Tobera: Herri antzerki satirikoa Bergaran, Inuxente egunean

  • Auzoak herrigunearen kontra antzezlan satirikoa abenduaren 28an eskainiko dute Debagoienako hainbat eragilek, Bergarako frontoian 19:00etan. "Azalkeria eta haundi nahikeria, auzoak albo batera uzteaz" akusatu dute Bergara. Errugabe ala errudun izango ote da?


2013ko abenduaren 24an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Sarrerak salgai daude 8 eurotan: Bergaran (Pol Pol taberna, Lazkano zapata denda, kultur etxea); Oñatin Txokolateixan; Arrasaten Ttukun kopiztegian. Interneten BarraBarra! webgunean.

Zer da Tobera?

Herri antzerki satirikoa da tobera, erdi aroko tradiziotik datorrena eta gaur egun Ipar Euskal Herriko zenbait herritan oraindik mantentzen dena. Lasarten, Zalduondon eta Oiartzunen ere, antzerako parodiak egiten dira. Aldarte onez eta errespetuz egiten den errepresentazioa da, umorea ardatz hartzen duena eta herritarrentzat garrantzitsu izan daitezkeen gaiak jorratzen dituena. Ikuskizun herrikoia da, Debagoienako eragile ezberdinetako ordezkariek parte hartzen dutena, bailara ikuspegitik egiten dena, euskarazko kultura eta sorkuntza muina direlarik, sormena delako bidea eta helburua, eta azken batean, modu satiriko batean akuilu lana egin gura delako bailara mailako kultur munduan eragiteko.

Helburuak

  • Erdi Aroko ohitura bati gaur egungo mundu garaikidean arnasa eta jarraipena ematea.

  • Gizarteari eta egunerokotasunari kritika eraikitzailea egitea, umoretik eta errespetuz.

  • Auto-irudiaz eta norberaren errepresentazioaz barre egin eta auzitan jartzea, eraldaketa eta transformazio sozialerako bideak zabalduz.

  • Debagoiena eskualdetik abiatuta, Gipuzkoa eta Euskal Herrira begirako berogailu kultural ekimen bat abian jartzea.

  • Testu-inguru soziopolitikoa aintzat hartuta, epaiketak dituen konnotazio eta zentzuei modu batera edo bestera trufa egiteko beharra dago.

  • Jai sinboliko indartsu eta auto-eratu bat sortzeko berebiziko beharra dago.

  • Aurten, abenduaren 28an, HIRUGARREN TOBERA ospatzea Bergarako frontoian.

Aurtengo Toberaren ezaugarriak

  • Hirugarren Tobera aurtengoa. Duela hiru urte ekin ziok Bagarak Debagoieneko Tobera antolatzeari, kulturgintza esparrutik, kultur ekimen komunitario bat sortzeko helburuarekin. Herritarrek sortu eta antzeztua, urtero, herri bateko, eta oro har, Debagoiena osoko kontuak ezbaian jarri eta umorez, gure kontraesanak taula gainera ekarri eta hauek ardatz hartuta, hausnarketa bultzatu eta herrigintzaren aldeko apustua plazaratzea da asmoa. Horrexegatik ospatzen da Inuxente egunean. Epaiketa satiriko herritar bat burutzeko, egun aproposa benetan! Epaia edozein delarik ere, egun horretan, denok baikara inuxente ;-)

  • Hirugarren Tobera, non eta Bergaran, bailarako Partido Judizialean. Ordua ere bazuen Toberak benetako barrutiko epaitegia duen herrira etortzekoa! Lehenengo urteko Toberan zenbait bergarar izan ziren Arrasateren kontrako epaiketan akusazio lanak egin zituztenak, eta aurten, bueltan datorkie kontua.

  • Arrasate, Oñati eta Bergara. Debagoieneko hiru herri handien Tobera trilogia itxiko dugu beraz aurten, baina Bagararen asmoa litzateke, Tobera Debagoieneko herri guztietan egitea. Herri bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina Toberaren orain arteko arrakasta ikusita (ez jendearen parte hartzea edo ikusle kopuruagatik, baizik, Toberaren helburuak gorpuzten doazela – herrien arteko harremana, komunitate gixa ditugun erronken inguruko gogoeta, eta abar), herri guztietan egiteko moduko zerbait dela uste dugu. Edozelan ere, 2013ko Tobera honetan ditugu indarrak jarrita, eta etorriko dira gero gerokoak.

  • Horren islada izango da aurtengo Toberako kartela. Bere egilea, Unai Azkarate bergararra izan da eta oinarrian, Bergarako epaitegiko eraikinean dagoen justiziaren estatuaren irudia erabili du. Kartela bera esanguratsua da, fondoan “karton-piedra” materiala irudikatzen baita… “dena ez da dirudiena” esaten bezala. Noski, umore puntua emateko, peluka berezia du Justiziak.

