Muga blokeatu dute Herrialde Katalanetan Tsunami Democràticek deituta

  • Astelehen goizean zabaldu du deia, asteazkenera arteko blokatzea deituz. Nazioarteko komunitatearen arreta piztu nahi du Tsunamiak. Teknologia berrietan eta autoetan oinarritzen da ekintza desobediente berria.

Aplikazioaren bidez inguruko herritarrak mobilizatu ostean, deialdia masiboki zabaldu dute.

2019ko azaroaren 11n - 10:23
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Tsunami Democrátic taldeak Herrialde Katalanak banatzen dituen Frantziar eta Espainiar estatuen arteko muga blokeatzeko deia egin du. Ekintza desobedientearen helburua nazioarteari begira antolatua dago: “Espainiako Estatuari ulertarazi diezaion bide bakarra esertzea eta hitz egitea dela: autodeterminazioaz, oinarrizko eskubideez eta preso, iheslari eta errepresaliatuen askatasunaz”.

Deia asteleheneko lehen orduan egin du Tsunamiak. Lehendabizi bere aplikazioaren bitartez, eta ondoren sare sozialen bidez modu publikoan. Muga blokeatuta dago goizetik, eta ehunka dira mugaren alde batean eta bestean pilatutako autoak eta pertsonak. Lehen uneetan agertoki bat muntatu dute autopistaren erdian. Arratsaldeko lauretan Lluis LLach kantariak emanaldia eskeini du bertan, eta Tsunamik musikari guztiak gonbidatu ditu bertara hurbiltzera, "mikrofono irekia" dagoela nabarmenduz.

Jonquerako muga merkantzientzako pasabide oso garrantzitsua da. La Directa hedabideak argitaratu du, garraioaren patronalaren datuak aipatuz, mugaren itxierak 15 milioi eurotako galerak suposatzen dituela eguneko.

 

Ibilgailuak eta teknologia oinarri

Ekintzarekin “desobedientzia zibil baketsu modu berria” garatu nahi duela adierazi du Tsunamiak komunikatu batean, ibilgailuak eta teknologia oinarri. Aurreko ekimen desobedienteetan jendeak “gorputza” jarri duela eta estatuak gorputz horien aurka “biolentzia” erabili duela dio Tsunamiak. Horren aurrean, ekintza ibilgailuetan oinarritzea erabaki du. "Ibilgailu estatikoekin estatuan egindako protesta guztiak ondorio penalik eta administratiborik gabe amaitu dira. Tsunamiak ulertzen du esplotatu beharreko bidea dela". Bigarren oinarria teknologia da: “Koordinatutako hiru protesta egun hauek sare sozialak eta mugikorreko aplikazioa modu osagarrian erabiliz egingo dira”.

Tsunamiak herritarrei eskatu die Jonquerara elikagaiak, arropa, lotarako zakua eta mugikorrentzako bateria gehigarriak eramatea, eta “jarrera ez-biolento irmoa” izatea.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia
Eguneraketa berriak daude