Turismo ereduarekin kezkatutako donostiarren plataforma sortu eta manifestazioa iragarri dute

  • Azken hilabeteetan lanean aritu ostean, BiziLagunEkin plataforma sortu dute Donostian. "Hirian indarrean dagoen turismo ereduak kezkatzen gaitu, ideologia eta jarduera desberdinetan aritzen den jendearen bilgunea gara, partekatzen duguna egungo turismo ereduak herritarren bizimoduan sortzen dituen ondorioekiko kezka da". Maiatzaren 25erako, Donostiako turismoaren goi bileraren azken egunerako, manifestazioa deitu dute Saguesetik hasita: Bertan bizi gara, bertan bizi nahi dugu! lelopean. Bitartean auzoz auzo landuko duten programa aurkeztu dute.


2018ko apirilaren 05an - 11:20
Turismoaren gaiak Donostia astindu du azken hilabeteetan. Irudian 'Eguzki' kolektiboak egindako kartel bat.

Maiatzaren 25era bitarte, Donostiako auzoetan turismoaren gaia ertz ugaritatik landuko dute. Horretarako hitzaldiak, proiekzioak eta beste antolatu dituzte.

Prentsara bidalitako ohar batean azaldu dituzte beren ildoak.

Bi helburu dituztela jakinarazi dute: Batetik, turismo ereduaren inguruan "eztabaida zintzoa, gardena eta irekia" eragitea Donostian; bestetik, "donostiarron bizi-baldintzak hirian garatzen diren estrategia eta jarduera ekonomiko orotan lehentasuna eman beharreko elementu bezala" aldarrikatzea.

Salatu dute egungo turismo eredua "ukiezina" dela sinestarazi nahi dutenek "eztabaida zintzoa eta sanoa saihestu nahi" dutela. Hala ere, zenbait ideia asko zabaltzea lortu dutela diote; horregatik, lehen oharretik hasita, batzuei beren irakurketarekin buelta eman diete.

Oharrean beren kezkak jakinarazi dituzte: Donostian turismoaren jarduera "gutxi batzuen mesedetan eta gehiengoaren kaltetan" garatzen dela salatu dute; "hiria enpresa bat balitz bezala" kudeatzen dela; turismoak hiria "inbertsoreen morroi" bilakatzen duela; turismoak dakarren lana lan prekarioa dela; turismora zuzendutako etxebizitzen auzokideak botatzen dituztela; "espazio publikoa kontsumorako moldatzen" ari direla; eta azkenik, turismoak mundu osoko hiriak eta herritarrak "homogeneizatu" egiten dituela salatu dute.

Jarraian daude irakurgai, oharrean bidali gisa, kezka bakoitza xeheago azalduta:

"Zerk kezkatzen gaitu?

Donostian turismoaren jarduera, gutxi batzuen mesedetan eta gehiengoaren kaltetan garatu izan da. Donostiarroi onura eta aberastasuna ekartzen digula sinetsarazi digute, baina, datuek beste errealitate bat aurkezten dute. Legeak eta arauak komenentziara egokituz, hiriak alfonbra gorria luzatu dio turismoa “diru erraza” dela otu zaion horri. Herritarrok, aldiz, gure hiria eta gure bizimoduetan aldaketak, ondorioak eta kalteak sumatzen ditugu turismo masiboaren ondorioz.

Hiria enpresa bat balitz bezala kudeatzen da. Munduko hirien “merkatuan” lehiatu nahi da, Donostia (eta Basque Country) markarekin. Marka horri ezaugarri zehatz batzuk emateko moldatu nahi da hiria eta honek gure auzoak, gure bizi-baldintzak eta gure bizimodua moldatzea dakar sarritan. Etekin ekonomiko zuzena sortzen ez duen guztia baztertzen da eta bizia eta bereizgarria dena folklorizatu, ikono bihurtu eta salgai eskaini nahi da.

