Gekaufte Journalisten (Erositako kazetariak) liburua argitaratu du Udo Ulfkottek (Lippstadt, Alemania, 1960), Frankfurter Allgemeine Zeitung egunkariko korrespontsal ohiak. Kazetari alemaniarrak AEBen aldeko eta Errusiaren aurkako albisteak idaztera bultzatzen dituztela azaltzen du bertan, eta Alemaniako demokrazia “ilusio bat” baino ez dela.
Ulfkottek Global Research guneari eskaini dion elkarrizketan dioenez, politikari amerikarrek eta alemaniarrek eragin handia dute bertako hedabideetan. Berak urrezko erlojuak eta bost izarreko hoteletan gauak lortu izan dituela aitortu du, amerikarren eta NATOren aldeko artikuluak idazteagatik.
“Baina opariak baino garrantzitsuagoa da ematen dizuten babesa. Zure ibilbide profesionala ez doa inora euren alde idatzi ezean”, kontatu du kazetariak. AEBetara bidaiatzeko erraztasunak ematen dituztela dio, eta lehen mailako politikariekin elkarrizketak lortzen dizkietela. “Denek egon nahi dute hor, eta azkenean agintariek nahi dutena idazten amaitzen dute kazetariek”.
Orain galtzeko ezer gutxi duela iritzita, egia kontatzea erabaki du Ulfkottek. “Egunero ikusten ditut amerikarrak hedabideetan hurrengo gerrarako prestatzen. Gaur Ukraina da Errusiaren aurka, baina beti da joko bera”.
Liburuaren argitalpenak arazoak ekarri dizkiola ere aitortu du kazetariak. Frankfurter Allgemeine Zeitung-ek legedi penal, zibil eta laborala hautsi izana leporatu zion, besteak beste. Askok kartzelan ikusi nahi dutela dio, “Estatuko sekretuak argitaratzeagatik".
Ulfkotteren ustez, alemaniar politikariak AEBen txontxongiloak baino ez dira. “Errepublika bananero” gisa definitzen du bere herrialdea. “Alemaniako prentsak prentsa librearen itxura du, baina hau eromena da”.