzaile liberal-populista hautatzea. Ukraina ez da estatu nazi bat, eta hau zalantzarik gabea da: errusiar casus belli-a gezurra da. Hala ere, ukrainar eta mendebaldar analistek errusiar propagandari muniziorik ez emateko duten asmo ulergarriak zuzentasun politiko handiegia ekar dezake, eta horrek, azken batean, ez die balio ukrainar interesei.

Ukraina ez da estatu nazi bat, eta hau zalantzarik gabea da: errusiar casus bellia gezurra da. Hala ere, ukrainar eta mendebaldar analistek errusiar propagandari muniziorik ez emateko duten asmo ulergarriak zuzentasun politiko handiegia ekar dezake, eta horrek, azken batean, ez die balio ukrainar interesei"

BBC Radio 4ren albistegiko laburpen batean, berriki, korrespontsalak aipatu zuen “Putinen funtsik gabeko baieztapena, hau da, Ukrainako Estatuak naziak babesten dituela”. Hori esatea desinformazioa da: BBCk berak iraganean jakinarazi duenez, 2014tik Ukrainako Estatuak finantzaketa, armak eta beste laguntza modu batzuk eman dizkie eskuin muturreko miliziei, baita neonaziei ere. Ez da ohar berria, ezta eztabaidagarria ere. 2019an, Ukrainan Harper 's aldizkarirako elkarrizketatu nituen Ukrainako Estatuaren babesa zuten eskuin muturreko taldeetako kide garrantzitsuak. Eta nahiko gardenak izan ziren haien ideologiari eta etorkizunerako planei dagokienez.

Zalantzarik gabe, eskuin muturreko talde ukrainarrei buruzko informazio lan onena Bellingcat iturri irekiko inteligentzia webgunetik dator, jatorri errusiarreko propagandaren aldeko jarreragatik ezaguna dena. Azken urteotan hain gutxi jorratu den gaiaren inguruko Bellingcaten lan bikaina Azov taldean oinarritu zen neurri handi batean: eskuin muturreko ukrainar talderik boteretsuena, eta estatuaren eskuzabaltasunak gehien laguntzen duena.

Azken urteetan, Bellingcateko ikertzaileek Azovek nazionalista zuri estatubatuarrekin harremanetan jartzeko egindako saiakera aztertu zuten. Baita Ukrainako Estatutik jaso zuen finantzazioa hezkuntza patriotikoko ikastaroak emateko eta desmobilizatutako beteranoei laguntzeko ere. Mugimenduak antolatutako black metal jaialdi neonaziak ikertu zituzten, eta Wotanjugend erbesteko talde neonazi errusiarrari emandako laguntza. Wotanjugend Putinen aurkako talde bat da, nazismo esoteriko modu oso marjinala praktikatzen duena. Azovek Kieven duen kuartel nagusiko espazioa partekatzen du, bere ondoan borrokatzen du borroka-frontean, eta Christchurch tiratzailearen manifestua errusierara itzuli eta zabaldu zuen (2019an 50 pertsona baino gehiago hil zituen Christchurchek). Zoritxarrez, Bellingcaten informazio lan baliotsua ez da eguneratu liskarrak hasi zirenetik, nahiz eta Errusiarekin izandako gerra talde horientzat berpizkunde moduko bat izan.

Azov mugimendua 2014an sortu zuen Andrei Biletskik, Ukrainako Patriota talde neonaziko buruzagi ohiak. Kiev erdialdean dagoen Independentzia Plazaren kontrolerako guduan sortu zuen, Viktor Janukovitx presidente Errusiazalearen aurkako Maidango Iraultzaren garaian. 2010ean, Biletskik aldarrikatu zuen egun batean Ukrainaren papera izango zela, “munduko arraza zuriak azken gurutzadan gidatzea, semitek zuzendutako untermenschen-en [azpigizakien] aurka”. Iraultzak eta haren ondorengo gerrak, aspaldi nahi zuen eszenatokia emango zioten.