Turismoak hiria inbertsoreen morroi bihurtzen du. Inbertsio publikoen norabidea higiezinetan inbertitzen dutenek, kapital finantzarioak, eta erakarri nahi izan diren enpresa transnazionalek erabakitzen dute, eta baita errentaren egitura eta banaketa baldintzatu ere.

Turismoak dakarren lana: lan prekarioa. Turismoaren zerbitzura dauden aktibitate ekonomiko berriak hiriaren egitura produktiboa eraldatzen ari dira. Gertuko komertzioa suntsitzen ari da, souvenir eta modako multinazionalek ordezkatu dute. Zerbitzuen azpikontratazioa nagusitu da flexibilitatearen eta kostuen gutxitzearen mesedetan. Eta une berean, aldi baterako lan kontratuak edo kontraturik gabeko lana, kobratu gabeko lanaldiak, esklabutza soldatak, hots, prekarietatea. Langilego ikusezina, eta batez ere, emakumezkoek osatua.

Turista bat gehiago, bizilagun bat gutxiago. Turismoaren industriak etxebizitzen prezioa neurri gabe igotzen du, baita alokairuak ere. Hotel eta apartamentu turistikoak (AirBnB eta bestelakoak) bertan bizitzeko etxebizitzak ordezkatzen ari dira, bizilagunak auzoetatik kanporatuz. Aisialdiko zerbitzuen prezioak ez ezik, premiazko edo eguneroko gaien prezioek ere gora egiten dute. Inguruko herrietara kaleratuak diren donostiarren errealitatea hazten ari da. Eta gurpildun maletek erosketa gurdiak ordezkatu dituzte.

Espazio publikoa kontsumorako moldatua. Jarduera komunitarioak, “kontratuzko harremanik gabe” edo kontsumoa eragin gabe espazio publikoan garatzeko zailtasunak gero eta handiagoak dira. Turismo handieneko garai eta lekuetan, berriz, erraztasun handiak ematen dira hiri osoa zentro komertzial bihurtzeko.

Turismoak homogeneizatu egiten gaitu. Inbertitzaileak eta turismoa erakartzeko gure kultura eta ezaugarrien berezitasuna baliatzen da. Baina aldi berean, horrek dakar merkatu globalean nagusi diren multinazionalak eta kapital fondoak hirian masiboki sartzea. Sarrera honek eta bertako biztanleriaren kaleratzeak tokian tokiko komunitate-sareak desegin eta kultura eta identitateak homogeneizatzeko joera du: saltoki berdinak hemen eta Berlinen, kultur eskaintza estandarizatua eta bisitariei begirakoa, bisitarien hizkuntzei bertakoari baino toki gehiago egitea…"

Plataformaren logoa aurkeztu dute.

Topikoei buelta emanez

"Zer daukazue turisten aurka? Denok gara turistak…" esaldiaren aurrean, azaldu dute ez daukatela ezer beren oporraldietan Donostia bisitatzen duten pertsonen aurka. Gaur egun indarrean dagoen turismo ereduak herritarrengan sortzen dituen eraginek kezkatzen dituzte: etxebizitzan, lan-badintzetan, auzo-harremanetan, komertzio txikian, paisaia linguistikoan… "Arazo hauek turisten ardura baino gehiago, gaur egungo turismo eredua diseinatu eta muga-gabe sustatzen dutenen ardura dira: bertako eta nazioarteko zenbait inbertsore eta hauei ate guztiak zabaltzen dizkieten arduradun instituzionalak", salatu dute.

