Tubacexeko Enpresa Batzordeak dio ez duela multinazionalak helegitea erretiratzeko asmoaren berri ofizialik

  • Enpresa Batzordeak harridura adierazi du multinazionalak plazaratutako azken prentsa oharraren aurrean. Tubacexek adierazitakoaren jakinarazpen ofizial baten faltan, lan gatazkaren konponbidea negoziaketa mahai batean landu beharra dagoela azpimarratu dute langileek.


2021eko irailaren 10ean - 10:14
Azken eguneraketa: 12:24
Grebalariek protesta egin dute aste honetan Tubacexek Derion dituen bulegoen aurrean. / Aiaraldea.eus
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedientearen negoziaketa akordiorik gabe amaitu eta Tubacexek langileen proposamenak alboratu ostean, multinazionaleko zuzendaritzak prentsa oharra plazaratu zuen atzo, Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako helegitea erretiratzeari zirrikitu bat irekiz. Baldintza bat jarri zuen: sindikatuek multinazionalak oraindik zehaztu ez dituen "neurri estrukturalak" onartzea.

Enpresa Batzordeak adierazi du harriduraz jaso dituztela enpresaren azken adierazpenak. Izan ere, multinazionalak ez du inondik inora horrelakorik adierazi azken negoziaketa prozesuan, beharginek eztabaida mahai gainean jarri duten arren. Helegitea erretiratzeko aukeraren jakinarazpen ofizialik ez dutela jaso azaldu dute langileek: "Ez dakigu aukera bat edo enpresaren aurpegi zuriketa berri bat den".

Gauzak horrela, dagoeneko 211 egunez luzatu den lan gatazkari aterabidea emateko borondatea berretsi dute langileen ordezkariek: "Bi aldeoi dagokigu lan gatazkari konponbide bat bilatzea, eta hori negoziaketa mahai batean landu beharra dago".

"Mafia siziliarra"

Duela bi egun Arabako SEA patronalaren buruak "mafia siziliarraren" praktikak egotzi zizkien Tubacexeko sindikatuei. Enpresa Batzordeak plazaratutako oharrean adierazpen horiek deitoratu ditu, argi utziz EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiak multinazionalak aplikatutako Enplegua Erregulatzeko Espedientea baliogabetu zuela, bere ordez Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedientea proposatuz. "Ondorioz, adierazpen horiek ez dute tokirik prozesu honetan, ez badira intentzio maltzur eta interesatu batekin egiten", azpimarratu dute langileen ordezkariek.

Enpresa Batzordeak, orain arte egin bezala, bere posizio eta jarduna publikoki azaltzen jarraituko duela nabarmendu du: "Mundu guztiak jakin dezan gure jarrera zein den".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
2025eko azaroaren 5
Gorka Perez de Mendiola. Lorezaina sei hilabetez greban
"Grebaren amaiera bidearen hasiera besterik ez da"

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.