Eskuin muturreko beste talde batzuekin batera, Eskuin Sektorea kasu, Azov mugimenduak rol garrantzitsua izan zuen Ukrainako segurtasun poliziaren aurkako borrokan, 121 hildako utzi eta iraultzaren arrakasta ziurtatu zuena. Defentsa Ministerioak jabetza zabal baten kontrola eman zion Azov mugimenduari Independentzia Plazaren ondoan. Etxe Kosakoa izena du orain, eta Kieveko bere kuartel nagusi eta erreklutamendu zentro bihurtu zuen. Ordutik Azovek bere erretorikaren tonua jaitsi du, baliteke bere borrokalari askok ideologia espezifiko bati ez erantzutea eta, besterik gabe, haren ospe martzialak erakartzea. Baina bere ekintzaileak SSen burezurraren intsignia eta tximisten errunak dituzten tatuajeak izan ohi dituzte, eta Sonnenrad sinboloa erakusten dute, nazismo esoterikoaren eguzki beltza. Sonnenrad sinboloa Wewelsburgeko gaztelu alemaniarrean Heinrich Himmlerentzat diseinatutako motibo batetik dator, SSetako goi-mailako ofizialentzat aukeratua Camelot okultista baten gisara. SS Das Reich dibisioko Wolfsangel seinu grafikoa bezala, Azoven ikur ofizialetako bat. Bere unitateetako intsignietan erabiltzen dute, eta zuziek argiztatutako zeremonietan desfilatzeko darabiltzaten ezkutuetan.

Maiz bisitatu nuen Etxe Kosakoa, mugimenduko pertsona garrantzitsuak elkarrizketatzeko. Besteak beste, Milizia Nazionaleko buruzagi Igor Mijailenko (miliziak Ukrainako Polizia ofiziala indartzen du hura patruilatzean laguntzen duenean) eta Olena Semenyaka, nazioarteko idazkaria eta erreferente intelektuala. Espazio txundigarria da: estatuaren finantzaketarekin ematen diren hezkuntza-konferentzietarako gelez gain, Etxe Kosakoak Plomin argitaletxe eta literatur aretoa hartzen ditu. Bertan, gazte eta intelektual hipster-ek eskuineko liburuen mintegiak eta itzulpenak antolatzen dituzte, Yukio Mishima, Cornelius Codreanudu eta Julius Evola bezalako erreferentzia faxisten poster distiratsuen azpian.

Baina Azoven boterea armetatik dator, ez bere proiektu literarioetatik. 2014an, armada ukrainarra ahula eta gaizki hornitua zenean, Azoveko boluntarioek, Biletski buru zutela, abangoardian borrokatu zuten ekialdeko Errusiazaleen aurka, eta Mariupol hiria birkonkistatu zuten, non gaur egun setiopean dauden. Borrokalari eraginkorrak, ausartak eta oso ideologizatuak dira; ekialdean egindako ahaleginek ospe handia eman zieten nazioaren defendatzaile gisa. Eta Estatu eskertu baten babesa, Azov mugimendua Ukrainako Guardia Nazionalaren erregimentu ofizial bihurtu zuena. Uste da Azovek Arsen Avakov-en babesa izan zuela, oligarka boteretsua eta Ukrainako Barne ministroa 2014-2019 aldian.

Elkarrizketetan, kexa agertzen zidaten giza eskubideen aldeko ekintzaile ukrainarrek zein eskuin muturreko talde aurkarien buruzagiek, Avakoven babesak Azov mugimenduari ematen zion abantaila bidegabea zela-eta, Ukrainako eskuinaren esparruan bere rol nagusia finkatzeko. Funtzio ofizialak ere barne hartzen zituen babesa, hauteskundeen behatzaile eta Polizia laguntzaile gisa. Ukraina ez da estatu nazi bat, baina Ukrainako Estatuak talde neonaziei edo joera naziko taldeei emandako laguntzak –edozein arrazoi dela medio, baliozkoak izan ala ez– ezohiko kasu bihurtzen du herrialdea Europan. Kontinentean eskuin muturreko talde asko daude, baina Ukrainan bakarrik dituzte tankeak eta artilleria-unitateak, Estatuak lagunduta.

