Turistifikazioaren aurkako manifestazio jendetsua egin dute Donostian

  • Hiritarrek salatu dute turismo jarduerak hirian “gehiegizko bolumena eta pisua” hartu duela. Halaber, egoera “desazkunde turistikorantz” bideratzea aldarrikatu dute, “kalteak handitzea eta iraunkortzea” ekiditeko.

Turistifikazioaren aurkako manifestazioa igandean, Donostian. // Argazkia: Bizilagunekin

2023ko urriaren 23an - 10:49
Azken eguneraketa: 11:53

Ehundaka pertsona bildu dira igande goizean Donostian, Bizilagunekin plataformak 30 bat eragilerekin batera egin duen manifestazioan hiriko jarduera turistikoa murriztea eta donostiarren "bizi-baldintzak hobetzea” eskatzeko. Mobilizazioa Alderdi Ederretik abiatu eta Kursaalean amaitu dute, alde zaharra zeharkatuz.

Azken urteetan Donostia “turistifikazio gune” bezala nabarmendu dela adierazi dute plataformako kideek: “Turistifikazioari 'barra libre' eman zaionez, hiriak inbertsiogile, multinazional, espekulatzaile, esplotatzaile, oportunista eta putreak erakarri ditu”. Bestalde, hiri-espazioa “turismo negozioen mesedetan” eraldatzen ari dela salatu dute, eta horrek “ehunka edo milaka donostiar hiritik kanporatuak izatea” ekarri duela, beren bizi proiektua bertan gauzatu ezin dutelako.

Erakunde publikoen ardura ere erdigunean ipini dute, eta “turismoaren negozioarekin aberasten direnen esanetara” daudela salatu dute: “Turismo jasangarriaz mintzo dira, neurriak hartzen ari direnaren errelatoa egin beharra sentitzen dutelako orain. Ez da sinesgarria”. Gainera, plataformako kideek nabarmendu dute erakunde publikoek pisu turistikoen eta hotelen irekiera erregulatu dutela, “gehiago ireki daitezen ateak zabalik utziz”. Halaber, erakunde publikoak tasa turistikoaren inguruan “bueltaka” aritzen diren arren, bildutako dirua zertara bideratu nahi duten “ezkutatzen" dutela adierazi dute.

Erakunde publikoei eskaera

Bizilagunekin plataformak “promozio turistikoa zerora murriztea” eskatu du: “Etxebizitzaren alokairuen prezioak mugatu; pisu turistiko eta hotel gehiago irekitzeko aukerak ezabatu eta gaur egungoak murrizteko prozesua abiatu; ondare natural eta arkitektonikoaren babeserako neurriak indartu behar dira”. Halaber, aldarrikatu du espazio publikoa “bertakoen bizitzen beharretara egokitzeko” eraldatu behar dela, eta horretarako “auzoetako bizitza komunitarioa sustatzeko politikak” gauzatu behar direla.

“Desazkunde turistikorantz trantsizio prozesua abiatu behar da, erakunde publikoei eskatzen diegu herritarrei hitz egiten uzteko eta adi entzuteko", adierazi dute plataformako kideek. Horrekin batera, "turistifikazioari erantzuteko piztu diren borroketara" biltzeko deia egin dute.

Turespaña konbentzioa, Donostian

Bihartik aurrera Turespaña konbentzioan bilduko dira, plataformako kideen esanetan, “turistifikazioa gidatzen duten” hainbat erakunde publiko eta pribatu: "Ekitaldi hauek gure hirian egitea ez da kasualitatea. Azken urteetan turismoaren jardueraren bidez negozioak egiteko gune bezala nabarmendu da Donostia", kritikatu du plataformak


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#2
Barbara Miller
#4
Olaia Salazar Urrutia
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Turismo masiboa
25 lagunetara murriztuko dute turista taldeetako gehieneko pertsona kopurua Donostian

Donostia Turismoak apirilaren 10etik aurrera jarriko du neurria indarrean, eta derrigorrez bete beharko da, bestela isunekin zigortuko dutelako gidari turistikoa.


Lau donostiarretatik hiruk uste dute turismoak kalte “handia” egiten diela

Turismoari buruzko pertzepzioaz galdetu die EHUk donostiarrei, eta ondorioztatu du herritarren erdiak baino gehiagok “frustrazioa” sentitzen duela. Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu dute ikerketa.


Pisu turistikoak debekatu ditzakete bizilagunek, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duenez

Donostiako eta Oviedoko bi eraikinetan izandako arazoak direla eta, epaileek auzokoen erkidegoen esku utzi du pisu turistikoak debekatzea. Hala ere, beharrezkoa izango da debekua eraikineko etxebizitzen-estatutuan jasota egotea.


Tasa turistikoa aplikatzeko lehen urratsak ematen ari da Jaurlaritza

Estatu mailan tasa turistikoa erkidego gutxik jarri badute ere indarrean, mundu mailan dagoeneko 137 hiri turistikotan kobratzen dute zerga hori.


“Welcome to Pintxoland” turistifikazioaren aurkako ekimena egin dute Donostiako Alde Zaharrean

Donostiako Parte Zaharrean turistei zuzendutako saltoki eta ostalaritza guneak bizilagunei eragindako kalteen eragile nagusiak direla adierazi du Bizilagunekin plataformak.


Eguneraketa berriak daude