"Parte Zaharrean dago arazoa, gure auzora ez da iristen", dioenaren aurrean, azpimarratu dute turista gehien Parte Zaharrean, Grosen eta Erdialdean ikusten diren arren, alokairuzko etxebizitzen prezioen igoera hiri osoko arazoa dela, eta horrez gain, "hiriaren egitura ekonomikoaren aldaketak denei eragiten digu, auzo-komunitateak aldatzen eta arriskuan jartzen ari dira, hiriaren espazio askori uko egin beharrean dauden donostiarrak daude…"

"Etor daitezela turistak, beren dirua uztera". Hiriko sektore turistikoa "oso pertsona gutxiren artean banatuta" dagoela mahai gainean jarri dute. "Higiezinetako nazioarteko inbertsoreak, merkataritzan abiadura bizian zabaltzen ari diren multinazionalak, hainbat ostalaritza eta hotel negozioren jabe diren familiak… Gehiengoari lan-baldintza kaskarrak soilik geratzen zaizkigu eta hiriko ekonomia sektore bakarrean oinarritzeko joera nagusitzen ari da", salatu dute.

"Turistak Donostia erdialdetik atera eta inguruko auzo eta herrietara bideratu behar dira". Beren hitzetan kanpoaldeko auzo eta herrietara turistak bideratzeak ez luke murriztuko saturatutako zonaldeetako arazoa. Adibide gisa jarri dute Amara edo Intxaurrondon hotel edo pentsioak irekitzeak ez duela esan nahi Parte Zaharrekoak hutsik geratuko direnik. "Saturazioa zabaltzeko balioko luke eta ez turismoaren eragin anitzei muga jartzeko. Donostiako eredu okerraren eraginek hiriaren mugez gaindi eragiten dute honezkero".

"Turismoa haztea behar dugu, horrek lanpostuak sortzen dituelako". BiziLagunEkin plataformari bereziki kezkagarriak iruditzen zaizkio zuzenean turistei harrera egiten dieten lanpostuetan (hoteletako langileak, tabernetakoak, merkataritzakoak…) ari direnen lan-baldintzak: soldata baxuak, ordutegiak… "Prekarietateak bereziki kolpatzen dituen sektoreak dira: epealdi laburreko lanpostuak, aldakortasuna, kaleratze errazak… Lanpostu horien gaur egungo baldintzekin langile horiek Donostian bizi ahal izatea ia ezinezkoa bihurtu dute".

"Turistak udatik kanpo etor daitezela lortu behar da", ideiari buelta eman diote adieraziz udatik kanpo turista gehiago joateak ez duela udako masifikazioa murriztea esan nahi. "Urte osora zabaltzearena turismoari lotutako zerbitzuak hiriko sektore bakar bilakatu nahi duten eta honetatik etekin ekonomiko handia ateratzen duten lobbyek sustatutako ideia da".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Turismo masiboa
25 lagunetara murriztuko dute turista taldeetako gehieneko pertsona kopurua Donostian

Donostia Turismoak apirilaren 10etik aurrera jarriko du neurria indarrean, eta derrigorrez bete beharko da, bestela isunekin zigortuko dutelako gidari turistikoa.


Lau donostiarretatik hiruk uste dute turismoak kalte “handia” egiten diela

Turismoari buruzko pertzepzioaz galdetu die EHUk donostiarrei, eta ondorioztatu du herritarren erdiak baino gehiagok “frustrazioa” sentitzen duela. Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu dute ikerketa.


Pisu turistikoak debekatu ditzakete bizilagunek, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duenez

Donostiako eta Oviedoko bi eraikinetan izandako arazoak direla eta, epaileek auzokoen erkidegoen esku utzi du pisu turistikoak debekatzea. Hala ere, beharrezkoa izango da debekua eraikineko etxebizitzen-estatutuan jasota egotea.


Tasa turistikoa aplikatzeko lehen urratsak ematen ari da Jaurlaritza

Estatu mailan tasa turistikoa erkidego gutxik jarri badute ere indarrean, mundu mailan dagoeneko 137 hiri turistikotan kobratzen dute zerga hori.


Turistifikazioaren aurkako manifestazio jendetsua egin dute Donostian

Hiritarrek salatu dute turismo jarduerak hirian “gehiegizko bolumena eta pisua” hartu duela. Halaber, egoera “desazkunde turistikorantz” bideratzea aldarrikatu dute, “kalteak handitzea eta iraunkortzea” ekiditeko.


Eguneraketa berriak daude