"Kontinentean eskuin muturreko talde asko daude, baina Ukrainan bakarrik dituzte tankeak eta artilleria-unitateak, Estatuak lagunduta"

Mendebaldeak babestutako estatu liberal-demokratiko baten eta ideologia oso desberdineko defendatzaile armatuen arteko harreman estu eta korapilatsu horrek, nolabaiteko deserosotasuna eragin du iraganean, Mendebaldean Ukraina babesten dutenen artean. Azken urteotan, Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak bere iritzian aurrera eta atzera aritu da, Azovek arma estatubatuarren kargamentuak jasotzea eragotzi behar den ala ez erabakitzeko orduan. Alderdi Demokratako legegileek mugimendua erakunde terroristen zerrenda globalean sartzeko eskatu zuten 2019an. Elkarrizketetan, Olena Semenyaka idazkaria kexu zen ezinegon hori propaganda errusiarrari emandako arretaren emaitza omen zelako, eta azpimarratu zuen AEBek Azovekin lankidetzan aritzea onuragarria litzatekeela bi aldeentzat.

Zalantzarik gabe, egungo gerra arnasgunea izan da Azoventzat. Gorputz Nazionala alderdi politikoa sortzeko Biletskik egin zuen saiakerak ez zuen arrakasta handirik izan. Eta eskuin eta eskuin muturreko alderdien bloke bateratuak ere ez zuen lortu azken hauteskundeetan ordezkaritzaren langa oso baxua gainditzea legebiltzarrean: hautesleria ukrainarrak, besterik gabe, ez du haiek eskaintzen dutena nahi, eta munduaz duten ikuspegia arbuiatzen du. Baina gerra garaian Azov eta antzeko taldeak lehen planoan kokatu dira, eta errusiarren inbasioak irauli egin du beheranzko espirala, Avakov barne ministroak nazioarteko presioaren ondorioz kargua utzi ondoren hasi zena. Sare sozialen arabera, Azoveko unitate armatuak hedatzen ari dira: batailoi berriak sortu dira Kharkov-en eta Dnipro-n, indar berezien unitate berri bat Kieven (Biletski hiriburuaren defentsaren alderdi batzuk gutxienez antolatzen ari da) eta defentsarako tokiko miliziak mendebaldeko hainbat hiritan, hala nola Ivano-Frankivsk-en.

Errusiaren inbasioak iraganeko garrantzia berreskuratzea ahalbidetu dio Azovi (eskuin muturreko beste talde batzuekin batera, honako hauek esaterako: Karpatska Sich – Karpatoetako Sich, Hungariako Gobernuaren kritikak eragin dituena Ukraina mendebaldeko hungariar hiztun gutxiengoaren aurkako militantzia dela –erromani herria barne)–; Tradizio eta Ordena ekialdeko talde ortodoxoa; C14 talde neonazi eskuindarra; eta Freikps milizia). Ukrainar soldadu erregularrekin batera burutu duten Mariupolen defentsa tematiarekin bere ospe heroikoari distira eman dio taldeak. Duela aste gutxi arte Mendebaldeak Azov zuzenean ez armatzeko ahalegin hitzartua egiten bazuen, ematen du gaur egun bera dela Mendebaldeko entrenamenduaren eta munizioaren onuradun nagusia: NEXTA oposizioko komunikabide bielorrusiarrak txiokatutako irudiek erakusten dute Azoveko borrokalariak trebatuak izaten ari direla NLAW britainiar tankeen aurkako munizioaren erabileran, bisaia borratuta agertzen diren instruktoreen eskutik.

