ARGIA.eus

2021eko urtarrilaren 22a

EAE eta Nafarroa txertoa jartzen motelenetakoak

  • Espainiako Gobernuak txertaketaz txostena eguneratu du eta bertako taulan ageri dira estatuko autonomia erkidego bakoitzak jaso dituen dosi kopurua eta orain arte jarri duena. Melilla eta Galizia dabiltza txertoa jartzen bizkorren, jasotako dosien %82,8 jarri ditu lehenak eta %81 bigarrenak. EAE eta Nafarroa motelenetakoak dira, atzetik Extremadura, Murcia, Baleak eta Madrid baino ez dituztela.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre
2021eko urtarrilaren 12a

Nafarroan Pfizer txertoaren 11.850 dosi jaso dituzte Gobernutik eta hauetatik 5.468 zituzten jarriak urtarrilaren 10ean, hau da, jasotakoen %46,1.

EAEk Pfizerren 31.605 dosi jaso ditu Gobernutik eta hauetatik 13.103 jarriak zituen urtarrilaren 10ean, alegia, jasotakoen %41,5.

Txertoa jartzea borondatezkoa, eta mantso joango dena

Espainiako Osasun Sailak txertaketa estrategia argitaratua du. Bertan irakur daitekeenez, txertoa hartzea borondatezkoa da. Ezezkoa ematen ez dutenen berri Txertoaren erregistroan jasotzea "garrantzitsutzat hartzen da", Gobernuaren arabera, "gizarteko talde ezberdinetan ez hartzeko dauden arrazoiak ezagutzeko". Lehendik COVID-19a pasatu duten herritarrek ere txertoa hartzea gomendatzen du Gobernuaren estrategia honek, adieraziz oraindik ez dagoela argi norainoko immunitatea garatzen duen eta zenbat denboraz, gaitza pasatu duenak.

Negu honetan, zahar etxeetako egoiliar eta langileei eta lehen lerroko osasun langileei jarriko zaie txertoa. Espainiako Gobernuak txertoa hartzeko lehentasuna duten lau talde definitu ditu, eta jaso diren lehen dosiak zerrenda horretako 1. eta 2. taldeei emango dizkiete. Haiei jarri ostean, eta dosi gehiago iritsi ahala, lehentasunezko 3. eta 4. taldeei jarriko zaizkie. Hauek dira lau taldeak:

     1. Zahar etxeetako egoiliarrak eta langileak.

      2. COVIDaren lehen lerroko osasun langileak. COVIDaz kutsatutako gaixoekin lan egiten duten osasun langileak.

      3. Beste osasun langileak, COVIDaz kutsatutakoekin lan egiten ez dutenak.

      4. Dependentzia handiko zaharrak. Hauen zaintzaileek ere txertoa hartu ahalko dute, zahar hauek txertatzera eramaten dituzten bisita berean.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren azalpenak bildu ditu Berriak eta informazio horren arabera, zahar etxeetako egoiliar eta langileak txertatzen otsaila bukaeran amaituko dutela espero dute, eta horren ondoren hasiko dira lehen lerroko osasun langileak txertatzen.

Ugo Mayorrek txertaketa azkarrago abiatu ez izana kritikatu du Berriako iritzi artikuluan: "Txertoak ailegatu bezain laster ipini ez izana ere oporretan egoteari egotzi zaio. Pandemia batean, birusak oporrak hartuko balitu bezala. Inoiz etenik ez duten oinarriko zerbitzurik ez balego bezala. Profesionalak izan, badira, baina lantaldeak antolatu behar dira. Ez da izango kudeatzaileak zeudela oporretan?".

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Covid-19 shockean adi  |  Nafarroa  |  Txertoak  |  EAE

Covid-19 shockean adi kanaletik interesatuko zaizu...


Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude