Askori entzun diot Euskararen Legeari Nafarroan egin gura zaion aldaketa “txikia” dela esaten: zenbait alderdi politikori, sindikatu batzuei –nireari, besteak beste– baita euskalgintzako erakunderen bati ere. Ez nator bat. Uste dut, gainera, balorazio hori egiten dela proposamena Geroa Baik eta Izquierda-Ezkerrak egin dutelako.
Txikitasunaren ideiaren bozeramaleek diote aldaketa hori lehenengo urratsa baino ez dela. Horrekin ados. Lehen urrats ederra, gaineratuko nuke nik: aspaldi eman beharrekoa eta aspaldi eman gabea. Legea lehenengo urratsa da; gero, gauzatu egin behar da, gobernuak gauzatu ere. Jakina. Lege hau, eta beste edozein. Baina proposatzen den aldaketak aukera emango die Nafarroako gurasoei, lehenengoz eman ere, seme-alabak euskarazko irakaskuntza publikoan matrikulatzeko, nahiz eta “eremu erdaldunean” bizi. Ez da, beraz, aldaketa txikia. Galdetu bestela, eremu horretan bizi diren guraso euskaltzaleei.
Nik lan egiten dudan institutuan, esate baterako, hiru hizkuntz eredu daude: Euskal Autonomia Erkidegoan ohikoak ditugun A eta D eta, horien osagarri, G eredua. G, nonbait, “gaztelania” hitzetik harturikoa, eredu horretako ikasleek ez baitute euskaraz ezertxo ere ikasten. A eredukoek euskara ikasgaia dute, besterik ez. Gure institutua, Nafarroako handienetakoa, eremu mistoan dago. Eremu erdaldunean balego, ez litzateke A eredurik eskainiko, ezta D eredurik ere. Ikasleek ez zuten euskara (are gutxiago, euskaraz) ikasteko aukerarik izango. Aukerarik ez. Horrela daude Iruñerritik beherako ia institutu publiko guztiak: euskarazko eskaintzarik gabe. Oker ez banago, Lizarrako institutu publikoa da salbuespen bakarra.
Aldaketa egiten denetik aurrera, eremu erdalduneko ikasleek ere izango dute Nafarroako gainerako ikasleek duten eskubide berbera. Ez deritzot horri aldaketa txikia. Batez ere kontuan hartzen badugu zenbat urte igaro behar izan diren aldaketa ustez txiki hori gertatzeko.
Izan ere, legea helburu horrekin aldatzeko lehenengo ahalegina aspaldikoa da: dagoeneko hogei urte igaro dira! 1995ean, Eusko Alkartasunak
–1986an, Euskararen Legearen kontrako botoa eman zuen alderdi bakarrak– eta alderdi sozialistak horixe bilatu zuten Nafarroako Parlamentuan: Euskararen Legea aldatzea, horrela Nafarroa osoko ikasle guztiek izan zezaten euskaraz ikasteko eskubidea eta aukera. Ez zuen aurrera egin. Parlamentuan bozkatu ere ez zuten egin, UPNk eta Herri Batasunak iragarri baitzuten kontrako botoa emango zutela. Azkeneko horiek, nonbait, ez zutelako “txikikeriatan” jardun gura eta lege erabat berria eskatzen zutelako. Jakina: legea ez zen proposatzen zen moduan aldatu, baina lege berririk ere ez zen egin.
Hamahiru urte geroago, 2008an, beste ahalegin bat egin zen, Izquierda Unidaren (IU) eskutik. Oraingoa baino ahalegin murritzagoa izan zen arren, oposizioan zeuden alderdi guztien babesa izan zuen (gogoan izan behar da Batasunari hauteskunde haietan parte-hartzea debekatu egin ziotela) baina, beste behin, ez zuen aurrera egin. Orduko hartan, Aralarreko parlamentari bat oporretan joana zelako.