Era berean, errusiarren inbasioa gertatu arte, gobernuek eta Mendebaldeko komunikabideek maiz ohartarazi zuten arriskutsua zela neonaziek eta Mendebaldeko supremazista zuriek borroka esperientzia hartzea Azovekin eta haren aliatu naziekin batera. Baina momentuko berotasunean, badirudi kezka horiek desagertu egin direla: Kievera iritsi berri diren Mendebaldeko boluntarioen –britainiarrak tartean– argazki batek, Azov mugimenduko Olena Semenyaka erakusten du bigarren plano batean, Mikael Skillt neonazi suediar eta Azoven frankotiratzaile ohiarekin batera irribarre alaia eginez. Izan ere, hor dugu Misantropa Dibisioaren adibidea, Azovekin batera borrokatzen duten Mendebaldeko neonazien unitatea, zeinak Telegramen abisuak argitaratzen ari den orain, europar militanteei boluntarioen fluxuarekin bat egin eta haiekin Ukrainara joateko eskatzen, “garaipenaren alde eta Valhallaga-ren ohorez”.

Azoveko soldaduak borrokan Ukrainan. (Argazkia: Wikimedia CC by-sa 3.0)

Eskuin muturreko beste milizia ukrainar batzuetakoak bezala, Azovekoak ere borrokalari tematiak, diziplinatuak eta konprometituak dira, eta horregatik, Ukrainako estatu ahulak haien indarra makulu gisa erabili du premia handieneko uneetan: Maidango Iraultzan, separatisten aurkako gerran 2014tik aurrera, eta orain errusiarren inbasiotik defendatzeko. Ukrainatik kanpo, nolabaiteko mesfidantza egon da haren rolari buruz garbi hitz egiteko, hori egitean errusiar propaganda elikatuko den beldurrez. Zalantzarik gabe, beldur hau desegokia da: azken finean, Azov bezalako taldeek, hain zuzen ere, Errusiak Ukrainan esku hartzeagatik lortu dute ospea bereziki. Herrialdea desnazifikatu beharrean, Errusiaren erasoak Ukrainako armadan eskuin muturreko taldeen presentzia eta rol sendoagoa hartzera lagundu du, horrela ukrainarren gehiengo oso handiak arbuiatutako eta gainbeheran zegoen indar politikoa berrindartuz.

"Herrialdea desnazifikatu beharrean, Errusiaren erasoak Ukrainako armadan eskuin muturreko taldeen presentzia eta rol sendoagoa hartzera lagundu du, horrela ukrainarren gehiengo oso handiak arbuiatutako eta gainbeheran zegoen indar politikoa berrindartuz"

Errusia pozik dago eskuin muturreko indarrak babesteaz, bai bere mertzenarioen Wagner taldean eta bai errepublika independentistetan ere. Hala ere, Azov bezalako taldeek ordezkatzen duten mehatxu nagusia ez da Estatu Errusiarraren aurkakoa, ezta Mendebaldeko nazioen aurkakoa ere, zeintzuetako herritar atsekabetuak haiekin batera borrokatzera erakarrita senti baitaitezkeen. Egiazki, mehatxu dira Ukrainako Estatuaren etorkizuneko egonkortasunerako, aspaldi Amnistia Internazionalak eta Human Rights Watchek ohartarazi duten bezala. Gaur egun baliagarriak izan badaitezke ere, Ukrainako Gobernu liberala bururik gabe geratzen bada edo Kievetik alde egin behar badu, agian Polonia edo Lviv aldera, edo, beharbada, gertaeren ondorioz Zelenskik bake akordio bat sinatu behar badu trukean Ukrainako lurralderen bat lagata, Azov bezalako taldeek aukera handia izan dezakete estatuaren hondarretatik geratzen denari aurre egiteko eta beren botere oinarri propioak sendotzeko, tokiko mailan bakarrik bada ere.

2019an, Semenyakari galdetu nion ea Azov mugimendu iraultzailetzat hartzen zen. Kontu handiz pentsatuz erantzun zuen: "Prest gaude hainbat agertokitarako. Poroxenko presidente ohia baino okerragoa bada Zelenski, mota bereko populista bada, baina haren gaitasuna, lotura eta aurrekari barik, orduan ukrainarrak arrisku larrian egongo dira. Eta dagoeneko plan bat garatu dugu egin daitekeenarekin, nola eraiki estatu-egitura paraleloak, nola pertsonalizatu estrategia horiek Ukrainako Estatua salbatzeko, adibidez Zelenski Kremlineko txotxongilo bihurtuko balitz. Izan ere, baliteke hori gertatzea”.