  • Tobera bakoitza egikaritzeko prozesua oso ezberdina izan ohi da. Eta halaxe izan da aurten ere. Aurreko bi toberak, herritar askoren ekarpenetatik abiatuta idatzi dira, baina pertsona bat edo bi izan dira eduki guzti horiei forma eman dietenak. Aurtengo kasuan ordea, oso prozesu parte hartzailea izan da, hamabost pertsona baino gehiagok lagundu baitute gidoirako edukiak proposatzen ez ezik, gidoia bera idazten. Gainera, antzezle bakoitzak ere bere pasarteak sortu eta gehitu ditu, eta horrek, puntu berezia emango dio aurtengo Toberari.

  • Aurtengo Toberan, hogeita hamar antzezle baino gehiagok parte hartuko dute, modu ezberdinetan.

  • Arrasaten eta Oñatin burututako Toberetan bezala, aurtengoan ere, Don Prudentzio Piper Hautsa izango Debagoieneko interesen aldeko epailea. Hirugarren urtez da epaitegi honetako burua, baina aurtengoan, idazkari berria izan du (aurreko Toberetan, Vinagre idazkariak lagundu dio epaiketako kontuak eramaten, baina aurten, beste idazkari bat izango da Bergaran).

  • Nork akusatzen du? Ba kasu honetan Bergarako zenbait auzotako ordezkariak izango dira Bergarako herriari azalkeria (itxurakeria, haundinahikeria, teatreroak izatea – izan denari baino, ematen denari garrantzia gehiago eman-, …)  leporatzera etorriko direnak. Akusazioaren fiskala, Jon Olivares osintxuarra izango da, aspalditik Bergararen kontra esateko direnak botatzeko desiratzen zegoena. Aktore lanetan aritzen da Jon, baina honakoa du Bergarako frontoian antzeztuko duen lehen aldia.

  • Baina ez dira auzotarrak akusazioko lekuko bakarrak izango, ez horixe, ez dira bakarrik egongo. Laguntzaile izango dituzte modu ezberdinetara, baina Bergararekin harreman zuzena edo zeharkakoa duten beste zenbait herritako lekukoak ere. Denek, asko dute esateko Bergararen kontra! Baina ez dira atzean geratuko ez Bergararen aldeko testiguak..

  • Arrazoiak denerakoak izango dira. Lekuko historikoek, aintzinako eta ez hain aintzinako arrazoiak ekarriko dituzte epaitegira. Baina egongo noski, gaur egungo kontuak izango dira Toberako ardatz.

  • Antzezle eta pertsonaia gehienen lehen Tobera izango da aurtengoa, baina ez denena. Badira aurreko Toberetan agertutako zenbait antzezle, nahiz eta batzuen kasuan oso pertsonaia ezberdinak antzeztuko dituzten. Era berean, bada aurreko urteetan irtendako pertsonaia xelebrerik aurtengo Toberan. Joskinak, konkistadoreak, gazteen ordezkariak, auzotarrak, inguruko herrietakoak, pertsonaia historiko garrantzitsuak, …

  • Baina aurtengo Toberan sopresa dexente izango dira (hauek ezin dira esan noski..)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
2024-02-28 | dantzan.eus
Lau pastoral plazaratuko dira 2024 urte honetan

Aurtengo urtea emankorra izango da pastoralei dagokionez, lau pastoral emango baitira; bi Zuberoan eta beste bi Zuberoatik kanpo: Iruñean (Nafarroa) eta Xarneguko (Lapurdi-Nafarroa Beherea) zonaldean. Gure herriko lau historia ezagutaraziko dira oholtzan antzerki,... [+]


Xabin Fernandez eta Intza Alkain. 'Kanpora sartzen' antzezlana
"Zuen bizitzan lehen aldiz, herrian ikusiko duzue GIBa"

2013an, medikuaren telefono deia jaso zuen Xabin Fernandezek (Legorreta, Gipuzkoa, 1985). Diagnostiko garbia eman zioten: GIBa. “Seropositiboa zara”. Bizitzak 360 graduko buelta eman zion orduan. Mamuak agertu zitzaizkion: beldurra, amorrua eta lotsa, besteak beste... [+]


2024-02-13 | Euskal Irratiak
Oier Araolaza
"Libertimenduak herrietako harremanak erregulatzeko eta egituratzeko tresnak dira"

Nehoiz baino negu epelagoa izanik ere, ihauteek udaberriari dei eginen diote. Ihauterietako asteburu gotorrena heldu da. Irisarrin Donibane Garazin, Donostiako Añorga auzoan edota Iruñean libertimenduak izanen dira, Irurin maskaradak eta Lapurdiko hamaika herritan... [+]


Eguneraketa berriak daude