Oraingoa, beraz, hirugarren saiakera da. Hirugarren saiakera, orain arte aldatzerik egon ez dena aldatzeko. Eta ematen du, oraingoan bai, aurrera egingo duela. Eta hala eta guztiz ere, aldaketa txikia? Ia hiru hamarkada behar izan ditugu euskararen kontrako lege hori aldatu ahal izateko, eta aldaketaz diogun bakarra da “txikia” dela? Hori horrela balitz, benetan aldaketatxo baten gainean berbetan ariko bagina, ez du ematen aldaketa handiagoetarako gaudenik. Gehiago esango dut: maiatzeko hauteskundeetatik aterako den parlamentuak gobernu aurrerakoi eta euskaltzalea osatzeko aukera emango balu, parlamentu ezkerreko eta euskaltzale horrek ez ditu hezkuntza ereduak aldatuko: Nafarroan jarraitu egingo du G ereduak. Alegia: gobernu berritzaile hori ere ez da lege-aldaketa hau baino harago joango.
Hori guztiori dela eta, onerako den aldaketa bikoitz baten atarian gaude: lehenengo eta behin, euskaraz ikasteko aukera Nafarroa guztira hedatuko delako eta, bigarren, ezker abertzaleko parlamentariek, hogei urte geroago, pragmatismoaren bideari jarraitu eta aldaketaren alde bozkatuko dutelako. Hori ere ez da aldaketa txikia gero!
Mikel Basabe irakaslea da Nafarroako eremu mixtoan.
Euskararen Defentsarako Sareak elkarretaratzea egin du Nafarroako Parlamentuaren aurrean ostegunean, aldarrikatzeko lanpostu publikoetan hizkuntzak baloratzen badira, euskara baloratzen ez den lanposturik ez litzatekeela egon behar. Eta beraz, Nafarroako Gobernuak egindako... [+]
Hamaika familiak egin dute ikastetxe publikoan D eredura pasatzeko eskaera. Zentroak baiezkoa eman du, baita Udalak ere, baina errefusatu egin du Nafarroako Gobernuak "espazio falta" argudiatuta.
Sarean jarri dute "Belarribizi eta Ahoprest" laburmetraia, joan den igandean itxi zen 2025eko Euskaraldiaren aitzakiarekin Oskar Alegria zinegileak Artazu herrian udaberri honetan filmatu duen lana. Belarriprest eta ahobizi kontzeptuen gaineko... [+]
Erriberri, Tafalla, Gares, Sarriguren, Buztintxuri eta Noaingo ikastetxe publikoetako D-PAI ereduko guraso talde bat Nafarroako Hezkuntza batzordean egon da, 57/2024 foru aginduari jarraikiz, Hezkuntza Departamentuak bideratu nahi dituen aldaketak deitoratzeko. Euskarazko... [+]
Larunbatean Arguedasen ospatu zen Erriberako Euskararen Egunaren lehen edizioa. Kultura, auzolana eta festa uztartu ziren euskararen inguruan eskualdeko herriak batu zituen jardunaldi honetan.
Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta
Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]
Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.
Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]
Aurtengo Lokizaldeako Euskararen Eguna Murieta herrian ospatu dute, larunbatean, goizean hasi eta ordu txikiak handitu arte. Zita garrantzitsua eta gozagarria da Nafarroako Lizarra ondoko eskualdeko euskaltzaleentzako.
Nafarroako biztanle gehienak (% 63) "euskara sustatzearen aldekoak edo oso aldekoak" dira, eta %17 baino ez daude aurka, Xabier Erizek eta Carlos Vilchesek Eusko Ikaskuntzaren eta Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako... [+]
Prentsaurrekoan, maiatzaren 17an ospatuko duten Erriberako Euskararen Egunaren inguruko argibideak eman dituzte. Ume, gazte zein helduentzat zuzendua izango da. Ekimena, Erriberan egiten diren ekimenetan indarrak biltzeko eta euskararen normalizazioaren alde saretzeko... [+]
Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari. Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.
Ez dira gutxi azken boladan euskara bere onenean ez dagoela eta bere transmisioa bermatuta ez dagoela ohartarazten ari diren ahotsak. Bestetik, inork ez du ukatzen hezkuntzak ezinbesteko betebeharra duenik euskara eta euskal kulturaren biziraupenerako. Erronka estrategikoa... [+]
Iruñeko haur eskoletako zuzendariek, EH Bildu, Geroa Bai, Zurekin Nafarroa eta PSNren arteko akordioa kritikatu dute. “Murgiltze ereduaren alde egin dugu beti, baina inoiz ez da gure iritzia kontutan hartzen” salatu du Euskalerria Irratian, Garikoitz Torregrosa... [+]