Azoveko pertsona garrantzitsuak argi mintzatu dira urte luzez, esanez Ukraina tranpolin bikaina izan daitekeela Europa liberalen, homosexualen eta etorkinen eskuetatik birkonkistatzeko. Ez dirudi Europa mailako helburu horiek oso gauzagarriak direnik; ordea, gerra osteko Ukraina hautsia, pobretua eta amorratua, edo okerrago, bonbardaketa eta okupazio urteak jasan dituen Ukraina bat, Gobernu zentralaren kontroletik kanpo eremu zabalak dituena, ziurrenik espazio emankorra izango litzateke Europan hamarkada askotan ikusi ez den muturreko eskuineko militantzia mota batentzat.

Une honetan, Ukrainak eta Zelenskik milizia nazionalisten eta eskuin muturreko milizien gaitasun militarren eta zorroztasun ideologikoaren beharra izan dezakete, nazioaren biziraupenaren aldeko borroka irabazteko. Baina gerra amaitzen denean, bai Zelenskik bai Mendebaldeko bere lagunek kontu handiz ibili behar dute ziurtatzeko ez dituztela indartu arau liberal-demokratikoen aurkako taldeak. Azov, Tradizioa eta Ordena, eta Karpatska Sich armatzea eta finantzatzea izan daiteke gerrak behartzen duen erabaki zailetako bat, baina horiek armagabetzea lehentasuna izan behar da gerra amaitzen denean.

"Ez da Putini jokoa egitea zintzotasunez esatea muturreko elementuak daudela Ukrainan Errusiako mandatariaren aurka borrokatzen dutenen artean"

Sirian ikusi dugunez, ezerk ez du biztanleria zibila gehiago erradikalizatzen hondakinek, bonbardaketek eta eraso masiboek baino. Sirian bezala, beren erabilgarritasun militarragatik muturreko sektoreei aldi baterako boterea emateak –baita zeharka bada ere–, nahi ez diren ondorio larriak ekar ditzake. Sirian ere, hasieran, tabu handia zegoen Mendebaldeko analisten artean muturreko milizien gorakadari buruz hitz egiteari buruz; Assadek errebelde guztiak terroristak zirela zioen, eta propaganda hori hauspotuko ote zuten beldur ziren: hasierako mesfidantza hori, azkenean, ez zen matxinoen aldekoa izan.

Ez da Putini jokoa egitea zintzotasunez esatea muturreko elementuak daudela Ukrainan Errusiako mandatariaren aurka borrokatzen dutenen artean: izan ere, horien jarduera gaur egun zorrotz kontrolatuta bakarrik –eta akaso murriztuta– segurtatuko dugu datozen urteetan ez dutela sakonduko Ukrainaren sufrimenduan. Denbora luzez, Mendebaldeko esatari liberalak kexu agertu ziren Ukrainako Estatuak ezikusiarena egiten zielako eskuin muturreko taldeei; ez du ezertarako balio komentarista horiek beraiek orain gauza bera egitea.

(Aris Roussinos gerra kazetari ohia da. Gaur egun "UnHerd" aldizkariko editorea da eta artikulu honen jatorrizkoa argitalpen horretan argitaratu zen). 

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ukrainako gerra
Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


Babes gutxi jaso du NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko Macronen planteamenduak

Ukrainari buruzko nazioarteko bilera burutu zuten otsailaren 26an hogei bat estatuburuk eta horren berri emateko prentsaurrekoan bota du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko planteamendua.


Zelenski: "Ukrainako 31.000 eta Errusiako 409.820 soldadu hil dira gerran”

Gerran hil diren ukraniarren inguruan Errusiak emandako datuak ezeztatu ditu Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Laguntza militarra ematen jarraitzeko eskatu die AEBei.


Eguneraketa berriak daude