Tuestako tomate negutegiaren inguruko jardunaldia antolatu dute

  • Elikadura Jasangarriaren Aldeko Mugimenduak antolatuta, uztailaren 11n, solasaldia, tomate dastaketa, antzerkia eta kontzertua egingo dute Espejoko makaldian.

Argazkia: Alea
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2021eko uztailaren 07an - 07:14
Azken eguneraketa: 09:18
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Tuestako industriagunearen inguruetan Cultivos Araba enpresak eraiki nahi duen tomate hidroponikoen negutegia hizpide izango dute hurrengo igandean, Espejon. Elikadura Jasangarriaren Aldeko Mugimenduak egun osoko jardunaldia antolatu du herriko makaldian. Hemen tomatea dago! lelopean antolatu duten topaketa 11:30ean hasiko da, elikadura, nekazaritza eta Gaubeako etorkizunari buruzko solasaldiarekin. 12:15ean, berriz, tomateen dastaketa egingo dute; eta 13:00etan, Tomate baten jira-birak kale antzerkia izango da, Yorekendan Gasteizko taldearekin. Tomateen hazien banaketa egingo dute ondoren; eta 14:00etan Somos Humus taldearen rock kontzertua hasiko da.

Elikadura Jasangarriaren Aldeko Mugimenduak azaldu duenez, Tuestan martxan jarriko duten tomate hidroponikoen negutegiak hogei hektareatik gora okupatuko ditu, gaur egun zereala landatzen duten lurretan. Mugimenduaren esanetan, tamaina horretako berotegiek "ingurune naturalari bizkar emanda elikagaiak ekoizten dituzte", eta lurra euskarri soila bilakatzen dute.

Energia gastua

Gainera, salatu dutenez, energia asko kontsumituko du instalazioak urte osoan zehar tomateak ekoitzi ahal izateko, eta 5.000 metro kubikoko ur-biltegi bat eraikiko dute negutegiaren beharrak asetzeko. Gogoratu dute Europako Batasuneko nekazaritza politikek klima aldaketa arintzeko helburua duten bitartean, Tuestako proiektuak klima aldaketa "areagotzen" laguntzen duela.

Alde ekonomikoan ere kritiko dira proiektuarekin. Oraindik eraikitzen hasi ez diren negutegiaren enpresak Eusko Jaurlaritzaren aldetik "659.435 euro" jaso dituela azaldu du Elikadura Jasangarriaren Aldeko Mugimenduak. "Tomate horiek gaur egun bertako tomatea ekoizten duen familia-nekazaritzarekin lehiatu nahi dute, eta are gehiago oztopatuko dute beren jarduna".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura
Eguneraketa berriak daude