Torturengatik kondenatutako Sánchez Corbí guardia zibilari Zilarrezko Gurutzea eman dio Espainiako Barne Ministerioak

  • Auzitegi Nazionalak Marlaska ministroa derrigortu du guardia zibila mailaz igotzera. Kargugabetu egin zuen 2018an, "konfiantza falta" zela eta. Sánchez Corbík errekurtsoa jarri zuen erabakiaren aurka, eta Auzitegi Nazionalak babestu egin du. Kepa Urra etakidea torturatzeagatik 12 urteko espetxe zigorrera kondenatu zuten 1997an, baina Aznarren gobernuak indultua eman zion.


2023ko irailaren 28an - 09:32
Azken eguneraketa: 13:01
Sánchez Corbí "Historia de un desafío, cinco décadas de lucha sin cuartel de la Guardia Civil contra ETA" liburuaren egileetako bat da, eta Guardia Zibilak ETAren aurka burututako borrokak biltzen ditu. (Argazkia: El Diario)

Manuel Sánchez Corbí, beste bi guardia zibilekin batera Kepa Urra etakidea torturatu zuena, mailaz igo du Espainiako Gobernuko Barne Ministroak.

Marlaskak kargugabetu egin zuen 2018an. Izan ere, garai hartan Sánchez Corbí Guardia Zibileko Unitate Zentral Operatiboko burua zen (polizia judizial gisa jokatzen duen Guardia Zibilaren organoa), eta esan zuen unitate horretara bideratutako dirua izoztuta gelditu zela Pedro Sánchez Gobernura iritsi zenean. Marlaskak filtrazioa ez zuen begi onez ikusi, eta guardia zibila kargugabetu egin zuen, berarengan “konfiantza galdu” zuela argudiatuta.

Sánchez Corbík erabaki horren aurkako helegitea jarri zuen Auzitegi Gorenean, baina ez zuen babesik lortu. Auzitegi Nazionalak, ordea, aurtengo maiatzean epaia atera du, esanez Barne Ministerioaren ebazpena ez dagoela "zuzenbidean oinarrituta". Horrez gain, Marlaska derrigortu du koronelari Guardia Zibilaren merezimenduaren ordenako Zilarrezko Gurutzea ematera; orain arte Gurutze Zuria zeukan, maila bat baxuagokoa.

Torturatuak indultatuta

Sánchez Corbí eta beste bi guardia zibil Kepa Urra torturatzeagatik hamabi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorrera kondenatu zituzten 1997an, baina José María Aznarrek 1999an indultatu egin zituen hirurak.

Xabier Makazagak Manual del Torturador español liburuan Corbíri buruz honakoa idatzi zuen: “Tenientea zen Kepa Urra torturatu zuenean, torturen epaiaren bitartean kapitain izendatu zuten eta indultua eman ziotenean komandante postura goratu zuten”. Gerora, koronel izendatu zuten eta 2015ean UCOko buruzagi.

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Joxe Arregi oroitu dute heriotzaren 43. urteurrenean, Zizurkilen

Torturapean hil zuten zizurkildarra gogoratzeko ekitaldia egin dute igandean. Tortura aitortu eta erreparatzeko bitarteko gehiago eskatu dituzte.


Euskal Herriko torturatu guztiak saretzeko ekimena aurkeztu dute Torturaren Aurkako Egunean

Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak aurkezpen agerraldia egin du Bilbon. Torturatu guztiak batuko dituen sare bat osatzeko lan egingo dute, eta topaketa bat iragarri dute urtebete barrurako. Torturaren aitortzan torturatuak agente aktibo izate aldarrikatu... [+]


2024-02-11 | Nekane Txapartegi
Ubelduak moretuz, tortura itzaletik argitara

1999ko martxoan Aiztondo bailaran jazotako gertaera latzak ez ziren eraso isolatuak izan, Espainiako Estatuak Euskal Herriaren aurka emandako beste urrats errepresiboaren zati baizik. “Todo es ETA” (Dena da ETA) doktrinaren menpean, atxilotu eta inkomunikaziopean gu... [+]


Eguneraketa berriak daude