Emakumeak borrokan

'Tupust!' komiki antologia feminista aurkeztu dute Donostian

  • “Ni” du izenburutzat Tupust!-en lehen zenbakiak. Hamalau istorio barnebiltzen ditu, eta hogei egilek parte hartu dute bertan.

ARGIA @argia
2019ko martxoaren 25a

Astelehenean eman dute ezagutzera Tupust! komiki antologia feminista, beronen lehen zenbakiak martxoan ikusi baitu argia. Aurkezpenarekin batera, komikigileen lanekin osatutako erakusketa ere irekiko dute, 29ra arte ikusgai egonen dena.

Amets Gurbiola Negugogorrek koordinatu du Tupust!-en lehen zenbakia, eta Txalaparta argitaletxeak argitaratu. Hogei egilek esku hartu dute, eta hamalau istorio osatu, nia ardatz dutenak. “Lehen edizio honen gaia "Ni" da eta, ondorioz, antologia hau osatzen duten istorio guztiak gorpuzten dira niaren inguruan”, azaldu du komiki antologia aurrera atera duen kolektiboak. Gai berbera izan arren, irakurleak askotariko istorioak aurkituko dituela aurreratu dute: “Batzuek testuaren laguntza dute, beste batzuk soilik irudiak erabiliz eraiki dira. Batzuek bineta, marrazki eta testu asko dituzte orrialde bakoitzeko, beste orrialde batzuk irudi (mutu) bakarrarekin betetzen dira”.

Egile profesionalak eta amateurrak elkarrekin aritu dira lan honetan. Kolektiboaren arabera, oso garrantzitsua baita maila ezberdineko egileak nahastea “hasiberriak direnei inpultsua eman” eta “lehen aukera bat eskaintzeko”.

Antologia feminista

Tupust!-ek badakar berrikuntza nabarmen bat Euskal Herriko komikigintzara: ikuspegi feminista. “Euskal Herrian oso iraultzaileak izan gara gai jakin batzuen inguruan, baina oso tradizionalak genero-sexu rolen eraikuntzan, estereotipoen betikotzean”, azaldu du kolektiboak. Komikigintza ez da tradizio horretatik salbatu, eta kolektiboko kideen arabera, umorea eta satira bezalaxe, maskulinitateek gobernaturiko esparrua izan da.

“Egoerari erreparatzerakoan, harrigarriki beldurtu gintuen ikusteak zeinen tradizional eta heteronormatibo (izan) garen istorioen nahiz gorputzen sorkuntzan eta zeinen espazio gutxi (izan) duten ikuspegi binario horri kontra egin eta haratago joateko nahia (izan) duten sortzaileek. Bazterretik jardun behar izan dutenak baztertuak (izan) dira”, azaldu du kolektiboak.

Hala bada, “sorkuntza zurrunekin apurtzeko”, “kontatu nahi dugun hori kontatzeko” eta “Hemen gaude!” esateko asmoarekin abiatu dute Tupust!.

Kolektibo bat atzean

Tupust! komiki antologiaren atzean izen bereko kolektibo oso bat dago, 2016an Donostian jaio zena. Honen helburuen artean ondokoak nabarmendu dituzte: komikia eta feminismoa uztartzea; egileen arteko komunitate bat osatzea; sare hori baliatu ahal izatea lan/proiektu berriak abiarazteko zein izan ditzaketen zalantzak partekatzeko; eta kolektiboaren intereseko hitzaldi, erakusketa, egitasmo eta abarrak antolatzea eta sustatzea.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Komikia  |  Feminismoa  |  Euskal Herria

Komikia kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude