Uber enpresa Bilbora heldu da

  • Ostegunean eman dute jakitera Uber Bizkaiko hiriburuan dela, 20 auto ingururekin eta operatibo.

Amaia Lekunberri Ansola @amaialekunberri
2019ko urriaren 31

“Ekonomia partekatua”, “kontsumo partekatua” edo “plataforma kapitalismoa” izenez ezagutzen diren enpresa ereduak hasiak ginen gurean ikusten. Langileen lan baldintza duinen eta eskubideen kalterako, AEBetatik esportatutako negozio ereduak geroz eta presentzia gehiago dauka Euskal Herriko hiriburuen bueltan ere: Glovo, Airbnb…  Horiek egokitu direla dirudien honetan, atzetik etorri da molde bereko beste enpresa bat: Uber.

Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak egindako adierazpenen arabera, beraiek ez zeuden Uberren heldueraren jakinaren gainean. Alabaina, konpainiak baieztatu du ostegunetik aurrera Bilbo eta inguruetan zerbitzua eskainiko duela.

Uber X izeneko aplikazio bidez partikularren arteko garraio zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa da Uber. Aplikazioa erabiliz, pertsona batek ibilgailu bat alokatu dezake, txofer eta guzti; Taxi gidariek eskaintzen duten zerbitzu bera, alegia. Hori horrela, Uberren etorrera posibleak aspalditik kezkatu du taxi sektorea.

Gatazka mahai-gainean, Espainiako Gobernuak 2018an lege dekretu bat onartu zuen, xedatuz aurrerantzean autonomia erkidegoei eta udalei zegokiela VTC (Vehiculos de Turismo con Conductor, Turismo Ibilgailuak Gidariekin euskarara ekarrita) lizentziak arautzea, Uberrek lizentzia horiekin egiten baitu lan. Kontuan izanik taxi gidarien lizentziak ere erakunde berberen eskumenekoak direla, beren esku legoke giltza. Trantsizio epe gisa, lau urte eman zituen Espainiako Gobernuak.

2018ko irailean, Bilboko Udalak taxi zerbitzurako ordenantza baietsi zuen. “Bilbon, toki batetik besterako zerbitzua taxiena da. Beste gauza bat da aireportura heltzen den norbaitek beste aukera batzuk eskura izatea”, adierazi zuen Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi Alfonso Gil-ek.

Aste batzuen bueltan, Uber eta antzerakoen etorreraren aurrean posizionamendu argia eskatu zion Goazen Bilbaok Bilboko Udalari. Udalak, orduan, asmo berriak agertu zituen: taxien ordenantzaren baitan sartzea VTC lizentziadun ibilgailuak ere.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Plataformen kapitalismoa  |  Prekarietatea  |  Bizkaia  |  Bilbo

Plataformen kapitalismoa kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude